6.000 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten iaz Segurtasun eta Larrialdi Eskolako ikastaroetan
Eskolak, 516.364 €-ko aurrekontuarekin, 123 prestakuntza-jarduera eskaini zituen 555 ekintza desberdinetan
Astelehena, 2019ko Apirilaren 1a
​​​​​​​Imagen de archivo de un curso a cabos de Policía Foral y Local

​​​​

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak segurtasun publikoko 6.000 profesionaletik gora prestatu zituen iaz. Polizia-zerbitzu desberdinak: foru-polizia, udaltzaingoak, suhiltzaileak, babes zibila eta zerbitzu horietako boluntarioek ikerketako eta garapen profesionaleko ikastaro espezializatuak jaso zituzten jardueren esparru desberdinetan.

516.364 €-ko aurrekontua izan zen helburu horretarako, María José Beaumont kontseilariak zuzentzen duen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barneko eta Justiziako Sailak finantzatua, eta hala jasotzen da  navarra.es webguneko sailaren gunean argitaratutako  2018ko memoria  agirian.

Eskolak oinarrizko prestakuntzako eta prestakuntza espezializatuko ikastaroak planifikatu, programatu, antolatu eta ematea du helburu. Segurtasun publikoko arloko prestakuntza-plana ere egiten du, eta bai ere prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta emandako ikastaroen ziurtagiriak egin. Gainera, hitzarmenak izenpetzeko ardura du eta kolaborazioko eta elkarrekiko informazioko harremanak mantentzen ditu beste organo eta erakunde batzuekin. Azkenik, dokumentazio-funtsa ere mantentzen du, segurtasuneko eta larrialdietako gaiei buruzko ikerketa eta azterketak gauzatu eta berariazko gaiei buruzko mintegi, jardunaldi edo hitzaldiak programatu.

2018an zehar 123 prestakuntza-jarduera gauzatu ziren 555 ekintza desberdinetan, guztira 7.798 eskola-ordu emanda. Ordu horietatik 2.2226 espezializazio-ikastaroei dagozkie: desfibriladore erdiautomatikoen erabilerarako prestaketa, espeleologia, drogak eta gidatzea, polizia judiziala, etab. Eguneratze-kurtsoei 2.236 ordu eskaini zitzaizkien, zeinen artean: mendiko erreskateak, sarrailagintzako prestakuntza, orientazioa eta bilaketa GPSarekin, SOS Nafarroako eta Foru Poliziako CMC telekomunikazioen aplikazio berria, herritarren arreta eta araudia, ibilgailuak, matrikula-plakak eta dokumentuak, erreskateak ur bizietan, esku-hartzeak material arriskutsuekin, altueretako erreskateak, arroiletako erreskateak, etab. Bukatzeko, 2.261 ordu eskaini zitzaizkien sarrerako lau ikastarori: suhiltzaileak, poliziak, polizia-kaboak eta polizia-inspektoreak.

Bertaratutako 6.147 ikasleetatik 4.412 polizia-zerbitzuetakoak izan ziren, 2.974 suhiltzaileak, 359 babes zibileko langileak eta 49 Los Arcos Nafarroako Zirkuituan kolaboratzen duten pertsonak.

Nabarmendu behar da 2018an zehar foru-poliziako eta Iruñeko udal-poliziako profesionalen lan-taldeak osatu direla defentsa pertsonaleko eta arma laburreko tiro-tekniken gaietan esaterako, oinarrizko polizia-prestakuntzarako edukiak adostu eta eguneratzeko helburuarekin. Gainera, sakonki eguneratu dira programak eta “Poliziaren oinarrizko sartzea (2018)”, “Polizia-kabora igotzea (2018)” eta “Polizia-inspektorera igotzea (2018)” izeneko sartzerako eta promoziorako modalitateetako ikastaroak gauzatu dira.

Hobekuntza jarraitua

Eskolak zerbitzu hartzaileen prestakuntza-eskaerak hartzen ditu bere gain, honakoenak hala nola: foru-polizia, tokiko poliziak, udal-agenteak, tokiko polizien laguntzaileak, suhiltzaileak, enpresak eta babes zibileko pertsonala.

Hori horrela, hobekuntza jarraituaren printzipioak aplikatu eta ikastaroak egungo beharretara moldatzen direla bermatzeko helburuarekin, diziplinarteko lan-taldeak osatu dira Nafarroako Suhiltzaileen suhiltzaile-zerbitzuaren erreskate teknikoko taldearen prestakuntza-ibilbidea diseinatzeko, eta baita aurten garatuko den “Polizia-azpiinspektorera igotzea” ikastaroaren edukiak berrikusteko.

Berdintasuneko eta aniztasuneko arloko edukiak sartzea da hobekuntza jarraituko beste aspektuetako bat. Esfortzu hori Aniztasunaren Polizia Kudeaketaren Polizia Zerbitzuen “Daniel Wagman” sariarekin aitortu da, gorroto-delituen aurkako ekintza-planagatik jaso dena astelehen honetan Madrilen.

Hitzarmenak beste administrazio batzuekin

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Saileko Barneko Zuzendaritza Nagusiari adskribatua dago eskola eta hitzarmenak gauzatzen ditu beste administrazio eta unibertsitateekin, prestakuntza-ikastaroak edo praktika profesionalak egiteko.

Beriainen dago kokatua eta bi sekziotan eta prestakuntza-talde batean egituratzen da. Planifikazio, Garapen eta Koordinazio Sekzioa batetik, sekzioko arduradunak, pedagogo batek, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako lizentziatu batek eta psikologo batek osatua; eta, bestalde, Arreta Juridikoa eta Kudeaketa Administratiboa sekzioa, sekzio buruak, hiru administratzailek eta atezain batek osatua. Segurtasuneko prestakuntza-taldean lau azpiinspektore daude, kabo bat eta foru-poliziako hiru agente; horiez gain, Iruñeko udal-polizia bat ere badago, zerbitzu-betekizunen egoeran dagoena.