Nafarroako Eguna - Dia de Navarra
Nafarroaren Eguna dela eta, Foru Gobernuak hainbat musika-ekitaldi antolatu ditu. Programazioan askotariko generoak ageri dira: jotak, rocka, musika klasikoa eta opera munduaren berrikusketa. Hemen ikus dezakezu zein izanen diren hitzorduak.
Il Divo
Nafarroa Arenan
Abenduaren 3a | 20:00
Il Divo laukoteak Nafarroa Arena pabilioian (Iruñea) joko du abenduaren 3an. Nafarroaren Egunaren karietara programatutako azken kontzertua izanen da haiena. Operako lau abeslarik osatzen dute taldea, eta, kasu honetan, 'Candlelight' formatuan arituko dira, musika kandelen argien bidez girotu baitute.
Orkestra Sinfonikoa, Lesakan
Abenduaren 3a | 18:30
Nafarroaren Egunaren musika-programazioaren barnean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren (OSN/NOS) emanaldia egonen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Orkestrak, Javier Echarri Nafarroako maisuaren zuzendaritzapean, ikus-entzule ororendako programa bat apailatu du eta Mozart, Debussy, Sarasate, Ravel, Fauré eta Remacharen lanak joko ditu.
Veintiuno taldea, Ribaforadan
Abenduaren 2a | 20:00
Veintiuno taldea abenduaren 2an arituko da Ribaforada Arenan (El Hombre del Saco taldearen ondoan), Nafarroaren Eguna ospatzeko egitarauaren barnean. Rock eta indie musikako laukote toledoarra bira betean murgildua dago, "La balada de delirio y equilibrio" 2025ean albuma plazaratu ondoren. Sarrera leihatilan erosi eta familia ugaria dela egiaztatuz gero, % 20ko deskontua lortuko da.
Tuterako Hiria Jota Txapelketa
Azaroaren 29a | 18:00
Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoak Tuterako Hiriko Joten XVIII. edizioa antolatu du Gaztambide antzokian. Hitzorduak Nafarroako jota sustatzeko eta zabaltzeko balio du. Bost kategoriatako sariak ditu: Haur, Gazte, Heldu amateur, Heldu bakarlari eta duoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Saria.
M. Torres enpresaren sortzailea, Manuel Torres (1938-2020), da aurtengo saritua
Abenduaren 3a | 12:00 | NAPIko patio isabeldarrean (Iruña)
Nafarroako Gobernuak urtero, abenduaren 3an, Nafarroako Urrezko Domina ematen du, Foru Komunitatearen sari gorena. 1982az geroztik ematen den sari horrek Nafarroaren interesak defendatu, bultzatu edo sustatzeagatik nabarmentzen diren pertsona, erakunde, entitate edo taldeak aintzatesten ditu.
Aurtengo saritua Manuel Torres (1938-2020) enpresaria da, M. Torres Diseños Industriales enpresaren sortzailea
Domina emateko ekitaldia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) patio isabeldarrean eginen da, Nafarroako lehendakari María Chivite buru izanen duen ekitaldi instituzional batean. Gonbidatuak bakarrik joaten ahal dira ekitaldira, baina zuzenean ikus daiteke YouTuben.
Ezagutu ezazu egoitza instituzionala Nafarroako hainbat pertsona ospetsuren eskutik
Nafarroako Jauregia nafar guztien etxea da. Eraikina, Foru Komunitatearen autogobernuaren sinboloa, egoitza instituzionala da XIX. mendetik. Izan ere, bere eraikuntzaren 175. urteurrena hurbiltzen ari da.
Eraikinaren zoko-mokoak ezagutarazteko, bideo bat grabatu da, korridoreetan barrena ibiltzeko aukera ematen dizuna. Hala egin dute Foru Komunitateko hainbat pertsona ezagunek, Nafarroako gizartearen aniztasunari aurpegia jarriz; hala nola, Osasuneko futbolari eta kapitain Kike Barjak, Jaione Aizpurua sommelierrak, Martxel Rodríguez dantzaria, Atena fundazioko ordezkaritza batek eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoko (OSN/NOS) kideek. Bideoan, Nafarroako Ereserkia abesten duena Iruñeko Orfeoiko María Echeverría da.
Foru-erakundeen egoitza historikoak ateak irekiko ditu
Azaroaren 8tik 30era | Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña
Aurreko edizioetako harrera ona ikusirik, aurten ere Nafarroako Jauregiak ateak irekiko dizkie herritarrei. Bisitaldi antzeztuetan areto instituzionalak eta ondasun artistikoak erakutsiko dira. Azaroan, 12 bisitaldi antzeztu antolatuko dira, 35 lagun arteko taldeetan eginen direnak.
Gainera, herritarrek bisita birtualen bidez ere ezagut dezakete Nafarroako Jauregia. Era berean, bideoz ere ibilbide bat egin daiteke jauregiko hainbat gelatan barrena, artearen alorreko zenbait adituren eskutik.



