Castellano | Euskara | Français | English
Nafarroako Gobernuak Justizia zuzendari nagusiari 8.485.740,14 euroko (BEZa barne) gastua egiteko baimena ematen dion akordioa onartu du, gaurko bileran, Lizarrako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak eraikitzeko. Foruzaingoaren polizia etxea eta abokatuen elkargoa ere eraikin berrian egonen dira, eta 1.000 m2 egokituko dituzte, gerora sor daitezkeen beharretarako.
Gaur eginiko bileran, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuak proposatuta, 600 irakasle lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du: 372 lanpostu gaztelaniazko irakaskuntzari dagozkio, eta 228, euskarazkoari.
Nafarroako Gobernuak Xabier Azanza Arbizu izendatu du Euskararen Nafar Institutuko zuzendari.
Nafarroako Gobernuak baimena eman dio, Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiari, genero indarkeriaren biktimak artatu ahal izateko bitartekoak kudeatzeko laguntza kontratua egiteko. Kontratuak lau urteko indarraldia izanen du, eta aurrekontua 2.036.259 eurokoa da (BEZik gabe).
Nafarroako Gobernuak erabateko gaitzespena adierazi du gaur goizean Sestaoko bake epaitegietan igandean izandako atentatuaren aurrean. Atentatuaren ondorioz kalte larriak eragin ziren. Aldi berean, Gobernuak guztiz errefusatzen ditu ETA erakunde terroristak instituzio demokratikoen aurka egindako mehatxuak.