(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

356/1998 Foru Dekretua, abenduaren 21ekoa, Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duena

 

(1999ko 9. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 20an)

Atarikoa

Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eta tokiko kontseiluak arautzen dituen azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriak, ondoko hau ezartzen du:

"1. Eratu eta sei hilabeteko epearen barruan, Eskola Kontseilu edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak antolamendu eta funtzionamendurako erregelamendua prestatu beharko du, non arautuko baitira Osoko Bilkuraren eta batzordeen bilerak deitu eta egiteko prozedura, proposamenak eta txostenak onesteko bidea, batzordeak eratu eta funtzionatzeko arauak eta Kontseiluak egoki funtzionatzeko behar diren gainerako alderdiak.

2. Kontseiluaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua Hezkuntza eta Kultura Departamentura igorriko da eta honek Nafarroako Gobernuari helaraziko dio, onetsi dezan."

Nafarroako Eskola Kontseilua 1998ko maiatzaren 28an eratu zen eta berehala organo horrek Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamendua egin eta 1998ko azaroaren 19an izandako osoko bilkuran onetsi zuen. Era horretan ezarritako epea bete zen.

1998ko azaroaren 25ean Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari jaunak aipatu Erregelamenduaren zirriborroa igorri zuen Hezkuntza eta Kultura Departamentura, eman den Xedapen Gehigarritan bigarrenaren arabera, Nafarroako Gobernuari aurkeztu eta horrek onets zezan.

Beraz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko kontseilariaren proposamenari jarraikiz eta abenduaren 21ean Nafarroako Gobernuak egin bilkuran hartutako Erabakiaren bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamendua onetsi da. Haren testua ondoan ematen da.

NAFARROAKO ESKOLA KONTSEILUAREN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua

1. Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren II. tituluko 34. artikuluan xedatutakoari jarraituko dio Nafarroako Eskola Kontseiluak, baita Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eta Kontseilu Lokalak arautzen dituen azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legeari, Erregelamendu honi ere eta, bestela, Administrazio Prozedurari buruzko Legeari.

2. Kontseiluaren eskumen esparruaren barrenean haren funtzionamenduari dagokion beste edozein kontutan, arau hauetan aurreikusita ez badago, horien aurka jo gabe Osoko Bilkurak edo Batzorde Iraunkorrak erabakitzen dutenari jarraituko zaio, gaia zein den, haren arabera.

2. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseilua arautzen duen azaroaren 4ko 12/1997 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez jo beharko da Nafarroako Eskola Kontseilura gai hauetan:

a) Nafarroako Gobernuak hezkuntza arloan onetsi beharreko Foru Legeen aurreproiektuak eta araudi betearazle orokorren proiektuak.

b) Ikastetxeak sortu, aldatu, kendu eta banatzeko plangintza orokorrerako printzipioak, oinarriak eta irizpideak.

c) Ikastetxeen ezaugarri, plantila eta hezkuntza hornidurei buruzko araudi orokorra.

d) Ikastetxe publikoak eta pribatuak, itunduak zein dirulaguntza dutenak, finantzatzeko irizpide orokorrak.

e) Hizkuntza ereduak eratu eta ezartzeko xedapen orokorrak.

f) Nafarroako Gobernuak beketarako eta ikasketa laguntzetarako dituen oinarrizko printzipioak.

g) Irakaskuntza ez unibertsitarioko eskolaz kanpoko jarduerei eta zerbitzu osagarriei buruzko araudi orokorra.

h) Estatuarekin edo Elkarte Autonomoekin lan egiteko hitzarmen edo akordioen proiektuak, Nafarroako Foru Komunitateak hezkuntza arloan sinatu beharrekoak.

i) Irakaskuntzaren kalitatea hobetu eta Nafarroako gizarte errealitateari egokitzeko xedapen eta jarduera orokorrak, baita desberdintasun sozialak zein pertsonen artekoak berdintzera bideratutakoak ere.

2. Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak, berak hala erabakita, proposamen eta txostenak igorri ahalko dizkio Hezkuntza eta Kultura Departamentuari afera hauetan:

a) Hezkuntza sistemaren ebaluazioa.

b) Ikastetxeen araubidea.

c) Legezko arauak betetzea ikastetxe publikoetan zein pribatuetan.

d) Irakasleen prestakuntza eta hobekuntza.

e) Giza baliabideen politika.

f) Beste edozein, irakaskuntzaren programazio orokorrarekin zerikusirik duena.

3. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren esku utzi ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez unibertsitarioaren programazio orokorrarekin zerikusia duten beste gai batzuk, azter ditzan.

3. artikulua

Euskararen erabilerari dagokionez, Nafarroako Eskola Kontseiluak honako hauek beharko ditu bete:

a) Nafarroako Eskola Kontseiluaren bilkuretarako dei guztiak, haien aktak, arau eta erregelamenduak, zirkularrak, aldizkariak eta argitalpenak erdaraz eta euskaraz agertuko dira.

b) Nafarroako Eskola Kontseiluak egiten dituen Osoko Bilkuretan erdara edo euskara erabili ahalko dira. Euskaraz egin nahi duten mahaikideek Kontseiluaren idazkariari edo lehendakariari jakinaraziko diote, erdarara itzultzeko behar diren neurriak har ditzan, non ez duen hizlariak berak itzulpena egiten.

II. KAPITULUA. Osaketa eta eskumenak

Lehen atala. Osaketa

4. artikulua

12/1997 Foru Legearen 2. kapituluko 4.1 artikuluan ezarri moduan, kide hauek osatuko dute Nafarroako Eskola Kontseilua:

a) Lehendakaria, Nafarroako Gobernuak izendatua.

b) Nafarroako irakaskuntza ez unibertsitarioko ikastetxe publiko zein pribatuetako irakasleen bost ordezkari, honela banaturik:

Hiru, ikastetxe publikoetatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko irakasleen Batzordean ordezkari gehien dituzten hiru sindikatuek bana izendaturik.

Bi, ikastetxe pribatuetatik, Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza pribatuan ordezkari gehien dituzten bi sindikatuek bana izendaturik.

c) Bost ordezkari, legez eratuta diren ikasleen Gurasoen Federazioek proposaturik. Haien ordezkaritzaren arabera hautatuko dituzte, afiliazioari begiratuta.

d) Ikasleen bi ordezkari, Ikasleen Elkarteek edo Elkarteen Federazioek proposaturik, ordezkaritzaren arabera.

e) Hiru ordezkari, Nafarroako ikastetxe pribatuetako enpresa elkarte eta entitate titularrenak, Elkarteek edo Federazioek proposaturik izendatuak. Haien ordezkaritzaren arabera hautatuko dituzte, Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ikastetxeetako ikasle kopuruaren arabera.

f) Hezkuntza Administrazioaren bost ordezkari, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik.

g) Toki entitateen bi ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.

h) Bi kide, irakaskuntza arloan izen handikoak diren pertsonen artean hautatuak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik.

i) Unibertsitateetako bi ordezkari, publikokoa bat, pribatukoa bestea, haien gobernu organoek proposaturik izendatuak.

j) Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko bi kide, Batzordeak berak hautatuak.

k) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordezkaritza handiena duen enpresa elkarteak proposatutako ordezkari bat.

l) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordezkaritza handiena duen sindikatuak proposatutako ordezkari bat.

m) Nafarroako ikastetxeetako Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Batzordeak proposatua.

n) Nafarroako Gobernuak izendatuko du nor ariko den Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko idazkaritzan. Parte hartuko du bilkuretan, hizpidea duela baina botorik ez, eta aktak eginen ditu.

Bigarren atala. Eskumenak

5. artikulua

Hauek dira Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariaren eginkizunak:

a) Kontseiluaren ordezkari izan eta haren jarduera zuzentzea.

b) Osoko Bilkuretara eta Batzorde Iraunkorraren bileretara deitu eta eguneko gai zerrenda finkatzea.

c) Bilkuren buru izan, eztabaidak zuzendu eta bozketak alde batera erabakitzea berdinketa gertatzen denean.

d) Erregularki, bere jardueren berri ematea Batzorde Iraunkorrari eta Osoko Bilkurari.

e) Kontseiluaren erabakiak betetzea.

f) Kontseiluko kideei eta idazkariari karguak ematea.

g) Organizazio interesatuei entzutea eman eta Batzorde Iraunkorraren iritzia jakin ondoren, kideen ordezkaritza dela eta, Kontseiluaren beraren barne organoen osaketari buruz sortzen den edozein arazo konpontzea. Adostasunik ez badago, Osoko Bilkuran erabakiko da.

h) Batzorde Iraunkorraren iritzia jakinik, Erregelamendu honen aplikazioan sortzen diren zalantzak argitzea.

i) Kontseiluko langileen eta zerbitzuen goi burutzan jardutea.

j) Kontseiluaren jarduera eta funtzionamendua zuzentzea.

k) Kontseiluaren aurrekontua kudeatzea, Osoko Bilkurarako eta Batzorde Iraunkorrerako txostenak eginez.

l) Kontseiluaren eskumenak garatzeko behar den dokumentazioa eta informazioa Hezkuntza Administrazioari eskatzea.

ll) Legez dagokion beste edozein, edo beste organo baten esku ez dagoena.

6. artikulua

Idazkariaren eginkizunak dira:

a) Osoko Bilkuretan eta Batzorde Iraunkorraren bileretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

b) Bilkuren aktak egitea.

c) Bere sinaduraz Kontseiluaren Erabakiei baimena ematea.

d) Lehendakaritzaren ikus-onetsia izanda, akten ziurtagiriak, irizpenak eta parte hartu izanaren agiriak ematea.

e) Kontseiluaren aktak eta ebazpenak gordetzea.

f) Kontseiluaren funtzionamenduak behar duen laguntza teknikoa bilatu eta ematea.

g) Agirien sarrera eta irteerako erregistroa nahiz artxibo zerbitzua zaintzea.

h) Kontseiluko langileen eta barne zerbitzuen zuzeneko burutza egitea.

i) Idatzita eskaturik, kontseilukideek beren eginkizunetan behar duten dokumentazioa, laguntza teknikoa eta baliabide materialak ematea.

j) Legez dagokion beste edozein.

7. artikulua

Hauek dira kontseilukideen eskubideak:

a) Osoko Bilkuretan edo Batzordeetan beren iritzia ematea.

b) Proposamenak egitea Erregelamendu honen artikuluetan ezarri bezala, beren eskumenen barrenean beti ere.

c) Beren eginkizunak betetzeko behar duten informazioa eskura izatea, Lehendakaritzaren zein Idazkaritzaren bidez.

d) Zerbitzua dela eta, ezarritako kalteordainak jasotzea.

e) Legez onartuta duten beste edozein.

8. artikulua

1. Kontseilukideak behartuta daude Osoko Bilkuretan eta Batzorde Iraunkorraren bileretan parte hartzera, baita dagozkien Batzordeenetan ere, eta ezinezkoa denean, arrazoiak eman beharko dituzte.

2. Orobat, behartuta daude azterlanak egin eta txosten eta irizpenak ematera.

Hirugarren atala. Izendapena eta kargua galtzea

9. artikulua

1. Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu Nafarroako Eskola Kontseiluko kideak, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik.

2. Nafarroako Eskola Kontseiluko kideen izendapenak eta kargu galtzeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

10. artikulua

1. Lehendakaria, Nafarroako Gobernuak izendatuko baitu, Eskola Kontseiluaren lehen osoko bilkuran eginen da karguaren jabe, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

2. Lehendakaria kanpoan edo eri denean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Batzorde Iraunkorrean duen ordezkariak ordeztuko du, eta hori kanpoan denean, bilkuran den Batzorde Iraunkorreko kide adinekoenak.

11. artikulua

1. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak funtzionario bat hautatuko du Kontseiluko idazkari izateko Nafarroako Eskola Kontseiluaren Lehendakaritzaren iritzia kontuan harturik, eta Nafarroako Gobernuak izendatuko du.

2. Idazkariak lehendakariaren aurrean hartuko du bere karguaren jabetza.

3. Idazkaria kanpoan edo eri dagoenean, Lehendakaritzak hautatuko du nor arituko den haren ordez.

12. artikulua

Lehendakariak agiri bat emanen die Kontseiluko kideei kargu hori dutela frogatzeko.

13. artikulua

Nafarroako Eskola Kontseiluko kideek izaera hori galduko dute kasu hauetan:

1.-Agintaldia amaitutakoan.

2.-Hautatuak izateko baldintzak betetzeari utzi edo zuten kargua, izendapena ekarri zuena, galtzeagatik.

3.-Uko egiteagatik.

4.-Epai judizial irmo baten bidez kargu publikoetan aritzeko gaitasuna galduta.

5.-Ezintasun iraunkorrarengatik edo hiltzeagatik.

6.-Proposamena egin zuen organizazioak hala erabakita.

7.-Beren organismoan edo sektorean hauteskundeak egin eta ordezkaritza aldatzeagatik, edo haren ordezkariak aldatzeagatik, non ez diren berriz hautatuak izaten.

8.-Organizazio baten ordezkari izanik, hura uzteagatik.

14. artikulua

1. Lau urtekoa da Nafarroako Eskola Kontseiluko kideen kargualdia, ordezkaritza arrazoiengatik edo Erregelamendu honen 13. artikuluan bildutako arrazoiren batengatik gerta daitezkeen aldaketak ukatu gabe.

2. Posturen bat hutsik geldituz gero, alde egindakoaren kargualdia amaitu arte izendatuko da.

3. Erregelamendu honen 13. artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik, kontseilukideren batek kargua utzi edo galtzen badu, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari jakinaraziko zaio, behar diren organizazioei beste kide bat proposa dezaten eskatzeko.

4. Kontseilua eratzen denetik hasiko da kontatzen hura berritzeko epea.

15. artikulua

Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak, bere ekimenez eta Batzorde Iraunkorraren iritzia jakinik, proposamena egiten duten organizazioei edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuari jakinaraziko die nor diren arrazoirik gabe lau deialdi segidatan edo zortzitan, segidakoak ez badira, Kontseiluaren organoetara agertzen ez direnak, bere ondorioak izan ditzan.

III. KAPITULUA. Antolakuntza

16. artikulua

Nafarroako Eskola Kontseiluak Osoko Bilkura, Batzorde Iraunkorra eta Aldi baterako Batzordeak ditu.

Lehen atala. Organoen eraketa

17. artikulua

Kontseiluaren organo kolegiatuek arau hauek beteko dituzte eratzeko:

1. Osoko Bilkuraren eraketak balioa izanen du lehendakaria, idazkaria, edo horien ordezkoak, eta gutxienez kideen erdiak eta bat gehiago elkartzen badira, lehen deialdian; eta bigarren deialdian, ordu erdi bat ondoren, kideen heren bat bederen elkartuz gero.

2. Batzorde Iraunkorraren eta Aldi baterako Batzordeen eraketak balioa izanen du lehendakaria, idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak eta bat gehiago elkartzen badira.

3. Arrazoia edozein dela ere, bilkura egiten ez bada, idazkariak akta egin beharrean, dilijentzia bat eginen du, bilera zergatik ez den egin, nor agertu den eta ezin etorria adierazi dutenak zehaztuz.

Bigarren atala. Osoko Bilkura

18. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak, idazkariak eta kontseilukideek osatzen dute Osoko Bilkura.

2. Batez ere Osoko Bilkurari dagokio Kontseiluaren helburuak garatzea: modu egokian funtziona dezan ariko dira lanean gainerako organoak, bai lagun bakarrekoak bai kolegiatuak.

19. artikulua

Hauek dira Nafarroako Eskola Kontseiluko Osoko Bilkurari dagozkion eginkizunak:

a) Irakaskuntzak Nafarroako Foru Komunitatean duen egoerari buruzko urteko txostena onestea.

b) Jarduerei buruzko Kontseiluaren urteko memoria onestea.

c) Kontseiluaren lan egitasmoa onestea.

d) Nafarroako Eskola Kontseiluaren urteko aurrekontua onestea.

e) Irizpenak edo txostenak ematea azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 7. artikuluan jasotako gaiei buruz.

f) Aurreko atalean aipatu gaien gainean Batzorde Iraunkorrak egindako proposamenak onetsi eta Hezkuntza eta Kultura Departamentura igortzea.

g) Hezkuntza eta Kultura Departamentuari proposamenak eta iradokizunak egitea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko irakaskuntzari buruzko gaietan.

h) Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen IV. kapituluan aipatzen diren Aldi baterako Batzordeak sortzea.

i) Kontseiluaren Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamendua eta izan ditzakeen aldaketak prestatzea.

20. artikulua

1. Osoko Bilkurak bilera arruntak, bereziak eta presakoak egiten ditu.

2. Lehendakariak eginen du deia Osoko Bilkuretara. Deialdian biltzeko tokia, eguna eta ordua, eta eguneko gai zerrenda agertuko dira, baita behar den dokumentazioa ere, eztabaidatu beharreko gaiak behar adina ezagut daitezen.

3. Lehendakariak finkatuko du eguneko gai zerrenda, Batzorde Iraunkorraren iritzia jakinik eta kontuan hartuta idatziz eta garaiz kontseilukideek aurkeztutako eskaerak. Eguneko gai zerrenda aldatzeko, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kide guztiak bilduta egonik, gehiengo absolutuz deklaratu beharko da gai bat presakoa dela.

21. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluak urtean bitan bederen eginen ditu Osoko Bilkura arruntak, hezkuntza sistemaren egoeraren gaineko urteko txostena eta bere jarduerei buruzko memoriarena onesteko, nahitaez txostenak egin behar dituenean edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kontsultatzen duenean bere eskumeneko gaietan, eta lehendakariak beharrezkotzat jotzen duen aldiro.

2. 10 egun lehenagotik bederen eginen da deia bilkura arruntetarako.

22. artikulua

Lehendakariak eginen du deia bilkura berezietarako, Batzorde Iraunkorraren iritzia jakinik, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko bederatzi kidek eskaera idatzita egiten dutenean. Behar bezala identifikatuko dira eta zer eztabaidatuko den zehaztu beharko dute. Eskaeratik hilabeteko epean eginen da bilkura, eta deialdia 10 egun lehenagotik bederen.

23. artikulua

Lehendakariak, Batzorde Iraunkorraren iritzia jakinik, presako Osoko Bilkurarako deia eginen du, kontseilukideek, Batzorde Iraunkorrak edo berak eskaturik, hartarako adina arrazoi ikusitakoan. 5 egun lehenagotik bederen egin beharko da presako bilkuretarako deia.

Hirugarren atala. Batzorde Iraunkorra

24. artikulua

1. Honako hauek osatzen dute Nafarroako Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorra:

a) Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko lehendakaria edo bere ordezkoa, batzordeburu ariko dena.

b) Hezkuntza Administrazioaren ordezkari bat, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak izendatua.

c) Irakasleen hiru ordezkari, ikastetxe publikoen taldeko ordezkaritzak beren artean bi eta ikastetxe pribatuen taldeko ordezkaritzak beren artean bat aukeratuta.

d) Ikasleen Gurasoen Elkarteen Federazio sektoreko bi ordezkari, ikastetxe publikoetan hedatuen dauden Elkarteen Federazioen taldeko ordezkaritzak beren artean bat eta ikastetxe pribatuetan hedatuen dauden Elkarteen Federazioen taldeko ordezkaritzak beren artean beste bat aukeratuta.

e) Ikastetxe pribatuetako enpresa elkarte eta entitate titularren ordezkari bat.

2. c, d eta e letretan aipatu ordezkariak izendatu eta hautatzeko, lehendakariak sektore bakoitzaren aholkua bilatuko du eta, behar izanez gero, azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legean aurreikusitako kontseilukideen multzo bakoitzeko lagunena, Batzorde Iraunkorreko kide izateko dagozkien batzordekideen proposamenean denak bat ote datozen jakiteko. Proposamen hori bermatzeko, Nafarroako Eskola Kontseiluko sektore edo taldeko ordezkariek sinatu beharko dute. Ez bada adostasunik, sektore edo talde horrek bozketa eginen du boto-txartelak erabiliz.

3. Kontseilukide bakoitzak bere taldeari dagozkion adina ordezkari bozkatuko ditu, eta boto kopuru gehien eskuratzen dituzten kontseilukideak hautatuko dira, harik eta sektoreari edo taldeari Batzorde Iraunkorrean dagokion lagun kopurua bete arte.

4. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren bozketa eginen da.

5. Bigarren bozketa ondoren berdinketak iraunez gero, Kontseiluko Lehendakaritzak erabakiko du, ordezkaritza handienaren irizpidea erabilita ahal den kasuetan, eta, bestela, zozketaz esleituko da.

25. artikulua

Batzorde Iraunkorrekoak ez diren kontseilukideak haren bilkuretara agertu ahalko dira, hizpidea dutela baina botorik ez, Lehendakaritzak baimendu edo gonbidatu ondoren. Orobat, Batzorde Iraunkorrak bere kide ez diren Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kideak deitu ahalko ditu bere bilkuretara.

26. artikulua

Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko Osoko Bilkurako idazkaria Batzorde Iraunkorrekoa ere izanen da.

27. artikulua

Erregelamendu honek ematen dituen eginkizunez gain, honako hau dagokio Batzorde Iraunkorrari:

a) Txosten eta proposamenetarako azterlan eta proiektuak Osoko Bilkurari igortzea, onets ditzan, haiek prestatzeko agindua Osoko Bilkuratik hartuta.

b) Osoko Bilkurak bere esku uzten dituen proposamen eta txostenak onestea.

c) Urteko lan proposamena prestatzea, Osoko Bilkurari igortzeko, horrek onets dezan.

d) Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen diren txostenaren proiektuak eta memoria prestatzea.

e) Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 9. artikuluan aipatzen diren Aldi baterako Batzordeak osa ditzan Osoko Bilkurari proposatzea.

f) Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko Osoko Bilkurak bere esku uzten dituen beste eginkizun guztiak.

28. artikulua

1. Batzorde Iraunkorreko kideek Batzordekoak izateari utziko diote arrazoi hauengatik:

a) Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kide izateari utzitakoan.

b) Uko egiteagatik.

c) Hura proposatu zuen sektoreak edo entitateak hala erabakita. Berehala emanen zaio horren berri Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko Lehendakaritzari, ordezkoa izendatzeko proposamenarekin batera.

2. Kasu horietan beste hautaketa bat eginen da, Erregelamendu honen 24. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

29. artikulua

1. Batzorde Iraunkorra behar adina aldiz bilduko da bere eskumeneko gaiak eztabaidatzeko eta, beti ere, Osoko Bilkura egin aurretik, horren bilerak prestatzearren. Kideen heren batek eskatzen duenean ere bilduko da.

2. Lehendakaritzak eginen du dei Batzorde Iraunkorraren bilkuretara ohiko moduan bost egun lehenagotik, eta presako arrazoiak daudenean 48 ordu lehenago.

3. Batzorde Iraunkorraren eraketak balio izateko, lehendakaria, idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak eta bat gehiago bildu beharko dira.

4. Gainerakoan, Batzorde Iraunkorraren bilkuretarako deialdiak Osoko Bilkurarako ezarritakoari jarraituko zaio.

Laugarren atala. Aldi baterako Batzordeak

30. artikulua

1. Osoko Bilkurak, bere ekimenez edo Batzorde Iraunkorrak proposaturik, azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 9. artikuluan aipatzen diren aldi baterako Batzordeak edo lan batzordeak sortu ahalko ditu Osoko Bilkuraren txosten eta proposamenen azterlan eta proiektuak prestatzearren arazo berezi eta zehatzetan.

2. Batzorde horiek Foru Komunitateko lurraldearen eremu batera mugatu ahalko dira beren lanean. Behar denean, euskara erabiltzeko baliabideak eskainiko dira.

31. artikulua

1. Osoko Bilkurak hartuko du erabakia Aldi baterako Batzordeak sortzeko, eta erabaki hori bildutakoen hirutik bik onetsi beharko dute.

2. Osoko Bilkurak, Aldi baterako Batzordeak sortzeko erabakian, alderdi hauek zehaztuko ditu:

a) Zer aferetan ariko den.

b) Zer lurralde eremutan ariko den.

c) Nork osatuko duen; gehienez ere zazpi lagun.

d) Batzordeak lanak amaitzeko duen epea.

3. Batzordeak gehiengoz izendatuko ditu nor ariko diren batzordeburu eta idazkari lanetan, eta horren berri emanen zaio Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko lehendakariari.

4. Aldi baterako Batzordeek beren lan-egutegia ezarriko dute, kideei gehien komeni zaien moduan ezarri ere, beti kontuan hartuta Osoko Bilkurak batzordea sortzeko erabakian ezarri zuen epea.

IV. KAPITULUA. Funtzionamendua

Lehen atala. Aktak eta informazio oharrak

32. artikulua

1. Idazkariak bilkura guztien aktak eginen ditu.

2. Akta guztietan, nahitaez aipatu beharko dira honako hauek:

a) Bilkuretara agertutako kideak. Agertu ez direnen zergatikoak ere azalduko dira.

b) Eguneko gai zerrenda.

c) Erabakiak, nola hartu ziren zehaztuz. Emandako boto kopurua adieraziko da, aldekoak, kontrakoak eta abstentzioak.

3. Aktan erabakiak hitzez hitz agertuko dira, baita txosten eta eztabaiden laburpen txiki bat ere. Kontseilukideek eskubidea dute beren ekarpen edo proposamena osorik transkribatu dadin eskatzeko, baldin eta unean berean edo 24 orduko epean haiek esandakoa zehatz-mehatz biltzen duen testua aurkezten badute. Aktan agertuko da edo kopia erantsiko zaio.

4. Idazkariak sinatuko ditu akta guztiak, bilkurako lehendakariak ikus-onetsia emanik.

5. Aktak hurrengo bilkura arruntean onetsi beharko dira, bilkuraren garapena hobeki zehazteko kontseilukideek egiten dizkieten oharrekin

33. artikulua

1. Bilkura bakoitzeko aktak, behin onetsirik, akta liburuan sartuko dira. Idazkariak zainduko du liburu hori eta edozein kontseilukideri kontsultatzeko utziko dio.

2. Lehendakaritzak agindurik, idazkariak egiten dituen ziurtagiriek soilik emanen dute Kontseiluaren erabakien fede.

Honela egin ahalko dira ziurtagiriak:

a) Ofizioz, Administrazio Publikoetako organoek edo organo judizialek beren eskumenen erabileran eskaturik.

b) Kontseilukideek eskaturik.

c) Edozein interesatuk eskaturik.

Azken bi kasuetan, erabakien xedapen zatiari buruzkoa izanen da ziurtagirien edukia.

34. artikulua

Lehendakaritzak Kontseiluaren osoko bilkura bakoitzaren informazio ohar bat egitea aginduko du, batez ere hartutako erabakiak jasoko dituena, komunikabideen bitartez Nafarroako Eskola Kontseiluaren jarduera eta jarrerak jendearengana irits daitezen.

Bigarren atala. Erabakiak hartzea

35. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko organoen erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, Osoko Bilkurak beste gehiengo batzuk behar direla erabakitzen duenean izan ezik.

2. Honela hartuko dira erabakiak:

a) Lehendakariaren proposamena onartuta.

b) Bozketa arruntean, eskua altxatuta.

c) Boto txartelen bidez bozkatuta, kasu hauetan:

Lehendakariak proposatu edo bilkuran bildutakoen % 20k eskatuta.

Jendea hautatzen denean.

3. Botoa pertsonala da eta ezin da inoren esku utzi. Ez da onartuko posta bidez bozkatzea.

36. artikulua

1. Kontseilukideen botoa gehiengoaren erabakiaren kontrakoa bada, aktan espreski agertzeko eskatu ahalko dute.

2. Halaber, kontseilukideek boto partikularra aurkeztu edo iragarri ahalko dute gehiengoaren erabakiaren aurka, bilkura amaitu baino lehen beti ere, eta idatziz entregatu idazkariari edo lehendakariari orduan berean, edo 48 orduko epean, bilkuraren aktari eransteko.

3. Kontra bozkatzen duten kontseilukideek boto partikularrari atxiki ahalko zaizkio edo nork berea erredaktatu, bilkura amaitu aurretik eskubide hori gorde badute, beti ere.

Hirugarren atala. Txostenak eta irizpenak prestatzea

37. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak txostenak eta irizpenak emanen ditu, bai bere ekimenez bai organo eskudunek eskatuta.

2. Nafarroako Eskola Kontseiluari edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiari txostenak emateko eskaera egiten zaionean, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia edo kontsultatzen den espedientea osatzen duena eskatu ahalko dio organo eskatzaileari.

3. Auziren bat tramitatzean, Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren iritzia bidegabe ahazten denean, lehendakariak, bere ekimenez edo Kontseiluko organoek bultzaturik, behar denari gogoraraziko dio.

4. Behar den agintariari igorriko zaizkio Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren txosten eta proposamenak, lehendakariak edo idazkariak sinaturik, bilkurara agertu direnen izenak aipatuz, eta aho batez edo gehiengoz onetsi diren adierazita. Boto partikularrak ere erantsiko dira, baldin badaude.

38. artikulua

Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak txosten bat egiteko eskaera harturik, lehendakariak osoko bilkurarako deia eginen du, eta horrek erabakiko du txostena berak egin edo Batzorde Iraunkorraren esku utzi, hura egin eta onesteko lana.

39. artikulua

1. Osoko Bilkurak, Batzorde Iraunkorrak edo Aldi baterako Batzordeak beren kideekin ponentziak izendatu ahalko dituzte hasierako testua presta dezaten, eta epe bat emanen diete horretarako.

2. Horretarako izendatzen diren ponentziek bost kide izanen dituzte, gehienez, baina, Lehendakaritzak baimenduz gero, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko beste kide batzuen edo txostenaren xedean adituak diren aholku-emaileen laguntza izan ahalko dute.

40. artikulua

1. Ponentziako kideek hasierako testua gehiengoz onetsitakoan, hura izendatu zuen organoaren Lehendakaritzara igorriko da, eta horrek organoko kideei igorriko die bilkura egin baino astebete lehenago. Presakoa bada, 24 ordu lehenagotik.

2. Organoko kideek, bilkura baino berrogeita zortzi ordu lehenago eta idatzita, Kontseiluaren erregistroan aurkeztuko dituzte txostenaren puntuentzat egokitzat jotzen dituzten zuzenketak edo haren ordezko beste testu bat. Zuzenketak eta testu alternatiboak, horrelakorik badago, organoko kideei igorriko zaizkie 24 ordu lehenagotik, zabaldu eta ezagutu ditzaten. Nahitaez egon beharko dute kontseilukideen esku, saioa hasi aurretik.

3. Testu alternatiboren bat aurkeztuz gero, eztabaidatu ondoren, bozketa eginen da lanerako dokumentu gisa onartu edo atzera botatzeko. Testua onartuz gero, baztertutzat joko da ponentziaren testua, eta Lehendakaritzak bilkura amaitutzat joko du, zuzenketak aurkezteko epe bat emanen eta dei eginen dio organoari bilkurara, txostena eta zuzenketak, baldin badaude, eztabaidatu eta bozkatzeko.

4. Testu alternatiborik aurkezten ez bada, edo aurkezten direnak atzera botatzen badira, eztabaidatu ondoren, lehen bozketa eginen da lanerako dokumentu gisa onartu edo ponentziari itzultzeko, beste erredakzio bat eman diezaion. Kasu horretan, jarraibideak edo lerro nagusiak adieraziko dira.

5. Lanerako dokumentu gisa onartutako testuari egindako zuzenketak, aurkeztu ordenan banan-banan eztabaidatu eta bozkatuko dira.

6. Zuzenketak onartu eta ateratzen den testua osorik bozkatuko da.

7. Ponentziako kideen esku utzi ahalko da txostenaren azken erredakzioa, egindako aldaketa guztiak zuzen jasoko dituena.

41. artikulua

Osoko Bilkurak delegaturik, Batzorde Iraunkorrak onetsi behar badu txostena, haren kontrako botoa emandako kideek boto partikularrak aurkeztu ahalko dituzte Erregelamendu honen 36. artikuluan aurreikusitako moduan.

42. artikulua

1. Osoko Bilkurak onetsi behar baditu Batzorde Iraunkorrak zein Aldi baterakoek prestatu txostenak, haren lehendakariak Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko lehendakariari igorriko dio.

2. Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko lehendakariak testua jasorik, 40. artikuluan aipatu tramiteak berak eginen dira Osoko Bilkuran.

Laugarren atala. Proposamenak formalizatzea

43. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko kideek proposamenak egin ahalko dituzte azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 7. eta 8.3 artikuluetan aipatzen diren gaiei buruz.

2. Proposamenak idatzita igorriko zaizkio Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko lehendakariari, edukia aztertu ondoren, aurreko atalean aipatu gorabeherei buruzkoak diren edo ez erabaki dezan.

44. artikulua

1. Proposamenek arrazoituak eta zehatzak beharko dute izan, eta argi bereiziko dira arrazoiak eta proposamena bera.

2. Lehendakariaren ustez, proposamenak Nafarroako Eskola Kontseiluari edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiari ez badagozkio, edo edukia argi ez badute, kontseilukide sinatzaileari igorriko dizkio, horretarako arrazoiak emanez. Kontseilukide batek baino gehiagok sinatu badute proposamena, lehen tokian sinatu duenari itzuliko zaio.

3. Kontseilukideak Lehendakaritzaren erabakiarekin bat ez badatoz, Batzorde Iraunkorrean adierazi ahalko dute, eta Lehendakaritzak erabakiko du, kontseilukidearen arrazoiak entzun eta Batzorde Iraunkorreko kideen gehiengoaren ustea kontuan hartuta.

45. artikulua

1. Onartutako proposamenak Batzorde Iraunkorraren lehen bilkura arrunteko gai zerrendan sartuko dira, zein organok duen eskumena erabaki dezan. Batzorde Iraunkorra bada, eta proposamen egilea haren kide ez bada, bilkuran agertu ahalko da proposamenaren berri emateko, baina boto eskubiderik gabe.

2. Bilkurarako deia egin ondoren formulatuz gero, presako deklaratua beharko du izan eztabaidatu ahal izateko, eta organoko kide guztiek egon beharko dute bilduta.

46. artikulua

1. Proposamen bat aurkeztu eta haren gaineko erabakia hartu behar duen organoak bi hilabeteko epean bilkurarik egin behar ez badu, hartarako deia eginen da, nahiz eta aurkeztu proposamenak besterik ez izan eguneko gai zerrendan.

2. Kontseilukide sinatzaileak defendatu beharko ditu proposamenak organoan, eta bat baino gehiago badira, lehen tokian sinatu duenak.

3. Kontseilukideen ekarpenen ondorioz, proposamen egileak aldaketak egitea onartuz gero, idatzita banatu ondoren soilik bozkatuko da bilkuran berean.

47. artikulua

Ez da proposamen edo erabakirik bozkatuko eguneko gai zerrendan hala agertu gabe.

Bosgarren atala. Eztabaidak

48. artikulua

1. Atal bakoitzean, txosten egilea mintzatuko da lehenik; ondoren, oharrak egiten dituzten kontseilukideak eta txosten egilea berriz ere, lehendakariak txanda gehiago ematea egokitzat jotzen duenean salbu.

2. Parte hartzen duten kontseilukideek konpromisozko testuren bat adostuz gero, bilkuran berean idatzita banatu ondoren soilik bozkatu ahalko da.

3. Ponentzien txostenetan egiten diren aldaketak, funtsezkoak badira, bilkuran berean propio onetsi beharko dira. Alabaina, txosten egileen eta aldaketak proposatzen dituztenen esku utzi ahalko da txostenen azken erredakzioa.

Seigarren atala. Nafarroako hezkuntza sistemaren egoerari eta Memoriari buruzko txostena

49. artikulua

1. Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 11. artikuluari jarraituz, bai Nafarroako hezkuntza sistemaren egoerari buruzko txostena, bai jardueren gaineko memoria, ikasturte bakoitzean Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak prestatu behar dituenak, Batzorde Iraunkorrak landuko ditu, eta ikasturte oso bati buruzkoak izanen dira.

2. Txostenean hezkuntza sistemaren egoeraren aipamen orokorra egin behar bada ere, Batzorde Iraunkorrak txostena prestatu baino lehen, Osoko Bilkurak erabakiko du Nafarroako hezkuntza sistemaren zein alderditan egin indar gehiago.

50. artikulua

1. Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak ikasturtea amaitu eta urte natural hori bukatu baino lehen egin beharko du Osoko Bilkura, txostena eta memoria onesteko.

2. Batzorde Iraunkorrak bilkura baino hilabete lehenago prestatu eta banatuko du txostena.

51. artikulua

1. Txostena prestatzeko, Batzorde Iraunkorrak ponentzia bat edo gehiago izendatuko ditu, hasierako testua presta dezaten. Ponentzia bat baino gehiago izendatuz gero, haien artean gai homogeneotan banatuko da lana.

2. Txostena prestatzeko gainerako tramitazioa Erregelamendu honen 40. artikuluan ezarritakoari lotuko zaio.

52. artikulua

1. Osoko Bilkurako kideek gehiengo absolutuz onetsi beharko dute hezkuntza sistemaren egoeraren gaineko txostena, bere osotasunean onetsi ere.

2. Txostena eta boto partikularrak, baldin badaude, Hezkuntza eta Kultura Departamentura igorriko dira, lehendakariak eta idazkariak sinaturik, haien berri eman dezan. Bilkurara agertutakoen izenak aipatuko dira, baita aho batez edo gehiengoz onetsi den ere, eta boto partikularrik izan bada, haiek ere erantsiko dira. Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideei ere igorriko zaie.

53. artikulua

1. Azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 11. artikuluari jarraituz, Batzorde Iraunkorrak prestatuko du Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren jardueren memoria, eta Osoko Bilkuran onetsiko da. Ikasturte oso bati buruzkoa izanen da. Hezkuntza eta Kultura Departamentura igorriko da, baita Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari ere.

2. Memoria horretan, gai hauek bilduko dira, laburzki eta ongi bereizita:

a) Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako txostenak, haien xedea, zein organok prestatu eta onetsi dituen, onesteko baldintzak (bilkura, gehiengoz edo aho batez onetsi den, boto partikularrak eta nork eman dituen, e.a.), Kontseiluak bultzaturik edo organo eskudun batek eskaturik egin den zehaztuz.

b) Osoko Bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak egindako bilkurak, eta bakoitzean eztabaidatutako gaien laburpen bat.

c) Onartutako proposamen edo ekimenak, kontseilukideek proposatutakoak, eta haien emaitzak.

d) Txostenak onesteko ez diren erabakiak, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiko organoek hartutakoak.

e) Urteko memoria ekonomikoa.

f) Nafarroako Eskola Kontseiluaren edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiaren beste edozein jarduera, memorian agertzea interesgarritzat jo bada.

Azken Xedapenetako Lehena

Funtzionamendurako Erregelamendu hau berritzeko, Nafarroako Eskola Kontseiluko Osoko Bilkuran gehiengo absolutuz hartu beharko da erabakia eta Nafarroako Gobernuak beharko du onetsi.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa