(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

232/1993 Foru Dekretua, uztailaren 19koa, Ikerketa Proiektuetarako Laguntzen Erregelamendua, Nafarroako Gobernuak abalatu eta hobaritutako maileguei buruzkoa, onesten duena

(1993ko 96. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 6an)

Atarikoa

Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 30eko 9/1993 Foru Legeak bere 35. artikuluko 3. atalean ezarria du hautabidezko modalitate bat enpresek sustatutako ikerketa eta garapen Proiektuei laguntza emateko, eta ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari hori garatu eta aitzinera eramateko behar diren xedapenak eman ditzan.

Horrenbestez, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko uztailaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu bakarra

Ikerketa Proiektuetarako Laguntzen Erregelamendua, Nafarroako Gobernuak abalatu eta hobaritutako maileguei buruzkoa, onestea. Honako hau da horren testua:

IKERKETA PROIEKTUETARAKO LAGUNTZEN ERREGELAMENDUA, NAFARROAKO GOBERNUAK ABALATU ETA HOBARITUTAKO MAILEGUEI BURUZKOA

1. artikulua. Eragin esparrua.

Erregelamendu honetan agertzen den edukinaren helburu izanen dira enpresa, enpresa talde nahiz elkarte, industria sektore, ikerketa lantegi eta ikerlari pribatuak, Nafarroan egoitza dutenak, baldin eta ikerketa eta garapen proiekturik aurrera eraman nahi badute.

Horretarako, ikerketa eta garapen proiektua diogunean ekintza multzo bat dela ulertu behar da, hasmentako ideia bat hautatu, laborategiko entseiuak, proba eta bestelako iharduketak biltzen dituena, gero prototipo, lagin eta horrelakotan gauzatuko direnak industriara bideratu eta merkaturatzeko asmoz.

2. artikulua. Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskabideak, Industria Zerbitzuan ematen duten ohizko eredua behar bezala bete ondoren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira aipatu Zerbitzuari igorriak.

Eskabidean honako hau agertuko da beti ere:

1. Proiektu teknikoa, ondotik zehaztuko den edukia bilduko duena, eta beharrezkoak ikusten diren nahi adina agiri, plano, krokis eta abar eransten ahal zaizkio.

Aurkezten diren proiektuek gutxienez ere ondoko hau bildu beharko dute:

1.1. Aurkezpen azala, ondokoa agertuz:

-Proiektuaren izena.

-Eskabidea egiten duen enpresa, lantegi, talde edo pertsona.

-Proiektuaren arduradunaren izena.

-Helbidea eta telefonoa.

-Sinadura.

1.2. Laburpena.

Proiektu bakoitzaren hasieran proiektuaren helburuen laburpentxoa azaldu beharko da, bai eta egin behar den lanaren eskema, lortu nahi diren emaitzak, ikerketaren xede den prozesua edo produktuari nola ematen ahal zaion irtenbidea, eta proiektuaren kostu osoa.

1.3. Txosten teknikoa.

Proiektuaren berariazko xehetasunak biltzen dituen txosten teknikoa egiteko ez da inolako mugarik moduari nahiz luzerari dagokienean, baina nahitaez ondoko zehaztapenak bildu beharko ditu:

a) Proiektuaren garapenarekin eta prozesu edo produktuaren zehaztapen teknikoekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.

b) Prozesu edo produktuaren garapen teknikoaren oraingo egoera, aipatuz aplikazioari dagokionean zein aurrerapen gertatu diren beste herrialdeetan, Espainian eta enpresan bertan (ikuspegi teknikoa, jabetza industriala, etab.). Halaber, berrikuntza honen arrakastak zein aurrerapen ekarriko ligukeen eta merkatuan zer nolako eragina izanen lukeen.

c) Burutzeko Programa: Programa honetan identifikatu eta zehaztu beharko dira etapa guztiak eta proiektuan suertatzen ahal diren gune "korapilatsuenak". Lana sailka edo fasez fase zatikatuko dira gero horietako bakoitzean ateratzen diren emaitzak ebaluatu eta hortik aurrerako garapena zehazteko asmoz.

Etapa teknikoak zehaztu ondoren, fase desberdinak gauzatzeko aurrikusten den egutegia finkatuko da.

d) Proiektuaren osoko aurrekontua: Proiektuaren aurrekontua xehekatuko da faseen egutegiari jarraikiz, inbertsioaren momentuko egoera zehazteko proiektuaren finantza programa lortuz.

Osoko Aurrekontuan honakoak hartuko dira kontutan:

-Proiektua egin behar dutenei ordaindu behar zaien, pertsona bakoitzak sartutako lanorduen kostuaren arabera, haien kategoria eta lanean emandako denbora kontutan hartuz.

-Proiektuan erabilitako material suntsigarria.

-Maketak egitea, prototipoak, prozesu-makinak aldatzea, etab.

-Neurgailu eta instalazioak, horiek proiektua aurrera eramaten bakarrik izanen diren ala bestelakoetan ere erabiliko diren zehaztuz.

-Beste Ikerketa Lantegi edo Laborategi batzuen parte hartzea.

-Gainerako gastuak: bidaiak, planoak, liburuak, patenteak aurkeztea, etab.

-Proiektua egin duen langile taldea. Proiektua aurrera eramango duten pertsonen zerrenda, haien kategoria eta ikerketa lanetan duten eginkizuna zehaztuz.

1.4. Industriara bideratzeko aukerak.

1.4.1. Merkatura ateratzea.

a) Berrikuntza ekarri duen produktuak programa bukatu eta hurrengo bost urteetan zehar zenbateraino salduko den igertzea. Espainian eta Espainiatik kanpo espero diren salmentak zehaztu beharko dira.

Berrikuntzak dagoeneko merkatuan dagoen beste produktu batean, horrelakorik balitz, izan dezakeen eragina aztertu beharko da.

b) Ustiapenaren ustezko kostua, horren barrenean, lehengaiak, langileak, amortizazioak, merkataritza sarearen kostuak, saldu ondoko zerbitzua, etab.

c) Espero diren salmenten prezioa, eta salmenta prezioa eta materialen kostuen arteko balio erantsia.

1.4.2. Industrializazioa eta finantza ahalmena.

a) Behar diren inbertsioen zehaztapenak, adibidez:

-Fabrikazioan.

-Tresneria erosi eta aldatzea.

-Sortzen diren beharrak, langile eta antolakuntzaren aldetik.

b) Proiektuaren Cash-Flow delakoa, salmentak egiteko pentsatua dagoen epean.

2. Enpresaren analisia.

a) Sozietatearen kapitala eta haren bilakaera azkeneko urteotan, zehaztuz hura zeinek osatua dagoen eta atzerriko kapitalaren parte hartzea baden.

b) Enpresaren instalazio nagusiak eta ekoizpen bideak.

c) Enpresaren iharduera eta produktu nagusiak.

d) Enpresaren azken hiru urteotako balantze eta ustiapen-kontuak.

e) Proiektuaren finantzabidea, aipatuz horretarako laguntzarik beste erakunde batzuetatik hartzen duten.

3. Berrikuntzaren arloan enpresak izan duen esperientzia. Ondokoen deskribapen laburra:

-Orain arte zein berrikuntzatan saiatu den.

-Lortutako patenteak.

-Gaur egun enpresaren kudeaketa teknikoan ari diren pertsonek buruturiko proiektuak, enpresarentzat nahiz besteentzat egindakoak izan direnak.

3. artikulua. Ebaluazioa.

Proiektuak Industria Zerbitzuan aurkeztu ondoren, bertan aztertu eginen dituzte gerta daitezkeen arriskuak nahiz produktuen arrakasta maila ahalik hobekien jakiteko bai eta industriara bideratzeko eta merkaturatzeko dauden posibilitateak aurrikusteko.

Proiektu baten ebaluazio osoa eta xehekatua oso prozesu garestia denez, ebaluazio hori hiru fasetan eginen da eta horrela alde batera utziko da azterketa sakonak egitea agian gero lehenbiziko analisian baztertuak gelditzen ahal diren proiektuak suerta baitaitezke. Proiektuak ebaluatzeko hiru faseak ondoko hauek dira:

1. Fasea: Hasierako ebaluazioa.

Lehenbiziko fase honetan proiektuen gaineko hasierako ebaluazioa eginen da horien garrantzia zehaztu ahal izateko.

Hasiera batez ikusten baldin bada proiektuak baduela bere garrantzia ez da baztertuko eta hurrengo fasera pasako da.

2. Fasea: Ebaluazio sakona.

Bigarren fase honek duen zailtasuna eta eskatzen duen dedikazioa ikusita, eta aurkeztuko diren proiektuak seguru aski mota guztietakoak izanen direnez, beharrezkoa ikusten baldin bada gai bakoitzari buruz adituak direnen laguntza horixe eskatuko da eta gainera proiektuaren garrantziaren arabera hainbat jende, eta horien kostua Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain. Adituek egiten dituzten balorazioak, horrelakorik balego, Industria Zerbitzuak egiten dituztenekin alderatuko dira.

Teknologia eta merkaturatze arloetan izan daitekeen arrakasta baloratzeko irizpideak, eta Nafarroak dituen beharrei zenbateraino egokitzen den, ondoko zera hauei jarraikiz taldekatuko dira:

1. Kalitate teknikoa.

2. Produktu edo prozeduren interes ekonomikoa, eta batez ere merkatura eramateko aurrikuspenak.

3. Enpresak industria ustiapena finantzatu eta merkaturatzeko duen gaitasuna.

4. Proiektuak Nafarroarentzat duen garrantzia eta industriara eramateak izan dezakeen eragina.

5. Zein baliabide eta zenbat jende dauden.

6. Proiektua bultzatzearen alde izan daitezkeen bestelako gorabeherak.

3. Fasea: Enpresa eta ikerketa burutuko duen pertsona edo taldea ezagutzea.

Hirugarren fase honen helburua da proiektua burutzeko dauden bitartekoak, hori aurrera eramateko dagoen jendea eta enpresaren egoera zuzenean ezagutzea, arestiko bi faseetan jasotako informazioarekin alderatzeko.

Fase hau egiten ahal da baloratzeko dagoen bigarren fasea egiten den bitartean eta Lantegi edo Enpresara bisitak eginen dira eta aurreko balorazioa berresteko egoki juzkatzen diren txosten, elkarrizketa etab. eskatuko.

4. artikulua. Aplikatuko diren onurak.

Nafarroako Gobernuak modalitate honetan eta baldintzak bete ondoren proiektuak aurkezten dituzten enpresa, elkarte edo lantegiei ematen ahal dizkien finantza laguntzak ondotik heldu diren neurrietakoak izan daitezke.

a) Abala ematea, inolako bermerik eskatu gabe, enpresek sustatutako ikerketa eta garapen proiektuak finantzatzeko diren maileguei, baldin eta haien kapitala gehienez ere kostu osoaren % 50 bada eta eskatzaileek Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarekin horrelakoetarako Lankidetza Hitzarmena sinatua duten finantza entitateek, Nafarroan egoitza dutenek, alegia, emana bada.

Proiektuaren gaineko maileguaren portzentaia % 70era ere iristen ahal da, Nafarroan egoitza duen Ikerketa Lantegi batekin sinatutako kontratuaren bidezko lankidetzan egina baldin bada.

Laguntza hauen helburu den ikerketa proiektu batek beste erakunde batzuetatik ere laguntzarik jaso baldin badu, guztien batura gehienez proiektuaren %70 izanik, murriztu eginen dira Nafarroako Gobernuaren laguntzak gehienez ere aipatu %70 horretara iritsi arte.

Aipatu maileguaren amortizazio epea 7 urtekoa izanen da, lehenbiziko disposizioa gertatu denetik hasita, eta hasierako bi urteetan deus ere ordaindu gabe.

Ustiapenerako adinako emaitzarik lortu ezean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du maileguaren itzulketa, eta horrelakorik gertatuko balitz lortu diren emaitza horiek Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak izanen lirateke, proiektuaren gaineko krokis, plano, maketa, prototipo, dokumentazio, industria jabetza, etab. bere esku izanik eta hortik aitzinera berak ez beste inork nonahi eta noiznahi erabiliko lituzke.

b) Enpresek lortutako maileguen interesen adinako dirulaguntza, arestiko a) atalean ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua. Onurak eskuratzea.

Maileguaren eskuragarritasuna:

4. artikuluko a) atalean xedatutakoari jarraikiz lortutako mailegua eskura izanen dute proiektuaren aurrekontuan aurrikusitako gastuen programa egiten den heinean, eta lankidetza kontratuan zehaztuko da inbertsioari buruzko arrazoiak nola eman eta mailegua nola eskuratuko den.

Horiek horrela, benetan egindako gastua hasiera batez aurrekontuan aurrikusitakoa baino txikiagoa baldin bada, eskuratzen ahal den mailegua ere gutxituko da, aitzitik, benetan egindako gastua aurrekontukoa baina haundiagoa baldin bada ez da mailegua haundituko.

b) Dirulaguntza ordaintzeko modua:

Maileguaren interesen adinako dirulaguntza zuzenean ordainduko zaio finantza entitateari, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarekin sinatua duen Lankidetza Hitzarmenean ezarritako eran.

6. artikulua. Proiektuaren ebaluazioa eginda eta lortutako emaitzak ikusita, Industria Zerbitzuak ebazpen organoari igorriko dio aurrikusitako laguntzak eman edo ukatzeko proposamena eta organo horrek hartuko du azken erabakia bere iritziaren arabera.

Abalaren nondik-norakoak eskatzaileari igorriko zaizkio, hondarreko horrek Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuarekin Lankidetza Hitzarmena sinatua duten finantza entitateekin mailegua lortzeko kudeaketak egin ditzan.

Industria Zerbitzuaren proposamenean Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren eta eskatzailearen arteko kontratuaren proiektua agertuko da, eta bertan finkatuko dira laguntzak hartzeko bete behar diren baldintzak, onuradunak bildu behar dituen ezaugarri eta betebeharrak eta, oro har, bi alderdien arteko harremanak arautzeko egoki juzkatzen diren zehaztapen guztiak eta, azkenik, banatuko diren fondo eta berme publikoak ongi eta era eraginkorrean erabiltzen direla ziurtatzeko. Aipatu agiria izaera administratibokoa izanen da eta bide horretan barna zuzendu beharko dira sor litezkeen gorabehera guztiak.

Ebazpen organoak delako kontratua onetsi ezkero, interesatuari aurkeztuko zaio eta horrek hilabeteko epea izanen du, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasita, behar bezala haren aldeko adostasuna ager dezan Industria Zerbitzuan kontratuaren ale bat aurkeztuz, enpresak edo enpresaren ordezkariak, enpresa elkarte nahiz Lantegiak sinatuta, horrela iharduteko ahalmena frogatzen baldin badute.

7. artikulua. Proiektuen jarraipena.

Laguntzen helburu diren proiektu hauen jarraipena eginen da segitzen duten bidea zuzena dela eta emandako onurak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

Aipatu jarraipena Industria Zerbitzuak eramanen du baina gai bakoitzari buruz dauden adituei ere eskualdatzen ahal die horren ardura. Horretarako, onuradun suertatzen den pertsona, enpresa edo entitateak obligazioa badu lanei buruzko datu, agiri eta txosten guztiak erakusteko, jarraipenaren arduradunek horrelakorik eskatu ezkero, eta gainera egoki juzkatzen dituzten bisita eta elkarrizketa noiznahi egin ditzakete.

Halaber, jarraipenaren arduradunen eginkizuna izanen da, emandako maileguaren edozein diru-kopuru erabiltzen hasi baino lehenago egindako eta arrazoitutako gastuei oneritzia ematea.

Jarraipenaren arduradunek egindako txostenetatik ateratzen baldin bada proiektuak ez direla bideragarriak edo lanen ihardunean zehar seriotasun falta dutela edo bestelako arrazoirik balego emandako laguntzak atzera itzuli behar direla erakusten duena, Nafarroako Gobernuak momentu hartatik aitzinera jasotzeko dauden laguntzak ukatzeko erabakia hartzen ahal du, proiektua edozein fasetan izanik ere, eta gainera ordurarte jasotakoak itzul daitezen eskakizuna agertzen ahal du, hori guztia onuradunari edo proiektuaren arduradunari egozten ahal zaion irregulartasun edo baldarkeriaren batengatik etorri baldin bada erabakia

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa