(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

 Imagen decorativa
Aldi baterako erakusketa 2018-2019

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

KARLISMOA ZINEMAREN IKUSPUNTUTIK: KARLISMOAREN IRUDIA NARRAZIO ZINEMATOGRAFIKOAN

Karlismoaren Museoak Karlismoa zinemaren ikuspuntutik: karlismoaren irudia narrazio zinematografikoan erakusketa hartzen du eta irekita egongo da 2019ko apirilaren 28ra arte.

Eneko Tuduri historialaria erakusketa honen komisarioa da. Erakusketa XIX. mendeko gatazka karlistetako istorioetan girotuta dagoen edo istorio horiek ardatz hartu dituen zinemari buruzko sei esparrutan antolatuta dago. Era berean, karlismoa zineman nola ulertu den azaltzen du ia hogei pelikulen bidez, 1921eko Pour Don Carlos pelikulatik Handia eta Errementari pelikuletaraino, zeinak 2017 eta 2018an estreinatu ziren hurrenez hurren.

Lehenengo esparruan, Literaturatik zinemara deritzonean, karlismoa agertzen duten lehenengo pelikulen eta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako testu literarioen arteko lotura zuzena aztertzen da. Esparru horretan lantzen diren pelikulak honakoak dira: Pour Don Carlos (1921, Jeanne Roques, “Musidora” mitikoa, eta Jaime de Lasuen), La alegría del batallón (1924, Maximiliano Thous), Zalacaín el aventurero (1929, Francisco Camacho Ruiz); eta Miguelón o el último contrabandista (1933, Adolfo Aznar).

Bigarren esparruan, Karlismoa, erregimen frankistaren zinemaren mende izenekoan, karlismoa era anekdotikoan tratatzen dela eta, diktaduraren babespean, adar liberal borbonikoa sotiltasunez goraipatzen dela ikusten da. Kasu horretan, honako pelikulak aztertzen dira: Las aguas bajan negras (1948, José Luis Sáenz de Heredia), Zalacaín el aventurero (1954, Juan de Orduña), ¿Dónde vas Alfonso XII? (1958, Luis César Amadori) eta ¿Dónde vas triste de ti? (1960, Alfonso Balcázar eta Guillermo Cases), Diez fusiles esperan (1958, José Luis Sáenz de Heredia), Alma aragonesa (1961, José Ochoa), Ella y los veteranos (1961, Ramón Torrado), eta El primer cuartel (1966, Ignacio Farrés Iquino).

Hirugarren esparruak 80. eta 90. hamarkadetako zinema historizista izena du eta pelikula landuagoak ditu ardatz, Euskadi eta Katalunian ekoiztutakoak. Haietan, bigarren gerra karlista (1872-1876) era xehean birsortzen da eta ideologiak era parekideagoan islatzen dira. Esparru horretako pelikulak Crónica de la Guerra Carlista (1988, José María Tuduri), Santa Cruz el Cura Guerrillero (1990, José María Tuduri) eta La punyalada (1990, Jordi Grau) dira.

Laugarren esparruan, Vacas pelikulatik Handia pelikulara izena duenean, zinema intimistagoa kokatzen da. Haietan, gerra karlistak erabiltzen dira Nafarroan eta Euskadin girotutako istorio familiar eta pertsonalak kokatzeko. Esparru horretan lantzen diren bi pelikulek, Vacas (1992, Julio Medem) eta Handia (2017, Aitor Arregi eta Jon Garaño) filmek, historiari buruzko imajinario kolektiboa eta, zehazki, euskal landa eremuetan karlismoari buruz zegoen ideia berreraikitzen dute.

Amaitzeko, Fantasia 1843an: Errementari esparruan, karlismoaren gaiak zineman izan duen sarraldirik berriena jorratzen da: Errementari (2018, Paul Urkijo). Filma fantastikoa da eta nafar folklorearen eta XIX. mendeko beldurrezko literaturaren eragin nabaria du.

Azken esparruak Azpi-genero propio baten aurrean izena du eta karlismoaren testuinguru historikoko aukera narratibo zinematografikoei buruz hausnartzen du.



Erakusketak material grafikoak eskaintzen ditu eta bereziki aipatzekoak dira aipatutako pelikula guztien kartelak eta haiek iragartzeko objektuak. Halaber, zenbait pelikuletako attrezzoaren materialak eskaintzen dira, esaterako Crónica de la Guerra Carlista, Santa Cruz el Cura Guerrillero eta Errementari pelikulenak, eta, batez ere, erakusketako film batzuen sekuentzia batzuk. Haien artean bereziki interesgarria da ia 15 minutu irauten dituen Pour Don Carlos pelikularen sekuentzia, orain arte ez baitzen argitaratu. Musidora aktore mitikoak zuzendu zuen ekoizpen hori oso interesgarria da karlismoaren gaia lantzen duen lehenengo film luzea delako eta, halaber, euskal parajeetan –Hondarribia eta Oiartzunen– egindako lehenengo film luzea delako. Horrez gain, erakusketak beste pelikula batzuen sekuentziak ere eskaintzen ditu, adibidez, Diez fusiles esperan, Zalacaín el aventurero, Ella y los veteranos, Crónica de las Guerra Carlista, Santa Cruz el cura guerrillero, Vacas eta Errementari.

Hainbat pertsona partikularrek eta entitatek aldi baterako erakusketa hau prestatzen lagundu dute: Cinémathèque de Toulouse, la Cinémathèque Françcaise, Egeda, EiTB, Filmax, Filmoteca Española, Filmoteca de Catalunya, Filmoteca de Navarra Nafarroako Filmoteka, Filmoteca Vasca Euskadiko Filmategia, Irusoin, Les Amis de Musidora, Moriarti Prod., Museo Zumalakarregi Museoa, Musée Basque et de l´histoire de Bayonne eta Productora Videomercury, besteak beste. Materialak lagatzeari dagokionez, José María Tuduri eta Paul Urkijo zinemagileen laguntza azpimarratu beharra dago.


Katalogoa

Zine buruzko lantegieta

Hitzaldi zikloa

Gehiago jakiteko...

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa