Castellano | Euskara | Français | English
Atarikoa
Merkatu librearen testuinguruan, Foru Komunitatean garatzen ari den politika industriala enpresa-estratejiak babestu eta laguntzera zuzenduta dago, eta horretarako, enpresen esku jartzen da Europako barne-merkatuan baldintza hobeagoetan lehiatzea ahalbideratzen dien neurri eta tresna sorta.
Tresna horien artean, ondokoak dira aipagarrienak direnak, alegia, ekoizpen-egituraren eta berrikuntza teknologikoaren gaurkotzea teknologia berrien hedapen eta sarreraren bidez; enpresek sustaturiko I+G proiektuetarako laguntza; informazio teknologikorako zerbitzua; Laser Zentrua eta Elektronika nahiz Automatika Zentruaren sorkuntza, eta CETENESA-k kudeatutako Saio eta Metrologia Laborategiak bultzatzea. Guzti honi aurrezpen eta bereizkuntza energetikorako programen garapena erantsi behar zaio.
Hala ere, E.E.E.n arian arian sartzeko prozesuan zehar metaturiko esperientziak, ahalbideratu du bereziki PYMES-ek dituzten ezak eta zailtasunak aurkitzea, alde batetik aldaketa teknologikoen abiadari eta merkatuko eskakizunei era sistematikoaz egokitzean, eta bestetik, lehiakortasunaren erronkari behar bezala erantzun ahal izatean.
Era berean, ikusi da ere, enpresa txiki eta ertain gehienek ez dituztela berez dituzten aukerak probetxatzen, eta ez dutela dauden programetan parterik hartzen, gehienbat, ez bait dute antolaketa eta kudeaketa-egitura egokirik.
Gutxiegitasun horiek arintzeko, Dekretu honetan dauden izaera horizontaleko programen helburua da, enpresen lehiakortasunarekin loturik dauden faktoreen garapena sustatzen laguntzea. Faktore horiek, gehien gehienean, izaera ikuezina dute, eta besteak beste hauexek dira, alegia, kalitatea, diseinua, enpresa-irudia, gaurkotze teknologikoa, enpresa-lankidetza, prestakuntza, eraginkortasun energetikoa, informazioa, logistika nahiz merkatal arloko kudeaketa eta antolaketarako sistemen hobekuntza, eta abar.
Era honetan, dauden laguntzak osatu eta bultzatu egiten dira, orain arte behatugabeko alderdiei edo eta modu esperimentalez trataturikoei helduz.
Horiek horrela, Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilariaren proposamenez, eta mila bederatziehun eta laurogeitamaikako maiatzaren 23an Nafarroako Gobernuak egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Dekretu honen xedea da, politika industrialeko neurriak osatuz eta bultzatuz, Nafarroan kokaturik dauden enpresen lehiakortasuna sustatzeko laguntzak ezartzea. Neurri hauek, era orokorrean aplikatzen ari dira ekoizpen-egituraren gaurkotze, berrikuntza teknologikoa eta bereizkuntza, eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntzaren esparruetan.
2. artikulua
Lehiakortasuna hobetzeko Foru Dekretu honetan biltzen diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Foru Dekretu hau garatzeko asmoz emanen diren foru aginduetan zehaztuko diren Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko (CNAE) taldeetan sarturik dauden jardueraren batean Nafarroan aritzen diren enpresak. Foru Agindu horiek, aipatu 207/1991 Foru Dekretu horren azken xedapenetan lehenean ezarritakoari jarraikiz, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emanen ditu.
3. artikulua
Laguntzen xedea diren programa eta iharduerak, honakoak izango dira:
1. Programa Orokorrak.
1.1. Hedapen eta sentsibilizaziorako Programa.
1.2. Teknikarien prestakuntza eta gaitasunerako Programa.
2. Berarizko programak eta Iharduerak.
2.1. Industri Kalitatea Sustatzeko Programa.
a) Kalitate-Sistemen aldez aurretiko diagnostikoa.
b) Kalitate-Sistemak ezartzeko aholkularitza (kalitatearen eskuliburua, prozeduren garapena, ikuskaritza-plana, prozesuen kontrol estatistikoa, eta abar).
c) Kalitate-Sistemen auditoria (kalitatearen kanpo-aseguramendurako sistemak ezarri eta hobetu, egiaztagiriak lortu, eta abar).
d) Kalibrazio-Planak (aholkularitza, laborazioa, martxan jartzea, eta abar).
2.2. Diseinua Sustatzeko Programa.
a) Diseinuaren maila eta beharrizanen aldez aurretiko diagnostikoa.
b) Diseinu-aholkularitza (ekoizkin, enbalaia, marka nahiz korporazio-irudi eta abarrei buruzko estrategia).
2.3. Gaurkotze Teknologikorako Programa.
a) Ekoizkin edo prozesuen maila teknologikoaren aldez aurretiko diagnostikoa.
b) Ekoizpen-aholkularitza (automatizazioa, ekoizpen-prozesuen arrazionalizatzea, integrazioa, berrantolamendua, eta abar).
c) Ekoizkinari teknologia aplikatzeko aholkularitza.
2.4. Kudeaketa-Sistemen Hobekuntzarako Programa.
a) Kudeaketa-sistemen diagnostikoa.
b) Sistema informatiko eta telematikoen aplikaziorako aholkularitza, ondoren, informazio, logistika, merkatal, eta abarreko arloetan kudeaketa hobetzeko.
2.5. Enpresa-lankidetzarako Programa.
a) Lankidetza-gaitasunen aldez aurretiko diagnostikoa.
b) Lankidetza, bazkide-bilaketa eta akordio-negoziazioaren posibilitateak ebaluatzeko aholkularitza. Akordio horiek, gehienbat, merkatal, ekoizpen eta teknologi alorrekoak dira.
2.6. Eraginkortasun energetikoa Hobetzeko Programa.
a) Instalazio industrialetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko aholkularitza.
b) Galdara industrialetako aurrezpen energetikorako Plana.
3. Proiektu eta Inbertsioak Gauzatzeko Programa.
Programa honen baitan honako iharduera hauek sartu ahal izango dute:
a) Berrikuntza Teknologiko (ekoizkin edo prozesua) eta Diseinu proiektuak egitea.
b) I+G unitateak indartu eta sortu, Kalitatea eta Diseinua.
c) Kudeaketa-sistema berrien sarrera.
d) Teknologia berrien ezarpena zenbait prozesutan (laserra, errobotika,...).
e) Eraginkortasun energetikoaren hobekuntza.
4. artikulua
3. artikuluan deskribaturiko programa eta iharduera guztietarako laguntzen norainokoa, Foru Dekretu hau garatzen duten Foru Aginduek ezarriko dute, eta 1991 urterako era orokorrean, hauexek dira:
1. Egitarau orokorretarako:
1.1. Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak behar besteko iharduketak bultzatu eta exekutatuko ditu Foru Dekretu honen eta bere laguntzen berri hedatzeko. Era berean, enpresen lehiakortasuna hobetzea xede duen sentsibilizazio alorrekoak ere zabalduko dira.
Iharduketa horiek burutzea, Kontratuei buruzko Foru Legean zehazten diren prozeduretariko edozeinen bidez utzi ahal izango da hirugarrenen esku, eta edozein kasutan ere Departamentu horrek kostu osoa hartu beharko du bere gain.
1.2. Prestakuntza-programetarako laguntzak honakoak izango dira:
a) Nafarroako Ikerketa-Zentru eta Laborategietan, Foru Komunitaterako interes duten alorretan graduatu berri diren Teknikarien prestakuntza eta espezializaziorako laguntza-deialdia.
b) Kalitate, Diseinu, Berrikuntzaren Kudeaketa eta Kudeaketaren Teknologiei buruzko ikastaroak antolatu eta emateak sorterazten dituen gastuen %100-erainoko diru-laguntzak, bertaratzen den bakoitzeko emango den diru-laguntza 200.000 pezeta baino handiagoa ezin izango delarik.
c) Enpresa guztietan gaurkotze teknologikoaren prozesuak ezartzearekin zerikusirik duen langilegoaren prestakuntza berezia eta banakakoaren iharduketen %40-rainoko diru-laguntzak, beti ere, gai horietan ikastaro erreglatuak ez direneko kasuetan.
2. Berarizko programetarako:
2.1. ataletik 2.6. atalera bitarteko berarizko programetarako, ondoko laguntzak ezartzen dira:
2.1. Diagnostiko ihardueretarako, %70-erainoko diru-laguntzak, berauen gehienezko zenbatekoa 350.000 pezeta baino handiagoa ezin izango delarik.
2.2. Aipatu ataletan zerrendatutako gainontzeko ihardueretarako (Aholkularitza, Auditoriak, Kalibrazio-Planen laborazioa, eta abar), %70-erainoko diru-laguntza, berauen gehienezko zenbatekoa 3.500.000 pezeta baino handiagoa ezin izango delarik.
3. Proiektu eta Inbertsioak Gauzatzeko programarako:
3.1. Berrikuntza Teknologiko eta Ekoizkin-Diseinurako proiektuak egiteko kanpo-zerbitzuak (Ikerketa-Zentruak, Diseinugileak eta elkarteak) kontratatzeak dakartzan kostuen %50-erainoko diru-laguntzak.
3.2. I+G Laborategiko ekipo, Diseinutegi, Kalitate-Laborategi eta Kudeaketara aplikaturiko Ekipo Telematikoetan (nola Hardware hala Software ere) aktibo finko bezala egindako inbertsioen %20-rainoko diru-laguntzak.
3.3. Prozesuetan teknologia berriak ezartzeagatik egiten diren inbertsioen kostuen %20-rainoko diru-laguntzak.
3.4. Eraginkortasun energetikoa hobetzera emandako inbertsioek Politika Industrialaren eta Inbertsio nahiz Enpleguaren Sustapenaren Neurri Koiunturalei buruzko Araueko 34. artikuluak bere baitan hartzen dituen laguntzak jasoko dituzte.
4. Artikulu honen 3. ataleko laguntzak bateragarriak izango dira I+G erako aurrerakinekin, beti ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuko Industria Zerbitzuak horrela baderitzo.
5. Aipatu ataleko laguntzak eskuratu ahal izateko ezinbestekoa izango da berorien xedea zuritua agertzea, Foru Dekretu honen 3. artikuluak bere baitan hartzen dituen iharduketen baten ondorioz, edo bestela, Industria Zerbitzu horren ustez halako kontsiderazioa merezi duen beste modu batez.
Azken Xedapenetan Lehena
Ahalmena ematen zaio Industria, Merkataritza eta Turismo Kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.