(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

76/1993 Foru Dekretua, martxoaren 1ekoa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroa sortzen duena

 

(1993ko 32. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 15ean)

Atarikoa

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legeak garatzen duen eskolako hezkuntzaren kontzeptuaren arabera ezberdintasunei erantzutea da Lege horretan proposatzen den eredu kurrikularraren ardatz antolatzailea.

Horrela, Hezkuntza Berezia ez da hezkuntza orokorrari kontrajartzen zaion hezkuntza berezi eta paraleloa, baizik eta eskola sistemaren laguntzarako baliabideen antolamendu progresiboa. Antolamendu horren bitartez hezkuntzaren helburu orokorrak lortzeko ikasleek une batez edo era iraunkorrean dituzten beharkizun bereziekiko laguntza pedagogikoak egokitu daitezke.

Era berean, HSAOLak (LOGSE) hezkuntza sistemak hartzen dituen laguntza baliabideen erabilera eta eskuhartzea zuzendu behar duten normalkuntza eta integrazioari buruzko funtsezko oinarriak finkatzen ditu. Oinarri horien arabera zehaztuko da iharduketen zerrenda, arruntenetik berezienetara, eta laguntza xeheenetatik zerbitzu iraunkorrenetara.

Hezkuntza esparruan, normalkuntzaren oinarria osagarritasun eta subsidiaritate irizpideetan mamitzen da laguntza iharduketa orotarako, ondokoak erdiesteko:

-Hezkuntza bereziaren arloko beharrei erantzuteko baliabide orokor eta oinarrizkoenak erabili eta eskuhartzeko lehentasunak ezartzea. Edozein espezializazio mailatako baliabideak erabiliko dira aurreko mailako baliabideak aski ez badira behar bezala erantzuteko.

-Eskuhartze bereziak berekin ekarri behar du aurreko mailetako baliabideak gero eta gaituago izan daitezen ziurtatzea, eta orobat, horren aldeko edozein iharduketa, eskuhartzea eskatzen duen hezkuntza beharrarekiko erantzukizuna duen aldetik, laguntzatzat har dadila, eta ez ordezkatze bat balitz bezala.

Integrazio-oinarriak ondoko hauek dakartza:

-Eskolaren iharduketa, erakunde sozial eta sozializatzaile den aldetik, gizarte anizkun batean gizakien elkarbizitza modu eraginkorrean sustatzen duena.

-Hezkuntza behar bereziei erantzuna ematea, ahal daitekeen ingurune normalduenaren barnean -horrexegatik, ingurune normaltzaileena baita-, hezkuntza erantzun egokia eman ahal izateko.

-Eskola egoera bateko hezkuntza eskuhartzeen premiazko koordinazioa, hezkuntza behar bereziekiko erantzun gisa, Ikastetxe bateko Kurrikulu Proiektuan aniztasuna babesteko finkatzen diren irizpideekin bat etorriz.

Nafarroan baziren HSAOL (LOGSE) baino lehen Hezkuntza Berezirako hezkuntza zerbitzuak: Hezkuntza Bereziko Ikastetxeak, mugipen eta entzumen aldetiko ezinduen lehentasunezko Integrazioko Ikastetxeak, ezindu berarizkoen laguntzarako zerbitzuak eta (H.B.B.) Hezkuntza Behar Bereziekiko irakasle laguntzaileak, ikastetxe arruntetan.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak beharrezko deritzo zerbitzu horiek guztiak artikulatzeari eta hezkuntza sistema arruntak bere kabuz eman ez ditzakeen laguntza pedagogiko guztiak eskaintzeko gai den egitura bat sortzeari. Horrela eginez Hezkuntza Bereziari dagozkion Hezkuntza Administrazioko zerbitzuen iharduketa-irizpideak batzen ahal dira, eta orobat gizarte ekimeneko entitateek hezkuntza arloan garatzen dituzten zerbitzuenak ere.

Bestalde, hezkuntzaren kalitatea hobetzeak berekin dakar informazioa zentralizatzea, baliabideen plangintza egiteko, berrikuntza esperientziak sustatzeko, ikerketa bultzatzeko, berariazko programak gauzatzean kolaboratzeko, eta eskolako komunitate osoa sentsibilizatzeko jarrera eta balio sozialak onerako alda daitezen.

Horregatik, aintzakotzat harturik Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 47. artikuluan eta Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan esandakoa, eta Hezkuntza Bereziaren arloan HSAOL-ak (LOGSE) ezarritakoa garatuz, Nafarroako Gobernuari dagokio Hezkuntza Bereziaren egitura antolatzea, arlo horretan hezkuntza sistema koordinatu eta batasuna eman diezaion.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahiruko martxoaren batean hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Hezkuntza Bereziaren Baliabideen Zentroa sortzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpekoa, Nafarroako Hezkuntza Berezia eratu eta antolatzeko.

2. artikulua

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Hezkuntza Behar Berezien arloan (H.B.B.) finkatutako arauak eta irizpideak zabaldu eta aplikatzea.

2. H.B.B.ei erantzuteko plangintza eta garapenerako azterlanak, txostenak eta proposamenak prestatzea.

3. Hezkuntza Bereziari buruz, dokumentu, liburu eta teknologiaren fondo bat eratu eta etengabe eguneratzea, hezkuntza komunitateko irakasle, profesionari eta gurasoendako irekia, eta berebat talde ezberdinei interesatzen zaien informazioa zabaltzea eta H.B.B.en gaineko esperientzia eta ikerlanak sustatzea.

4. Ikasle ezindu fisiko, psikiko, sentsorial edo konduktualek eta ikasle superdotatuek dituzten H.B.B.ak aztertu eta baloratzea. Horiek zein hezkuntza laguntzak behar dituzten eta horiei dagokien eskolatze mota finkatzea, bai eta gai kurrikularren eta baloratzeko edo eskuhartzeko tresnen prestakuntza eta egokipena.

5. Eskolatze modua proposatu eta baloratzea, Hezkuntza Bereziko Unitate eta Zentroetan sartzeko eskabideetan.

6. Ikasle ezindu fisiko, psikiko, sentsorial, konduktualen eta ikasle superdotatuen beharrei erantzuteko Ikastetxeekiko berariazko laguntza, ondoko hauek egin ahal daitezen:

-H.B.B.ei erantzuteko langile espezializatuen zuzeneko eskuhartzeak.

-Kurrikulura iristeko gai eta tresna berezien mailegua.

-Irakasleendako aholkularitza, behar diren egokipen kurrikularretan eta programazioetan.

-Lankidetza, H.B.B.ei erantzuteko irakasleen prestakuntzan.

7. H.B.B. iraunkorrak dituzten ikasleen eskolatzea Hezkuntza Bereziko Unitate eta Zentroetan, haiei Ikastetxe arruntetan erantzuterik ez badago.

8. Haurrengan ezintasunak garaiz hautematea eta haien familiakoei aholku ematea, hezkuntza sisteman sartu eta hezkuntza baliabide berariazkoak ezagutu eta erabil ditzaten.

9. Ezinduei laguntza ematen dieten erakunde, instituzio eta elkarteekiko koordinazioa eta lankidetza, ezindua gizarteratu eta dituen beharrei orokorki erantzuteko.

10. Erregelamenduaren bidez esleitzen zaizkion beste guztiak.

3. artikulua

Hezkuntza komunitateari eman behar dizkion zerbitzu berezien izaeraren arabera, baliabideen Zentroa arlo hauetan egituratzen da:

1. Informazio eta Bitartekoen Arloa. H.B.B.ei egokiro erantzuteko informazio eta baliabide materialen biltze, prestatze, zabaltze eta sustatze lanekin erlazionatutako eginkizunak dituzten hiru Unitatek osatuko dute Arlo hori:

-Informazio Unitatea.

-Dokumentazio eta Bibliografia Unitatea.

-Baliabide Material eta Teknologia Berrien Unitatea.

2. Hezkuntza Baloratu eta Laguntzeko Arloa. Bost Moduluk edo taldek osatuko dute, eta berariazko ezintasunak dituzten ikasleek eta ikasle superdotatuek dauzkaten H.B.B.ak identifikatu eta baloratzeko, eta orobat, kasuz kasu, hezkuntza erantzun egokia emateko iharduketa planak finkatzeko, bertan izanen dira kualifikazio ezberdineko profesionariak. Hauexek dira Moduluak:

-Ikusmenaren Modulua.

-Entzumen eta Lengoaiaren Modulua.

-Psikikoen Modulua.

-Jokabidezkoen Modulua.

-Higidurazkoen Modulua

4. artikulua

3. artikuluan aipatu diren arloez gainera, eta zerbitzuen funtzionamenduan koherentzia izan dadin, eta aldi berean, Ikastetxeei dagokien kudeaketa-autonomia errespetatzen delarik, hirugarren Arlo bat eratzen da, Zuzeneko Laguntzarakoa hain zuzen, Nafarroan diren Hezkuntza Bereziko Unitate eta Zentroendako koordinazio gune izanen dena.

Arlo horren bitartez, Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak zeregin hauek izanen ditu:

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren jarraibideak bideratzea, berariazko Zentroetan eskolatzeari dagokionean, eta hortik datozkeen orientazio eta aholkularitza beharrei erantzutea.

-Berariazko Zentroak hezkuntz sistema arrunten aldera zabaltzea eta Baliabide Zentroaren Arloetako Zerbitzuekin lotura bideak eratzea.

Iharduketa hauetan lehentasuna emanen zaie Iruñeko "Andres Muñoz Garde" eta Tuterako "Torre Monreal" Hezkuntza Bereziko Ikastetxe publikoei, eta Ikastetxe arruntetako Hezkuntza Bereziko Unitateei.

5. artikulua

Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak Zuzendari bat izanen du, eta berorrek beteko ditu Hezkuntza Bereziko Koordinazio lanak, Hezkuntza Bereziko Unitate Teknikoaren barnean.

6. artikulua

Zuzendariaren eginkizunak hauek izanen dira:

-Baliabideen Zentroaren ordezkari izatea.

-Haren funtzionamendua zuzendu eta koordinatzea.

-Urteroko plangintza prestatu eta haren garapena zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

-Baliabide Zentroari atxikitako langileen buru izatea.

-Beste instituzio edo erakundeekiko lankidetza-hitzarmenak prestatu eta proposatzea, Baliabide Zentroaren zerbitzuak era egokian garatu eta planifikatzeko.

-H.B.B.ekiko erantzuna planifikatu eta garatzeko Hezkuntza Departamentuak behar duen informazioa eskuraraztea.

-Erregelamenduaren bidez esleitzen zaizkion beste guztiak.

7. artikulua

1. Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak Iruñean izanen du bere egoitza, eta bere ekimena Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osora hedatuko du.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Baliabide Zentroaren bitartez, Hezkuntza Bereziaren alorrean Nafarroako Foru Komunitatean erabiliko diren irizpideak hartzean koherentzia bermatuko du, eta baita behar den koordinazio teknikoa ere horiek aplikatzerakoan.

3. Ikastetxeetako Orientazio Departamentuek Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentrora bideratuko dituzte ikastegi bakoitzean gertatzen diren H.B.B.ei erantzuteko eskeak, baldin eta aipatu Baliabide Zentroaren eginkizunen esparrukoak badira.

4. Baliabide Zentroak, Entzumen eta Lengoaiaren Moduluaren bidez, Logopeden sare sektorialaren koordinazio egokia ezarriko du, entzumen eta lengoaiako akatsek sortutako behar bereziekiko erantzunari dagokionean.

Lehen Xedapen Gehigarria

"Andres Muñoz Garde" Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak hemendik aitzina "Andres Muñoz Garde" Hezkuntza Berezirako Ikastetxea izena izanen du.

Bigarren Xedapen Gehigarria

"Andres Muñoz Garde" Hezkuntza Bereziko Ikastetxeari baimena ematen zaio Lanbide Heziketa Bereziko ikasketak emateko, "Zereginak ikastea" modalitatean, indarra 1993.eko irailaren 1ean hartuko duelarik.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

1993.eko irailaren 1ean, ezabatu eginen da "Eunate" Ikastetxe Publikoa, eta hango ikasketak Entzumen eta Lengoaiaren arloko Lehentasunezko Integraziorako Zentroan emanen dituzte Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko irakasleek.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko Entzumen eta Lengoaiaren Moduluari atxikitzen zaizkio Foru Dekretu honetako Eraskinean agertzen diren irakasleak, indarra 1993.eko irailaren 1etik aitzina izanen duelarik.

Foru Dekretu honek aipatzen duen irakasleen atxikipenak ez du haien egoeraren ez eta dagozkien eskubideen aldaketarik ere berekin ekarriko.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Eskola Orientazio eta Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoa hemendik aitzina Eskola Orientazioaren Unitate Teknikoa izena izanen du.

Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoa eratzen da, Hezkuntz Sustapenaren eta Inguruko Ihardueren Atalaren menpekoa eta Bulego maila izanen duena.

Bostgarren Xedapen Gehigarria

Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko Zuzendari kargurako funtzionari bat edo lan-kontratatu finko bat izendatuko du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak.

Zuzendari kargua betetzen duenak Programen Koordinatzaileei dagokien lansaria jasoko du, indarra duen arauteriak agindu bezala.

Azken Xedapenetako Lehena

Hezkuntza eta Kultura Kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak oro eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa