Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 78. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 28an)
Atarikoa
Herritarrak Zerbitzu Publikoetara bide Elektronikoz Sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 10.1 artikuluan honela definitzen da egoitza elektronikoa: "herritarrek telekomunikazio sareen bidez eskuratzen ahal duten helbide elektronikoa, zeinaren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa administrazio publiko bati dagozkion".
Egoitza elektroniko bat sortzearen helburua da herritarrei ziurtasun eta segurtasun osorako bermeak ematea, eta identifikazioko, autentikazioko, gutxieneko edukiko, babes juridikoko, irisgarritasuneko, erabilgarritasuneko eta erantzukizuneko araudi zorrotza sortzea.
Aipatutako Herritarrak Zerbitzu Publikoetara bide Elektronikoz Sartzeari buruzko Legearen 10.3 artikuluak honako hau ezartzen du: "administrazio publiko bakoitzak zehaztuko ditu zein izanen diren egoitza elektronikoak sortzeko baldintzak eta tresnak". Hortaz, bidezkoa da Foru Komunitatearen eta haren erakunde publikoen egoitza elektronikoa sortzea.
Horretaz gainera, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen garapenari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatean administrazio elektronikoa ezartzeko, bai eta prozedura elektronikoak pixkanaka ezartzeko ere, ezinbestekotzat jotzen da informazioaren segurtasun, integritate eta erabilgarritasun ingurune bat sortzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da eskakizun horiei erantzuten dien egoitza elektronikoa sortzea. Foru lege horren 42. artikuluak adierazten duenez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen web atariak herritarrei aukera emanen die atariaren bidez etengabeki eta doan sartu ahal izateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuetara, eta horretarako aukera ematen duen bakarra izanen da, eta, hortaz, administrazio elektronikoaren euskarri gure eremuan. Halaber, ezarritakoari jarraikiz, antolaketa administratiboaren eta informazio sistemen arloetan eskumenak dituen/dituzten departamentua/departamentuak izanen da/dira atariaren arduradun eta kudeatzaile tekniko, eta atariak sarbide bateratua izanen du.
Arestian aipatutakoarekin eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoarekin bat, departamentu horren eskumena da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egoitza elektronikoa sortzea. Hartan ezartzen denez, departamentu horrek eskumen hauek ditu: administrazioa antolatu eta modernizatzea; eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde publikoen administrazio elektronikoa, informazio sistemak, aplikazio informatikoak eta azpiegitura eta euskarri teknologikoak ezarri eta garatzea.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Sortzea.
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde publikoen egoitza elektronikoa sortuko da, ondoko artikuluetan adierazitako eremuan eta horietan aipatzen diren ezaugarriei jarraikiz.
2. artikulua. Eremua.
1. Egoitza elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen eremuan sortuko da.
2. Egoitza elektronikoaren bidez eginen dira herritarrek edo administrazio publikoak herritarrekiko harremanetan bitarteko elektronikoen bidez egiten dituzten autentifikatu beharreko jarduketa, prozedura eta zerbitzu guztiak, bai eta herritarrentzako zerbitzu ematean eragimen eta kalitate arrazoiak direla-eta hartan sartzea erabakitzen direnak ere.
3. artikulua. Helbidea.
Honako hau izanen da egoitza elektronikoaren erreferentziako helbidea: https://sedeelectronica.navarra.gob. es. Edonola ere, egoitza elektronikorako lotura egonen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren web orrian.
4. artikulua. Titulartasuna.
Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusia izanen da egoitza elektronikoaren titularra eta haren kudeaketa teknologikorako eskumena izanen duena, eta beharrezko neurriak hartu beharko ditu, egoitzaren identifikazio, irisgarritasun, eskuragarritasun, integritate eta segurtasun baldintzek aplikagarri zaizkion lege eskakizunei erantzun diezaieten.
5. artikulua. Arduradunak.
1. Egoitza elektronikoan herritarren eskura jarritako kudeaketaren, edukien eta zerbitzuen arduradunak erakundeetako titularrak edo haien entitate titularrak izanen dira, betiere indarreko araudiak horietako bakoitzari esleitzen dizkion eskumenekin bat.
2. Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiak egoitzaren eduki komunak kudeatuko ditu eta hura koordinatuko du.
6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukiak.
1. Sortuko den egoitza elektronikoak honako eduki hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a) Egoitzaren, organo titularraren eta egoitzaren eskura jarritako edukien organo arduradunen identifikazioa.
b) Egoitza elektronikoa behar bezala erabiltzeko argibideak, hartan nabigatzeko mapa barne, bai eta egoitzak ematen dituen edukiari, kudeaketari eta zerbitzuei buruzko iradokizunak eta kexak egiteko eskura dauden bitartekoen gainekoak ere.
c) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema.
d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.
e) Egoitza elektronikoan eskura dauden izapide eta zerbitzuen katalogoa.
f) Egun eta ordu ofizialak eta egun baliogabetzat jotako egunak.
g) Nafarroako Aldizkari Ofizialean sartzeko lotura.
h) Iradokizunen eta kexen buzoi orokorra.
i) Erregistro elektroniko orokorra, erregistro elektroniko berariazkoak eta kasuan kasuko kudeaketa edo tramitazio aplikazioak.
j) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.
k) Iragarki ohol elektronikoa.
2. Egoitza elektronikoaren titularrak sartzen duen beste edozein, betiere foru agindu honetan eta indarreko araudian xedatutakoari jarraikiz.
Xedapen iragankor bakarra.-Funtzionamenduan jartzea.
Sortu den egoitza elektronikoa titularrak zehazten duen unean jarriko da funtzionamenduan, foru agindu honetan eta indarreko araudian ezarritako baldintzak betez.
Azken xedapenetan lehena.-Egoitza elektronikoaren ezaugarri batzuen egokitzea.
Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, foru agindu honetan ageri diren helbide elektronikoak egokitzen ahalko dira, edozein dela kausa horiek aldatu beharra dagoenean. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.