Castellano | Euskara | Français | English
(2002ko 69. NAOn argitaratua, ekainaren 7an)
Minusbaliatasuna duten pertsonak 31.003 dira guztira; hau da, Nafarroako populazioaren ehuneko 6. Horietatik, ehuneko 44 Iruñerrian daude.Minusbaliotasun-motei dagokienez, ehunekorik handiena egiten dutenak hezur eta giltzaduretako arazoek eta eritasun kronikoek eragindakoak dira, guztizkoaren ehuneko 53 hartzen baitute.
Legezko minusbaliotasun-mailaren ikuspegitik, ehuneko 60k ehuneko 33 eta 65 bitartekoa du, eta ehuneko 22k ehuneko 75 baino gehiagoko minusbaliotasuna dauka.
Guztizkoaren ehuneko 42k 66 urte baino gehiago dauka, eta ehuneko 16k beste pertsona baten laguntza beharrezkoa du.
Bestalde, jende-multzo honek, lanaren ikuspegitik, Nafarroako batez bestekoa baino hiru bat aldiz handiagoa den langabezia-tasa pairatzen du.
Jabetu behar dugu instituzioek ahaleginak egiten dituztela pertsona eta talde kaltetuenei laguntza emateko, baina oso gertu ditugu, baita ere, bestelako gabezia garrantzitsu batzuk, eta gure ustez erabakigarria da, beharrezko funtsak jartzeaz gain, programa eta proiektu garrantzizko eta ongi kudeatuei esleitzea funts horiek.
Horrela, Kontuen Ganbarak "Ezgaituak (1995etik 1999ra)" aurrekontu- programari buruz eginiko fiskalizazio txostenaren ondorioek gai garrantzitsuetan kontrol eta ikuskatze gabeziak daudela erakusten dute.
Kontuen Ganbararen txostenak azterturiko puntuetako bat laneratzea lortzeko legegintza-neurrien egiazko eragina izan da. Neurri horietako batzuk dira administrazio publikoak deituriko postuen ehuneko 3 gordetzea, eta plantillan ezgaituak dauzkaten enpresei kontratu publikoetan lehentasuna ematea.
Txostenak agerian uzten duen bezala, begi-bistakoa da administrazioek ez dituztela, kontratazio-arloan, euren jarduketak legeek ezarritakora egokitzen.
Kontuen Ganbarak informazioa eskatu zien Foru Komunitateko administrazioko departamentuei eta Nafarroako udal nagusiei, euren iritzia eman zezaten ehuneko 33 edo gehiagoko ezgaitasuna duten langileek lanpostu hutsen ehuneko 3 bete ahal izan dezaten postu- kopuru horren erreserbaren aplikazio praktikoari buruz. Era berean, administrazio-klausula partikularren orriek plantillan langile minusbaliatuen kopuru jakin bat daukaten enpresei kontratuak esleitzeko lehentasunezko irizpideei buruz informazioa eskatu zen.
Emaitza honako hau da:
ZENTROA |
DEITUTAKO LANPOSTUAK |
BETETAKO LANPOSTUAK |
MINUSBALIATUAK |
Administrazio erroa |
642 |
609 |
7 |
Osasunbidea |
411 |
406 |
6 |
Hezkuntza |
68 |
68 |
- |
Guztira |
1.121 |
1.083 |
13 |
Beraz, deialdiko guztizko lanpostu-kopurutik, ehuneko 1,16 baizik ez da bete minusbaliatuekin. Ehuneko hori ehuneko 1,2ra igotzen da erreferentziatzat hartzen bada betetako postu-kopurua.
Egoera horrez gain, aipa liteke Nafarroako Gobernuaren mendeko enpresa publikoetan neurri horrek izan duen emaitza. Enpresa publiko horietan, 500 langiletatik, 5 pertsona minusbaliatu daude guztira, kontuan izan gabe ITG Ganadero, Agrícola, NASERSA, Viveros y Repoblaciones eta beste enpresa batzuk.
Ezgaituen gizarteratzea lortzeko oinarrizko bideetako bat haien laneratzea da. Gainera, minusbaliotasun edo ezgaitasunen bat daukaten pertsonek gizartean aktiboki parte hartu ahal izateko bide naturala da.
1. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua aldatzea.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriaren estatutuaren testu birbildua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegileko 7. xedapen gehigarria aldatu eta honela geldituko da:
1. Nafarroako administrazio publikoetako lan eskaintza publikoetan, gutxienez lanpostu betegabeen 100eko 5 ezgaituentzako gordeko da, baldin eta horien ezintasun maila 100eko 33koa edo handiagokoa izan, hauta-probak gainditu eta, hala eskatzen zaienean, aipatutako ezintasun maila eta eginkizunak burutzeko gai direla egiaztatzen badute.
Pertsona horiek betetako lanpostuek ez badute deitutako lanpostuen ehuneko 3ko tasa egiten, betegabeko lanpostuak hurrengo ekitaldiko ehuneko 5eko kupoari gehituko zaizkio, ehuneko 10eko gehieneko mugarekin.
2. Aurreko atalean finkaturiko minusbaliotasun-maila izan eta deialdi batean beste txandetako edozeinen bitartez lanpostu bat lortzen dutenek lehentasuna izanen dute txanda librekoen gainetik bete beharreko lanpostua aukeratzeko.
3. Foru Komunitateko administrazioan eta haren menpeko erakunde autonomoetan 1. idatz-zatiko lehen lerroaldean ezarritako ehunekoa betetzen ez den bitartean, organo eskudunek aitortutako ezgaitasuna duten pertsonek lehentasuna izanen dute aldi baterako kontratatzeko, lehiaketa-oposizioa gainditu baina lanposturik gabe gelditu direnen zerrenda agortutakoan.
2. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko Legea aldatzea.
1. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 62.8 artikulua aldatu eta honela geldituko da:
"8. Administrazio klausula partikularren plegu guztiek, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan, esleipen irizpideen artean, ezintasunak dituzten pertsonak lanean integratzearena jasoko dute, kaudimen teknikoa frogatzeko unean plantillaren ehuneko 4 baino gehiago ezintasun fisiko handia, gorreri sakon eta larriak, ezintasun psikikoa edo adimen eritasuna duten langileek osatua duten enpresak balioesteko eta horiei puntuazio ona emateko."
2. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 9. xedapen gehigarriak aldatu eta honela geldituko da:
"Bederatzigarrena.-Kontratazioa plantillan minusbaliotasuna duten langileak dituzten enpresekin.
Kontratazio-organoek administrazio klausula partikularren pleguetan lehentasuna ipiniko dute kontratuak esleitzerakoan proposamen jakin batzuendako; alegia, beren kaudimen teknikoa frogatzeko unean plantillan ehuneko 3 baino txikiagoa ez den langile minusbaliatuen kopurua duten enpresa publikoek edo pribatuek aurkezten dituztenendako. Beti ere proposamen horiek, esleipenaren oinarri diren irizpide objektiboen ikuspuntutik onenak direnekin parekatzen ahal direnean."
3. Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legeko 14. xedapen gehigarriak aldatu eta honela geldituko da:
"Hamalaugarrena.-Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen esleipenari dagokionean, esleipendun enpresek 25 langile baino gehiago badute, enpresetako plantillako langileen % 4k, gutxienez, akats fisiko larria, gortasun larri eta sakoan akats psikikoa edo adimen gaixotasun larria beharko du izan."
Lehen Xedapen Gehigarria
Nafarroako administrazio publikoak eta haren mendeko erakundeek enpresa bateko kapitalean gehiengo partaidetza badute - zuzena ala zeharkakoa-, enpresa publiko horiek, lanpostuen deialdietan, nahitaez gorde beharko dute plantillako lanpostuen ehuneko 5 ezgaitasuna duten pertsonentzat.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako administrazio publikoek beharrezkoak diren neurriak ezarriko dituzte, ezgaitasuna duten langileenganako bereizkeria zuzen nahiz zeharkakorik dakarten jarraibide, irizpide eta jarrerak gerta ez daitezen lan ingurunean.
Azken Xedapenetan Lehena
Nafarroako Gobernuari esku ematen zaie foru lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-xedapen guztiak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Hirugarrena
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.