(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

117/2007 FORU DEKRETUA

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2007ko 115. NAOn argitaratua, irailaren 14an. Aldaketak: 71/2009 Foru Dekretua, urriaren 5ekoa; 129/2011 Foru Dekretua, abuztuaren 24koa)

 

Atarikoa

Irailaren 30eko 323/1991 Foru Dekretuan, orduan Lehendakaritza Departamentua deitzen zenaren egitura organikoa ezarri zuen hartan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren sorrera xedatu zen, nortasun juridiko propioarekin eta jarduteko gaitasun juridiko osoarekin. Institutuaren funtsezko helburua zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen prestakuntzaren plangintza, koordinazioa eta kudeaketa, Administrazio horiek modernizatzeko eginkizunak eta giza baliabideen kudeaketa deusetan galarazi gabe.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak aldaketa sakonak ekarri dizkio Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduari. Hori horrela, VIII. tituluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mende dauden erakunde publiko eta bestelako entitateak arautzen ditu zehatz-mehatz eta modu berri batean.

Foru lege hark hirugarren xedapen iragankorrean xedatzen du erakunde publikoak legearen aurreikuspenetara egokitzea urtebeteko epean foru legeak indarra hartzen duenetik hasita. Egokitu ahal izateko, abenduaren 12ko 112/2005 Foru Dekretua prestatu eta onetsi behar izanen zen. Horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoko estatutuak onetsi eta haren eginkizunak eta haren egitura organikoa azaldu ziren. Foru dekretu hura uztailaren 31ko 51/2006 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura ezarri zen. Horrek ondorioak ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan. Hori dela eta, beharrezkoa da, segurtasun juridiko handiagoa lortzearren, beste estatu batzuk prestatzea, eginkizun berriak bildu eta antolamendua berregituratzen duena. Beraz, foru dekretu honek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eskurantzak eta haren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea du xede.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 3ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Foru dekretu honen ondoren heldu da Estatutuen testu osoa.

Xedapen Iragankor Bakarra.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak onetsi zituen irailaren 12ko 112/2005 Foru Dekretua eta haren aldaketak.

Azken Xedapenetan Lehena. Garatu eta betearaztea.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA ETA XEDEAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomo bat da. Berezko nortasun juridikoa du eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagokionean ematen dituzten aginduen mendean dago. Bestalde, Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazioari buruzko legerian esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde tekniko gisa eratzen da, eskumen hauek garatzeko:

a) Administrazio arloko ikerketa, azterlan eta auditoretza analitikoak egitea, politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzea, eta politika eta unitate administratiboak etengabe hobetzeko metodoak.

b) Foru Komunitatearen Administrazioan sartu, mailaz igo eta enplegatu publikoen lanpostuak betetzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta, eta langileen arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuan aurreikusitako eskudantziei jarraituz.

c) Nafarroako beste administrazio publikoetako langile publikoak hautatzea, haiek hala eskatuz gero.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatu, birziklatu eta hobetzea.

e) Nafarroako sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri burutzea.

2. Aurreko lerroaldean esleitu zaizkion eskumenak garatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Langileak hautatu eta mailaz igotzeko eta lanpostuak betetzeko modua kudeatzea, bere eskumeneko lan eskaintza publikoak garatzeko behar diren deialdiak onetsiz eta tramitatuz.

b) Langileak hautatu eta mailaz igotzeko eta lanpostuak betetzeko deialdiak gara daitezen, behar diren hautapen organoen osaera zehaztu eta organo horiei behar duten gaietan aholku ematea.

c) Administrazioko unitateekin koordinaturik, Administrazioko Publikoetako lanpostuak eskuratzeko eskatzen diren baldintza eta gaitasunak eta hautapen metodoak aztertzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileak hautatzeko prozesuak arintzea eta herritarrendako eskuragarritasuna erraztea, erabakitzen diren neurri eta tresna korporatiboak sustatuz eta ezarriz.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu edo maila goragoko edo bereko lanpostuak bete nahi dituzten hautagaien lanposturako egokitasunaz eta gaitasunaz txostenak luzatzea eta haien lana ebaluatzea, ebaluazio hori aurreikusten deneko igoera prozeduren bidez eskuratu dituztenean.

f) Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko langileak hautatzen laguntzea, balorazio psikoteknikoari eta hizkuntzen ezagutzari dagokienez.

g) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen lanbide orientazioa zuzentzea, beste orientazio bat, garapen profesionala edo langileen edo administrazioko unitateen moldaketa behar denean.

h) Zehapen espedienteen instruktoreei laguntzea, txostenen eta peritazio teknikoen bidez, horiek eskatzen dutenean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari banakako orientazio zerbitzu bat, pertsonala edo profesionala eskaintzea.

i) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei buruzko prestakuntza eta garapen politika orokorrak finkatu eta ezartzea, urteko prestakuntza planak diseinatu eta garatuta.

j) Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei hainbat bide eta modalitateren bitartez eskaintzen zaizkien prestakuntza jarduerak, korporatiboak, arlokoak eta bakarkakoak izan, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, eta haien beharrak atzematea.

k) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langile publikoei eskaintzen zaizkien prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta erakunde publikoek langileriaren prestakuntzaren arloan burutzen dituzten jarduketei buruzko informazioa zentralizatzea.

l) Hautaproben ondoko prestakuntza ikastaroak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen barne igoerarako edozein jarduera antolatu, planifikatu eta burutzea.

m) Prestakuntza jarduerei buruzko asistentziaren eta aprobetxamenduaren gaineko diploma eta ziurtagiriak ematea, euskaraz eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitearen gaineko diploma eta ziurtagiriez gain.

n) Euskaraz eta Europar Batasuneko lan hizkuntzetan moldatzeko sostengu jarduerak diseinatu, programatu eta burutzea, administrazioko unitateen beharrak betetzeko.

ñ) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileek euskara eta Europar Batasuneko hizkuntzak ikasi eta hobetzeko ikastaroak planifikatu eta burutzea.

o) Euskaraz eta Europar Batasuneko lan hizkuntzetan prestatzeko ebaluazio metodoak diseinatzea eta enplegatu publikoak prestatu eta birziklatzeko Europako proiektuetan parte hartzea.

p) Langileak sentsibilizatu eta gaitzea ebaluazio, kalitate eta hobekuntza arloan.

q) Zerbitzu publikoen kalitatearen esparru-plana bultzatu eta garatzea, eta hari jarraipena egin eta ebaluatzea.

r) Administrazio unitateen funtzionamendua ebaluatzea, eta haien egitura organiko eta funtzionala proposatzeko txostenak prestatzea.

s) Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeak aginduta, esku-hartze publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzea, eta haren erabakiak garatzea.

t) Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Sariaren deialdia urtero egin eta kudeatzea, eta orobat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak kalitatea saritzeko antolatzen dituen beste deialdi batzuk egin eta kudeatzea.

u) Politika Publikoen eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Ebaluazioaren Erregistroa kudeatu eta mantentzea.

v) Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordeari laguntzea eta haren erabakiak garatzea.

x) Autonomia erkidegoetan, Espainian eta atzerrian antzeko eginkizunak dituzten erakundeekin eta bereziki Nafarroako unibertsitateekin lankidetzarako loturak sortzea.

y) Azterlanak eta argitalpenak egitea, jardunaldiak, biltzarrak eta eztabaidaguneak sustatzea eta sarietarako dei egitea, lehen aipatu diren arloei buruz.

z) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza eta partaidetza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza eta partaidetza organoak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendaritza organoak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

2. Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileendako Prestakuntza Batzordea da partaidetza organoa.

II. KAPITULUA. Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

Gobernu Kontseilua kide hauek osatuko dute:

1. Batzordeburua: Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilaria.

2. Buruordea: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

3. Batzordekideak:

a) Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

b) Justizia eta Barneko zuzendari nagusia.

c) Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

d) Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien zuzendari nagusia.

e) Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

f) Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

g) Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

h) Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

i) Prestakuntza eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

j) Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko zuzendaria.

k) Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

l) Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendaria.

m) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria.

n) Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

ñ) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta lan-kontratudunen mahai orokorretan diharduten sindikatuen bi ordezkari.

6. artikulua. Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektu proposamena urtero onestea, atxikia dagoen departamentuari igorri aurretik.

b) Ekitaldi bakoitzerako erakundearen jarduketa plan eta programak onestea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Prestakuntza Batzordeari entzun ondoren, bidezko bada.

c) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko lehendakariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren bileretara dei egitea eta horietarako gai zerrenda ezartzea, haren bilkuretan buru eta zuzendari lanetan aritzea, haren erabakiak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren funtzionamenduari buruzko arauak betetzen direla begiratzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren ordezkari izatea edozein jarduera klasetan, eta ordezkaritza hori betetzeko behar diren ahalmen eta aginduak ematea.

c) Premia kasuetarako behar diren probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Kontseiluari.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko idazkari nagusia izanen da Gobernu Kontseiluko idazkaria.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen jarraibideen arabera, eta erabakiak betetzeko izapideak egitea.

b) Osoko bilkuretako akta jasotzea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

c) Bere esku uzten diren gainerako eginkizunak betetzea.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari batek lagunduko dio idazkariari.

9. artikulua. Bilkurak.

Gobernu Kontseilua, bilkura arruntean eta nahitaez, urtean behin bederen bilduko da. Halaber, bilera berezia eginen du, Kontseiluko lehendakariak horretarako dei eginez gero.

10. artikulua. Deialdia.

Gobernu Kontseilua biltzeko deia bi egun balioduneko epea bederen utzita egin beharko da, bilkura arrunta bada, eta egun baliodun batekoa, berezia izanez gero.

11. artikulua. Bilkuretara joatea.

Gobernu Kontseiluko bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da, aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu. Bilkurara joaterik ez duenak lehendakariari aditzera eman beharko dio aldez aurretik, behar den denborarekin.

12. artikulua. Quoruma.

Gobernu Kontseilua balio osoarekin eratu dadin, lehenbiziko deialdian, beharrezkoa izanen da kontseilukideen gehiengo absolutua izatea bilkuran. Bigarren deialdian, balioak izan dezan, gutxienez ere bost kidek agertu beharko dute. Betiere, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria agertzea edo legez horiek ordezten dituztenak.

13. artikulua. Erabakiak hartzea.

1. Organo horren erabakiak gehiengo hutsaren bidez hartuko dira. Lehendakariari edo haren legezko ordezkariari dagokio berdinketak haustea kalitatezko botoaren bidez.

2. Hartzen diren erabakiak aldez aurretik gai zerrendan sarturiko gaiei buruz izanen dira, salbu eta, organo kolegiatuko kide guztiak bertan egonda, beste gai baten presakotzat jotzen bada, gehienak ados daudela.

III. KAPITULUA. Zuzendari kudeatzailea

14. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak askatasun osoz izendatu eta kenduko du kargutik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariak proposaturik.

2. Kanpoan egoteagatik, gaixo egoteagatik edo bestelako gorabeherengatik idazkari nagusiak ordeztuko du zuzendari kudeatzailea.

15. artikulua. Eskudantziak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari dagokio eskudantzia hauek erabiltzea:

a) Institutuaren jardunean goreneko ardura bere gain hartzea.

b) Erakundearen zuzeneko ordezkaria izatea.

c) Gobernu Kontseiluaren erabakiak bete eta betearaztea.

d) Kudeaketa arlorako helburu orokorrak, aurrekontuak, funtzionamendurako arau orokorrak eta jarduketa memoriak prestatzea.

e) Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari proposatzea zer aldaketa egin institutuaren egitura organikoan, hark hobeki funtzionatzeko egokitzat jotzen baditu.

f) Erakunde autonomoak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

g) Beste entitate eta erakunde batzuekin hitzarmenak eta itunak izenpetzea.

h) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.

i) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen departamentuak horren aldeko txostena egin ondoren.

j) Institutuko langileen buru izatea.

k) Auzibide zibilera eta lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioen gainean ebaztea, langileen arloko erreklamazioen gainean izan ezik.

l) Institutuaren ondarea kudeatu eta erabiltzea, ondasunen titulartasuna erabiltzeko egintzak izan ezik, horien eskumena bestelako organo edo entitateei badagokie.

m) Institutuan zerbitzuak emateko behar diren kontratuak izenpetzea.

n) Gastuak baimendu eta erabiltzea eta ordaintzeko obligazioak onartzea.

ñ) Institutuak egin beharreko jardueren tarifak onestea.

o) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagozkion ondare erantzukizuneko prozeduren gainean ebaztea.

p) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartu, mailaz igo eta lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea, langileen arloko eskudantziak zehazten dituen foru dekretuan aurreikusitakoari jarraituz.

2. Zuzendari kudeatzaileak Gobernu Kontseilariari jakinaraziko dizkio aurreko lerroaldean aipatzen diren eginkizunei buruz eginiko jarduketa nagusiak.

16. artikulua. Eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzietako batzuk Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zerbitzuetako zuzendariei eta idazkari nagusiari eskuordetzen ahal dizkie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

III. BIS KAPITULUA.

16.bis artikulua

16.ter artikulua

IV. KAPITULUA. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea

17. artikulua. Izaera

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko partaidetza organo gisa osatzen da. Haren jarduketa esparruak Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztiak ukituko ditu.

18. artikulua. Osaera.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

1. Batzordeburua: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

2. Buruordea: Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen ordezkariak:

a) Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

b) Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

c) Prestakuntza eta Garapen Zerbitzuko zuzendaria.

d) Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko zuzendaria.

e) Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

f) Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendaria.

g) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat.

h) Hezkuntza Departamentuaren ordezkari bat.

i) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

4. Sindikatuetako ordezkariak: Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta lan-kontratudunen mahai orokorretan diharduten sindikatuen hamar ordezkari.

5. Idazkaria, hizpidea eta botoa dituela: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Administrazio Publikoko arlo juridikoko teknikari bat.

19. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Prestakuntza Batzordearen eginkizunak ondorengoak izanen dira:

a) Prestakuntza Plana prestatu eta proposatzea, langileak birziklatzeko ekintzak barne, bidezko bada.

b) Prestakuntza Plana begiratu eta kontrolatzea.

c) Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzeko eta erakunde publikoko aurrekontuetako prestakuntzarako gastuari buruz txostena egitea eta haren jarraipena egitea.

d) Antolamenduari eta jardunari buruzko barne arauak onestea.

V. KAPITULUA. Zerbitzuak eta Atalak

20. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Zerbitzuak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzua.

b) Prestakuntza Zerbitzua.

c) Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzua.

d) Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitatearen Zerbitzua.

2. Zuzendari kudeatzailearen mende, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko administrazio arloaren arduradun, idazkaritza nagusi bat izanen da.

3. Nafarroako Segurtasun Eskola Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikitzen zaio. Bere erregelamendu organikoa izanen du eta funtzionamendukoa ere bai.

Foruzaingoko edo Nafarroako Larrialdietako Agentziako Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamenduko kide bat denean Segurtasun Eskolako zuzendari, horrek, ondorio guztietako, kasuan kasuko kidegoko kide izaten segituko du, eta zerbitzuetako zuzendariei dagokien lansaria kobratuko du, hori goragokoa bada.

21. artikulua. Zerbitzuetako zuzendariak.

Nafarroako Gobernuak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu kargutik zerbitzuetako zuzendariak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik. Haien araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean zerbitzuetako zuzendariendako ezarririk dagoena izanen da.

22. artikulua. Idazkaritza Nagusia.

1. Zuzendari kudeatzaileak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zerbitzuko zuzendarien artetik izendatuko du idazkari nagusia. Izendapenaren gaineko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Idazkari nagusiak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Institutuko Gobernu Kontseiluko idazkari lanak, Institutuko langile juridikoek lagundurik.

b) Institutuaren aurrekontuak, ekonomia eta kontabilitatea kudeatzea.

c) Institutuaren kontratazio administratiboa kudeatzea eta haren ondarea administratu eta kudeatzea.

d) Institutuko langileak eta haien barne araubidea kudeatzea.

e) Institutuko zerbitzu juridikoetako buru izatea, haien jarduera koordinatzea eta zuzendari kudeatzaileari eta zerbitzuetako zuzendariei laguntza juridikoa ematea.

f) Xedapen, jarraibide, zirkular eta gainerako arauetarako aurreproiektuak prestatzea.

g) Ziurtagiri juridikoak luzatzea eta agiriak konpultsatzea.

h) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren argitalpenak, sariak eta laguntzak kudeatzea, Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuaren eskumenekoak izan ezik.

i) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren komunikazio eta irudi prozesuak garatu eta sustatzea.

j) Biltzarrak, mintegiak, jardunaldiak, eztabaidaguneak eta antzeko jarduerak antolatzea, esparru juridikoko prestakuntza jarduerei lotuak.

k) Institutuko liburutegia eta funts bibliografikoak orokorrean kudeatzea.

l) Zuzendari kudeatzailea ordeztea, ez dagoenean, kargu hori hutsik dagoenean edo hura eri denean.

m) Zuzendari kudeatzaileak esleitzen dion beste edozein eskumen.

23. artikulua. Kudeaketa eta Araubide Juridikoaren Atala.

Idazkaritza Nagusia daukan zerbitzuari atxikia, Kudeaketa eta Araubide Juridikoaren Atala izanen da. Atal horrek proposatu, txostenak eman eta burutzeko 22. artikuluko 2. idatz-zatiko b), c), d), e), f), h), i), j) eta k) letretan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu eta bere duen kudeaketa esparruan agintzen zaion beste edozein eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

24. artikulua. Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzua.

Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuari foru dekretu honetako 3.2 artikuluko a), b), c), d), e) f), g) h) eta v) letretan aipatzen diren eginkizunez gain, mende dituen atal edo unitateak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea dagokio.

25. artikulua. Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko atalak.

Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak hiru atal ditu bere egituran:

-Lan Publikoaren Eskaintza Kudeatzeko Atala.

-Hautapen Organoen Atala.

-Psikologia Atala.

26. artikulua. Lan Publikoaren Eskaintza Kudeatzeko Atala.

Lan Publikoaren Eskaintza Kudeatzeko Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko a) letran aipatzen diren eskurantzak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta esleitzen zaion beste edozein, bere duen kudeaketa esparruan, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

27. artikulua. Hautapen Organoen Atala.

Hautapen Organoen Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko b), c) eta d) letretan aipatzen diren eskurantzak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta esleitzen zaion beste edozein, bere duen kudeaketa esparruan, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

28. artikulua. Psikologia Atala.

Psikologia Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko e), f), g) eta h) letretan aipatzen diren eskurantzak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta esleitzen zaion beste edozein, bere duen kudeaketa esparruan, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

29. artikulua. Prestakuntza eta Garapen Zerbitzua.

Prestakuntza eta Garapen Zerbitzuari, foru dekretu honetako 3.2 artikuluko i), j), k), l), m), x), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eginkizunez gain, mende dituen atal edo unitateak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

30. artikulua. Prestakuntza eta Garapen Zerbitzuko atalak.

Prestakuntza eta Garapen Zerbitzuaren mende egonen da Prestakuntza Atala.

31. artikulua. Prestakuntza Atala.

Prestakuntza Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko i), j), k), l), m), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eskudantziak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta agintzen zaion beste edozein, berariazko prestakuntzari lotua, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

32. artikulua.

33. artikulua. Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzua.

Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuari, foru dekretu honetako 3.2 artikuluko f), i), k), l), m), n), ñ), o), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eginkizunez gain, mende dituen atal edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

34. artikulua. Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzua.

Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko p), q), r), s), t), u), v), x), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eginkizunez gain, mende dituen atal edo unitate organikoak planifikatu, koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

35. artikulua. Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuko atalak.

Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuak bi atal ditu bere egituran:

-Azterlanen eta Ebaluazioaren Atala.

-Kalitatearen eta Etengabeko Hobekuntzaren Atala.

36. artikulua. Azterlanen eta Ebaluazioaren Atala.

Azterlanen eta Ebaluazioaren Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko p), r), s), u), v), x), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eskudantziak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta agintzen zaion beste edozein, bere duen kudeaketa esparruan, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

37. artikulua. Kalitatearen eta Etengabeko Hobekuntzaren Atala.

Kalitatearen eta Etengabeko Hobekuntzaren Atalak foru dekretu honetako 3.2 artikuluko p), q), t), v), x), y) eta z) idatz-zatietan aipatzen diren eskudantziak proposatu, burutu eta horien gainean txostenak emateko eginkizunak burutuko ditu eta agintzen zaion beste edozein, bere duen kudeaketa esparruan, eta mende dituen bulego edo unitateek burutzen dituzten jarduerak koordinatu, zuzendu eta kontrolatuko ditu.

38. artikulua. Atalen azpiko beste unitate administratiboak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA

39. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen arabera, honakoak dira Nafarroako Administrazio Publikoaren ondarearen osagaiak: Nafarroako Ondarekoak diren ondasun eta eskubide guztiak, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkionak; ondare horren ondasun direnez gero dagozkien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia delako foru legearen 71. eta hurrengo artikuluen norainokoaz.

40. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren ondasunak honako hauek izanen dira:

a) Eskura jarritako ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien ondoriozko produktu eta errentak.

c) Kobratzen ahal dituzten ohiko eta ohiz kanpoko dirusarrerak, arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Transferentziak, ohikoak edo kapitalekoak, Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dauzkatenak.

e) Administrazioen edo entitate publikoen dirulaguntzak, ohikoak edo kapitalekoak.

f) Entitate pribatuen eta partikularren dohaintzak, utziak eta bestelako ekarpenak.

g) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

41. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuaren mende dago. Haren aurrekontua, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarenarekin batera, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sarturik dago.

2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

3. Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

42. artikulua. Esku-hartzeen araubidea.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira-, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetza dela kontabilitatea.

43. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILEAK

44. artikulua. Langileak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren langileria honako hauek osatuko dute:

a) Izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnek.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario eta lan-kontratudunek, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari edo hori osatzen duten unitate organikoei atxikiek.

c) Erakunde autonomoko bereko lan-kontratudunek.

45. artikulua. Langileen araubidea.

Erakunde autonomoko langileei Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina eta hori garatzen duten xedapenak aplikatuko zaizkie. Estatutu hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

46. artikulua. Araubide orokorra.

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egintza administratiboen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioko arautegi berariazkoari jarraituko zaio.

47. artikulua. Administrazio errekurtsoak.

1. Eskuarki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organoek emaniko egintza eta ebazpenek ez dute bide administratiboa agortuko.

2. Ondareko erantzukizunaren arloan ematen diren ebazpenek eta legeetan hala espresuki ezarririk dagoeneko bestelako ebazpenek agortuko dute bide administratiboa.

3. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organoen egintza eta ebazpenen kontra, bide administratiboa agortzen ez badute, bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorria, salbu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak hautatu epaimahai eta organoen egintza eta ebazpenen kontra aurkezturiko errekurtsoei dagokienean, kasu horietan haien lehendakaria izendatu duen agintari edo organoari baitagokio ebazpena ematea.

4. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko organoen egintza eta ebazpenen kontra, bide administratiboa agortzen badute, berraztertze errekurtsoa aurkezten ahalko da, egintza edo ebazpena eman duen organoaren aurrean.

5. Bide judizial, zibil edo laborala baino lehenagoko erreklamazioei buruzko ebazpenen kontra, interesdunak arlo jurisdikzional eskudunean aurkezten ahalko du demanda.

48. artikulua. Ordezkaritza eta defentsa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Administrazio Publikoaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa