(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Bidasoako bide berdearen egokitzapena, Endarlatsa eta Doneztebe artean, 2013ko udan amaituko da ostirala, 2012.eko abuztuak 3


Zarraluqui kontseilariak trenbide-trazaduraren zati bat bisitatu du, zeina, berreskuratu egingo den turismorako, kirolerako nahiz aisiarako ibilbide gisa erabiltzeko


Zarraluqui kontseilariaren bisita

Zarraluqui kontseilaria (5. eskuinetik) Baztan-Bidasoako agintariekin. ( irudia handitu )

Bidasoako trenbide-trazadura zaharra, Endarlatsa eta Doneztebe artean, bide berde gisa berreskuratu eta egokitzeko lanak 2013ko udan amaituko dira, behin Nafarroako Gobernuak ibilbide hau Udalaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektorial (PrSIS) izendatu eta gero. Erabaki horrekin argi berdea ematen zaio bide-gune hori turismorako, kirolerako nahiz aisiarako ibilbide gisa segurtasunez erabiltzeko hura egokitzeari.

Luis Zarraluqui Sustapen Departamentuko kontseilariak Bidasoa inguruko baliabide turistiko garrantzitsu hau bisitatu du gaur Sunbillan. Joan den udan egindako ikerketa baten arabera, bide honek bailarako ekonomian duen eragina 796.000 eurokoa da.

Lanek 873.003 euroko aurrekontua dute. Europar Batasunak kofinantzatuko ditu %65ean, 2011-2013 biurtekoan Nafarroa buru den Pirinioetako Lan Elkarteak (PLE) kudeatzen duen Poctefa programaren bidez. Gainerako %45a Nafarroak jarriko du, Foru Gobernuak 278.833 euro eta Bertiz Partzuergo Turistikoak, proiektuaren sustatzaileak, 26.718 euro.


Zarraluqui kontseilariaren bisita

Zarraluqui kontseilariak Bidasoaren bide berdea aurkeztu die inguruko agintariei. ( irudia handitu )

Bide-gune horrek, gutxi gorabehera 27 kilometrokoa, Doneztebe, Sunbilla, Igantzi eta Lesakako udalerriak zeharkatzen ditu eta ibilbide handiago baten atal da, Irungo Behobia auzoa eta Elizondo (Baztan) arteko 49 kilometroko ibilbidearena, hain zuzen. Etorkizunean, Iruñarekin lotu nahi da bide hau Plazaolako bide berdearen bidez.

Trenbide-plataforma zaharra berreskuratzeko, leheneratzeko eta egokitzeko ekintzak aurreikusita daude eta, baita, jatorrizko trazadura galdu den tokietan bide-gune berriak eraikitzeko ekintzak ere.

Jarduera nagusia N-121-A errepidearen azpitik, Alkaiaga inguruan, Lesaka eta Bera artean igaroko den lurpeko pasabidea eraikitzea izango da. Obra hori, gutxi gorabehera, 500.000 euro kostatuko da. Horri paralelo, trazaduraren seinaleztapena, tunelen argiztapena eta bide berdea igaroko den zonatan egokitzapen desberdinak gauzatuko dira. Gainera, babesteko eskudelak jarriko dira erortzeko arriskua egon litekeen bide-guneetan.

Aurreikusitako ibilbidea ibilbide lineala da, inklinazio arinekin mendi ibiltarientzako eta zikloturistentzako nahiz zaldi bidezko paseoetarako erabilia izan dadin. Turismo-erabilerarako motordun ibilgailuek ezingo dute hortik ibili, trazaduran zehar dauden finketan jada finkatuta dauden ostatu-instalazioekin eta turismo-instalazioekin lotura dutenak izan ezik.

Bide berdea Eurovelo proiektuan sartzen diren bideetako bat da, kontinente osoa zeharkatzen duten bizikletentzako hamalau ibilbide nagusiak egokitzeko Europar Batasunaren ekimen bat.

Bisitaldian zehar, kontseilariak lagun izan ditu Jose Antonio Marcen, Lurralde Antolaketa, Mugikortasun eta Etxebizitza Departamentuko zuzendari nagusia, bide berdea igarotzen den herrietako udal-agintariak eta Izaskun Goñi, Bertizko Turismo Partzuergoko kudeatzailea, proiektuaren erakunde sustatzailea dena.

Bidasoako bide berdea

Bidasoako trenbideko bidea, “txikito tren” ezagunak egiten zuen trazadura, 49 kilometrotan zehar finkatzen da; horietatik 42 kilometro Nafarroako lurraldeetan barrena igarotzen dira, Endarlatsa eta Elizondo artean, Lesaka, Igantzi, Sunbilla, Doneztebe, Bertizarana (Narbarte, Legasa eta Oieregi) eta Baztan (Oronoz, Arraioz, Lekaroz eta Elizondo) udalerrietan zehar igaroz. Gipuzkoatik igarotzen den 7 kilometroko ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak berreskuratu zuen 2009an; ondorioz, bide berdea hurbilagoko bide-guneetan zehar jarri behar izan zen abian, zeinak, zirkulatzeko modukoak diren. Doneztebe eta Elizondo arteko bide-gunea egokitzeko bigarren PrSIS bat egin beharko litzateke.

Baina Bidasoako bide berdea proiektuaren eraginaren lurralde-eremua are handiagoa da eta Bertizko Turismo Partzuergoa osatzen duten haran eta eskualde guztiei eragiten die, alegia: Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi. Bestetik, badiarako bidearekin duen konexioa Hendaiako (Frantzia) eta Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) udalerrietara iristen da.

Bidasoako bide berdeak bere izena Espainiako Trenbideen Fundazioaren Bide Berdeen Programa-Zuzendaritzatik jaso zuen 2005ean. Bide berdeak erabiltzen ez diren trenbideko bideak dira, oinezkoentzako, zaldiz nahiz bizikletaz ibiltzeko zein kirolerako eta aisiarako azpiegitura gisa berreskuratzen direnak eta landa-eremuetan turismo-erakarpenerako garapen-elementu garrantzitsu direnak.

Proiektu hori Bide Berdeak Programaren baitan gauzatzen den trenbideko trazadura zaharrak berreskuratzeko ekimenean sartzen da, Ingurumen Ministerioak garatua RENFE, FEVE eta Espainiako Trenbideen Fundazioarekin lankidetzan. Bide berdeekin turismo-, aisia- eta kirol-ekipamendu bat sortzen da, gizarte-eskariari erantzuten dioena, naturarekin zuzenean lotutako kirolari segurtasuna eta irisgarritasun orokorra eskainiaz.

Txikito trena

1898an jaio zen Irun eta Endarlatsa arteko meatze-tren gisa. Hasiera batean, batez ere, mineralak garraiatzen zituen, nahiz eta, gerora, salgai asko eta askotarikoak garraiatu zituen: zura, ikatza eta, baita, abereak ere. 1916an, linea hori Elizondora arte zabaldu zen eta zerbitzua jendeari ireki zitzaion, Irun Elizondorekin lotzen zuen bidaiarientzako tren bihurtuz. Gertakari horrek aldaketa handia eragin zuen trena igarotzen zen Baztan-Bidasoa inguruko bizilagunen bizitzan.

Trena, nagusiki, Bidasoako ezkerraldean barrena igarotzen zen eta ibilbideak 51,5 km-ko luzera zuen. Zortzi tunelek, burdinazko hainbat zubik eta honako geltokiek eta geralekuek osatzen zuten: Irun-muga, Irun-Bidasoa, Arteaga, Behobia, San Miguel, Endarlatsa, Zalain, Alkaiaga, Bera, Etxalar-Lesaka, Igantzi-Arantza, Espelosin, Sunbilla, Doneztebe-Elgorriaga, Legasa, Narbarte, Erreparazea, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Iruritako errota, Irurita-Lekaroz, Lekarozko Eskola eta Elizondo.

Lau lokomotora handiz eta hiru txikiz osatuta zegoen. Maila guztietako bagoiak zituen eta salgaien bagoiek hogei tonako zamak ere eraman zitzaketen. 1936an, guztira, 109 bagoi zituen.

Gerra ondorengo urteak oso gogorrak izan ziren, bai erregaiaz hornitzeko bai errentagarritasuna zegokionez ere. 1953an, uholde handi batek 400 metroko bide-gunea hondatu zuen eta konponketa-lanak eskergak izan ziren. 1956ko abenduaren 31n egin zuen bere azken bidaia.

Eurovelo Proiektua

Eurovelo Europako Ziklisten Federazioaren (ECF) proiektu bat da, Europa osoko 52 elkarte biltzen eta 400.000 ziklista baino gehiago ordezkatzen dituena. Europako kontinentea mutur batetik bestera zehartzen duten hamalau ibilbide nagusiren garapena aurreikusten du, hiri eta zona turistiko nagusienetatik igaroz.

Bertizko Turismo Partzuergoak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiarekin, Bidasoa Bizirik elkartearekin eta Getaria, Donibane Lohizune, Hendaia, Hondarribia eta Irungo udalekin batera, Eurovelo 1.aren egokitzapen-proiektuan dihardu lanean Getaria eta Donezteberen artean.

Mugaz haraindiko proiektuan, Partzuergoa Hondarribia eta Irungo udalekin eta ipar Euskal Herriko kostaldeko beste zenbaitekin, nahiz 64. Departamenduko Kontseilu Nagusiarekin elkartuta dago. Proiektua 2009tik 2013ra programatua izan zen eta amaitzen denean, Nafarroa irisgarria izango da Roscoff-etik (Britainia) bizikletaz irtengo duten ibiltarientzako. Eurovelo-k frantziar kostaldeko herri ugari zeharkatzen ditu, beraz, turismo-potentzial garrantzitsua du.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa