(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

79/2008 Foru Agindua, maiatzaren 28koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen Gurasoen Mahaia eratzen duena

 

(2008ko 78. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 25ean)

Atarikoa

Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren atariko tituluan, 5. artikuluan, ikasleen gurasoak elkartzeko askatasuna bermatzen da eta eskubide hori erabiltzeko eta federazioak eta konfederazioak sortzeko sustapen lana hezkuntza administrazioei esleitzen die.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, "Ikastetxeen parte-hartzea, autonomia eta gobernua" izeneko V. tituluko 119.5 artikuluan, ikasleen gurasoek beren elkarteen bitartez ikastetxeen funtzionamenduan parte hartzeko eskubidea jasotzen da. Horretarako, hezkuntza administrazioek gurasoei informazioa eta prestakuntza emateko bideak irekiko dituzte.

Beste alde batetik, ikasleen guraso elkarteak arautzen dituen uztailaren 11ko 1533/1986 Errege Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du entitate horiei dagokiela ikasleen gurasoek ikastetxe publikoetako eta itunduetako eskola kontseiluetan eta kide anitzeko beste organo batzuetan parte hartzeko eta ordezkatuak izateko tresna izatea, besteak beste.

Ikasleen guraso elkarteak biltzen dituzten federazioen bidez guraso elkarteek hezkuntza eremuan parte hartzeko aukerak sustatzeko asmoz, egokia da informazio, azterketa, eztabaida eta segimendurako kide anitzeko organo bat sortzea Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemari berez dagozkion gaiak jorratzeko. Horri esker, Administrazioa eta ikasleen gurasoak eta/edo legezko tutoreak elkarrengana hurbiltzen ahalko dira eta sektore horri parte-hartze handiagoa emanen zaio hezkuntza komunitatean.

Hori helburu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen Gurasoen Mahaia eratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen Gurasoen Mahaia eratzen da eta mahaia gobernatzen duten arauak onesten dira. Arauok eranskinean daude.

Xedapen Iragankor Bakarra. Federazioak Hezkuntza Departamentuko Ikasleen Gurasoen Elkarte eta Federazioen Zentsuan izena ematea.

2009ko urtarrilaren 1era arte, Federazioak Hezkuntza Departamentuko Ikasleen Gurasoen Elkarte eta Federazioen Zentsuan izena eman beharra betetzat joko da federazioak Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan izena emana badu.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA

1. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen Gurasoen Mahaia hezkuntza eremuan parte hartzeko kide anitzeko organoa da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Ikasleen Gurasoen Mahaia ez da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan txertatzen eta Hezkuntza Departamentuari atxiki zaio.

2. artikulua. Helburua.

Ikasleen Gurasoen Mahaiaren helburua da ikasleen gurasoen edo tutoreen elkarteei aukera ematea guraso elkarteen federazioen bitartez Nafarroako Foru Komunitatean interes soziala duten hezkuntza sistemaren gaineko gaietan parte hartzeko eta arlo horretan Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan aritzeko.

3. artikulua. Xedea.

Gurasoen Mahaiaren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza eremuko gaiak aztertu, eztabaidatu, segimendua egin eta, hala badagokio, proposamenak egitea, hala nola Hezkuntza Departamentuak prestatu eta haren esanera jartzen dituen hezkuntza arloko xedapen arauemaileen proiektuak eta aurreproiektuak ezagutzea.

Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko neurriak hartzea proposa dezake eta, orobat, haien segimendua egitea.

Hala ere, Mahaiak ez du erabakitzeko ahalmenik, bere txostenak aginduzkoak izanen dira beti eta haren erabaki edo proposamenak ez dira Hezkuntza Departamentuarentzat lotzaileak izanen.

4. artikulua. Osaera.

Gurasoen Mahaiak kide hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza kontseilaria, mahaiburu.

b) Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiak eta departamentuko bi ordezkari, jorratu beharreko gaien arabera Hezkuntza Departamentuak izendatuko dituenak.

c) Nafarroako Foru Komunitatean dauden Ikasleen Gurasoen Elkarteen Federazioetako elkarteetan familia gehien afiliaturik dituzten lehenbiziko 6 federazioetatik ordezkari bana. Federazio horiek Hezkuntza Departamentuko Elkarteen eta Federazioen Zentsuan egon beharko dute.

Federazioek ordezko mahaikide bana izendatu beharko dute, ordezkariak bileretara joaterik ez duenean haren partez joateko.

Sei mahaikide izendatzerik ez badago, federazioek, aurreko atalean adierazitako ordezkaritza irizpideen araberako hurrenkeran, beste ordezkari bat izendatuko dute, kopuru horretara iritsi arte.

d) Idazkaria: Hezkuntza Departamentuko funtzionario bat, hizpidea izanik baina botorik gabe arituko dena.

Ikasleen gurasoen ordezkariak eta horien ordezkoak federazio bakoitzak izendatuko ditu, kasuan kasuko estatutuetan ezartzen denaren arabera.

5. artikulua. Izendapenak eta kargutik kentzea.

Federazioetako ordezkariek mahaiburuari jakinaraziko diote Gurasoen Mahaian aritzeko izendatzen dituzten pertsonak eta ordezkoak, eta hark mahaikide izendatuko ditu.

Eginkizunetatik kentzeko, prozedura bera erabiliko da.

6. artikulua. Deialdia eta bilkurak.

Mahaiburuari dagokio bilkura arrunt eta berezietako deialdia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, kontuan harturik, kasuan-kasuan, gainerako kideek behar bezalako aurrerapenaz egiten dituzten eskakizunak.

Ikasleen Gurasoen Mahaiak hilean behin eginen du bilkura arrunta eta bilkura berezia, berriz, mahaiburuak erabakitzen duenean edo ordezkarien bi herenek eskatuta.

7. artikulua. Funtzionamendua.

Gurasoen Mahaiaren funtzionamendurako araubidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarrita dagoen bera izanen da, deusetan galarazi gabe bere funtzionamendu arauekin osatzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa