Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 134. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 6an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen arabera, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen prozeduren tramitazioan zerbitzu elektronikoak pixkanaka ezarriko dira eta, horretarako, kasuan kasuko prozedura administratiboak onetsi beharko dira aldez aurretik, baliabide elektroniko horiek aplikatzeko neurri egokiak hartzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait departamentuk, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera, errekurtsoak eta erreklamazioak kudeatzeko prozedura elektronikoa ezarri dute. Espediente honi Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena erantsi zaio, non 11/2007 Foru Legearen 2.3 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direla bermatzen den.
Horrenbestez, lehen aipatutako apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan erreklamazio eta errekurtso administratiboak kudeatzeko prozedura elektronikoaren ezarpena onestea.
Bigarrena
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Interneteko webgunean argitaratzea. Webgune horretan argitaratuko dira, orobat, sarbiderako behar diren zehaztapen teknikoak.
Hirugarrena
Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusiei eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.