Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorizkoa 2005eko 153. NAOn argitaratua, abenduaren 23an. Aldaketak: 2008ko martxoaren 7ko NAO)
Atarikoa
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2005eko azaroaren 21ean egindako bileran, hurrengo erabakia hartu zuen, besteak beste:
Ikusita Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren antolaketa eta funtzionamendu Erregelamenduaren proposamena, Arartekoak bidalia.
Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak proposamen horri buruz emandako txostena kontuan hartuta eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko lehenengo xedapen gehigarriarekin bat -xedapen horrek esaten du Legebiltzarreko Mahaiari dagokiola aipatu Erregelamendua onestea-, hona erabakia:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren antolaketa eta funtzionamendu Erregelamendua onestea.
Bigarrena
Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearren Nafarroako Gobernura bidal dadin agintzea.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGELAMENDUA
I. Xedapen orokorrak.
1. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoak babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatuko du Nafarroako Parlamentuak. Herritarrak administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea izango du eginkizun nagusi.
2. Esleitu zaion egitekoa betetzeko, arartekoaren legeak eman dizkion eginkizunak beteko ditu, eta, horretarako, behar diren giza eta gauza bitartekoak izanen ditu eskura, bere aurrekontuan horri begira baliatu ziren kontu-sailekin bat.
3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa ez zaio inongo aginduri lotuko. Ez du inongo agintariren jarraibiderik jasoko, eta eginkizunak autonomiaz beteko ditu eta bere irizpide propioei jarraikiz.
2. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak behar diren abantailak eta bermeak izanen ditu bere eginkizuna betetzeari begira, indarra duen legediak dioenarekin bat.
2. Nafarroako Parlamentuak ziurtagiri ofizial bat emanen du arartekoaren nortasuna eta kargua frogatzeko.
3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa bere kudeaketaren erantzule izanen da soilik Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
4. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren hautaketa eginen da arartekoaren legean bertan eta, hala bada, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz. Aipatutako legeak ezartzen du zein arrazoi dela medio utziko duen kargua arartekoak.
2. Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izendatzeak, funtzionario publikoa bada, berekin ekarriko du zerbitzu berezien egoerara pasatzea karguan dagoen bitartean.
5. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren erakundea zuzendu eta administratzea bere titularrari dagokio.
2. Dituen eginkizunak betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari laguntza ematen ahalko dio koordinazio eta barne araubide batzorde batek.
6. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere maila instituzionalari dagokion tratamendua izanen du.
2. Ekitaldi ofizialetan parte hartzeari eta lehentasunei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzekoa den araudiak xedatutakoari jarraituko zaio.
II.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa.
7. artikulua. 1. Legeak ematen dizkion eskumenez gain, hauek ere badagozkio Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari:
a) Erakundearen ordezkari izatea.
b) Erakundera kexak edo kontsulta egitera jotzen duten herritarrekin zuzeneko harremana izatea.
c) Autonomiako, nazioko eta nazioz gaindiko botere publikoekin, administrazio organoekin eta tankera bereko organoetako titularrekin zuzeneko harremanak izatea.
d) Legeak aurreikusten dituen urteko txostenak eta txosten bereziak Nafarroako Parlamentuan aurkeztea.
e) Arartekoaren ondokoa izendatu eta kargutik kentzea, betiere Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordeak onespena eman ondotik, arartekoaren legeak aurreikusi bezala.
f) Erakundeko langileei dagokienez:
1.-Langileen plantilla proposatzea, betiere Nafarroako Parlamentuak xede horretarako onesten dituen aurrekontuetako diru-kopuruei jarraikiz.
2.-Aholkulariak eta erakundearen gainerako behin behineko langileak izendatu eta kargutik kentzea, bai eta erakundeko funtzionarioak izendatzea ere. Azken kasu horretan, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eskuordeturik; hori dela eta, horren berri eman beharko dio Mahaiari.
3.-Idazkari nagusia izendatu eta kargutik kentzea.
4.-Langileen buru izatea eta diziplina ahalmena erabiltzea.
g) Koordinazio Batzordearen bilkurak deitu, gai-zerrenda finkatu eta eztabaidak zuzentzea.
h) Barne jarraibideak onestea, erakundearen zerbitzuak hobeki antolatzeko.
i) Erakundearen funtzionamendua gainbegiratzea.
j) Aurkeztutako kexen eta ofiziozko jarduketen izapideak, egiaztapena eta ikerketa zuzentzea.
k) Kexak tramitera onartu edo ez onartzearen gainean erabakitzea, bai eta ikerketen azken ebazpenen gainean ere.
l) Ofiziozko jarduketen gainean erabakitzea, bai eta egin beharreko txosten berezien gainean ere; betiere, bi kasuetan aukera izanen du haien betekizuna langile egokien esku uzteko, gaiaren, espezialitatearen edo beste inguruabar batzuen arabera.
m) Erakundearen lanaren izaera, ikerketak eta txostenak jendarteratzea.
n) Urtero, bere Bulegoaren aurrekontuen aurreproiektua Nafarroako Parlamentuari proposatzea eta urteko aurrekontuaren likidazioa aurkeztea.
o) Bere aurrekontua betetzeko jarraibideak finkatzea, betiere aplikatzekoa zaion aurrekontuen gaineko legediaren arabera.
p) Kontratazio organoaren ahalmenak erabiltzea.
q) Gastuak baimendu eta erabakitzea, bai eta ordainketak agintzea ere, espresuki beste organo batzuetan eskuordetu ez denean, betiere erregelamendu honetan xedatutakoari jarraikiz.
r) Espresuki beste organo bati ematen ez zaizkion beste eskumen guztiak.
2. Bere lana egiteko, kabinete baten laguntza izaten ahalko du, zuzenean Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren mendean egonen dena, eta arartekoak berak ere zehaztuko ditu kabinetearen eginkizunak.
8. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak urtero Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko dio bere jarduketei nahiz kudeaketei buruzko ohiko txostena, legeak aurreikusitako moduan eta epeetan. Betiere, aurretik ohiko txosten hori Foru Araubideko Batzordearen eskuetan jarriko da.
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak txosten horren laburpen bat ahoz azalduko du Parlamentuaren Osoko Bilkuran, eta, jarraian, parlamentu-taldeek parte hartzeko aukera izanen dute beren jarrera adierazteko.
2. Arartekoak aurkeztutako txosten monografiko edo bereziak Foru Araubideko Batzordean tramitatuko dira.
3. Arartekoak Nafarroako Parlamentuari epe jakin batean edo gai zehatz batean eginikoen berri eman nahi izanez gero Nafarroako Parlamentuari, eskatu eginen dio, eta horren ardura, Foru Araubideko Batzordeak, Eledunen Batzarrak edo Mahaiak hartuko du, Mahaiak nork erabakitzen duen.
III.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ondokoa.
9. artikulua. Hona hemen Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ondokoari dagozkion eskumenak:
a) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari laguntza ematea erakundearen lanetan.
b) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren eginkizunak betetzea, hark eginkizunak betetzerik ez duenean edo aldi baterako kanpoan dagoenean.
c) Kexa edo espedienteak ebazteko Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ematen dizkion ikerketa eginkizunen izapideak eta betetzea gainbegiratzea.
d) Urteko txostena egiten laguntzea, bai eta Nafarroako Parlamentuari aurkezten zaizkion txosten bereziak ere.
e) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak zer gairen ardura eman dion, horien gaineko erabakiak proposatzea.
f) Koordinazio Batzordearen bilkuretan kide gisa parte hartzea eta, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa ez badago, bilkura haietan buru izatea.
g) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ematen dizkion eskumenak, betiere lege honekin eta erregelamendu honekin bat.
10. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak izendatu eta kenduko du kargutik ondokoa, betiere Nafarroako Parlamentuak onespena eman ondotik, legean xedatutakoarekin bat.
2. Ondokoa karguaz jabetuko da Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren aurrean eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren aurrean, eta, ekitaldi horretan, Nafarroako foru eraentza errespetatu, Espainiako Konstituzioari eta legeei men egin eta kargua zintzo beteko duela zin egin edo hitz emanen du.
3. Ondokoa zuzenean da bere kudeaketaren erantzule Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren abantaila eta berme berak zaizkio aplikatzekoak bere eginkizunak betetzeari dagokionez.
4. Ondokoak kargua utziko du legean ezarritako zioengatik eta, halaber, Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitateko ararteko berria izendatu eta hura karguaz jabetzearekin bat.
IV.-Koordinaketa eta Barne Araubide Batzordea.
11. artikulua. 1. Koordinazio eta Barne Araubide Batzordea Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak duen kontsulta eta aholkularitza organoa da; bere eginkizunak betetzeko, hain zuzen, bai eta antolaketa, administrazioa eta barne araubiderako ere.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa da Koordinazio eta Barne Araubide Batzordeko burua. Alorreko arduradun aholkulariak ere kide izanen dira, eta hori ez da eragozpen izanen erregelamendu honetan balizko beste kargu batzuetarako ezarritakoetarako.
3. Nafarroako arartekoak espresuki deitu ondoren, aholkulariak eta arartekoak egoki jotzen duen pertsona oro joaten ahalko da Koordinazio Batzordeko bilkuretara, informazioa jasotzeko.
12. artikulua. 1. Koordinazio Batzordea gutxienez hilean behin bilduko da, eta, horrez gain, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak batzordea deitzea egoki ikusten duen aldi oro ere bai.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak gai-zerrendan ezarriko ditu, edozein batzordekidek proposaturik, eztabaidatu beharreko gaiak.
3. Bilkuren edukia aktan jasoko da, eta hartutako erabakiak espresuki islatuko dira.
4. Koordinazio eta Barne Araubide Batzordeko kideek, bai eta hartan parte hartzen duten gainerako pertsonek, isilpean gordeko dituzte eztabaiden edukiak.
13. artikulua. Hona hemen Koordinazio eta Barne Araubide Batzordearen eginkizunak:
a) Plantillari dagozkion gaiez txostena egitea, bai eta erakundearen zerbitzuan ari diren behin behineko langileen izendatzeaz eta kargutik kentzeaz, bidezkoa denean.
b) Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko aukera aztertzea eta horri buruzko txostena egitea; errekurtsoa jartzea erabakiz gero, Gorte Nagusietako arartekoari eskatzea errekurtsoa jar dezan.
c) Erakundearen aurrekontu proiektuen prestaketari, exekuzioari eta likidazioari loturiko gai oroz arduratzea eta haietaz txostenak egitea, aurrekontua Nafarroako Parlamentura igorri baino lehen.
d) Obra, zerbitzu eta hornidura proposamenei buruzko txostena egitea, bai eta horiek kontratatzeko oinarriei buruz ere.
e) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari laguntzea alorretako jarduerak koordinatzen eta zerbitzuen antolaketa hobetzen.
f) Nafarroako Parlamentura igortzen diren urteko txostenez edo txosten bereziez arduratzea eta haietaz txostenak egitea.
g) Erregelamendu hau aldatzeko proiektuaz txostena egitea eta aholkatzea.
h) Beste entitate edo erakundeekin sinatu beharreko hitzarmenez eztabaidatzea.
i) Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari aholku ematea, arartekoak batzordearen eskuetan jartzea egoki ikusten duen gai orotan.
V.-Funtzionamendua.
14. artikulua. 1. Bere eskumenez baliatzean, bai eta kexak izapidetzean eta ikertzean, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren funtzionamendua legean eta erregelamendu honetan ezarritakoari lotuko zaio.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoan kexa aurkezteak, eta, bidezkoa bada, hura onartzeak inola ere ez ditu bertan behera utziko legeetan errekurtsoa aurkezteko aurreikusiak dauden epeak, hala administrazio bidean nola jurisdikzionalean. Orobat, ez du etenen kexak ukituriko ebazpenaren edo egintzaren betearaztea.
15. artikulua. 1. Edozein bide erabiltzen ahalko da kexa Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari aurkezteko, baldin eta aukera ematen badu interesdunaren edo aurkeztu duen pertsonaren nortasuna frogatzeko. Betebehar bakarrak izanen dira erakundea arautzen duen legean ezarritakoak.
2. Orobat, hala norbaitek aurkeztutako kexetan nola ofiziozko espedienteetan, izapideak funtsean berdinak izanen dira, baina aintzat hartuko dira jarduketa bakoitzak dituen berezitasunak.
16. artikulua. 1. Kexen onarpena ala ez onarpena, azterketa eta ebazpena Nafarroako Foru Komunitatearen arartekoa arautzen duen legearekin bat eta bere irizpideei jarraikiz eginen da.
2. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren jarduketek laburtasuna izanen dute oinarri eta ez dute prozedura arautua izanen, salbu eta arartekoa arautzen duen legeak horri buruz xedatutakoa.
17. artikulua. 1. Administrazio publikoei zuzentzen zaizkien informazio eskariek argi eta labur adieraziko dute erantzuna zer alderdiri lotu behar zaion.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak administrazio publikoei eskatzen ahalko die ikerketa xede den aferei loturiko espedienteen eta agirien kopiak igortzeko.
18. artikulua. 1. Legearen 17. artikuluaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, bai eta erakundeko langile kreditatuek ere, behar adina jarduketa egiten ahalko dituzte agintarien eta funtzionarioen aurrean, ikertzen ari diren gaiak ezagutu eta argitzeko.
2. Aipatu zereginak betetzean, administrazio publikoen espediente eta agiriak eskatzen ahalko dituzte, ikertzen ari direnari loturik badaude, eta, era berean, haien kopiak eta ziurtagiriak ere lortzen ahalko dituzte.
3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak edo haren mendeko langileek egindako jarduketak eta ikerketak, betiere, isilpekoak izanen dira; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen arartekoak, Nafarroako Parlamentura igortzen dituen txostenetan, egoki jotzen dituen azalpenak sartzeko, betiere legea betez.
19. artikulua. 1. Soilik Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ezagutuko ditu ofizialki sekretutzat edo isilpekotzat sailkaturik dauden agiriak
2. Aipatu agiriak behar bezala zainduko dira eta horri buruzko erantzukizun zuzena izanen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak.
3. Ezin izanen da inola ere agiri sekretuen edukien aipamenik egin Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren txostenetan edo kexa aurkeztu edo haren esku-hartzea eskatu duen pertsonari emaniko erantzunean.
4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bidezkoa dena aginduko du barne agiriak "isilpeko" moduan sailkatzeari begira.
5. Nafarroako Parlamentuari igorritako txostenetan, ofizialki sekretu edo isilpeko gisa sailkatutako agirien aipamena egin ala ez, zuhurki juzkatuko du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak.
20. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren ebazpenek legean aurreikusitako forma izanen dute, kasuaren arabera. Zehazki:
a) Gomendioa ebazpen forma bat da eta haren bidez administrazioari edo agintari eskudunari halako jarduketa jakin bat egiteko komenigarritasuna adierazten zaio, akats edo irregulartasun bati akabera emateko.
b) Legezko betebeharren gogorarazpena ebazpen forma bat da eta, haren bidez, administrazioari gogorarazten zaio tankera orokorreko legezko arau edo administrazio xedapen jakin batera moldatzeko duen betebeharra.
c) Iradokizuna administrazioari edo agintari eskudunari zuzendutako ebazpen forma bat da eta haren bidez adierazten da jarduketa mota jakin bat hasi edo hura zuzentzeko komenigarritasuna, betiere legeak erakundeari ematen dizkion eginkizunen barnean.
d) Oharpena ebazpen forma bat da eta, haren bidez, administrazioari, agintariari edo funtzionarioari jakinarazten zaio erakundearen ikerketa ahalmena eragozten duen portaera jakin bat aldatzeko beharra, eta, halaber, aditzera ematen zaio zer neurri zuzentzaile har daitezkeen delako portaera hari eusten dionaren aurka.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, indarrean dagoen legediarekin bat, adiskidetze edo akordio formulak ere proposatzen ahalko dizkio ukituriko departamentuari, organismoari edo erakundeari, kexen ebazpen positiboa eta azkarra errazteko.
3. Bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bitartekari lanak egiten ahalko ditu, horrela eskatzen zaionean eta ukituriko alderdiak esku-hartzearekin eta haren baldintzekin ados badaude.
4. Modu berean, Nafarroako arartekoak egoki ikusten dituen txostenak igortzen ahalko dizkio ikuskaturiko administrazio publikoari bere funtzionamenduari buruz.
21. artikulua. 1. Bere eskumenen betekizunean, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere eginkizunak koordinatuko ditu Gorte Nagusietako arartekoarekin eta beste autonomia erkidego batzuetako antzeko instituzioekin, erakundea arautzen duen legearen V. tituluak aurreikusitakoari jarraikiz.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak komenigarri ikusten dituen hitzarmenak eta akordioak sinatzen ahalko ditu estatuz gaindiko, estatu nahiz autonomia mailako antzeko instituzioekin, legeek, hala bada, aurreikusitakoari jarraikiz.
VI.-Langileak.
22. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, arartekoaren langileak hauek dira: alorreko arduradunak, aholkulari teknikoak eta konfiantzazko langileak, bai eta arartekoari atxikitako Nafarroako Parlamentuko plantillako langileak --horiei, betiere, Nafarroako arartekoak esleituko die erakundean izanen duten destinoa--.
23. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak libreki izendatu eta kargutik kenduko ditu bere eginkizunak betetzeko behar dituen aholkulariak eta konfiantzako langileak. Nolanahi ere, kargua utziko dute erakundearen titular berriak karguan hartzen duen unean bertan. Horiek, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan behin-behineko langileendako ezarrita dagoen araubideari lotuko zaizkio.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren zerbitzuko langileen araubidea lotuko zaio Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuari, baina Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren mende egonen dira organikoki eta funtzionalki.
24. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak onets dezan igortzen duen aurrekontuen aurreproiektuan, bere zerbitzuko langile guztiak hartuko dituen plantilla proposamena eginen du, aholkulariak eta konfiantzako langileak barne direla, bai eta lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta betetze sistema ere.
Era berean, erakundearen Bulegoaren plantilla proposamena Parlamentuko Mahaiari igorriko dio, Nafarroako Parlamentuko langileen plantillarekin batera onets dezan.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak bere plantillako langileei dagozkien lanpostuak aukeratu eta beteko ditu, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eskuordeturik eta hari jakinarazirik, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan xede horretarako ezarriak dauden prozeduren bitartez eta langileen plantillan aurreikusitakoarekin bat.
25. artikulua. 1. Nafarroako arartekoak libreki izendatuko du bere Idazkari Nagusia.
2. Idazkari Nagusiak, Koordinazio Batzordeko kidea izateaz gain, aholkulari lana ere egiten ahalko du eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.
3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak aldi baterako ezintasun fisikoren bat badu edo aldi baterako kanpoan badago eta arartekoaren ondokoaren postua hutsik badago, idazkari nagusiari egokituko zaio erakundearen titularraren ordez jardutea administrazioaren, langileen eta ondarea kudeatzearen arloetako gaiak ebazteko. Idazkari nagusiak emandako ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak emandakotzat joko dira.
26. artikulua. 1. Aholkulariek eta konfiantzako langileek erabateko dedikazioko araubidea izanen dute zerbitzuak emateari dagokionez.
Plantillako langileek plantilla organikoan ageri den dedikazioa izanen dute, eta erakundeak ezartzen duen lanaldiaren erregulazioaren ondoriozkoa.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren aholkulari izatea bateraezina da edozein ordezkaritzarekin, edozein kargu politikorekin edota alderdi politiko, sindikatu, elkarte edo fundazio orotan zuzendaritza eginkizunak betetzearekin, eta haien zerbitzuan lan egitearekin, bai eta edozein lanbide, jarduera liberal, merkataritza-jarduera edo lan jardueratan aritzearekin ere. Soilik bateragarri izanen da, izatekotan, irakasle lanarekin, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak askatasunez eta espresuki oniritzia eman ondoren, betiere bateraezintasunei buruzko legediak ezarritakoarekin bat.
3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak erakundetik kanpoko profesionalekin txostenak eta azterlanak kontratatzen ahalko ditu oro harreko prezioaren bidez, baina horrek ez du berekin ekarriko lan, funtzionario edo behin-behineko harremanik erakundearekin, ezta Nafarroako Parlamentuarekin ere.
4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak lankidetza edo praktika akordioak edo hitzarmenak egiten ahalko ditu egoki ikusten duen erakunde publiko eta pribatu guztiekin. Era berean, bekak ematen ahalko ditu interesekoak jotzen dituen jarduerak egiteko, hori guztia bere aurrekontuen mugen barnean eta aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat.
27. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren zerbitzuko langile orok isilpean gorde beharko ditu erakundean izapidetutako gaiak. Betebehar hori ez betetzeari zehapena egokituko zaio, erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat.
28. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren plantillako langileei zehapenak ezarriko zaizkie, diziplinazko hutsegiteengatik, betiere Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren VIII. kapituluak xedatutakoarekin bat, eta hartan ezarritako prozedurari jarraikiz.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari egokituko zaio hutsegite arinak zehatzea, bai eta espedientea irekitzea, instrukzio-egilea izendatzea eta hutsegite larriak eta oso larriak zehatzea ere, salbu eta ondoko idatz-zatian aurreikusitako kasuetan.
3. Diziplina zehapena zerbitzutik kentzea bada, Parlamentuko Langileen Estatutuak eskuduntzat jotzen duen Parlamentuko organoak soilik ezartzen ahalko du. Dena dela, halakoetan, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari egokituko zaio espedientea ireki, ordenatu eta bultzatzea, bai eta zehapena proposatzea ere.
4. Diziplina araubidearen arloan esleitu zaizkion eskumenez baliatuta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ematen dituen zehapen ebazpenek administrazio bidea itxiko dute. Ebazpen horien kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko da, jurisdikzio horri buruzko araudiari jarraituz.
VII.-Araubide ekonomikoa.
29. artikulua. 1. Erakundeko zerbitzuek aurrekontuen aurreproiektuaren aurrerapena eginen dute eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren eskuetan jarriko dute, onets dezan.
2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak aurrekontuen aurreproiektua onetsi eta Parlamentuko lehendakariaren bidez Eledunen Batzarrari helaraziko dio, aurrekontuen proiektua onets dezan.
3. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, Eledunen Batzarrak aurrekontuen aurreproiektuari buruz erabakirik hartu aurretik, agerraldia egitea eska dezake Eledunen Batzarrean, aurreproiektua egiteko erabili diren irizpideak azaltzeko.
4. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren zuzkidura ekonomikoa Nafarroako Parlamentuaren aurrekontuko kontu-sail bat izanen da. Dena dela, Nafarroako aurrekontu orokorretan sartzeari begira, zuzkidura sailkatuko da kapitulu ekonomikoen arabera: transferentzia arruntak eta kapital-transferentziak.
30. artikulua. 1. Kontabilitaterako, kontu-hartzailetzarako, gastuak baimentzeko, kontrataziorako eta ondasun eta eskubideak eskuratzeko, Nafarroako Parlamentuak duen araubide bera izanen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak.
2. Bere aurrekontua betetzeak dakartzan gastuak baimendu eta ordainketak agintzeko eskumenak ditu Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak.
3. Orobat, arartekoak eginen ditu aurrekontu kontzeptuen arteko kreditu-transferentziak, eta, horretarako, Nafarroako Parlamentuan indarra duten arauak aplikatuko dira.
31. artikulua. 1. Legeko 45. artikuluarekin bat, aurrekontuan kontu-sail bat sartuko da partikularren gastuak ordaintzeko; hain zuzen ere, erreklamazioa aurkeztu gabe edo kexaren egileak izan gabe Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak deitu dituenen gastuak ordaintzeko.
2. Xede horretarako, joan-etorriko gastuak ordainduko dira, behar bezala frogatu ondoren, bai eta lan orduak galtzetik eratorritako gastuak ere, beharrezkoa denean.
32. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak, dagozkion xehetasunak urteko txostenean sartzeari utzi gabe, urtero aurrekontuaren likidazioa helaraziko dio Eledunen Batzarrari Parlamentuko lehendakariaren bidez, onets dezan.
2. Halaber, aurrekontuaren likidazioaren berri edo hura zertan den jakinaraziko du, hala eskatzen dionean Nafarroako Parlamentuko organo eskudunak.
Azken Xedapen Bakarra
Erregelamendu hau Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta indarra hartuko du azken horretan argitaratu eta biharamunean.