(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

51/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 9koa, Osasun kontseilariak emana, Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa garatzen duena

 

(2003ko 65. NAOn argitaratua, maiatzaren 23an)

Apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuak aho-hortzetako osasun laguntza ziurtatzen die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargurako osasun laguntza izan eta irizpide hauek betetzen dituzten pertsonei: % 75eko edo gehiagoko elbarritasun gradua izatea eta aho-hortzetako eritasunak izateko arrisku irizpideak betetzea.

Foru dekretu horretan zehazten dira, batetik, programaren xede diren herritarrei pagatzen ahal zaizkien aho-hortzetako prestazioak eta, bestetik, zerbitzuak emateko bideak.

Foru dekretu horrek finkatutako esparrua dela-eta, foru agindu honen xedea da Programako aho-hortzetako osasun jarduerak eta prestazioak zehaztea, diru ordainketen zenbatekoa, bai eta kopuru horiek pagatzeko baldintzak eta prozedurak ere.

Horrenbestez, eta apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren lehen azken xedapenak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua

Osasun prestazio onartuak:

Apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren 2. artikuluko aho-hortzetako osasun prestazioek honako jarduketa hauek hartuko dituzte barne:

1.-Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa:

Ahoko parte guztien azterketa xehetua, estomatologoak edo odontologoak egina. Horretarako, sendagileak erabiliko ditu nahitaezkotzat jotzen dituen diagnosi metodoak.

2.-Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak:

Diagnosi azterketetan osasun jarraibide batzuk emanen dira ohitura osasungarriak sustatzearren, bai dietari dagokionez bai ahoko higienekoak. Ahal izanez gero, jarduera hori eginen da laguntza hartzen duen pertsonarekin eta haren guraso edo tutoreekin, aho-hortzetako osasunaren mantentzea eta hobekuntza barnerazi nahian.

3.-Behin betiko hortz-haginetako artekak ixtea:

Behin betiko hortz-hagin osasuntsuetako zuloak eta artekak ixtea, betiere, negala orain dela 8 urte gehienez hasi bada.

4.-Sendagileak fluoruro topikoa ematea, beharrezkotzat jotzen duen teknika eta maiztasunarekin.

5.-Behin betiko hortz-haginak butxatzea:

Behin betiko hortz edo agin batean txantxarra atzemanik, eta hondamena gelditzerik edo birmineralizatzerik ez dagoela, bizirik eta aurrera baitoa, erabaki ondoren, gai iraunkor bat erabiliz butxatuko da, betiere, kasuan kasu, ahalik eta lehengoratze teknika kontserbatzaileenetara joz.

6.-Behin betiko hortz-haginen mamiaren tratamendua:

Hortz-haginen mamiaren inflamazio konponezina egonez gero, eta sendagileak egoki baderitzo, mamian behar den tratamendua eginen da.

7.-Hortz-haginak ateratzea:

Mamiaren tratamendua egitea egokia ez den kasuetan, hortza edo hagina aterako da.

8.-Behin betiko hortz-haginen tratamendu periodontala:

-Profilaxia: pigmentazio estrinsekoa edo lertzo biguna kentzea eta/edo hortz eta haginen azala garbitzea, eskuilaz edo kopaz eta profilaxiko oreaz.

-Tartrektomia: lertzo gogorra kentzea, ultrasoinuak erabiliz edo erabili gabe, eta, azkenik, azalak garbitzea.

9.-Hortz-haginetako traumatismoen sendabidea.

Traumatismoen ondorioz hortzetan gertatzen diren lesioak konponduko dira beharrezko jotzen diren teknikak erabiliz, foru agindu honen 2. artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe.

10.-Ahoko kirurgia tratamenduak:

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aho-hortzetako osasun zerbitzuen zerrendan beren onuradunei eskaintzen dizkien berberak izanen dira.

11.-Aho-hortzetako larrialdiak atenditzea:

Helburu nagusia mina kentzea izanen da; behin betiko hortz-haginak badira, tratamendua osoa izanen da, behin-behineko hortz-haginen kasuan, berriz, tratamendu aringarria besterik ez da eginen (botika bidezko terapia, aldi baterako operatorioa edo mina ematen duen hortza kentzea).

2. artikulua

Kanpo gelditzen diren osasun prestazioak:

Prestazio hauek Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programatik kanpo gelditzen dira:

1.-Ortodontzia lana, bai diagnosian bai tratamenduan.

2.-Protesien tratamenduak.

3.-Hortz edo hagin inplanteak.

4.-Behin-behineko hortz-haginak zaintzeko laguntza, kasu hauetan izan ezik: azterketa, hortz-haginak ateratzea edo larrialdiak.

5.-Kanpo gelditzen diren prestazioetarako edo haiengatik egin beharreko edozein interbentzio.

3. artikulua

Gastuak itzultzea:

1.-70/2003 Foru Dekretuaren 4.2 artikuluan aipatzen diren elbarriek dentista pribatu bat aukeratzen badute, eskubidea izanen dute foru agindu honen 1. artikuluko osasun prestazioak direla-eta sortzen diren gastuen zenbatekoa berreskuratzeko, foru agindu berean ezarritako tarifa eta prozedurei jarraikiz.

2.-Aurreko artikuluetako prestazioak direla-eta jasotzen ahal den zenbatekoa izanen da, gehienez ere, eranskineko tarifen zerrendan ageri den gehienekoa.

3.-Ordainketa eskubidea eskatuko da laguntza odontologikoa jaso aurretik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Hitzarmenen Zerbitzuan, eta honako hau erantsiko da:

-Laguntza odontologikoa hartzen duenaren izena, helbidea, telefonoa, jaioteguna, abiapuntuko toki edo zentroa eta Gizarte Segurantzako afiliazio zenbakia.

-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren ziurtagiria, elbarritasunari eta hirugarren pertsonaren laguntza-premiari buruzkoa.

-Ahoko eritasuna izateko arrisku irizpideak betetzea, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Atalaren ziurtagiriaren arabera.

-Odontologo edo estomatologoaren txosten xehetua, kasu bakoitzean behar den tratamenduaren egokitasunari buruzkoa, bai eta haren aurrekontua ere.

4.-Eskabidea jaso ondoren, Prestazio eta Hitzarmenen Zerbitzuak interesatuari jakinaraziko dio ordainketa baimendu dela, bidezkoa bada, eta betiere eranskineko gehieneko zenbatekoak kontuan hartuta.

4. artikulua

Apirilaren 7ko 70/2003 Foru Dekretuaren 1.c) artikuluan aipatutako ahoko eritasuna izateko arrisku irizpideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak ezarriko ditu.

5. artikulua

Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak finkatuko ditu Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa ezarri, garatu eta ebaluatzeko behar diren kontrol eta kalitate bermerako baliabideak.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Tarifak

-Apizektomia: 135 euro.

-Apikoformazioa (saioko): 44 euro.

-Fluoruroren ezarpen topikoa: 15 euro.

-Biopsia (APko azterketarako): 60 euro.

-Hortzoi barreneko hortz puskak ateratzea: 120 euro.

-Hortz-aginak ateratzea: 30 euro.

-Aurreko hortz-taldearen ferulizazioa: 92 euro.

-Butxatzea: 44 euro.

-Profilaxia: 36 euro.

-Aho barneko erradiografia (periapikala, oklusala edo hegalekoa): 7 euro.

-Garezurraren ertzeko erradiografia: 40 euro.

-Erradiografia panoramikoa (ortopantomografia): 40 euro.

-Diagnosi azterketa (erradiologia izan ezik): 15 euro.

-Artekak ixtea (hortz-agin bakoitzeko): 11 euro.

-Tartrektomia: 54 euro.

-Tratamendu endodontzikoa, hodi batekoa: 66 euro.

-Tratamendu endodontzikoa, 2 hodikoa: 81 euro.

-Tratamendu endodontzikoa, 3 hodikoa: 93 euro.

-Tratamendu endodontziko presakoa (erradiografiak eta pulpektomia barne): 33 euro.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa