Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 108. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 30ean. Uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuak indargabetua, 32., 33. eta 34. artikuluak izan ezik)
32. artikulua
1. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan foru dekretu honetan eta bera garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoa beteko da. Horren osagarri, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako Ikastetxe Publikoei, Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoei eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoei buruzko Araudi Organikoa onesten duen otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoa aplikatuko da.
2. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako I eta II. mailak ematen dituzten ikastetxe publikoen izendazio generikoa honako hau izanen da: Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoa. Horri kasuan kasukoaren izen zehatza eransten ahal zaio, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
3. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ikasleek beraiek izanen dute Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan gurasoek duten ordezkaritza.
4. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan I. maila ematen duten irakasleek beren mailako taldea eratuko dute eta II. maila ematen dutenek berena, eta bakoitzak bere koordinatzailea izanen du. Talde horiei otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren III. tituluko ("Irakaskuntza koordinatzeko organoak") III. kapituluan ziklo-taldeentzat ezarritakoa aplikatuko zaie.
5. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Irakaskuntza Koordinatzeko Batzordea eratuko da; batzorde horren eskumenak otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 44. artikuluan ezarri dira. Honako kide hauek izanen ditu:
-Zuzendaria, batzordeburua izanen da.
-Ikasketa burua.
-Maila-taldeetako koordinatzaileak.
-Orientatzailea.
Zuzendariak idazkari izendatuko du Irakaskuntza Koordinatzeko Batzordeko kideetako bat.
33. artikulua
1. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. maila irakasteko baimena ematen zaien Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak foru dekretu honetan eta bera garatzeko ematen diren xedapenetan ezartzen denari lotuko zaizkio irakaskuntza hauei dagokienez. Horren osagarri, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Publikoei buruzko Araudi Organikoa onesten duen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzan ikasleek eta irakasleek soilik izanen dituzte ordezkariak.
2. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailarekin batera Hezkuntz Sistemaren Antolamenduari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legean agindutako Bigarren Hezkuntzako beste irakaskuntza batzuk (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edota Batxilergoa) ematen diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, esperientzia-eremuetan bilduta dauden arlo eta gaiak lantzen dituzten sailetako buruek haien programazio didaktikoak prestatzen lagunduko dute; sailetako buruetako lau (zuzendariak izendatuak) koordinazioan arituko dira, bat eremu bakoitzeko. Ikasleek ebaluazioaz aurkezten dituzten erreklamazioak ebatzi beharko dituzte, indarreko araudiari lotuz.
34. artikulua
1. Oinarrizko Hezkuntzako geletan foru dekretu honetan ezarritakoa beteko da, bai eta bera garatu eta aplikatzeko Hezkuntza eta Kultura Sailak ematen duen araudian xedatutakoa ere.
2. Eskualde bakoitzeko Oinarrizko Hezkuntzako geletako irakasleek eskualdeko irakasle-taldea eratuko dute.
3. Eskualdeko irakasle-taldearen eginkizunak honako hauek izanen dira:
a) Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako I eta II. mailetako curriculum-proiektuak egitea bere eskualderako, urtero-urtero aldatzea, eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzura bidaltzea. Halaber, aldaki bat bidaliko zaio Helduentzako Hezkuntzaren eta Osabidezkoaren Unitate Teknikoari.
b) Taldeburuari Urteko Programazio Orokorrari buruzko proposamenak egitea.
c) I eta II. mailetarako onetsitako curriculum-proiektuetan oinarrituz, eskualdeko irakasle-taldeko irakasle bakoitzak bere gela-programazioak egiteko erabili beharko dituen ildo orokorrak adieraztea.
d) Eskualdeko Oinarrizko Hezkuntzako geletan eginen diren irakaskuntzako jarduerak antolatzea eta koordinaturik garatzea.
e) Metodologia didaktiko eguneratuak erabiltzea bultzatzea.
4. Eskualdeko irakasle-taldea taldeburuaren zuzendaritzapean arituko da; ikasturte bakoitzerako taldeburu bat izendatuko du Hezkuntza eta Kultura Sailak irakasleen artean.
5. Eskualdeko irakasle-taldeko buruaren eginkizunak honako hauek dira:
a) Eskualdeko irakasle-taldeak artikulu honetako 3. idatz-zatian taldeari iratxikitako eginkizunak betetzeko egiten dituen bilerak zuzendu eta koordinatzea, batez ere Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako I eta II. mailetako curriculum-proiektuak egiteko eta urtero aldatzeko egiten dituen bilerak.
b) Taldeko erantzule nagusia izatea artikulu honetako 3. idatz-zatian taldeari iratxikitako eginkizunak betetzean, batez ere I eta II. mailetako curriculum-proiektuak behar diren erakundeei garaiz emateari dagokionez. Halaber, berak izanen du bere eskualdeko Oinarrizko Hezkuntzako gelen Urteko Programazio Orokorra egiteko eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzura bidaltzeko ardura.
c) Eskualdeko Oinarrizko Hezkuntzako geletan I eta II. mailetako irakaskuntza koordinatzea, eta hura curriculum-proiektuetan eta Urteko Programazio Orokorrean ezarritakoaren arabera garatzea zaintzea.
d) Eskualdeko taldeak egiten dituen bilerez arduratzea eta haietako aktak idaztea.
f) Hezkuntza eta Kultura Sailak bere eskumeneko eremuan agintzen dizkion eginkizunak betetzea, eskualdeko irakasle-taldea ongi antolatzeko eta ongi aritzeko helburuarekin.
6. Eskualdeko irakasle-taldeko buruaren ordainsariak Haur eta Lehen Hezkuntzako 9 unitateko ikastetxe publikoaren ikasketa buruarenak bezainbatekoak izanen dira.
7. Eskualdeko irakasle taldeko buruak bere eginkizunak utziko ditu karguaren iraunaldia bukatzen denean edo Hezkuntza eta Kultura Sailak hala aginduta.
Taldeburuak bere kargua ikasturtea amaitu aurretik uzten badu, beste bat izendatuko da hura bukatzeko falta den denborarako, artikulu honetako 4. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz.