(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

165/2010 Foru Agindua, azaroaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ikur, logotipo eta idazkunen erabilera arautzen duena funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta Hezkuntza Departamentuak diruz ...

165/2010 FORU AGINDUA, azaroaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ikur, logotipo eta idazkunen erabilera arautzen duena funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta Hezkuntza Departamentuak diruz laguntzen dituen beste ikastetxe batzuetan

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2010eko 152. NAOn argitaratua, abenduaren 15ean. Aldaketak: 75/2011 Foru Agindua, maiatzaren 12koa)

Atarikoa

Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen ditu.

Foru dekretu horren zioen azalpenean ageri da irudi homogeneoa eta begirada batean ezaguterreza izatea lortzeko komenigarria dela sinbolo generikoaren eta "Nafarroako Gobernua" hitz soilen erabilera indartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate guztietan, eta Departamentuaren edo unitatearen izena daraman sinboloa barneko edo berariazko aplikazioetara mugatzea.

Ikastetxe ofizial publikoek beren paper ofizialetan eta kanpora ateratzen dituzten gainerakoetan erabiltzen dituzten ikur eta idazkunen erabilera arrazional eta bateratua bideratzearren, horrela denen jarduketaren irudi homogeneo eta bateratua ager dadin, beharrezkotzat jotzen da horien erabilera arautzea.

Bestalde, Hezkuntza itunei buruzko arauen erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 18. artikuluak ezartzen du itunen araubideari lotutako ikastetxeetako titularrek adierazi beharko dutela, ikastetxearen izenean, agirietan eta publizitatean, ikastetxe itunduak direla eta zer itun mota duten. Betebehar hori zer modutan bete behar den ere zehazten du, horrela irudi homogeneoa lor dadin, denak baitira funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeak.

Eta, azkenik, Nafarroako 2010erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legearen 37. artikuluak ezartzen du, ohikoa den bezala eta ikastetxe itunduak finantzatzeko araubideaz gain, zehazki irakaskuntzakoak ez izan arren diruz lagundutako ikastetxe gisa finantziazio publikoko araubidean sartzen diren ikastetxe batzuen finantziazio araubidea. Horrek justifikatzen du ikastetxe horiendako arau batzuk ezartzea, Nafarroako Gobernuaren kargurako finantziazio hori agerrarazi eta ezagutaraziko dela bermatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 n) eta 15.2 artikuluetan arlo horretan ezarritako betebeharrekin bat.

Gastu gehiago ez egitea komeni denez, aldi baterako araubidea ezartzen da, neurriek kostu gehiago sor ez dezaten.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da ikur, logotipo eta idazkunen erabilera arautzeko jarraibide eta irizpideak ezartzea, funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuak diruz laguntzen dituen beste ikastetxe batzuetan gauzatzen diren programa, proiektu, funtzionamendu, ekipamendu eta inbertsioetarako eta ikastetxe horietan erabiltzen den edozein agiritarako.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honen aplikazio eremuan honako hauek sartzen dira:

a) Nafarroako Administrazio Publikoaren unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko guztiak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin hezkuntza itunak sinatuak dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztiak.

c) Hezkuntza Departamentuaren diru-laguntzen bidez finantzatutako moduluak dituzten ikastetxeak, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko kasuan kasuko foru legeekin bat.

3. artikulua. Ikurrak erabiltzean bete beharreko baldintzak.

Nahitaezkoa izanen da Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiltzea, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuari jarraikiz, eta, gainera, Hezkuntza Departamentuak berariaz baimendutako ikur, logotipo eta idazkunak erabili ahal izanen dira unibertsitatez kanpoko ikastetxeek, foru agindu honen eraginpekoek, egiten dituzten hezkuntza, informazio, zabalkunde eta publizitate arloetako ekintza guztietan, honako arau hauekin bat:

a) Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeek identifikazio plaka bakar bat eduki beharko dute eraikinaren sarreran, non Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertuko den. Hezkuntza Departamentuaren ardura da plaka hori egin eta jartzea.

Horretatik kanpo geratzen dira izena gaztelaniaz eta euskaraz duten ikastetxeak, halakoetan bi kartel jarriko baitira, hizkuntza bakoitzean bat.

Ikastetxe pribatu itunduek eraikinetan jartzen dituzten identifikazio plaketan adieraziko dute Nafarroako Gobernuarekin itundutako ikastetxe bat dela, bai eta itun mota ere, eta 2. artikuluaren c) ataleko ikastetxeek adieraziko dute Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ikastetxea dela.

b) Beste batzuekin telematika bidez edo beste baliabide batzuk erabiliz izaten diren komunikazioetan, honako izen hauek jarriko dira: ikastetxearen izena eta ikastetxe horren titularra den Nafarroako Gobernuarena edo ikastetxe itunduaren izena, Nafarroako Gobernuarekin ituna sinatua duen ikastetxe bat dela agerraraziz, edo diruz lagundutako ikastetxearen izena, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ikastetxe bat dela agerraraziz.

c) Ikastetxeko paper ofizialetan, baita ikastetxeak luzatzen dituen agiri eta jakinarazpenetan ere, ikastetxearen izena eta ikastetxearen titularra den Nafarroako Gobernuarena agerraraziko dira eta, horrekin batera, logotipo ofiziala, edo ikastetxe itunduaren edo diruz lagunduaren izena, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako ituna duen edo haren diru-laguntza jasotzen duen ikastetxea dela agerraraziz.

d) Ikastetxeko jarduerei buruz edozein hedabidetan publizitatea egiten denean, Nafarroako Gobernuaren beraren ikastetxe bat dela agerraraziko da espresuki edo, itunaren edo diru-laguntzaren eraginpeko jarduerak badira, Nafarroako Gobernuaren funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe bateko jarduera bat dela.

e) Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeen webguneetako orri nagusiko goiburuan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertuko da, ikastetxe pribatu itunduenean Nafarroako Gobernuarekin ituna sinatua duen ikastetxe bat dela agerraraziko da, baita itun mota ere, eta diruz lagundutako ikastetxeenean, berriz, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako ikastetxe bat dela.

f) Ikastetxeak informazio ekintzak antolatzen dituenean, hala nola hitzaldiak, mintegiak, azokak eta erakusketak, eta ikastetxe itunduen edo diruz lagunduen kasuan jarduera itunaren edo diru-laguntzaren eraginpean badago, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala izanen duen kartel bat jarri beharko da agerian, bertaratzen direnek ikus dezaten.

4. artikulua. Logotipo berekiak.

Ikastetxe publikoen kasuan, ikastetxeko paperetan eta gainerako jarduera edo agiri ofizialetan erabiltzeko baimentzen diren logotipo berekiak Nafarroako Gobernuaren logotipoaren (une bakoitzerako ezarritakoa) ondoan agertuko dira grafikoki, beti. Halaber, logotipo bereki horiek ezin izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipoa baino handiagoak izan, eta ezin izanen dute hura ezkutatu edo hutsaldu.

5. artikulua. Baimenak.

Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoek beren paper edo agiri ofizialetan logotipo edo idazkun berekiak erabiltzeko eskaera egin dezakete, hau da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizialei buruzko araudi orokorrean unean-unean ezarritakoak ez direnak erabiltzeko eskaera. Prozedura honi jarraituko diote horretarako:

1. Ikastetxeko zuzendariaren eskaera arrazoitua, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, ikastetxeko Eskola Kontseiluak logotipoaren eta idazkunaren diseinua onartu eta gero.

2. Eskaera formalki aurkeztu ondoren, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena eginen du 15 eguneko epean gehienez, eta txosten horretan adieraziko du eskaera onartzen duen ala foru agindu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik ezetza ematen dion.

3. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita hogeita hamar eguneko epean gehienez, baimena eman edo ukatzeko. Epe hori amaitu eta ikastetxeak ebazpenik jasotzen ez badu, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

6. artikulua. Kontrola.

Hezkuntza Departamentua izanen da araudi hau betetzen den kontrolatuko duena, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bitartez.

Lehenengo Xedapen Iragankorra. Gaur egungo kartelei buruzko araubidea.

Ikastetxeetan gaur egungo kartelak mantentzen utziko da, eta Departamentuak foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuko du ikastetxe berriak egiten direnean edo ikastetxeetan obrak egitearen ondorioz berritzerik dagoenean.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Gaur egungo paperei buruzko araubidea.

Ikastetxeei oraindik gelditzen zaizkien paperak erabiltzen utziko zaie, 2011ko ekainaren 30era arte betiere, egun horretarako paper eta agiri ofizialak, web orria, jarduerak edo argitalpenak aldatuta edo egokituta izan behar baitituzte, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa