(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Nekazaritzaren antolaketa eta modernizazioa :
      • 222/2014 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, ustiategiei aholkularitza emateko sistema, aholkularitza entitateen onarpena eta haien erregistroa arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

222/2014 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, ustiategiei aholkularitza emateko sistema, aholkularitza entitateen onarpena eta haien erregistroa arautzen dituena

 

(2014ko 149. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 31n)

Atarikoa

2014-2020 aldirako NPBren erreforman, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamendua onetsi zen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzkoa, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena.

Gaur egun ere, aipatutako funtsa finantza tresna egokitzat jotzen da aholkularitza zerbitzu horien ezarpenean eta erabileran aurrera egiteko; aurreko aldiarekin konparatuta, helburu handiagoak izanen dituzte zerbitzu horiek oraingoan, ezagutza eta informazio neurriak zabaltzeko bitartekoak nekazari eta abeltzainen egiazko beharretara moldatu behar direlakoan, prestakuntzarako ohiko ikastaroetara mugatu gabe. Horretarako, tailerrak, tutoretzak, erakusteko ekintzak, truke programak eta ustiategietarako bisitak sustatu behar dira.

Informazio, prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuen bidez, lortu beharko da nekazariek aukera izatea beraien nekazaritza ustiategiaren errendimendua ebaluatzeko eta beharrezkoak diren hobekuntzak zehazteko, kudeaketarako lege beharkizunei eta nekazaritza nahiz ingurumen arloetako baldintza egokiei dagokienez, baina beste alderdi batzuei dagokienez ere: ustiategien modernizazioa, lehiakorrak izatea, sektorean integratzea, berrikuntza, produkzioa merkatura bideratzea eta enpresa ekimena sustatzea.

Eta, aurreko guztia, alde batera utzi gabe Urari buruzko esparru-zuzentarauak eskatzen dituen betebeharrak eta zenbait alderdiren inguruko printzipio orokorrak ere betetzea, hala nola, izurriteen kudeaketa integratua, aldaketa klimatikoa, banaketa kate laburrak, nekazaritza ekologikoa eta abereen osasuna.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren III. tituluko I. kapituluan jaso dira, besteak beste, Batasuneko landa garapenaren arloko lehentasunetan laguntzeko programatu daitezkeen eta funtsaren laguntza jaso dezaketen landa garapeneko neurriak.

15. artikuluan, berriz, nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza, kudeaketa eta ordezpen zerbitzuei buruzko neurria bildu da. Zerbitzu horiek ematen dituztenen bidez banatzen dira laguntzak.

Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzan eta abeltzaintzan, ikerketa, esperimentazio eta transferentzia teknologikoetarako zerbitzuak oso hedatuta daude, eta horren froga da bi sektoreetan profesional kopurua handia dela. Nolanahi ere, 2014-2020 aldirako NPBren erreforma dela-eta, neurri mota horren aldeko apustua lehen baino are handiagoa da. Nafarroan zerbitzu horiek arautzeko asmoa dago, modu antolatuan jardun dezaten, eta zerbitzuak jasotzen dituen sektorea programazio epe berri honetan Batasunean planteatzen diren laguntzen onuraduna izan dadin.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduak, nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/200 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituenak, 12. artikuluan ezartzen duenez, Batasuneko kide diren estatuek sistema bat ezarriko dute onuradunei aholku emateko lurren eta ustiategien kudeaketari buruz. Horretarako izendatuko diren erakunde publiko eta/edo hautatuko diren erakunde pribatu batzuk arduratuko dira sistema horretaz.

13. artikuluan zehazten denez, Batasuneko kide diren estatuen ardura izanen da ustiategiei aholkularitza emateko sisteman aritzen diren aholkulariek kualifikazio egokia izatea eta aldian-aldian prestakuntza jasotzea.

Hori dela eta, beharrezkoa da arautzea zer baldintza bete beharko dituzten enpresa horiek, alegia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 15. artikuluan aurreikusten diren zerbitzuak emateko asmoa duten eta Nafarroako Foru Komunitateko 2014-2020 urteetarako Landa Garapeneko Programaren esparruan zehazten diren laguntzak jaso nahi dituztenek.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoa du, bere foru araubidearen ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza arloetan, eta hala dago jasota Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan; horrenbestez, eskumen hori baliatuz eman da foru agindu hau.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduak, Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, 12. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, foru agindu honen xedeak hauexek dira:

1.–Nafarroako Foru Komunitateko ustiategientzako aholkularitza, kudeaketa eta ordezpen sistema arautzea.

2.–Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean nekazaritzako ustiategiei aholkularitza, kudeaketa eta ordezpen zerbitzuak ematen dizkieten entitate pribatuak onartzeko prozedura ezartzea.

3.–Nekazaritzako ustiategiei aholkularitza ematen dieten entitateen erregistroa sortu eta arautzea.

2. artikulua. Aholkularitza zerbitzuen aplikazio eremua eta gaiak.

1.–Aholkularitzako entitateek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean duten ustiategiei emanen dizkiete zerbitzuak.

2.–Ustiategiei aholkularitza emateko sisteman gutxienez honakoak sartuko dira:

a) Ustiategietan bete beharrekoak, alegia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren VI. tituluko I. kapituluan kudeaketarako ezarritako lege beharkizunak, bai eta lurrak, nekazaritza eta ingurumen aldetik, izan beharreko baldintza egokiak zuzentzeko arauak ere.

b) Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritzako jardunbideak, 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren III. tituluko 23. kapituluan ezartzen diren bezala, eta nekazaritzako lurren azalera mantentzea, 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluaren 1. idatz-zatiko c) letran xedatutakoari jarraikiz.

c) Landa garapeneko programetan jasotzen diren neurriak, nekazaritzako ustiategiei dagozkienak, xede hauek dituztenak: ustiategien modernizazioa, lehiakortasuna sendotzea, sektorean integratzea, berrikuntza, eta produkzioa merkatura bideratzea, bai eta enpresa ekimena sustatzea ere;

d) Onuradunei dagozkien betekizunak, Batasuneko kide diren estatuek 2000/60/EE Zuzentarauaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatia aplikatzeko ezarritakoak;

e) Onuradunei dagozkien betekizunak, Batasuneko kide diren estatuek 1107/2009 Erregelamenduaren (EE) 55. artikulua aplikatzeko ezarritakoak, bereziki 2009/128/EE Zuzentarauaren 14. artikuluan aipatzen den beharkizuna.

3.–Ustiategiei aholkularitza emateko sisteman beste honakoak ere sar daitezke, bereziki:

a) Ustiategien moldaketak eta haien jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatzea;

b) Arriskua kudeatzea eta natura hondamenei, hondamendiei eta animalien nahiz landareen eritasunei aurre hartzeko neurri egokiak ezartzea;

c) Nazio mailako legeek ezarritako gutxieneko betekizunak, 1305/2013 Erregelamenduaren (EE) 28. artikuluaren 3. idatz-zatian eta 29. artikuluaren 2. idatz-zatian adierazten den bezala;

d) Klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko bideei buruzko informazioa, biodibertsitatea eta uraren babesa, Erregelamendu honen I. eranskinean aurreikusi bezala.

3. artikulua. Aholkularitza zerbitzuak emateko entitateek bete beharrekoak.

Izendatutako zerbitzu publikoak eta onartutako entitate pribatuek honako baldintza eta betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.–Aholkularitza esparruaren arabera, agronomiaren eta/edo albaitaritzaren arloko unibertsitate-titulazioa eta biologia edo ingurumen zientzietakoa duen teknikari taldea izan behar du.

2.–Teknikariek aholkularitza lanetan gutxienez hiru urte eman dituztela frogatu beharko du. Ustiategiei aholkularitza emateko sisteman aritzen diren aholkulariek kualifikazio egokia izan beharko dute eta aldian-aldian prestakuntza jaso.

3.–Erabiltzaileen erregistro sistema bateragarria izatea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren V. tituluko II. kapituluan ezarritako kudeaketa eta kontrol sistema integratuarekin.

4.–Izendatu eta onartutako erakundeek ez diote kasuan kasuko ustiategia kudeatzen duen onuraduna ez den beste inori emanen aholkularitza lanean eskuratzen duten inolako informaziorik ez datu pertsonalik edo banakakorik; salbuespena izanen dira jardueran atzemandako irregulartasunak edo arau-hausteak, Batasuneko edo nazio mailako legeen ondorioz nahitaez jakinarazi behar zaizkionak agintari publiko bati, gehienbat arau-hauste penalak badira.

4. artikulua. Aholkularitzako entitate publikoa.

1.–Nekazaritzako ustiategientzako aholkularitza publikoa Nafarroako Foru Komunitateak emanen du Instituto Navarro de Infraestructuras y Tecnologías Agrarias, S.A. (INTIA, S.A.) erakundearen bitartez.

2.–Urteko kudeaketa plana eta aplikatzekoak diren tarifak aurkeztu beharko dituzte, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onets ditzan.

5. artikulua. Aholkularitzako entitate pribatuen onarpena.

1.–Nafarroako Foru Komunitatean ustiategiei aholkularitza zerbitzuak emateko interesa duten entitate pribatuek berezko nortasun juridikoa izan beharko dute, eta estatutuetan jaso haien helburu soziala nekazariei eta abeltzainei laguntza eta aholkularitza ematea dela.

2.–Onarpena jasotzeko, eskabidea aurkeztu beharko dute, urte natural osoan behin bakarrik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuan, zehazki departamentu horren Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruñea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

3.–Eskaerak telematika bidez aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz http://www.navarra.es/home-es/Servicios/. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

4.–Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Zerbitzuaren organigrama, maila deszentralizatuetaraino.

b) Aholkularitza plana, nekazari eta abeltzainen sentsibilizaziorako ekintzak eta orientabideen jarraipena egiteko sistema adierazita.

c) Teknikarien eta administrazioko langileen kopurua, adierazita pertsona bakoitzaren ardura diren gaiak eta arloko titulazioaren eta esperientziaren frogak.

d) Orientabideen jarraipena eta emaitzen autoebaluazioa egiteko eredua eta sistema.

e) Finantza plana, zerbitzuen tarifak barne.

f) Entitateak izanen dituen baliabide materialen deskribaketa.

5.–Eskaera hartu ondoren, hirugarren artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituen eta aurreko puntuan aurreikusten diren agiriak ekartzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, interesdunari 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

6.–Eskaera aztertu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak onarpena eman edo ukatzeko ebazpen-proposamena eginen du.

7.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onarpen eskaeraren gainean ebatziko du, arrazoiak emanda. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, entitate eskatzailea onartutzat joko da.

8.–Behin onartuta, entitatearen inskripzioa eginen da Nafarroako Foru Komunitateko aholkularitza entitateen Erregistroan, horretarako sortuko baita.

6. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo onartutako entitateek aholkularitza ematea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioez beste administrazio batzuek onartutako entitateek aholkularitza zerbitzuak Nafarroan eman nahi baldin badituzte, Nekazaritza Zerbitzuan justifikatu beharko dute jatorriko autonomia erkidegoko aholkularitza entitateen Erregistroan inskribatuta daudela.

7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko aholkularitza entitateen erregistroa.

1.–Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian Nafarroako Foru Komunitateko aholkularitza entitateen Erregistroa sortu da, bertan inskribatzeko Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aritzen diren aholkularitza zerbitzu publikoak eta entitate pribatu onartuak.

2.–Entitate bakoitzaren erregistro fitxan datu hauek jaso beharko dira gutxienez:

–Ustiategiei aholkularitza zerbitzua ematen dien entitatearen izena, IFZ-a, helbide soziala, telefonoa, fax-a eta posta elektronikoa.

–Izaera juridikoa.

–Langileen kopurua, entitatearenak berarenak direnena eta laguntzaileena, adieraziz unibertsitateko titulua dutenak, lanbide heziketa dutenak, administraziokoak eta bestelakoak direnak, denak zehaztuta.

–Zuzendaria edo arduraduna.

3.–Erregistroa publikoa izanen da, ezertan ukatu gabe datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritakoa. Erregistro honetako datuak Estatuko Administrazio Orokorrari eta Europar Batzordeari baizik ez zaizkio lagako, administrazio bakoitzaren xedeetarako soilik. Erregistroko datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan inskribatutako titularrek soilik baliatu ahal izanen dituzte.

8. artikulua. Aholkularitza entitateen betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitatean aholkularitza zerbitzuak ematen dituzten entitateek honako beharkizunak dituzte:

1.–Agiriak jendearen esku uzteari eta datu pertsonalak edo norberarenak jakinarazi eta hedatzeari dagokienez, Batasuneko, estatuko edo autonomia erkidegoko arauak betetzea. Nolanahi ere, informazio hori datu pertsonalak babesteari buruzko legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.–Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituen lan guztietarako fitxategi zentralizatu bat izatea, foru agindu honek mugatutako esparruan emandako aholkularitza zerbitzu guztiak zehaztuta adierazten dituena, ondoko datu hauekin gutxienez:

–Kontsulta edo bisita guztien datak.

–Eskatzailearen datu pertsonalak.

–Aholku lanaren xedeko ustiategiaren datu teknikoak eta ustiategiaren kokapen geografikoa.

–Eskaerari zein bulegotan erantzun zaion, teknikari aholku-emailea(k) adierazita.

–Kontsulta bakoitzaren gaia eta emandako gomendioa, konponbide edo proposamena.

–Egindako kontsulten gainean nekazariari emandako konponbide edo aholkuen betetze-mailaren segimendua.

–Aholkua jasotzen duen ustiategi bakoitzarekin lotutako orduak eta kostuak.

–Egindako gastuaren euskarri diren fakturak eta gastuen ordainagiriak.

3.–Urtero, lehenengo hiruhilekoan, aurreko urtean egindako aholku-lanaren gaineko txostena aurkeztea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, jarduerak, emaitzak, lorpenak eta izandako zailtasunak zehaztuz. Era berean, urte berrian aplikatu beharreko tarifak jakinaraziko dira.

4.–Ustiategietako titularrek eskatuta, aholkatu diren jardueren arloan eskumena duten erakundeek egiten dituzten ikuskapenetan parte hartzea.

5.–Aholkularitza zerbitzuak objektibotasun osoz ematea eta aholkua eskatzen duten nekazari eta abeltzain guztiei kasu egitea, inolako bazterketarik egin gabe.

6.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egiten dituen kontrolak eta kalitate teknikoaren egiaztapenak onartzea.

7.–Foru agindu honen 7. artikuluan aipatutako erregistro-fitxetako datuak aldatuz gero, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea.

9. artikulua. Kontrola eta ikuskapena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak behar diren kontrol eta ikuskapen lanak eginen ditu erregistroko datuak egiaztatzeko eta aholkularitza entitateek dituzten betebeharrak eta eginbeharrak bete ote diren eta zerbitzuaren kalitate teknikoa begiratzeko.

10. artikulua. Onarpena eta Erregistroko inskripzioa bertan behera uztea eta iraungitzea.

Onarpena lortzeko behar diren baldintzetako bat betetzen ez bada, entitateak hartutako betebeharretan edo konpromisoetan huts eginez gero edo fidagarritasun tekniko falta nabarmena baldin bada, entitateen onarpena eten edo iraungiko da eta kasuan kasuko entitateak Erregistroan duen inskripzioa ezabatuko da. Betiere, ukitutako entitateari entzutea emanen zaio.

11. artikulua. Aholkularitza jasotzea.

1.–Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden ustiategien titularrak diren nekazari eta abeltzain guztiek eskatu ahalko dute aholkularitza zerbitzua.

2.–Aholkularitza zerbitzuak gai jakin baterako eska daitezke edo, bestela, aldizkako aholkularitza lana hitzartzen ahalko da, nekazari bakoitzak nahi bezala erabakita.

Xedapen Indargabetzailea

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren azaroaren 14ko 350/2006 Foru Agindua, nekazaritzako ustiategiei aholku emateko zerbitzua arautzen duena, indarrik gabe gelditu da.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa