(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

138/2009 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, 2009-2010 ikasturtearen hasierako egutegi mailakatua ezartzen duena

 

(2009ko 103. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 21ean)

Atarikoa

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak batera txosten bat aurkeztu dute foru agindu hau onesteko. Horren xedea Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Arte Plastikoak eta Diseinua irakasten dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasturtearen hasiera mailakaturako datak finkatzea da.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua, A gripearen birusak ikasturtearen hasieran haur asko kutsatzen ahal dituela konturaturik, ikasle asko denbora gutxian harremanetan jartzen direlako, Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri zen, batera aurreneurriak zehazteko, ahal den ber, kutsatze horiek saihesten laguntzen ahal dutenak, ikasleei osasun eta hezkuntza arloetan kalitateko laguntza bermatzearren.

Horregatik bi departamentuek, lehen aurreneurri gisa, erabaki zuten ikasketa haiek irakasten dituzten ikastetxe publiko eta pribatuetan ikasturtearen hasierarako egutegi mailakatu bat ezartzea, hiru astean zehar, gero har litezkeen bestelako neurriak deusetan galarazi gabe. Haur Hezkuntzako 1. zikloa irakasten duten ikastetxeak baztertu dira, talde homogeneo bat delako eta haien ikasturtearen hasiera besteenetik bereizia delako, hasiera mailakatuaren neurria ez hartzea komenigarri egiten duen aldi zabal xamarrekoaren aldean.

Hala ere, gai horretaz azken erabakia hartu baino lehen, Hezkuntza Departamentuak eskola komunitatea hobekien ordezkatzen duten sektoreei jakinarazi zizkien ikasturtearen hasiera mailakatuaren baldintzak, neurri horrek ahalik eta kontsentsu zabalena izan zezan.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak 2009-2010 ikasturtearen hasiera ezartzeko dituzten eskumenak berreskuratzea, A gripearen balizko kutsatzeak sorturiko egoeraren ondorioz ikasturtean erabili beharreko irizpide eta neurriak batzeko.

Bigarrena

Foru agindu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Hezieta eta Arte Plastikoak eta Diseinua irakasten dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasturtearen hasiera mailakaturako datak finkatzea da, 2009-2010 ikasturterako.

Hirugarrena. 2009-2010 ikasturtea hasteko datak hauexek izanen dira:

1. Haur Hezkuntzako 2. zikloa eta Haur Hezkuntzako 1. zikloa irakasten dituzten ikastetxeetan nahitaez irailaren 3an hasiko dituzte klaseak ikasleekin.

2. Haur Hezkuntzako 2. eta 3. zikloak irakasten dituzten ikastetxeetan nahitaez irailaren 9an hasiko dituzte klaseak ikasleekin.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Arte Plastikoak eta Diseinua irakasten dituzten ikastetxeetan ezin izanen dituzte klaseak irailaren 15a baino lehen hasi.

Laugarrena. Ikasturtearen bukaera.

Foru agindu honek ukitzen dituzten ikastetxeek beranduenez ekainaren 25ean bukatuko dituzte klaseak, betiere ikasketa bakoitzerako eskola egunen gutxieneko kopurua errespetatuz.

Bosgarrena. Egutegia doitzea.

Aurreko ataletan xedaturikoaren ondorioz, onetsiriko egutegiak doitu beharko dituzte ikastetxeek. Ikastetxeetan aldatu beharreko egutegi eta ordutegien kontu guztiak, foru agindu honetan aipatzen ez badira, berriro zehaztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 27an eman 13/2009 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak otsailaren 2an eman 13/2009 Ebazpenean eta apirilaren 2an eman 93/2009 Ebazpenean xedaturikoarekin bat.

Seigarrena. Tramitazioa.

Foru agindu honen bosgarren atalean xedaturikoaren aplikazioaren ondoriozko egutegia zuzendaritza nagusiek ikastetxeetara igortzen dituzten jarraibide osagarriekin bat tramitatuko da.

Zazpigarrena. Salbuespenak.

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko osatu gabeak, lau unitate bitartekoak, foru agindu honetatik kanpo gelditzen dira.

2. Halaber, ezinbestean ikasturtea foru agindu honen hirugarren atalean xedaturiko datetan ezin hasi duten ikastetxeek bestelako hasierako egutegi bat aurkeztu beharko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan, bertan onets dadin.

Zortzigarrena

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bederatzigarrena

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa