(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

20/2013 Foru Agindua, otsailaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak...

20/2013 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 21EKOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ EZARTZEN DA NAHITAEZKOA DELA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ELEKTRONIKOA ERABILTZEA HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ESKUMENEKO LAGUNTZAK TRAMITATZEKO ESKAERAK, KOMUNIKAZIOAK ETA BESTE AGIRI BATZUK AURKEZTEKO, HAIEN ONURADUNAK IKASTETXEAK DIRENEAN

(2013ko 52. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 15ean)

Atarikoa

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urriaren 4ko 622/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzeko prozedura elektronikoaren ezarpena onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru lege horren 23.2 artikuluak xedatzen du ezen, foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri ahalko duela, justifikatuz gero, administrazio prozedura elektroniko jakin batzuk erabili beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

Hezkuntza Departamentua zenbait neurri ezartzen ari da ikastetxeak informazioaren gizartean sar daitezen laguntzeko. Gaur egun, entitate horiek informazioaren teknologiak maila egokian erabiltzen ikasi dute eta, beraz, gorabeherarik gabe erabil ditzakete. Tramitazio elektronikoaren bidez errazago eta kostu txikiagoekin eginen dituzte tramiteak Administrazioan. Kudeaketa administratiboan eraginkortasun eta eragimen handiagoa izaten ere lagunduko du. Horregatik bidezkoa da administrazio prozedura elektronikoa jarraitu beharra ezartzea laguntzak tramitatzeko, onuradunak entitate horiek entitateak direnean.

Halaber, baliabide telematikoak erabiltzen laguntzearren, foru agindu honek laguntza sistema bat ezarri du, eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk hirugarren pertsonak ordezkatuz aurkezteko telematika bidez, eta aholkuak emateko eta tramite horietarako puntu batzuk hirugarrenen eskura jartzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluarekin bat, agindu dut:

1. Nahitaezkoa da administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko, haien onuradunak ikastetxeak direnean. Zehazki, honako prozedura hauetan erabili beharko da nahitaez prozedura elektroniko hori:

a) Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako hezkuntza berrikuntzako proiektuak.

2. Betebehar horren ondorioz, telematika bidez aurkeztu beharko dira bai eskaerak, baita interesdunak aurkeztu beharreko edo hari eskatzen zaion beste edozein agiri ere.

3. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuari aurretik jakinarazita, salbuespen gisa, aurreko atalean aipatutako agiriak zuzenean eramaten ahalko ditu interesdunak, baldin eta erabiltzaileek aurkezpen telematikoa egitea zailtzen edo bereziki oztopatzen duten inguruabarrak gertatzen badira, eta betiere departamentuak onetsiz gero.

4. Foru agindu honen eranskin gisa, kanpoko laguntzarako agiria onesten da, lehenengo puntuan aipatutako entitateak ordezkatuz, eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko eta haiei laguntza emateko, tramiteak zuzen egin ditzaten.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ERANSKINA. Kanpoko laguntzarako agiria, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko laguntzen prozedurei dagozkien eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 21eko 20/2013 Foru Aginduaren bidez ezarri zen nahitaezkoa zela administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea laguntzen, diru-laguntzen edo transferentzien eskaerak tramitatzeko, haien onuradunak ikastetxe publikoak edo pribatuak direnean.

Nahiz eta departamentua ikastetxe horiei informazioaren gizartean sartzen laguntzeko ekimenak garatzen ari den, egokia da sistema bat ezartzea, interesdunek hirugarrenen laguntza izan dezaten tramiteak egiteko.

Laguntza honelakoa izanen da:

Lehena. Laguntzaren xedea.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bidez (www.navarra.es) banakako atxikipen agiria sinatzen duten pertsonek edo entitateek kolaboratzen ahalko dute Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko, haien onuradunak lanbide edo enpresa jarduerak garatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak direnean, autonomoak barne, eta beste edozein pertsona juridiko. Horrela erraztu eta arindu eginen da laguntzen kudeaketa.

Bigarrena. Laguntza mota.

1. Laguntza esparru hauetan guztietan edo batzuetan eman ahalko da:

a) Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk hirugarrenak ordezkatuz aurkeztea.

b) Aholkuak ematea eta eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko puntu batzuk hirugarrenen eskura jartzea.

Hirugarrena. Betebeharrak.

1. Atxikitako entitateak betebehar hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen diren baliabideak izatea.

b) Datu pertsonalen tratamendu automatizaturako egungo araudian eskatzen diren baldintzak betetzea eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eskatutakoak.

c) Gizarteko, laneko, enpresako edo lanbideko sektoreak edo interesak ordezkatzen dituen entitate bat ez denean, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren edo lizentzia fiskalaren tarifak eta jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen talde edo epigrafe batean alta emanda egotea.

Laugarrena. Hezkuntza Departamentuaren eta banakako atxikipen agiria sinatzen duten entitateen konpromisoak.

1. Agiri honek Hezkuntza Departamentuko laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzen dituzten organoak eta banakako atxikipen agiria sinatzen dutenak elkarri laguntzera behartzen ditu, helburuak lortu ahal izateko.

2. Halaber, atxikiek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko diote atxikipen agiriaren edukia uki dezakeen edozein aldaketa garrantzitsu eta, bereziki, helbide elektronikoaren aldaketa.

3. Banakako atxikipen agiria sinatzen duenak agiri honetan aipatutako betebeharrak betetzen ez baditu, ordezkaritzarako eta laguntzarako sistema honetatik kanpo geratuko da. Hezkuntza Departamentuak baztertzeko ebazpena emanen du, interesdunari entzun ondoren, eta interesdun horrek bidezkoak diren errekurtsoak jartzeko aukera izanen du.

Bosgarrena. Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko ordezkaritzaren hedadura.

1. Hirugarren pertsonen eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezten badira agiri honetan xedatutakoari jarraituz, ordezkariek ez dute erantzukizunik izanen ordezkatuen izenean aurkeztutako agirien edukiaren ondorioz, ulertuko baita agiriak aurkeztu baino ez dutela egiten.

Seigarrena. Borondatezko baja.

1. Laguntzarako sistema honi atxikitzen zaionak noiznahi har dezake baja, departamentuari eta ordezkatuari garaiz jakinaraziz gero.

Zazpigarrena. Publizitatea.

1. Hezkuntza Departamentuak sistema honi atxikitako pertsonak eta entitateak zein diren argitara emanen du.

Zortzigarrena. Jarraipena.

1. Hezkuntza Departamentua obligatzen da agiri honi atxiki zaizkion pertsonekin komunikazio jarraitua izatera, batzuen eta besteen arteko harremanak eta lankidetza errazteko, sortzen diren arazoak konpontzeko eta edukia gauzatu dadin bultzatzeko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa