Participación en instituciones UE

Nafarroaren parte-hartzea Europar Batasunean

Nafarroak Europako erabakietan parte hartzen du, zuzenean parte hartzen baitu Europar Batasuneko Kontseiluan, Europako Batzordeko komiteetan, Eskualdeetako Komitean eta Europar Batasunaren gaineko Aferetarako Konferentzian.

  • Europar Batasuneko Kontseilua
    Europar Batasuneko Kontseilua (edo, laburturik, Kontseilua) Europar Batasuneko estatuen gobernuetako ministroek osatzen dute, eta biltzen da lege neurriak eztabaidatu, aldatu eta hartzeko, eta politikak koordinatzeko. Ministro bakoitzak eskumenak ditu bere Gobernuaren izenean konpromisoak hartzeko, bileretan erabakitakoari dagokionez. Autonomia erkidego batek erkidego guztien izenean eta haiek ordezkatuz parte hartzen du, eta Estatuaren ordezkaritzako eskubide osoko kide gisa. Orokorrean, txandaka parte hartzen da sei hilabeteko aldietan.
  • Europako Batzordea 
    Nafarroak Europako Batzordearen erabakietan ere parte hartzen du, komitologiaren bidez. Prozedura multzo bat da komitologia, eta haien bidez Europar Batasuneko estatuek gainbegiratzen dute Europako Batzordeak legeak aplikatzeko duen modua. Arau juridiko bat aplikatu ahal izateko, Batzordeak kontsulta egin behar dio komite bati, araua exekutatzeko neurri zehatzei buruz. Europar Batasuneko estatu guztiek dute ordezkariren bat komitean. 2018-2021 aldian, Nafarroak 17 komitetan parte hartzen du.
  • Eskualdeetako Komitea

    Europar Batasuneko erregio eta hirien ahotsa da. Organo aholku-emailea da, eta kontsulta egin behar diote Europako Batzordeak, Europar Batasuneko Kontseiluak eta Europako Parlamentuak erregioetan eragina duten gai nagusietan. Izan ere, gai horiek Europar Batasunaren lege produkzioaren bi herenetik gora hartzen dute. Ekimen-irizpenak ere eman ditzake, tokiko eta eskualdeko erakundeentzat garrantzitsuak diren gaiak Europar Batasunaren agendan sartzeko. Komiteak 353 kide ditu, Europar Batasuneko 27 estatuetako tokiko eta eskualdeko agintaritzen ordezkari. Autonomia erkidegoetako zenbait lehendakari eta alkate dira Espainiaren ordezkariak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria da Foru Komunitatearen ordezkaria, eta Nafarroa bi batzordetan dago (sei daude guztira Komitean):

    • ECON (Ekonomia Politikako Batzordea)

    • SEDEC (Gizarte Politikako, Hezkuntzako, Enpleguko eta Kulturako Batzordea)
       

  • Europar Batasunaren gaineko Aferetarako Konferentzia
    Nafarroak Europar Batasunaren gaineko Aferetarako Konferentzian parte hartzen du. Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza organo bat da, eta helburua du autonomia erkidegoetako gobernuek parte hartzea haien eskumenak ukitzen dituzten Europar Batasunaren politika guztietan. Parte-hartze horren bidez, Estatuaren jarrera erkidea finkatzen da Europar Batasunaren aurrean.