(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

61/2010 Foru Dekretua, irailaren 27koa, Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena

 

(2010eko 127. NAOn argitaratutako testua, urriaren 20an)

Atarikoa

Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrarekin bat, abuztuaren 11ko 89/2008 Foru Dekretu bidez foru lege hori garatzeko erregelamendua eman zen. Abuztuaren 10eko 65/2009 Foru Dekretuaren bidez erregelamendu hori zenbait gaitan aldatu zen, kontuan izanik testu liburuak doan jasotzeko programa ezarri zenetik ordura arte hartutako esperientzia.

Aipatutako programaren ziklo bat osaturik, barne dela 2008-2009 ikasturteari dagokion gastuen justifikazioa, 2009ko azken hiruhilekoan egin zena, ikusi da beharrezkoa dela beste aldaketa batzuk egitea, programa hobeki kudeatzeko eta, araugintzaren teknika dela-eta, komenigarriagoa jotzen da araua osorik idaztea, eta ez aldaketa partzialak egitea berriz ere. Bidenabar, edukiak ordenatuago egituratuko dira, hobeki ulertzeko moduan.

Aldaketa zehatzei dagokienez, lehenik gai hau hartzen da mintzagai: datuak Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen artean komunikatzeko bitartekoak eta tresnak sinplifikatzea. Ahal dela, informatikoak izan beharko dute.

Ikastetxeek datuak emateari dagokionez, 11. artikuluan arautzen da nola jaso programa kudeatzeko behar diren datuak aldi bakar batean, orain arte baino ordenatuago eta sinplifikatuago.

Zenbait kontzeptu argitze aldera, 14. eta 15. artikuluek ezartzen dute zer diren, testu liburuak doan jasotzeko programaren ondorioetarako, matrikularen igoera eta ikasleak ikastetxera berandu sartzea, baita horiek nola finantzatu ere, halakoak gertatzen direnean.

Hona hemen beste berritasun bat, 16. artikuluan jasoa: ezartzen da ezen Administrazioaren ekarpenaren eta testu liburuen zenbatekoen arteko kendura erabili beharko dela, lehenik, testu liburuak berritzeko, 13. artikuluarekin bat, eta, behar horiek beterik, erabilera orokorreko material didaktikoa edo informatikoa erosteko erabiltzen ahalko dela.

Zenbatekoak programa finantzatzeko aplikatu direla justifikatzeari dagokionez ere tramiteak sinplifikatu egin dira, behar diren bermeak murriztu gabe.

Bestalde, programa kudeatzeko sistemetan, kendu egiten da bonuak emateko enpresa laguntzaile baten zerbitzuak izateko aukera, zeren oso ikastetxe gutxik hartu dute sistema hori eta, oro har, ez du onura handirik ekartzen programa kudeatzeko.

Azkenik, "ikastetxe osatugabeak" deitutakoetarako aurreikuspen bat sartzen da, Hezkuntza Departamentuak testu liburuak doan jasotzeko programaren ezarpena ikastetxe horien ezaugarri berezietara egokitzeko.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena emanik, Nafarroako Kontseiluarekin ados eta bi mila eta hamarreko irailaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onestea.

Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten da. Hain zuzen, erregelamendua foru dekretu honen eranskinean ematen da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

1. Indargabeturik gelditzen da abuztuaren 11ko 89/2008 Foru Dekretua, Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

2. Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honek aurreikusitakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauen eta exekuzioaren garapena.

1. Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezartzen dena betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

2. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia gaitzen da testu liburuak doan jasotzeko programa garatzeko, erregelamendu honetan xedatutakoa exekutatzeko eta ikastetxeen eta hezkuntzako administrazioaren arteko datuen komunikazioa gauzatzeko bitartekoak eta tresnak zehazteko. Bitarteko horiek, ahal dela, informatikoak izanen dira.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Erregelamendu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean testu liburuak doan jasotzeko programa arautu da.

2. Testu liburuak doan jasotzeko programaren helburua hauxe da: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 18. artikuluan eta 24 eta 25. artikuluetan, hurrenez hurren, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezartzen diren arlo edo irakasgaietako testu liburuak maileguan uztea, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoen laguntza jasotzen duten ikastetxeetan Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasten ari diren ikasleei.

2. artikulua. Testu liburua.

1. Erregelamendu honi dagokionez, honako hau hartuko da testu liburutzat: material iraunkorra eta autosufizientea, ikasleek erabiltzekoa dena eta hezkuntza etapetako curriculumen garapenari buruz Nafarroako Gobernuak onetsitako araudiak ezarritako edukiak garatzen dituena.

2. Ez da Testu liburuak doan jasotzeko programan sartuko testu liburuei lotuta dagoen baina hurrengo ikasturteetako ikasleek erabili ezin izanen duten materiala; salbuespen moduan hartuko dira, dena den, lehen hezkuntzako lehen ziklorako materialak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako materialak.

3. artikulua. Araudira egokitu gabeko testu liburuak.

1. Araudira egokitzen ez diren testu liburuak atzematen badira, betiere maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, eta uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legearen 5.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, hezkuntzako administrazioak argitaletxeei jakinaraziko die beren liburuen zein alderdi ezabatu edo ordeztu behar diren, erregelamendu honek arautzen duen Testu liburuak doan jasotzeko programaren barnean finantzatuak izateko aukera izan dezaten, eta epe bat emanen die, ez hamar egun baino gutxiago ez eta hamabost baino gehiago ere, bidezko jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten.

Testu liburuak ez daudenean Nafarroako Foru Erkidegoko curriculumera egokiturik, beste autonomia erkidego batekora baizik, argitaletxeei egiten zaien jakinarazpen hori informazio hutserako izanen da.

2. Hezkuntza Departamentuak jakiten badu ikastetxe bat liburu horiek erabiltzen ari dela, lehen atalean aipatutako egoeraren berri emanen dio.

3. Lehen atalean ezarritako epea iraganik, ebatziko da ea erregelamendu honek arautzen duen Testu liburuak doan jasotzeko programaren barnean aipatutako liburu horiek finantza daitezkeen.

4. Aipatutako ebazpenaren aurka, argitaletxeek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute hezkuntza arloan eskuduna den kontseilariari zuzendua.

4. artikulua. Hartzaileak.

1. Funts publikoak jasotzen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan derrigorrezko hezkuntzan ikasten ari diren ikasle guztiak izan daitezke testu liburuak doan jasotzeko programaren hartzaileak.

2. Erregelamendu honetan ezartzen den testu liburuak doan jasotzeko programaren hartzaile diren ikasleak hezkuntza administrazioek xede berarekin ematen dituzten laguntzetatik kanpo geldituko dira.

5. artikulua. Testu liburuak maileguan uzteko araubidea.

1. Programa horren hartzailea den ikasleak doan erabiltzen ahalko ditu, maileguan hartuta, ikastetxeak derrigorrezko irakaskuntzarako aukeratzen dituen testu liburuak.

2. Testu liburuak ikastetxearenak izanen dira, eta ikasturtea amaitzen denean, ikasleak ikasi duen ikastetxean bertan geldituko dira, beste ikasle batzuek erabil ditzaten hurrengo ikasturteetan. Nolanahi ere, hurrengo ikasturteetan testu liburu horiek beste ikasle batzuek ere erabiliko dituztela bermatze aldera, ikastetxeek beste aukera batzuk ere ezartzen ahalko dituzte.

3. Funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeek haietan matrikulatutako ikasleek erabilitako testu liburuak ongi erabil daitezen zainduko dute, bai eta iraun dezaten ere, testu liburuak erabiltzen dituzten aldietan.

4. Lau ikasturtean behin berrituko dira testu liburuak; horrek ez du galaraziko galdu direnean edo berriz erabili ezin direnean ere berritzea. Salbuespen gisa, gainera, lehen hezkuntzako lehen zikloko materialak ikasturte guztietan berrituko dira, baldin eta material hori beste ikasle batzuek hurrengo urteetan erabili ezina bada.

5. Testu liburuak doan jasotzeko programa pixkanaka ezartzeko, egutegiaren arabera eta aurreko atalean xedatutakoarekin bat hornituko dira ikastetxeak liburuez.

6. artikulua. Hezkuntzako administrazioaren ekarpena.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Administrazioak ezarriko du urtero zein izanen den ikasturte bakoitzeko eginen duen gehieneko ekarpena. Hartzailea den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta horren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko dira programa zein irakaskuntza etapatan aplikatuko den eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua.

7. artikulua. Hartzaileen eta haien legezko ordezkarien betebeharrak.

1. Testu liburuak doan jasotzeko programaren hartzailea den ikasleak behar bezala eta kontuz erabili eta zaindu beharko ditu liburuok; horrez gain, ikasturtea amaitzen denean edo ikaslea beste ikastetxeren batera joaten delako baja ematen zaionean, testu liburuak ongi zainduta eta erabilita itzultzeko betebeharra izanen du.

2. Testu liburua hondatzen bada edo galtzen bada, ikasleen legezko ordezkariek hondatu edo galdutako material horren ordez berria erosi beharko dute, erregelamendu honetan ezarritakoa betez.

Ikaslearen legezko ordezkariek ez badute betetzen materiala berritzeko betebeharra, ikasleak utzi eginen dio testu liburuak doan jasotzeko programako hartzaile izateari, harik eta galdutako edo hondatutako materiala berritu dela frogatzen den arte.

3. Ikasle hartzaileek, baita haien legezko ordezkariek ere, Hezkuntza Departamentuak edo derrigorrezko hezkuntzako kasuko ikastetxeak egiten dituen egiaztatze-ekintzak onartuko dituzte eta bidezkoak diren finantza-kontrolaren menpe geldituko dira, aplikatu beharreko legeriarekin bat.

8. artikulua. Uko egitea.

Ikasleren batek ikasturte batean testu liburua doan jasotzeko programan parte hartu nahi ez badu, haren legezko ordezkariak hala jakinaraziko dio ikasleak ikasketak egin behar dituen ikastetxeari, adierazten diren datetan eta moduan.

9. artikulua. Ikastetxeen betebeharrak.

1. Ikastetxeek barne-erregelamenduan jaso beharko dute ikasleen esku uzten diren testu liburuak erabili eta zaintzeko arauak. Ikasleek nahita edo asmo txarrez testu liburuak galtzen edo hondatzen dituztenean, unibertsitatekoak ez diren mailetako ikastetxeetan ikasleek dituzten eskubide eta betebeharren gainean indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

2. Ikastetxeak testu liburu guztiak erregistratuko ditu, Eskola Kontseiluak horretarako ezartzen duen prozedurarekin bat, halako moduan non ikasturte bukaeran horietako bakoitza identifikatzen ahalko den.

3. Hezkuntza komunitateko sektoreek materiala zaintzeko eta iraunarazteko eskatuko diete testu liburuak doan jasotzeko programan parte hartzen duten ikasleei eta horien legezko ordezkariei.

10. artikulua. Testu liburuen hautaketa.

1. Ezarritako prozedurarekin bat, ikastetxeek aukeratuko dute, ikasleentzat beharrezkoa dela uste badute, derrigorrezko hezkuntzako maila bakoitzerako egokien jotzen dituzten testu liburuak.

2. Aukeratutako edizioak ezin izanen dira gutxienez lau ikasturtean berritu, dagokion ikasturterako testu liburuak doan jasotzeko programa indarrean jartzen denetik edo programa horren esparruan egin den azken aldaketaren egunetik zenbatzen hasita, salbu behar bezala frogatutako egoera oso berezietan.

3. Testu liburuak berritzeko lau ikasturteko gutxieneko epea igaro ondoren ikastetxeak erabakitzen badu testu liburu horiekin jarraituko duela, horiek aldatzeko aukerari uko eginen dio, eta 13. artikuluaren arabera berrituko ditu.

11. artikulua. Ikastetxeek informazioa ematea.

1. Urte bakoitzeko uztailaren 15a baino lehen ikastetxeek honako informazio hau emanen diote Hezkuntza Departamentuari, testu liburuak doan jasotzeko programako jarraibideetan ezartzen diren bitartekoen bidez:

a) Testu liburuak erosteko aukeratu den kudeaketa sistema.

b) Ikastetxeak prestatutako testu liburuak edo materialak erabiltzeko aukera, adieraziz aukera hori zer kurtso eta etapatarako egin den.

c) Programaren hartzaile diren ikasleen kopurua, matrikulatu diren kurtsoaren eta etaparen arabera banaturik.

d) Testu liburuak doan jasotzeko programan parte hartzeari uko egin dioten ikasleen kopurua, matrikulatu diren kurtsoaren eta etaparen arabera banaturik.

e) Kurtso bakoitzean egokitutako materiala erabiltzen duten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle matrikulatuen kopurua.

f) Ikasle bakoitzari dagokion lotea osatzen duten liburu kopurua, adieraziz zer kurtso eta etapatarako den.

g) Testu liburuak zer establezimendu motatan erosi diren.

h) Matrikula igoera, erregelamendu honen 14. artikuluan ezartzen denaren arabera, adieraziz zenbat ikasle ekartzen duen horrek kurtsoko eta etapako.

2. Hezkuntza Departamentuak aurreko puntuan aipatzen diren datuen grabatze-prozesuaren jarraipena eginen du, eta ezarritako epea betetzen dela zainduko du. Era berean, haiei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik zeregina betetzeko arazoak dituzten ikastetxeei laguntza teknikoa emanen zaie.

12. artikulua. Testu liburuak erosteko prozedura.

1. Ikastetxeek bi aukera izanen dituzte: onuradun den ikaslearen legezko ordezkariei bonu bat ematen ahalko diete edo, bestela, bidezkotzat jotzen duten sistema ezartzen ahalko dute eskuratzeko eta antolatzeko.

2. Bonua ematea aukeratzen denean, hurrengo prozedura beteko da:

a) Ikastetxeen zuzendariek bonua emanen diete, behar bezala beterik, ikasle hartzaileen legezko ordezkariei, ezartzen den ereduaren arabera.

b) Bonu horren trukean testu liburuak eskuratuko dira, programari atxikita dagoen establezimenduetako batean, aukeratzen duen batean. Ikaslearen legezko ordezkariak "hartze-agiria" sinatuko du, horretarako adierazitako tokian, testu liburu guztiak jasotzen dituenean; orduan, liburudendak edo establezimenduak bonua eta faktura hartuko ditu gero ordainketa egin diezaieten.

c) Establezimenduek ikastetxeetara bidaliko dituzte fakturak. Izan ere, fakturek ezarritako baldintza formal guztiak beteko dituzte; ikastetxearen eta ikaslearen izena jasoko dute eta horiekin batera behar bezala betetako eta zigilatutako bonuak erantsiko dira. Establezimendu batek hamar bonu baino gehiago baditu, zenbateko osoa jasotzen duen faktura bakarra aurkezten ahalko du ikastetxean; kasu horretan, testu liburuak jaso dituzten ikasleen eta horietariko bakoitzari dagokion zenbatekoaren zerrenda bat ere emanen da.

d) Establezimenduek aurkeztutako fakturetan testu liburuengatik ordaindu beharreko prezioa agertuko da.

e) Aurreko puntuan aipatzen diren fakturak eta bonuak azaroaren 30a baino lehen aurkeztuko dira ikastetxean. Horrela, ikastetxeek beranduen hilabetean ordainduko dituzte, aurkeztu den egunetik zenbatuta, edo, irailaren 1a baino lehen aurkeztu badira, egun horretatik hilabeteko epean.

3. Beste prozeduraren bat aukeratzen denean hurrengo baldintzak bete behar izanen dira gutxienez:

a) Fakturak, ikastetxearen izenean egonen dira, eta, haietan, ezarritako baldintza formal guztiak jasoko dira.

b) Fakturek testu liburuengatik ordaindu behar den zenbatekoa jasoko dute.

c) Fakturak azaroaren 30a baino lehen aurkeztuko dira ikastetxean. Horrela, ikastetxeek beranduen hilabetean ordainduko dituzte, aurkeztu den egunetik zenbatuta edo, irailaren 1a baino lehen aurkeztu badira, egun horretatik hilabeteko epean.

4. Testu liburuak eskuratzeko establezimenduek Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiari buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legean ezarritako baldintzak beteko dituzte.

13. artikulua. Testu liburuak berritzea.

1. Testu liburuei baja emanen zaie horien erabilerarako oro har ezarri den lau ikasturteko epea igarotzen denean.

2. Dena dela, epe hori igaro baino lehen baja emanen zaie ondoren zehaztutako kasuren bat gertatzen denean:

a) Hurrengo ikasturteetan beste ikasle batek erabiltzeko moduan ez dagoenean, hondatuta dagoelako.

b) Behar bezala frogatutako inguruabar bereziak gertatzen direnean.

2. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak aukeratzen duen batzordeak (Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legean aipatutakoa) ezarritako prozedura betez, ekainaren 30a baino lehen berrikusiko ditu erabiltzeko oro har ezarri den lau urteko epea bete ez duten testu liburu guztiak.

3. Testu liburuak berrikusi ostean, liburuak gaizki erabili dituzten ikasleen legezko ordezkariei jakinaraziko die galdutako edo hondatutako liburuen ordez berriak erosi beharko dituztela; berritze hori egiteko epea adieraziko die. Jakinarazpena jaso den egunetik hamar egun baliodun izanen dituzte, gutxienez, horretarako. Jakinarazpenean erregelamendu honen 7.2 artikuluan xedatutakoaz ohartaraziko da.

4. Aurreko atalarekin bat berritu ezin izan diren testu liburuak ikastetxeak erosiko ditu, eta erregelamendu honen 16.1 artikuluak aipatutako eta ondoko ikasturteari dagokion gerakinaren kargura finantzatuko da.

5. Baldin eta administrazioak ikastetxe bati egiten dion ekarpena, guztira, ez bada aski artikulu honen 4. atalean aipatu bezala testu liburuak berritzeko, ikastetxeak txosten bat bidaliko dio Hezkuntza Departamentuari, inguruabar hori kontabilitatearen aldetik justifikatuz, eta defizita finantzatzea eskatuko. Nolanahi ere, Administrazioaren ekarpenaren ehuneko ehun ordaindu ondoren eginen da eskaera hori.

6. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei eska diezaieke hondatutako materiala emateko; horrela, materiala aztertuko du, benetan gertatutakoa egiaztatuko eta, behar izanez gero, liburu berriak emateko aintzat hartu diren irizpideak aldatuko ditu.

14. artikulua. Matrikularen igoera.

1. Hauxe ulertzen da matrikula igoeratzat: ikastetxe bateko kurtso bateko talde guztietako ikasle kopuruan guztira gertatzen dena, ikasturte baten bukaeratik hurrengoaren hasierara, betiere ikasturte horri ez badagokio testu liburuak berritzea 5.4 artikuluan aipatutako lau ikasturteak iragan direlako.

2. Erregelamendu honen 11.1 artikuluarekin bat bidalitako datuen arabera eginen da ordainketa, eta programan sartu diren ikasleengatik edo testu liburuak berritzeagatik ikastetxeari dagokionarekin bat.

3. Baldin eta igoera hori Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen iraileko azterketekin bat gertatzen bada, Administrazioaren ekarpenaren %20rekin batera eginen da ordainketa ikasturte bakoitzeko abenduan.

Kasu horretan, ikastetxeak, azaroaren 15a baino lehen, txosten bat bidalik o dio Hezkuntza Departamentuari, inguruabar hori behar bezala justifikatuz, 11.1 artikuluak aipatzen duen informazio horri loturik.

15. artikulua. Ikasleak ikasturtean zehar sartzea.

1. Ikasturtean zehar ikasle berriak sartzen badira ikastetxean eta, ondorioz, testu liburu berriak eskuratu behar badira, testu liburu horiek erosteko behar beste diru emanen zaio ikastetxeari. Ikasturteko hiruhileko bakoitza amaitzean eginen dira ordainketak, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuari eskabidea egin ostean. Eskabidearekin batera, gastuaren justifikazioa eta ikasleak ikastetxean izen-ematea formalizatu duela frogatzen duen agiria aurkeztuko dira.

2. Ikastetxeak eskuratuko ditu testu liburu berriak, erregelamendu honetan ikastetxearen kudeaketari buruz ezarritakoa aplikatuz.

16. artikulua. Administrazioaren ekarpenaren eta testu liburuen balioaren arteko kenduren aplikazioak.

1. Administrazioak ikastetxe bati egiten dion guztizko ekarpenaren eta testu liburuen balio errealaren guztizkoaren arteko kendura positiboa baldin bada, behin 13. artikuluaren araberako berritze beharrak finantzaturik, gerakina erabilera orokorreko material didaktikoa eta informatikoa erosteko baliatzen ahalko da.

2. Baldin eta, ikasle bakoitzeko, administrazioak onetsitako moduluaren eta testu liburuen lote bakoitzaren kostuaren arteko kendura negatiboa bada, ikasleen legezko ordezkariek ordainduko dute kendura, eta, hala ere, hurrengo ikasturtean testu liburua erabiltzeko eskubidea besterik ez dute bereganatuko horregatik.

17. artikulua. Hezkuntzako administrazioak ikastetxeei egiten dien ekarpenaren transferentzia.

1. Hezkuntzako administrazioak ikastetxeei egiten dien ekarpenaren transferentzia honako honi jarraikiz eginen da:

a) Ikasleak matrikulaturik dauden ikastetxeei emanen zaie ekarpena.

b) Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako funtzionamendu gastuetarako baimendutako kontuetan sartuko ditu ordaindu beharreko zenbatekoak, testu liburuak doan jasotzeko programa gauzatu ahal izateko. Zenbatekoa bi epetan ordainduko da: %80 irailean eta %20 lehenbiziko hiruhilekoa amaitu baino lehen.

c) Ikastetxeek funtsen erabilera kudeatzeko konpromisoa hartuko dute, haien helburuarekin bat.

2. Erregelamendu honen ondorioetarako, itunpeko ikastetxeak testu liburuak doan jasotzeko programaren erakunde laguntzaileak izanen dira.

18. artikulua. Ikastetxeek jasotako zenbatekoen justifikazioa.

1. Erregelamendu honetan arautzen diren jarduketen ondoriozko ekintzak berariazko kontabilitate berezian jasoko dira; horretarako, sarreren erregistro bat eta gastuen erregistro bat eginen dira, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen ereduen arabera.

2. Eskola Kontseiluak aurreko atalak aipatzen duen kontabilitateko emaitza onetsiko du.

3. Ondokoaren arabera justifikatuko da jasotako zenbatekoak dagokien helbururako aplikatu direla:

a) Ikastetxe publikoak: ikasturte bakoitzeko maiatzean zuzendariak Hezkuntza Departamentuari bidaliko dio artikulu honetako 1. atalean aipatutako kontabilitatea onesten duen Eskola Kontseiluaren erabakia, ateratzen den saldoa adieraziz.

Kontabilitate horretako saldoa positiboa baldin bada, 250/1992 Foru Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioen funtzionamenduak sortzen dituen diru-sarrera eta gastuen erregimena arautzen duen uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa.

b) Itunpeko ikastetxeak: ikasturte bakoitzeko maiatzean ikastetxearen titularrak Hezkuntza Departamentuari bidaliko dio artikulu honetako 1. atalean aipatutako kontabilitatea onesten duen Eskola Kontseiluaren erabakia, ateratzen den saldoa adieraziz.

Itunpeko ikastetxeek ziurtapen horri erantsi beharko diote Hezkuntza Departamentuak ikasturte bakoitzerako liburuak doan izateko ematen dituen jarraibideek eskatzen dituzten frogagiriak, ezarritako formatuan.

Itunpeko ikastetxeen kasuan, ikastetxeko Eskola Kontseiluak onetsitako kontabilitatearen arabera zenbatekorik baldin badago testu liburuak doan jasotzeko programan aplikatu ez dena eta erabilera orokorreko material didaktikoa eta informatikoa erosteko ere erabili ez dena, ekainaren 30a baino lehen Hezkuntza Departamentuari itzuli beharko zaio, foru dekretu honen 16.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

4. Ikastetxeek zainduko dituzte egindako gastuen jatorrizko frogagiriak eta jatorrizko dokumentazioa, ekonomiari buruzkoa, eta indarreko xedapenek Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetzari eta Comptos Ganberari esleitzen dien kontrolaren mende geldituko dira.

5. Gainera, Hezkuntza Departamentuak behar duen informazio guztia eskatzen ahalko die ikastetxeei, testu liburuak doan jasotzeko programaren duda gabeko ezagutza lortzeko, estatistikaren aldetik. Informazio hori eskatu eginen da eta ikastetxeek bidaliko dute, ahal dela formatu elektronikoan.

19. artikulua. Xede bererako laguntzak jasotzeko bateraezintasuna.

Testu liburuak doan jasotzeko programan parte hartzea bateraezina da xede bererako beste erakunde publiko edo pribatu batek finantzatutako bestelako laguntzak jasotzearekin. Hori dela eta, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batek, nazionala nahiz nazioartekoa izan, xede bererako diru-laguntza edo laguntza ematen badu, Hezkuntza Administrazioari berehala horren berri emanen zaio, idatziz.

20. artikulua. Testu liburuak doan jasotzeko programaren kudeaketa eta ikuskapena.

1. Testu liburuak doan jasotzeko programaren garapena jarraitu, baloratu eta ebaluatuko duen Jarraipen Batzordea eratuko da. Batzordeburua Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia izanen da, edo horrek eskuordetzen duen pertsona. Hona hemen batzordeko kideak:

-Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendaria.

-Ikasketetarako Laguntzen Ataleko burua.

-Beka Bulegoko burua.

-Lehen hezkuntzako ikastetxeetako zuzendarien ordezkari bi.

-Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako zuzendarien ordezkari bi.

-Ikuskapeneko ordezkari bat.

-Guraso Elkarteen Federazioko ordezkari bat.

2. Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, batzordeburuak deiturik, liburuak doan jasotzeko programak ikasturte horretan izan duen garapenaren berri emateko. Gainera, batzordeak bere eskumeneko gaiak jorratzeko beharrezkoak diren bilerak egin ditzake.

21. artikulua. Testu liburuak doan jasotzeko programaren kudeaketa eta ikuskapena ikastetxeetan.

Ikastetxeek liburuak doan jasotzeko programa kudeatu edo ikuskatuko duen batzordea eratuko dute Eskola Kontseiluan. Hartan hezkuntza komunitateko sektore guztiak egonen dira ordezkaturik. Zuzendaria izanen da batzordeko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Lehen Xedapen Gehigarria. Testu liburuak doan jasotzeko programa pixkanaka ezartzeko egutegia.

1. Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legean ezarritakoarekin bat, 2011/2012an erabat ezarrita egonen da derrigorrezko hezkuntzan testu liburuak doan jasotzeko programa.

2. Testu liburuak doan jasotzeko programa hurrengo egutegiaren arabera ezarriko da:

a) 2008-2009 ikasturtea: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila.

b) 2009-2010 ikasturtea: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. maila.

c) 2010-2011 ikasturtea: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. mailak.

d) 2011-2012 ikasturtea: Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak."

Bigarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, baldin eta hala diagnostikatu badira, funts publikoak jasotzen dituen Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan oinarrizko irakaskuntza jasotzen ari badira, eta testu liburuaren ordez beren beharretara egokitutako curriculum materiala erabiltzen ari badira, material hori erosteko ezartzen den urteko zuzkidura esleituko da.

2. Ikasle horiek erabiltzen dituzten curriculum material egokituak urtero berritu daitezke, beste ikasle batzuek hurrengo ikasturteetan erabili ezin badituzte.

3. Hezkuntza premia bereziak dituztela diagnostikatutako ikasleei ez zaie aplikatuko lehen xedapen gehigarriaren 2. atalean xedatutakoa, eta programaren barnean sartuko da, edozein kurtsotan matrikulaturik egonik ere.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Erabilera orokorreko curriculum materialak edo ikastetxeak berak prestatutakoak aukeratzea.

1. Funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batek erabilera orokorreko curriculucum materialak edo ikastetxeak berak prestatutakoak erabiltzen baditu testu liburuak erabili ordez, derrigorrezko irakaskuntzako mailaren bateko ikasgai guztietan edo zenbaitetan, xedapen gehigarri honetan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

2. Xedapen honetan ezarritakoari dagokionez, erabilera orokorreko curriculumeko materialtzat hartuko dira ikasleek partekaturik eta, hala dagokionean, irakasleek ere erabiltzen dituzten edozein bitarteko edo euskarritako materialak. Hezkuntza proiektuan, curriculum proiektuan eta zikloko edo gelako programazioan ezartzen diren helburu pedagogikoak betetzea izan behar da material horien helburua.

3. Xedapen honetan jasotakoaren ondorioetarako, ikastetxeak berak prestatutako curriculum materialtzat hartuko dira irakasleek edo ikastetxeko irakasle taldeek egindakoa, baldin eta hezkuntza proiektuan, curriculum proiektuan eta zikloko edo gelako programazioan ezarritako helburu pedagogikoak betetzeko badira.

4. Curriculum materialak lau ikasturtean behin berrituko dira, eta testu liburuak doan jasotzeko programaren ezarpenerako egutegi bera izanen dute, galarazi gabe hondatuta dauden edo erabili ezin diren materialak berritzea.

5. Lehen hezkuntzako lehen zikloko curriculum materialak urtero berrituko dira hurrengo ikasturteetan beste ikasle batzuek erabili ezin badituzte.

6. Erregelamendu honen 8. artikuluan ezartzen dira ikasleek materialak zaindu eta erabiltzeko bete behar dituzten baldintzak.

7. Hezkuntza Departamentuak finantzatuko ditu material horiek, erregelamendu honen 6. artikuluarekin bat onetsitako moduluaren arabera, eta ikastetxeei 17. artikuluan xedatutakoarekin bat eginen zaie transferentzia.

8. Erregelamendu honen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera justifikatuko dira hartutako zenbatekoak.

9. Halaber, xedapen gehigarri honetan araututako kasuan aplikatzekoa izanen da erregelamendu honen 7., 15., 16., 18. eta 19. artikuluetan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

Erregelamendu honen aplikazio eremuan sartzen dira funts publikoak jasotzen dituzten hezkuntza bereziko ikastetxeetan eskolatuta dauden eta derrigorrezko oinarrizko prestakuntzan ari diren ikasleak.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Ikastetxe osatugabeak.

1. Ikastetxe osatugabetzat hartuko dira irakasten dituzten etapetako kurtso bakoitzeko unitate bat ez dutenak.

2. Hezkuntza Departamentuko organo eskudunek behar diren jarraibideak ematen ahalko dituzte martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legearen (Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu Liburua Finantzatzeari buruzkoa) aplikazioa ikastetxe osatugabeetara egokitzeko, horien ezaugarri bereziak kontuan harturik.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Itunpeko ikastetxe pribatuak.

Ikastetxe pribatu itunduek erregelamendu honetan ezarritakora egokitu beharko dituzte haien gobernu organoen antolaketa eta eskumenak.

Azken Xedapen Bakarra. Hezkuntza komunitateari informazioa eta aholkuak ematea.

1. Bonuen bidez testu liburuak ordaintzeko aukera ematen duten eta, beraz, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean ari diren liburu-dendek edo merkataritza-establezimenduek baimena izanen dute ordaintzeko modu hori agerian jartzeko; horrela, testu liburuak doan jasotzeko programan parte hartzen duten ikasleek erraz jakinen dute zein diren.

2. Hezkuntza Departamentuak telefonoak eta web orri bat prestatuko ditu erregelamendu honetan azaldutako jarduketen gainean gerta daitezkeen zalantzak argitzeko; horrez gain, ukitutako ikastetxeei behar duten informazioa emateko neurriak hartuko ditu eta testu liburuak hobeki kudeatu eta ikuskatzeko estrategien gaineko informazioa eta aholkuak emanen dizkie ikastetxeei.

3. Testu liburu berriak erabili behar dituzten ikasleen legezko ordezkariek horren berri izateko eta horretarako bonuak eskuratzeko (hala dagokionean), behar duten guztia eginen dute ikastetxeetako zuzendariek.

4. Ikastetxeko hezkuntza komunitateko sektore guztiek erregelamendu honen berri izateko behar duten guztia eginen dute ikastetxeetako zuzendariek. Horretarako, erregelamenduaren kopia bat emanen zaie Eskola Kontseiluari, Irakasleen Klaustroari eta Guraso Elkarteei.

5. Ikastetxeek, testu liburuak doan jasotzeko programari edo curriculum materialen erabilera orokorrari buruzko helburuak, edukiak eta jarduketak sartuko dituzte hezkuntza proiektuan; baita proiektu hori garatzeko antolamendu-estrategiak ere.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa