(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Funtzio Publikoa :
    • Ordezkaritza organoak :
      • 30/1995 Foru Dekretua, otsailaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzirioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen Erregelamendua onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

30/1995 Foru Dekretua, otsailaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzirioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen Erregelamendua onesten duena

 

(1995eko 21. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 15ean)

I. KAPITULUA. Aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoetarako hauteskundeak arautzea, langile horien eta administrazioen artean administrazio edo estatutupeko harremana dagoen kasuetan. Aukeratuko diren organoak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren II. Tituluaren XI. Kapituluan adierazten dira.

2. Erregelamendu honetan funtzionario publikoen inguruan egiten diren aipamen oro, artikulu honen 1. atalean adierazitako langileei buruzkoak direla ulertu beharko dira.

2. artikulua. Kanpo gelditzen diren langileak.

Xedapen arauemaile honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan kontratatuak, aplikagarri zaien lan arauteriari lotuko zaizkio eta.

II. KAPITULUA. Ordezkaritza organoak

3. artikulua. Ordezkaritza organoak.

Funtzionario publikoek beraien zerbitzuak emateko baldintzak zehazterakoan parte hartuko dute, ondoko ordezkaritza organoen bidez:

a) Langileen Delegatuak.

b) Langileri Batzordeak.

4. artikulua. Ordezkaritza organoen osaketa.

1. Lautik berrogeita hamar funtzionario bitarte dituzten Nafarroako Administrazio Publiko guztietan, Langileen Delegatuak aukeratuko dira. Haien kopurua eskala honi jarraikiz ezarriko da:

4 funtzionariotik 9 bitarte: Langileen Delegatu 1.

10 funtzionariotik 25 bitarte: Langileen 3 Delegatu.

26 funtzionariotik 50 bitarte: Langileen 5 Delegatu.

2. Berrogeita hamar funtzionario baino gehiago dituzten Nafarroako Administrazio Publikoetan, Langileri Batzordea aukeratuko da; Batzorde horren kide kopurua ondoko eskalaren araberakoa izanen da:

51 funtzionariotik 100 bitarte: 7 kide.

101 funtzionariotik 250 bitarte: 9 kide.

251 funtzionariotik 500 bitarte: 13 kide.

501 funtzionariotik 750 bitarte: 17 kide.

751 funtzionariotik 1000 bitarte: 21 kide.

1001 funtzionariotik gora, bostehun funtzionario edo zatikiko: 2 kide gehiago.

Aurrekoa gorabehera, Foru Komunitateko Administrazioan bi Langileri Batzorde aukeratuko dira: bata unibertsitatetik kanpoko funtzionario irakasleek aukeraturik eta bestea bertako gainerako funtzionarioek aukeraturik.

3. Halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen menpeko erakunde autonomoetan Langileri Batzorde bat aukeratuko da, gutxienez ere 51 funtzionarioko zentsua badute. Kontrako kasuan, erantsirik daudeneko Administrazioko Langileri Batzordeari atxikiko zaizkio eta han izanen dute ordezkaritza.

Gutxienez ere, 51 funtzionarioko zentsua daukan erakunde autonomo bat sortzen baldin bada, erakunde autonomo hari atxikitako langileendako Langileri Batzordea aukeratuko da.

Langileri Batzordea aukeratua duen erakunde autonomo baten desagertze edo iraungitzeak hauteskundeetan lorturiko ordezkaritza sindikalaren galera ekarriko du, baita kasuan kasuko eskubide sindikalenak ere, beste hauteskunde esparru batean hauteskunde partzialak eragiten baldin baditu. Kontrako kasuan, aldi batez, ordezkaritza sindikalak iraunen du, baita eskubide sindikalek ere, beste hauteskunde batzuk egin arte.

5. artikulua. Postuak betetzeko bidea.

1. Langileri Batzordekideak eta Langileen ordezkariak sufragio pertsonal, libre, zuzen eta sekretuaren bidez aukeratuko dira. Botoa postaz ere igorri ahalko da, Erregelamendu honetan zehazten den moduan.

2. Kargualdia amaitu baino lehen, Batzordekideak eta Langileen Delegatuak kargutik kendu ahalko dira, baina soil‑soilik hango hautesleen heren batek horretarako propio deituriko batzarrean gehiengo absolutuaz harturiko erabakiaren bidez. Bozketa sufragio pertsonal, libre, zuzen eta sekretuaren bidez eginen da. Nolanahi ere, ordezkariak ezin izanen dira kargutik kendu hautatu zirenetik sei hilabete iragan arte.

Kargutik kentzeko proposamenak ezin izanen dira aurkeztu, azkena egin eta sei hilabete iragan arte.

3. Langile Batzordean kide hutsuneren bat gertatuko balitz, kargu uztea dela edo beste edozein arrazoi dela eta, ordezkatuaren zerrenda berean hurrengoa zen hautagaiak beteko luke haren tokia, besterik gabe, harik eta kargualdia amaitu arte.

Langileen Delegatuei dagokienez, kargua betegabe geldituko balitz, bozketan lorturiko boto kopuruaren arabera, aukeratu zen azken delegatuaren hurrenak beteko luke kargua, besterik gabe, harik eta kargualdia amaitu arte.

4. Ordezkapenak, errebokazioak, kargu uzteak eta kargualdien iraungipenak Erregistroko Bulego Publikoari eta ordezkatzen den organo eskudunari jakinarazi behako zaizkio eta iragarki‑oholean argitaratu.

5. Kargualdiaren amaiera dela eta, ordezkaritza berritzeko hauteskundeak sustatzen direnean, sustapen hori egin ahalko da agintealdia amaitzeko hiru hilabete falta direnetik aurrera.

6. Hauteskunde partzialak sustatu ahalko dira honako kasuotan: Langileri Batzordekide edo Langileen Delegatu postuen %50, bederen, bete gabe daudenean edo plantila, gutxienez, %25 handitu denean, beti ere kargualdia amaitzeko urte bat baino gehiago falta bada. Aukeratzen diren hautagai hauek agintealdia amaitu arte iraunen dute.

III. KAPITULUA. Hauteskunde prozesua

6. artikulua. Langileen Delegatuak eta Langileri Batzordeak aukeratzeko hauteskundeen sustapena.

1. Langileen Delegatuak eta Batzordeak aukeratzeko hauteskundeak honako hauek sustatu ahalko dituzte:

a) Estatuan nagusi diren sindikatuek.

b) Nafarroan nagusi diren sindikatuek.

c) Nagusi ez izan arren, Administrazio Publikoetan, orohar harturik, ordezkarien %10 edo gehiago lortu duten sindikatuek.

d) Nagusi ez izan arren, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileri Batzordeen edo Langileen Delegatuen %10 edo gehiago lortu duten sindikatuek.

e) Hauteskundeak sustatu nahi direneko unitateetan botoen %10, bederen, lortu duten sindikatuek.

f) Hauteskunde unitateko funtzionarioek, gehiengoak hala erabakitzen badu.

2. Ordezkaritza organoak hautatzeko prozesuetan, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileriaren arloan eskumena duten organoak hauexek dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparru orokorrean, Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Maila ez‑unibertsitarioko langile irakasleen esparruan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzua.

c) Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen esparruan, erakunde autonomo horretako Giza Baliabideen Zerbitzua.

d) Hauteskundeak beren kasa egiten dituzten erakunde autonomoetan, langileriaren arloko arduradunak.

e) Toki Entitate bakoitzaren langileriaren arloko arduradunak.

3. Hauteskundeak sustatzeko ahalmena duten sindikatuek eskubidea izanen dute kasuan kasuko Administrazio Publikoak hauteskunde unitate horretako langile funtzionarioen zentsua eman diezaion, erakunde edo lantokien arabera ordenatua, esparru horietan behar bezalako sustapena egin dezaten.

4. Hauteskundeen sustapena hauteskunde unitateko funtzionarioek egiten duten kasuetan, gehiengo absolutuaren bidez erabaki beharko da. Hori egiaztatzeko, bilera horretara bertaraturiko guztiek akta sinatu beharko dute, eta bertan zehaztu hauteskunde unitate horretako hautesleak, bilerara deiturikoen eta bertaraturikoen kopurua eta bozketaren emaitza. Akta hori, hauteskundeak sustatzeko ohartarazpenarekin batera igorri beharko da.

7. artikulua. Hauteskundeak sustatzeko ohartarazpena.

1. Sustatzaileek kasuan kasuko hauteskunde unitatean langileri arloan eskumena duen organoari eta Nafarroako Gobernuan horretarako eskumena duen bulego publikoari hauteskundeak egiteko asmoa aditzera emanen diete, hauteskunde prozesua hasi baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

2. Jakinarazpen honetan sustatzaileek argi eta garbi adierazi beharko dute hauteskunde prozesua eginen deneko hauteskunde unitatea eta prozesua hasteko eguna. Egun horretan, hain zuzen, eratuko da hauteskunde mahaia. Nolanahi ere, prozesua hasiko da jakinarazpen hori eskumena duen bulego publikoan erregistratzen denetik hasita hilabete bat eta hiru hilabete bitarteko epean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko erregistroko bulego publikoak, hurrengo lanegunean, aurkezturiko ohartarazpen guztiak jarriko ditu jendaurrean iragarki oholean eta eskatzen duten sindikatuei horren kopia emanen die.

4. Hauteskunde unitate jakin batean hauteskundeak egiteko sustatzaile bat baino gehiago dagoenean, hauteskunde prozesuari hasiera emateko baliozkotzat hartuko da erregistratu den lehen deialdia, salbu eta Langileri Batzordea duen hauteskunde unitate jakin bateko gehiengo sindikalak beste data bat aurkezten duen kasuetan, horrek izanen baitu lehentasuna, deialdi horiek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, sustapenarekin batera, asmo horren berri besteetako arduradunei eman dietela egiaztatzen duen jakinarazpena aurkeztu beharko da eta sindikatu sustatzaile bakoitzaren ordezkariak sinaturiko erabakiaren idazkia, ongi zehaztu beharko direlarik zein hauteskunde unitatetan eginen den eta haren helbidea.

8. artikulua. Hauteskundeen sustapena jendaurrean jarri eta aditzera ematea.

1. Sustatzaileek hauteskunde unitate horretan langileriaren arloan eskumena duen organoari hauteskundeak egiteko proposamenaz oharturik, langileen kudeaketa organoak sustapena egiteko idazkia jarriko du jendaurrean iragarki oholean hamabi laneguneko epean.

2. Epe hori amaiturik, langileriaren arloan eskumena duen organoak idazki horren berri emanen die hauteskunde mahaia osatu behar duten funtzionarioei eta, aldi berean, horren berri emanen die sustatzaileei.

3. Jakinarazpen hori egin ondotik, eta beti ere prozesua hasteko aurrikusita dagoen eguna baino hiru lanegun lehenago, gutxienez, sindikatuek langileriaren arloan eskumena duen organoari igortzen badiote hauteskunde mahaien kopuru eta banaketari buruzko erabakia, hark, jaso eta hurrengo lanegunean beranduenik, erabaki horren berri emanen die hauteskunde mahaiak osatu behar dituzten funtzionarioei.

9. artikulua. Hauteskundeen sustapenaren onarpena.

1. Hauteskundeak sustatzeko Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, hauteskunde prozesua baliorik gabe geldituko da. Nolanahi ere, langileriaren arloan eskumena duen organoari bidali behar zaion jakinarazpenaren ordez, bulego publiko eskudunean aurkezturiko dokumentazioaren kopia igorri ahal zaio, beti ere sustapenaren berri ematen duen idazkian hauteskunde prozesuari hasiera emateko adierazten den eguna baino hogei egun lehenago, gutxienez, aurkezten baldin bada.

2. Bulego Publiko eskudunari jakitera eman ondoren sustapenari uko egiten bazaio ere, hauteskunde prozesuak jarraituko du, hori baliozkotzat hartzeko behar diren baldintza guztiak betetzen baldin badira.

10. artikulua. Hauteskunde mahaien kopurua eta banaketa.

1. Hauteskunde unitateetan hauteskundeak egiteko ahalmena duten sindikatuek erabaki ahalko dute, gehiengoz, hauteskunde mahaien kopurua eta banaketa. Erabaki hori, ukituriko hauteskunde unitatean langileriaren arloan eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaio. Akordiorik ez badago, 250 funtzionario edo zatikiko mahai bat eratuko da, eta mahai bat baino gehiago baldin badago, hauteskunde mahai koordinatzaileak izanen du beste mahaiak banatzeko ahalmena.

2. Hauteskunde mahai bat baino gehiago dagoen kasuetan, mahai koordinatzaile bat eratuko da, Erregelamendu honen 13. artikuluan adierazitako eginkizunak izanen dituena.

3. Hauteskunde mahai koordinatzaileak laguntzaile teknikoak izan ditzake, hauteskunde unitate horretan hauteskundeak sustatzeko ahalmena duten sindikatu bakoitzetik ordezkari bat. Mahai koordinatzaileak hala eskatzen badu, Administrazioaren ordezkari bati ere deitu ahalko zaio.

11. artikulua. Hauteskunde mahaien osaketa.

1. Hauteskunde mahai koordinatzailea honako hauek osatuko dute: Mahaiburua, hauteskunde unitate horretan, aitorturiko zerbitzualdien arabera, antzinatasun handiena duen funtzionarioa izanen da, eta bi Mahaikide, kasuan kasuko zentsuan adin altuena eta baxuena duten funtzionarioak. Adinez txikiena idazkari lanetan arituko da.

2. Gainerako hauteskunde mahaietako buruak eta kideak era berean aukeratuko dira, hauteskunde mahai bakoitzeko zentsuaren arabera, antzinatasun handienekoa eta adinez altuen eta baxuenak. Idazkari lanetan, mahaikideetan adinez txikiena arituko da.

3. Aipatu den antzinatasun edo adinaren arabera, aurreko horien hurrengoak diren funtzionarioak mahaiburu eta mahaikideen ordezko izendatuko dira, bai mahai koordinatzailean bai gainerakoetan ere.

12. artikulua. Hauteskunde mahaien eraketa.

1. Hauteskunde mahaiak arauz eratuko dira, ereduaren araberako akta luzatuaz, sustatzaileek hauteskundeak egiteko asmoa adierazteko bidalitako jakinarazpenean azaltzen den egun berberean eta egun horretantxe hasiera emanen zaio hauteskunde prozesuari.

2. Mahaiburu, Mahaikide eta Idazkari karguei ezin izanen zaie uko egin. Izendaturikoren bat eginkizun horietarako ezindua badago, langileen kudeaketa organoari adierazi beharko dio, hauteskunde mahaia eratzeko finkaturiko eguna baino lehen, beti ere ordezkoa izendatzeko behar den guttieneko aurrerapenaz.

13. artikulua. Hauteskunde mahaien eginkizunak.

1. Ondorengo puntuan adieraziko diren eginkizunez gain, honako hauek ere dagozkio hauteskunde mahai koordinatzaileari:

a) Funtzionarioen zentsua prestatu eta argitaratzea, hautesleak eta funtzionario hautagarriak aipatuz.

b) Zentsuan sartu, kendu edo zuzendu behar diren datuei buruzko gorabehera eta erreklamazioak ebaztea.

c) Hauteskunde mahai partzial bakoitzari dagozkion hautesle zentsuak prestatzea.

d) Hautatu behar den ordezkari kopurua zehaztea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 81 eta 82. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz.

e) Aurkezturiko kandidaturak aldarrikatu eta horren inguruan aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

f) Bozketa egiteko eguna finkatzea eta, ohiko lan ordutegiaren barruan, mahaiak zein ordutan egonen diren irekita azaltzea. Aurrikusi beharko da txandaka lan egin edo lanaldi berezia dutenen egoera. Hori guztia langileen kudeaketa organoari jakinarazi beharko zaio, bozketa behar bezala gara dadin beharrezko diren lokal eta baliabideak jar ditzan mahaikideen eskura.

g) Botoa postaz emateko eskaerak ebaztea eta boto horiek kasuan kasuko hauteskunde mahai partzialera igortzea.

h) Hauteskunde mahaiek egindako boto kontaketa partzialak bildu eta kontaketa orokorra egitea.

i) Kontaketa orokorraren akta jaso, jendaurrean jarri eta lanaren arloko agintaritzaren erregistroko bulego publikoari igortzea, legez arauturiko bideak erabiliz.

j) Hauteskunde prozesuan kontuan hartu behar diren irizpideak finkatzea.

k) Hauteskunde mahaietako Kontuhartzaile kreditatuei hauteskundeetako emaitzen ziurtagiriak luzatzea.

2. Hauteskunde mahai partzialei dagokie hautestontzi horretako bozketaren buru izan eta suertatzen diren gorabeherak ebaztea; bere hautestontziko botoen kontaketa egitea; akta jaso eta hauteskunde mahai koordinatzaileari igortzea. Ezinbesteko kasuetan baino ezin izanen da bozketa bertan behera utzi edo, behin hasita, eten, eta beti ere haien erantzukizunpean.

3. Hauteskunde mahai bakarra dagoen kasuetan, honek hauteskunde prozesuaren izapide guztien zuzendaritza eta kontrolaren ardura izanen ditu. Haren osaketa eta eginkizunak Hauteskunde mahai koordinatzaileenak berberak izanen dira.

14. artikulua. Hauteskunde mahai ibiltaria.

1. Laneko zentroen sakabanaketa dela‑eta beharrezko den kasuetan, arlo horretako hauteskundeak sustatzeko ahalmena duten sindikatuek edo, horiek ezean, hauteskunde mahai koordinatzaileak hauteskunde mahai ibiltariak osatzea erabaki ahalko dute, lantokiz lantoki eraman eta bertan beharrezko den denboran egon daitezen. Horrelako kasuetan, Administrazioak mahai horietako kideak eta Kontuhartzaileak eramateko behar diren garraiobideak eskainiko ditu eta hauteskunde prozesuak dakartzan gastu guztiak bere kontura hartuko.

2. Artikulu honetan aurrikusitako bozketa sistemaren ezaugarriak direla eta, hauteskunde mahaiek begira berezia izanen dute bozketaren sekretua bermatzeko eta hautestontziak zaintzeko.

15. artikulua. Hautesleen zentsua.

1. Administrazioak hauteskunde mahai koordinatzaileari edo, bestela, hauteskunde mahai bakarrari helaraziko dio funtzionarioen zentsua, eredu normalizatuaren araberakoa, hauteskundeak sustatzeko asmoaren jakinarazpena hartu eta hamabi laneguneko epearen barruan.

Zentsu horretan hauteskunde unitate horretako funtzionario guztien izen eta bi abizenak, jaiotze data, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta funtzio publikoan aitortu zaion antzinatasuna azaldu beharko dira.

2. Hauteskunde mahai koordinatzaileak hautesleen zerrenda prestatuko du, Foru Dekretu honen 16. artikuluan adierazten denari jarraikiz.

Zerrenda hori jendaurrean jarriko da iragarki oholetan, hiru lanegunez, bederen.

Jendaurrean egoteko aurreko atalean adierazitako epea amaitu eta hurrengo lanegunera arte, behin‑behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahalko dira. Epe hori amaitu eta hurrengo lanegunean, hauteskunde mahai koordinatzaileak erreklamazio horiek ebatzi eta behin‑betiko zerrenda jarriko du jendaurrean. Epe horretan berean, hauteskunde unitate horretan aukeratu behar den ordezkari kopurua zehaztuko du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 81 eta 82. artikuluetan eta Foru Dekretu honen 3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

16. artikulua. Hautesleak eta hautagaiak.

1. Zerbitzu aktiboan edo umea zaintzeagatiko eszedentzia berezian dauden funtzionarioak izanen dira hautesle eta hautagai.

2. Administrazio araubidean kontrataturiko langileak hautesle eta hautagai izanen dira, lan egiten duten hauteskunde unitatean, nor berean.

3. Zerbitzu berezietan dauden eta beren Administrazio Publikoko lanpostu batean ari diren funtzionario publikoak hautesle eta hautagai izanen dira, zerbitzu berezietan ez baleude legokiekeen hauteskunde unitatean.

Administrazio araubidean kontrataturiko langileren bat ordezkari izendatzeak ez du aldatuko Administrazio Publikoarekin duen zerbitzu harremana.

4. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hautesle izanen dira behin‑betiko zerrendan ageri diren funtzionarioak eta hautagai kandidaturak aurkezten direnean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenak.

17. artikulua. Kandidaturen aurkezpena eta aldarrikapena.

1. Legez eraturiko sindikatuek eta horien batasunek aurkeztu ahalko dituzte Langileri Batzordekide nahiz Langileen Delegatu izateko hautagaiak.

2. Kasuan kasuko hauteskunde unitateko hautesleek abalaturiko kandidaturak aurkeztu ahalko dira, aukeratu beharreko ordezkari kopuruaren halako hiruk, gutxienez, sinatzen badituzte.

3. Kandidaturak ereduaren araberako idazkian aurkeztu beharko dira kasuan kasuko hauteskunde mahai koordinatzailean, 15. artikuluan aurrikusi den hautesleen behin‑betiko zerrenda jendaurrean jartzen denetik bederatzi laneguko epearen barruan. Kandidaturak hauteskunde unitate horretako lantoki guztietako iragarki oholetan jarriko dira jendaurrean.

Hautagaiek onartu beharko dute kandidaturan sartzea, onespen sinadura emanez. Mahaiak eskatu ahalko du antzemandako akatsak zuzen daitezela, behin‑betiko hautagaiak aldarrikatu baino lehen; halaber, hautagaien berrespena eskatu ahalko du, interesatuen beraien eskutik egin beharko dena.

Funtzionario talde batek aurkezturiko kandidaturetan nortasun datuak eta kandidatura abalatzeko sinadurak aurkeztu beharko dira.

4. Langileen delegatu izateko hautagaiak ordezkari kopurua baino txikiagoa den kasuetan, postu horiek betetzeko hauteskundeak eginen dira eta gainerakoak bete gabe geldituko dira.

5. Langileri Batzordeetarako kandidaturetan, betetzeko diren postuen adina izen aurkeztu beharko dira, gutxienez.

6. Bederatzi eguneko epe hori amaitu eta hurrengo bi laneguneko epean mahai eskudunak aldarrikatuko ditu kandidaturak. Aldarrikapenaren erabaki horren aurka eta hauteskunde mahaien edozein egintzaren aurka helegiteko eskubidea izanen da, Erregelamendu honen IV. Kapituluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Kandidaturak behin‑betikoz aldarrikatzen direnetik bozketa egin arte, bost laneguneko epea, gutxienez, utzi beharko da.

7. Mahai bateko kidea hautagai denean, mahaikide kargua utziko du eta ordezkoak hartuko du haren tokia mahaian, salbu eta funtzionario aski ez izateagatik, ezinbestekoa den toki entitateetan.

Langileri Batzorderako kandidatura bakoitzak edo, bestela, Langileen Delegatu izateko hautagai bakoitzak mahaiko kontuhartzaile bat izendatu ahalko du. Halaber, kasuan kasuko Administrazioak ordezkari bat izendatu ahalko du, bozketa eta kontaketa begiratzeko, hizpide bai baina botorik gabe.

8. Hautagaiak behin‑betikoz aldarrikatu ondoren, hauteskundeen sustatzaileek, kandidaturen aurkezleek eta hautagaiek beraiek egoki juzkatzen duten hauteskunde propaganda egin ahalko dute, aldarrikapena egiten denetik bozketa egunaren bezperako 0:00ak bitartean, beti ere lana galarazi gabe.

18. artikulua. Bozketa.

1. Bozketa hauteskunde mahai koordinatzaileak edo hauteskunde mahai bakarrak adierazten duen egunean eginen da. Egun hori mahaiak finkatu beharko du, kandidaturak aurkezteko epea ireki baino lehen, eta organo eskudunari jakinarazi, Foru Dekretu honen 6.2. artikuluan aurrikusitakoaren arabera.

Bozketa lantokian bertan eginen da, lanaldiaren barruan. Hautesle bakoitzak dagokion mahaian eman beharko du botoa.

2. Botoa libre, sekretu, pertsonal eta zuzena izanen da. Boto‑paperak hautestontzi itxietan sartu beharko dira eta neurri, kolore, inpresio eta paper‑kalitate berdinekoak izanen dira mahai guztietarako.

19. artikulua. Langileri Batzordekideak aukeratzeko hauteskundeak.

1. Funtzionarioen ordezkari izanen diren Langileri Batzordekideak hautatzeko bide honi jarraikiko zaio:

a) Hautesle bakoitzak aldarrikaturiko zerrenda bakar bati emanen dio botoa. Zerrendetan betetzeko diren postuen adina izen agertu beharko dira, gutxienez. Bozketa eguna baino lehen hauteskunde zerrendetan agertzen den hautagairen batek uko egiten badu, ez da etenen hauteskunde prozesua, ez eta kandidatura baliogabetuko ere, are zerrenda osatu gabe badago ere, baldin eta bete behar diren postuen %60 betetzeko adina hautagai gutxienez mantentzen baldin bada zerrendan. Zerrenda guztietan aurkeztu duen sindikatu, batasun edo funtzionario taldearen siglak azaldu beharko dira.

b) Langileri Batzordean ordezkariak izateko, kasuan kasuko hauteskunde unitatean, baliorik gabeko botoak kendu ondoren, gelditzen diren botoen %5, gutxienez, lortu beharko da.

c) Ordezkaritza proportzionalaren sistemaren arabera, zerrenda bakoitzari dagokion postu kopurua emanen zaio, hau da, baliozko botoen %5 edo gehiago lortu duten zerrenden boto kopuruaren eta bete beharreko postu kopuruaren arteko zatiketa egin ondoan ateratzen den kozientearen arabera. Soberako posturik badago, zerrenden artean banatuko dira, hondarreko boto kopuruaren arabera, hurrenkera beherakorrari jarraikiz. Berdinketa suertatuz gero, Administrazio Publiko horretan aitorturiko antzinatasun handiena duen hautagaia aukeratuko da.

d) Zerrendetako hautagaiak kandidaturan ematen den ordenaren arabera hautatuko dira.

e) Aukeratzen diren ordezkariak talde aurkezle, sindikatu edo funtzionario talde horiei esleituko zaizkie.

Hauteskunde batasunek aurkezten dituzten ordezkariak hautatzen badira, talde horiei esleituko zaizkie.

2. Aurreko arau horietakoren bat ez betetzeak ukituriko hautagaien hautapena baliogabetzea ekarriko du.

20. artikulua. Langileen Delegatuak aukeratzeko hauteskundeak.

1. Langileen Delegatuak aukeratzeko hauteskundeetan, hautesleak bete behar diren postuen adinako izeni eman ahalko die botoa, ez gehiagori. Hautagaiak zerrenda bakarrean aurkeztuko dira, alfabetoaren araberako hurrenkeran ordenatuak, eta hautagai guztien ondoan azaldu beharko da aurkezten dituen sindikatu, batasun edo funtzionario taldearen siglak. Boto kopuru handiena lortzen duten hautagaiak aukeratuko dira.

Berdinketa suertatuz gero, Administrazio Publiko horretan aitorturiko antzinatasun handiena duen hautagaia aukeratuko da.

2. Egintza guztietarako epeak Erregelamendu honetan azaldu direnak izanen dira, salbu eta mahaiak, arrazoibidez eta inguruabarrek behartuta, epe motzagoak ezartzea erabakitzen baldin badu. Edozein modutan ere, bi lanegun utzi beharko dira mahaia eratu eta bozketa egin bitartean.

3. Erreklamazioren bat aurkezten baldin bada, aktan adierazi beharko da, baita horren inguruan mahaiak erabakitakoa ere.

21. artikulua. Posta bidezko botoak.

1. Hautesleak aurrikusten baldin badu bozketa egunean botoa eman behar duen tokian ez dela egonen, posta bidez igorri ahalko du, aurretik hauteskunde mahaiari jakinarazten baldin badio.

Jakinarazpen hori hauteskundeetako deia egin eta biharamunetik hasita bozketa eguna baino bost egun lehenago egin beharko du.

2. Jakinarazpena posta bulegoen bidez egin beharko da, kartazal ireki batean, Posta bulegoko funtzionarioak ziurtatu aurretik, eguna eta zigilua jar diezazkion. Honek nortasun agiri nazionala eskatuko dio boto emaileari, bi agirietako datu pertsonalak eta sinadura erkatzeko.

Jakinarazpen hau beste batek egin ahalko du hauteslearen izenean, behar bezalako baimena izanik, bere burua aurkeztu eta eman zaion behar bezalako ordezkaritza erakutsi ondoan.

3. Jakinarazpena igorri duena hautesleen zerrendan dagoela egiaztatu ondoan, mahaiak hautesleen zerrendan azalduko du eskaera hori eta hauteskundeetako boto‑paperak eta aukeraturiko zerrenda sartu behar dueneko kartazala igorriko dizkio.

4. Hautesleak bidali zaion gutunazalean sartu beharko du boto‑papera eta, itxi ondoren, beste kartazal handiago batean sartu, nortasun agiri nazionalaren fotokopiarekin batean. Kartazal hori hauteskunde mahaiari bidali beharko dio, posta ziurtatuaren bidez.

Jasotzen diren kartazal ziurtatuak mahaiko Idazkariak gordeko ditu, bozketa egunera arte. Bozketa bukatu ondoren eta kontaketari ekin aurretik, mahaiburuari emanen dizkio ireki ditzan. Nortasun agiri nazionalaren fotokopiaren bidez, hauteslea zentsuan dagoela egiaztatu ondoren, botoaren kartazala hautestontzian sartuko du eta botoa eman duela aditzera emanen.

5. Kartazala bozketa amaitu ondoren jasotzen bada, boto hori ez da kontatuko eta hautesle hori ez da boto‑emaletzat hartuko. Horrelako kasuetan kartazalak erre eginen dira, ireki gabe, eta hori idatziz jasoko da.

6. Aurreko guztia gorabehera, postaz botoa eman duen funtzionarioak bozketa egunean zuzenean boto ematea erabakitzen badu, mahaiari jakinarazi beharko dio eta honek, bozkatu ondoren, postaz bidali duen kartazala bueltatuko dio, jaso baldin badu, eta, bestela, ailegatzen denean erreko du.

22. artikulua. Boto kontaketa eta emaitzen banaketa.

1. Mahai bat baino gehiago dagoen kasuetan, bozketa amaitu eta berehalakoan, hauteskunde mahai partzial bakoitzak boto kontaketa irekia eginen du, boto paperak ozenki irakurriaz. Ondoren, bere eremuko botoen kontaketa partzialaren akta jasoko du, horretarako eredu normalizatuak erabili beharko dituela. Akta horretan, gutxienez, mahaiaren osaketa, boto eman duten hautesleen kopurua, zerrenda edo hautagai bakoitzak lorturiko boto kopurua, eta, halaber, baliorik gabeko boto kopurua eta izandako gainerako gorabeherak azaldu beharko dira. Akta idatzi ondoan, mahaikide guztiek sinatuko dute, baita Kontuhartzaileek eta Administrazioaren ordezkariek ere, horrelakorik baldin badago.

Bozketa egin eta ondorengo hiru laneguneko epean, hauteskunde mahai koordinatzaileak, mahai partzialetako Buruen edo haien ordezkarien aurrean, kontaketa orokorra eginen du eta emaitzak kasuan kasuko kandidaturei esleituko dizkie. Orobat, kontaketaren akta orokorra, ereduaren araberakoa, jasoko du eta bertan aurreko lerroaldean kontaketa partzialeko aktetarako zehaztu datu guztiak adierazi eta mahai koordinatzaileko kide guztiek sinatu beharko dute, baita Kontuhartzaileek eta Administrazioaren ordezkariek ere, horrelakorik baldin badago.

Hauteskunde mahai bakarra dagoen kasuetan, honek jendaurreko kontaketari ekinen dio, aurreko atalean adierazitako arauei jarraikiz eta kontaketaren akta orokorra jasoko du, eredu normalizatuan.

Erregelamendu honen 24. artikuluan zehazten diren agiriak gorabehera, hauteskunde mahai koordinatzaileko edo hauteskunde mahai bakarreko Buruak, bertan kreditaturiko Kontuhartzaileek eskaturik, bozketa eguna eta emaitzak biltzen dituen egiaztagiria ere luzatu beharko du, horretarako eredu normalizatua erabiliz.

2. Erregelamendu honen 19 eta 20. artikuluetan aurrikusitakoarekin bat, hauteskundeetako emaitzak honela esleituko dira:

a) Sindikatuari, hautagaiak legezko izen edo siglen azpian aurkeztu dituenean.

b) Hautesle taldeari, kandidatura Foru Dekretu honen 17.2 artikuluarekin bat etorriz aurkeztu baldin bada.

c) Hauteskundeetako batasunei, hautagaiak bi sindikatu edo gehiagok aurkeztu dituztenean, federatu edo konfederaturik egon gabe.

3. Agintealdia amaitu baino lehen funtzionarioen ordezkariaren afiliazio aldaketak ez du ekarriko emaitzen esleipena zuzendu beharra.

4. Sindikatu batek besteren bat integratu edo irensten duenean, hauen nortasun juridikoa iraungitzen bada eta hark eskubide eta beharkizun guztiak bere gain hartzen baditu, integratzen diren sindikatuek hauteskundeetan lorturiko emaitzak integrazioa ondorio guztiekin onartu duen sindikatuari esleituko zaizkio.

23. artikulua. Baliorik gabeko botoak eta boto txuriak.

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, baliorik gabeko bototzat honakoak hartuko dira:

a) Langileri Batzordeetarako hauteskundeetan, hauetako ezaugarriren bat duten botoak: boto‑paper irakurrezinetan emandakoak, zirriborroak edo bozketaz landako esaerak dituztenak, ofizialki aldarrikatu ez diren hautagaiak dituztenak, kartazalik gabekoak, ofizialki aldarrikaturiko kandidaturari zer edo zer gehitu edo ezabatu diotenak, zerbait aldatu, zuzendu edo manipulatua dutenak, kandidatura bat baino gehiagoko boto‑paperak dituzten kartazalak eta, halaber, eredu ofizialean ez beste batean emandako boto‑paper nahiz kartazalak.

b) Gainera, Langileen Delegatuak aukeratzeko hauteskundeetan, baliorik gabe utziko dira aukeratu behar den ordezkari kopurua baino gurutze gehiago duten boto‑paperak.

2. 19. artikuluan zehaztutakoaren ondorioetarako, boto txuritzat honakoak hartuko dira:

a) Langileri Batzordeetarako hauteskundeetan, boto‑paper txuriak eta boto‑paperik gabeko kartazalak.

b) Langileen Delegatuak aukeratzeko hauteskundeetan, boto‑paperik gabeko kartazalak eta gurutzerik gabeko boto‑paperak.

24. artikulua. Hauteskundeetako emaitzak jendaurrean ematea.

1. Bozketaren emaitza hauteskunde unitateko lantoki guztietako iragarki oholetan emanen da argitara, kontaketa orokorraren akta idatzi eta hurrengo hogeita lau orduko epearen barruan.

2. Hauteskunde mahai koordinatzaileak edo, bestela, hauteskunde mahai bakarrak, emaitzen kontaketa orokorra bukatu eta hurrengo hiru laneguneko epearen barruan, aktaren kopia bana igorriko die ukituriko Administrazioari, kandidatura aurkezten duten sindikatuei, aukeratu diren ordezkariei eta Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari.

3. Orobat, Hauteskunde mahai koordinatzaileak edo, bestela, hauteskunde mahai bakarrak, kasuan‑kasuan, emaitzen kontaketa orokorra bukatu eta hurrengo hiru laneguneko epearen barruan, kontaketa horren berri ematen duen jatorrizko akta, baliorik gabe utzi edo Kontuhartzaileek inpugnatu dituzten boto‑paperak eta mahaien eraketa aktak unitate horretako erregistroko bulego publikoan aurkeztu beharko dituzte. Mahaiak kandidaturen ordezkari bati idatzizko gaikuntza eman ahalko dio bulego publikoan akta hori aurkez dezan.

Bulego horrek, hurrengo lanegunean berean, kontaketa orokorraren aktaren kopia jendaurrean jarriko du bere iragarki oholetan eta beste kopia bat ukituriko Administrazioari eta hala eskatzen duten sindikatuei emanen die, aktaren aurka jotzeko epea noiz bukatzen den adierazita. Aurka jotzeko epea amaitu artean, erregistro bulegoak gordeko ditu boto‑paperak. Aktak jendaurrean jartzen direnetik hamar lanegun iragan ondoren, hauteskunde aktak ezarritako erregistroan inskribatuko ditu edo inskribatzeko baimena ukatuko, beti ere bulego publiko horretan aktak erregistratzeko orokorrean aplikagarri den arauteriarekin bat etorriz.

IV. KAPITULUA. Hauteskundeen inguruko erreklamazioak

25. artikulua. Hauteskundeen inpugnazioak.

1. Hauteskundeen inguruko inpugnazioak 9/1987 Legearen 28 eta 29. artikuluetan eta hura garatzen duten erregelamendu‑arauetan arauturiko arbitrai prozedurari jarraikiz izapidatuko dira.

2. Hala ere, hauteskunde aktak inskribatzeko ukoen inguruko erreklamazioetan, aipatu arbitraiaren bidea edo jurisdikzio sozialean zuzenean planteatzea aukeratu ahalko da.

26. artikulua. Mahaian egin beharreko aurretiko erreklamazioa.

1. Hauteskunde mahaien egintzen inpugnazioa egin aurretik, beharrezko izanen da mahaian bertan erreklamazioa jarria izatea. Erreklamazio horiek egin eta ebazteko epeei dagokienean, aurreko artikuluan aipaturiko arauterian ezarritakoari jarraikiko zaio.

2. Hauteskunde mahaiak aipatu epean erreklamazioa ebatziko ez balu, ezetsitzat hartu ahalko litzateke.

3. Hauteskunde mahaiek botoen gehiengoaz hartuko dituzte erabakiak. Mahaiko Idazkariak, mahaikide ere den aldetik, boto emateko eskubidea izanen du.

Lehen Xedapen Gehigarria

Erregelamendu honetan erregistroko bulego publikoen inguruan egiten diren aipamen guztiak, lan inguruko arauteriak arautzen duenari buruzkoak direla ulertuko da, ondorio guztietarako.

Bigarren Xedapen Gehigarria

1. Nafarroako Polizi Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen 60. artikuluan aurrikusitakoa garatzeko asmoz, Nafarroako Foruzainei aplikatuko zaie Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren XI. Kapituluan eta Erregelamendu honetan xedatutakoa, ordezkaritzarako, negoziazio kolektiborako eta lan baldintzak zehazteko parte hartzeko organoei buruzko guztietan.

2. Horretarako, Nafarroako Foruzaingoko kideek Langileri Batzordea hautatuko dute. Horren kide kopurua Erregelamendu honen 4. artikuluan eta Langileriaren Estatutuaren 82. artikuluan zehazturiko eskalaren araberakoa izanen da.

3. Aurreko atalean xedatukoaren arabera Foruzaingoan egindako hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuko dira sindikatuen ordezkaritza maila zehazteko, eta, horregatik, baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 83. artikuluan aurrikusitako negoziazio mahaien osaketaren ondorioetarako ere.

4. Foruzaingoko kideen ezaugarri bereziak direla eta, arlo horretako negoziazio mahai sektoriala osatuko da, Langileriaren Estatutuaren aipatu 83. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Erregelamendu honen aurka jotzen duten lerrun bereko edo baxuagoko xedapen oro indarrik gabe utzi dira, batez ere azaroaren 21eko 236/1984 eta urriaren 25eko 286/1990 Foru Dekretuak.

Azken Xedapenetan Lehena

Lehendakaritza kontseilariari ahalmena ematen zaio Erregelamendu hau garatu eta aplikarazteko behar diren xedapenak eman ditzan, eta espreski, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko funtzionarioen ordezkaritza organoetarako hauteskundeetako boto‑paperak, kartazalak eta inprimakiak arautzeko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa