Castellano | Euskara | Français | English
(2015eko 122. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 25ean)
Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txosten bat aurkezten du, eranskinean zehazten diren orientabideak onets daitezen, Lehen Hezkuntzaren curriculumean irakurmenari buruzko lana bultzatu, lagundu eta errazte aldera.
Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duten uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuak gaitasunen araberako ikaskuntza bultzatzen du; horren ezaugarriak zeharkakotasuna, dinamismoa eta izaera integrala dira. Ezagutzaren arlo guztietatik heldu behar zaio gaitasunen araberako irakaskuntza-ikaskuntzaren prozesuari, eta hezkuntza komunitatea osatzen duten instantzia guztiek behar diote heldu. Gaitasunak ez dira une jakin batean eskuratzen eta ez dute aldatu gabe irauten; izan ere, badute garapen prozesu bat, zeinaren bidez lortzen baitute gizabanakoek gaitasun horiek maila handiagoetan erabiltzea; hortan ageri da dinamismoa.
Hizkuntzaren bidezko komunikazioaren gaitasuna funtsezko faktorea denez gainerako gaitasunak eskuratzeko, foru dekretuak tratamendu berezia proposatzen du irakurtzeko estrategien irakaskuntzarentzat eta testu idatzien sorkuntzarentzat. Gainera, arlo guztietan egunero irakurtzeko denbora bat jaso beharko dela ezartzen du, ikasleek lortu beharreko gaitasunak garatzeko behar diren saioak galarazi gabe, curriculumeko edukiak modu integratuan aplika daitezen eta jarduerak behar bezala aurrera eraman eta problemak beren ingurunean ebatzi.
Arlo guztietako irakasleei orientabide batzuk ematea du xede ebazpen honek, lagungarriak izan daitezen haien programazioetan irakurmena eta testu idatzien sorkuntza integratzeko, baita eguneroko irakurtze denbora egituratzeko ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehendabizikoa.–Eranskinean jasotzen diren orientabideak onestea, ulermenezko irakurketaren tratamendua, idazketa eta irakurtzeko ohituraren sustapena lagundu eta bultzatzeko Lehen Hezkuntzako arlo guztietako programazioetan.
Bigarrena.–Hezkuntza Departamentuak berariazko prestakuntza antolatuko du etapako irakasleentzat eta “praktika egokiak” zabalduko ditu material didaktikoak argitaratuta; praktika horiek ulermenezko irakurketa, idazketa eta irakurtzeko ohituraren sustapena integratuko ditu curriculumeko edukien eta helburuen tratamendu arruntean.
Hirugarrena.–Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Orientabideak, Lehen Hezkuntzako arlo guztietan ulermenezko irakurketaren tratamendurako, idazketarako eta irakurtzeko ohitura sustatzeko
I.–Testuak ulertu eta sortzea eta irakurtzeko ohitura sustatzea, curriculumeko arlo guztien eginkizun arrunta.
a) Uste da hizkuntza gaitasunaren garapena Hizkuntza arloaren erantzukizuna dela eta ikasleek hartan ikasitakoa gainerako arloetan aplikatu behar dutela. Egia izanik Hizkuntza arloari berariazko tratamendua dagokiola aspektu horietan, egia ere bada arlo guztiei dagokiela saiatzea ikasleak gauza izan daitezen irakasgai bakoitzeko testuak ulertu eta sortzeko, eta hori gustura egitea eta gero eta modu autonomoagoan.
b) Ikasleek ez badituzte beren adinari egokitutako testu idatziak ulertu eta sortzeko teknikak menperatzen, eskola porrotera bidaltzeaz gain, atea ixten zaie ezagutzari eta hazkunde pertsonalari. Horregatik, epe labur, ertain eta luzerako inbertsio gisa ulertu behar da kontzeptuak ulertzen eta adierazten egiten den ahalegina eta ematen den denbora, edo testuekin zuzenean lanean ematen dena, horiek zientzia, humanismo, kazetagintza, literatura eta abarrekoak izan, paperean zein euskarri elektronikoan.
c) Kontuan hartu behar du irakurmena, ikasteko tresna bat izateaz gain, ezinbesteko baldintza dela ikaslea irakurketarekin gustura izan dadin, horretan sostengatzen baita irakurtzeko ohituraren garapena.
d) Jakinik ikasleen garapena etengabeko prozesua dela, etapa batean eskuratzen diren lorpenek hurrengoan dutela ondorioa, eta Haur Hezkuntzaren etapan hasten direla irakurtzea eta idaztea menperatzeko trebetasun eta gaitasunak eskuratzen, komenigarria izan daiteke lotura egokia egitea Haur Hezkuntzan irakurtzeko eta idazteko erabiltzen den metodoaren eta Lehen Hezkuntzan ematen den garapenaren artean. Horretarako, ikastetxeak egokientzat jotzen dituzten koordinazio mekanismoak ezartzen saiatuko dira Haur Hezkuntzako irakasleen eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetakoen artean.
II.–Arlo bakoitzeko testuak ulermenezko irakurketaren bidez ikastea:
a) Ulermenezko irakurketak ohiko, zeharkako eta etengabeko praktika izan behar du arlo guztietako edukiak ikasteko. Ulermena ikaskuntza esanguratsurako baldintza bat da eta, beraz, testuak ulertzea lehen urratsa da ikasleek arlo bakoitzeko berariazko kontzeptuak ulertu, lotu, berenganatu eta oroit ditzaten.
b) Arloen berariazko testuak.
Testu bat, paperean edo euskarri informatikoan, ulertzeko prozesua komuna bada ere edozein edukitarako, egia ere bada irakasgai bakoitzari berariazko hizkuntza bat egokitzeaz gain, testu modalitate batzuk eta formatu bereizgarri batzuk dagozkiola.
Ikasleek arlo bakoitzeko ezagutza gero eta autonomia handiagoz eskura dezatela bultzatu behar dute irakasleek, irakasgai bakoitzeko testuak kontsultatu eta irakurrita. Horretarako, zein den ere hartzen den planteamendu didaktikoa, komenigarri da ikasleei hainbat iturritatik heldu diren testuak eskaintzea, hala nola, entzikopedietatik, liburu espezializatuetatik, aldian aldiko argitalpenetatik, CD-ROMetatik, web-orrialdeetatik, etab.
Orobat, arlo bakoitzeko berariazko hiztegia bultzatuko da, halako moduan non ikasleak ikasiko baitu ez direla gauza bera literatur hizkuntza eta gizarte zientziena, natur zientziena edo arte plastikoena, adibide batzuk ematearren. Azkenik, irakasgai bakoitzak berezkoak dituen testu motak hartuko dira kontuan haien modalitatearen arabera (kontatu, azaldu, irakasten duten...) eta formatuaren arabera, eta testu jarraituekin batera ezagutza arlo guztietan ohikoak diren era guztietako testu etenak (denbora-lerroak, grafikoak, taulak, mapak...) sartuko dira.
c) Ulermenezko irakurketa praktikatzea:
Teorian, modu bat baino gehiago daude ikasleei irakurtzen dutena ulertzen irakasteko; besteak beste, irakurtze estrategien irakaskuntza esplizitua eta irakaskuntza inplizitua daude, nahiz praktikan bi metodologiak elkarren gain jartzen diren eta elkarri eusten dioten.
Irakurketaren irakaskuntza inplizituak irakaslea behartzen du, irakurle aditu gisa, irakurtzen ari denean buruz egiten duen prozesua erakustera: irakurketaren helburua planteatzen du, aurretik dituen ezagutzak eguneratzen ditu, hipotesiak egiten ditu, galderak egiten dizkio bere buruari irakurgaiaz; eta hori, bere arloko edukiak irakasten ari delarik. Hau da, bere ulertze prozesua erakusten du: testuaren egiturari erreparatzen dio, gaiaz lehendik dituen ezagutzak aktibatzen ditu, azpimarratzen du, sintetizatzen, irakurketaren helbururako garrantzitsua ez den informazioa baztertzen du, eta abar. Azken batean, prozesu baten eredu gisa jokatzen du, non ikasleak imitazioz ikasten duen eta gero eta autonomoago bihurtzen den, irakasleak ematen dizkion laguntzei esker.
Irakaskuntza esplizituak esan nahi du irakurketaren helburuaren eta tipologiaren arabera irakatsi behar zaizkiela ikasleei testuekin aritzeko beharrezkoak diren irakurmenaren estrategiak. Horrela, testua bitarteko bat da irakasleak aukeratu duen estrategia irakasteko, eta ez irakaskuntzaren xede bat bere horretan.
d) Testu digitalen irakurketa:
Egia bada ere formatu digitaleko testuak irakurtzea lotua dagoela aurreko epigrafean (“Ulermenezko irakurketa praktikatzea”) jasotako aspektuekin, sarean irakurtzeak baditu zailtasun erantsi batzuk, beharrezko egiten dutena gelan irakurketa digitalaren irakaskuntza sistematikoa.
Hiperesteken erabilera da testu horien ezaugarri partikular bat. Beste testu batzuetara eraman dezakeen testu batekin aritzeak irakurketaren estrategiak indartzera behartzen du; esate baterako, irakurketaren helburua mantentzeko gauza izatea. Gainera, testu digitalek multimodalak izateko joera dute eta, hortaz, beste lengoaia batzuetatik, eman dezagun irudietatik eta soinutik, heldu den informazioa integratzen jakin behar da. Azkenik, informazioa bilatu, aukeratu eta egiaztatzeko estrategiak jarri behar dira abian, hain da handia sareak eskaintzen duen informazioa.
Ikasleek, en, liburutegi orokor handian, ikasteko, pixkanaka trebetasuna lortzeko testuinguruak behar izaten dituzte, eta irakasleei dagokie horiek sortzea. Horregatik, ona da jarduerak konbinatzea eta horietan ikasleek esplizituki ikastea, esate baterako, web bilatzaileak behar bezala erabiltzen, orrialde baten fidagarritasuna baloratzen edo menu batean ibiltzen..., eta beste jarduera batzuk arloko ezagutzak lortzera bideratuta egotea, hala nola webquestak, altxorraren bila, eta abar.
e) Ahozko irakurketaren balioa:
Irakurle ona izatera iristea prozesu konplexua da, irakasleak berak edo beste ikaskide adituago edo trebeago batzuek moldatutako ikaskuntza eskatzen duena. Boz gora irakurtzea, testuak, literatur testua bada, irakurlearengan eragin dezakeen sentimendua partekatzea, transmititzea da. Baina ezagutza partekatzea ere bada, eta konplizitateak sortzea irakurlearen eta entzuleen artean. Horregatik, irakasleak boz gora noiz irakurri planifikatuko du, testuinguru egokiak sortuko ditu, boz gorako irakurketaren helburuari (erritmoa, intentsitatea, adierazkortasuna eta abar menperatzeko irakurri) hobekien egokitzen zaizkion testuak aukeratuko ditu, eta, irakurgaia bukatzean, aukera emanen du ikasleek irakurriaren gainean hitz egin dezaten.
III.–Idatzizko adierazpena.
a) Idatzizko adierazpena jakintza instrumental garrantzitsuenetako bat da, funtsezkoa bizitza akademikorako, baita beste edozein esparru pertsonal edo sozialetarako, eta ikaskuntzaren prozesua eta bete-beteko bizitzaren garapena baldintzatzen ditu. Horregatik, idatzizko adierazpen egokia lortzea Lehen Hezkuntzaren lehentasunezko helburua da, zeharkakoa izan behar du eta curriculumaren arlo guztietan landu behar da, hura irakastea hizkuntza arloko irakasleena beste inoren ardura ez dela dioen ideia zaharkitua baztertuta.
b) Ulermenezko irakurketaren kasuan bezala, idazketaren irakaskuntza esplizituki egin daiteke. Dena dela, testu bat osatzeko prozesua (eredu baten gaineko gogoeta, ideiak bilatzea, zirriborroa, berrikuspena...) edozein edukirentzat berdina bada ere, irakasgai bakoitzak bere hizkuntza espezifikoa du eta bere testu modalitateak eta formatu bereizgarriak; horregatik, berariazko tratamendu didaktiko planifikatua behar du, baita maiz eta gogoetatsu lantzea ere, arlo guztietan.
c) Klaustroak idazketaren kalitatea propio indartzeko erabakia hartu dezake, ikastetxean sortu eta jendaurrera iristen diren testu guztiak eredugarriak izan daitezen alde guztietatik. Horretarako, ona litzateke jarraibide garrantzitsu eta argi batzuk hartzea idazketa adostasun baten barrenean eta sistematikoki lantzeko, eta testuak sortzeko protokoloak ezartzea, erreferentziazkoak izan daitezen uneoro ikasleentzat.
d) Ongi idatzitako testu baten propietateak (zuzentasuna, kohesioa, koherentzia eta egokitasuna) esplizituki eta sistematikoki landu behar dira ikasleekin, plangintza eta berrikuspen prozesuak edozein arlotan idazten diren testu guztietan barneratu eta aplikatu daitezen, prozesu horiek sakonki ulertuta eta ez ortografiaren edo gramatikaren berrikuspen hutsa bezala.
IV.–Irakurtzeko ohitura sustatzea.
Ikasleen irakurtzeko ohitura garatzea da Lehen Hezkuntzak bermatu behar dituen helburuetako bat. Irakurketaren praktika konstante eta borondatezkoari esaten zaio irakurtzeko ohitura, ezagutza lortzeko modua eta atsegin iturri izan dadin.
a) Ikaslea ohiko irakurle bihurtzeko, lehendabizi, irakurtzen jakin behar du, hau da, ulertzeko zailtasunek ez diote testuetara hurbiltzea eragotziko, bere asmoa bertan behera uztera eraman baitezakete. Irakurtzeko estrategien ezagutza egokiak lehen baldintza hori bermatzen du.
b) Gainera, ikasleak irakurri nahi izatea behar da. Horretarako, funtsezkoak dira animazio jarduerak, horiexek sortuko baitute beharrezko emozio-giroa ikasleak bere gogoz konpromisoa har dezan irakurketarekin.
c) Azkenik, irakurtzen jakiteaz eta irakurri nahi izateaz gain, ikasleak irakurtzeko aukera behar du. Eskola komunitate osoari dagokio irakurtzea posible egiten duten ingurumariak sortzea, eta ez bakarrik ordutegiak eta toki fisikoak kontuan hartzea, eta hortxe du eskolako liburutegiak berebiziko garrantzia.
d) Ona da kontuan hartzea emozioen osagaia eta belaunaldiarena atseginagatik irakurtzeko orduan, oso erakargarriak baitira berdinen arteko liburu gomendioak. Horregatik, bereziki interesgarria izan daiteke iritzi eta gomendio truke hori bultzatu eta indartuko duen jarduera (irakurketa kluba, literatur tertulia dialogikoak), mekanismo (irakurketa agendak, trukerako panela) edo tokiren bat (liburutegiko bloga, eta abar) abian jartzea.
e) Komenigarri da ikastetxeak irakurketari eta idazketari loturik garatzen dituen jarduera guztiak kanpora ateratzea: eztabaidak, hitzaldiak beste ikasleei, eskolako egunkarirako artikuluak, antzezpenak, irrati programak, erakusketak, hormirudiak, eta abar. Gurasoek, herriko hedabideek, liburutegi publikoetako arduradunek edo, besterik gabe, sare sozialetako lagunek ikastetxeak antolatzen dituen jarduerak ezagutzea balio erantsia izanen da, egindako lanaren atsegingarri.
V.–Eskolako liburutegia eta informazioaren tratamendua.
a) Irakurketa eta idazketa jarduerak burutzearren, eta irakurtzeko ohitura sustatzearren, irakasleek ikasgelako liburutegiaren eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatuko dute; azken hori baliabide gune antolatu baten gisa pentsatua dago, edozein euskarri mota erabili, curriculumeko arlo guztietako ikaskuntza aktiboa bultzatu eta ikasle guztiei berdintasuna eta kultura eskaintzen diena liburuen mailegu sistema egoki baten bidez eta iritzi eta gomendioen trukearen bidez.
b) Ikastetxeko bizitzan erabat integratua dagoen liburutegia hezkuntza baliabide nagusietako bat izan daiteke ikaskuntza autonomoa eta informazioaren analisi kritikoa errazte aldera. Horregatik, irakasle talde osoak antolatu eta planifikatu beharko luke orokorrean eskolako liburutegiaren erabilera ikasturte osorako, eta curriculumeko arlo guztietarako beharrezko tresna bihurtu, eta ez bere horretan agortzen diren animazio jarduera puntual batzuk garatzeko toki gisa.
c) Orobat, liburutegia toki egokia izan daiteke ikasleek paperean eta euskarri digitalean irakurtzeko, baita elkarlanak egiteko ere, horietan informazioa bilatu eta aukeratu eta aurkezpen tresna digitalak erabiliz hura eraldatu eta multimedia formatuan aurkeztu behar denean.
VI.–Eskola komunitate osoaren inplikazioa.
Zalantzarik gabe, talde-lana, irakasleen, familien, ikasleen eta komunitatearen arteko itunak dira hezkuntza proiektu sendo eta partekatu bat aurrera eramateko oinarria, non eskola komunitateko kide bakoitza ikastetxearen arrakastaren erantzule sentitzen den.
a) Nazioarteko azterlan batzuen (PISA 2009) datuen analisiak erakutsi du ez dela ikasketa maila handirik behar, ezta ordu pila bat sartu behar ere, gurasoek seme-alaben eskolako emaitzetan eragina izan dezaten. Izan ere, irakurketaren errendimendu handiago bati lotutako guraso eta seme-alaben arteko jarduera asko oso munta txikikoak dira denboran eta ez dute ezagutza espezializaturik eskatzen. Hori bai, benetako interesa eta inplikazio eragilea eskatzen dute. Aita eta ama guztiek laguntzen ahal dute eta lagundu behar dute lan horretan.
b) Irakurketa partekatuak garapen pertsonala eta eskolako arrakasta bultzatzen dituzten jardueratzat hartu dira. Zenbait jarduera, hala nola, literatur tertulia dialogikoak, bikoteka irakurtzea, irakurketarako gidaritza edo eskola komunitate osoaren parte-hartzeari irekitako irakurketa klubak, onuragarriak izan daitezke ikasleen irakurmenerako, zein den ere irakurle gaitu izateko irakasten den metodoa.
Asteko irakurketa saioa.
a) Ikastetxe publikoentzat Lehen Hezkuntzako ordutegia arautzen duen foru aginduak saio bat ezartzen du astean irakurtzeko.
b) Irakurketa saioa nahitaezkoa da ikasleentzat, eta irakurtzeko ohitura eta irakurtzeko gogoa sustatzeko moduan planteatu behar da.
c) Banakako irakurketan, ikasleek askotariko bilduma batetik libreki aukeratzen dituzten liburuak irakurri beharko dituzte, ez fikziokoak bakarrik, dibulgazio zientifikokoak, ezagutzakoak, eta abarrak ere bai.
d) Asteko irakurketa saioa modu erraz batean planteatu behar da, testu asko eta orotarikoak erabilita; horiek, ahal dela, paperean edo formatu digitalean kontsultatzeko modukoak izan beharko dute. Banaka edo taldean egiten ahalko da, isilean edo boz goran, irakasleari zer iruditzen zaion.
e) Irakaslearen zeregina irakurtze saioan:
–Irakurtzera bultzatzeko jarduera eta irakurtzeko tokia planifikatzea: ikasgela, eskolako liburutegia, ikastetxeko beste tokiren bat.
–Zeregin aktiboa izatea haurrei liburua aukeratzen laguntzeko, haien adina, ikasteko erritmoak eta izaera bereziak kontuan izanda.
–Ikasleak motibatu eta pizgarriak ematea, beren borondatez baina irmo irakurtzera hurbil daitezen.
–Irakurtzeko jarrerak bultzatzea, ikasleek irakasleen jokabideak imita ditzaten.
–Egiten diren irakurketak kanpora ateratzen laguntzea, ahoz edo idatzita, erakusketa, panel, eztabaida eta abarren bidez.
–Ikastetxeko irakurketa planetan laguntzeko prest dauden familiei orientabideak ematea, irakurtze saioan proposatutako helburuei jarraituz.