Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 37. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 27an)
Atarikoa
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) enpresen alorrean sartzea oinarrizko zutabea da, zalantzarik gabe, informazioaren gizartearen garapenerako eta Nafarroako Foru Komunitatearen beraren garapen ekonomiko eta sozialerako. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek bidea ematen dute enpresetan negozio mota eta antolamendu prozesu berriak sortzeko, eta horrek hobekuntza nabarmenak ekartzen dizkio produktibitateari. Horregatik, informazioaren gizartean sartzea bultzatu behar da, enpresarien sektoreari azpiegitura egokiak emanez, haren gestioa modernizatu dezaten.
Enpresa txiki eta ertainak, mikroenpresak eta langile autonomoak eragile garrantzitsuak dira Nafarroako jarduera ekonomikoan, euren kopuruarengatik, dinamismoarengatik eta eboluzioarengatik. Hala ere, tamaina horretako enpresek zailtasun handiagoak izaten dituzte Informazioaren Gizartean parte hartzeko, eta parte-hartze hori propio sustatu behar da diru-laguntzen bidez, enpresa horiek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak beregana ditzaten.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak apirilaren 24an emandako 124/2008 Foru Aginduaren bidez, diru-laguntzak banatzeko arauak ezarri ziren, Nafarroako ETEek, mikroenpresek eta langile autonomoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ezartzeko. 2008. urtean diru-laguntza horren kudeaketan izandako esperientziak erakusten du komenigarria dela foru agindu berri bat onestea, aurrerantzean laguntzak hobeki kudeatzeko beharrezkoak diren aldaketak sar daitezen.
Gobernuak, 2009ko martxoaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zion Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, diru-laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean emateko.
Era berean, foru agindu honetan biltzen diren diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Ituneko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da erregelamendu hori (2006ko 379. Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L saila, abenduaren 28koa).
Azkenik, aditzera ematen da diru-laguntzak Europar Batasuneko Feder funtsek hein batean finantzatzen dituztela.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Diru-laguntzaren xedea.
Diru-laguntzen xedea da Nafarroako enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta langile autonomoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak bereganatzea, beren kudeaketa gaurkotzen laguntzeko. Horrela, informazioaren gizartearen garapena eta Nafarroako Foru Komunitatearen beraren garapen ekonomiko eta soziala sustatuko da, enpresetan negozio mota eta antolamendu prozesu berriak sortzea erraztuz eta, ondorioz, produktibitateari hobekuntza nabarmenak ekarriz.
Diru-laguntzaren kudeaketa Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A.ren (aurrerantzean, NEBEZ) lankidetzarekin eginen da, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari atxikitako Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren erakunde instrumentala baita.
2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Diruz lagunduko dira jarraian aipatzen diren kategorietako gastuak, eskatzaile motaren arabera:
A) Langile autonomoak.
1. Mahai gaineko ordenagailu edo ordenagailu eramangarri bat salerosketa bidez eskuratzea. Ordenagailuak txip txartela eduki behar du eta NAN elektronikoa, dela kanpokoa dela barnekoa.
2. Funtzio anitzeko inprimagailu eskanerdun bat salerosketa bidez eskuratzea, aurreko puntuan aipatutako ordenagailua eskuratzeko diru-laguntza ematen denean soilik.
B) Mikroenpresak:
1. Mahai gaineko ordenagailuak edo ordenagailu eramangarriak, bi gehienez, salerosketa bidez eskuratzea. Ordenagailuek txip txartela eduki behar dute eta NAN elektronikoa, dela kanpokoa dela barnekoa.
2. Funtzio anitzeko inprimagailu eskanerdunak, bi gehienez, salerosketa bidez eskuratzea. Aurreko puntuan aipatu direnen artean diruz laguntzen den ekipo bakoitzeko inprimagailu bakar baterako emanen da laguntza.
3. Kudeaketarako oinarrizko programa informatikoak eta ofimatikako programak, hala nola, administrazio kudeaketako programak, antolamendu pertsonalekoak eta talde lanekoak, posta elektronikokoak.
C) Enpresa txiki eta ertainak:
IKTak ezartzeko planak gauzatzea, enpresaren negozio prozesu guztiak edo batzuk digitaliza daitezen, jarduera hauetakoren baten inguruan betiere:
-Kudeaketarako sistema integratuak eta finantzen kudeaketarako eta diruzaintzarako garapenak eta sistemak, horien barnean faktura telematikoa eta, horri lotuta, sinadura elektroniko aurreratua erabiltzeko betebeharra, haren egiazkotasuna eta integritatea bermatzeko. Honako atari honetan azaltzen diren betebehar teknikoak: http://www.facturae.es.
-Enpresaren web gunea diseinatu eta ezartzea, baldin eta web gune horrek, enpresari buruzko informazioa emateaz gainera, merkataritzako eragiketak egiteko aukera ematen badu.
-Marketin elektronikoa (e-Marketina): bezeroekiko harremana hobetzen duten sistemak ezartzea, bezeroaren leialtasuna lortuz, haiek erakarriz eta kudeatuz, eskaintzak pertsonalizatuz, publizitatea eginez eta bezeroen datu baseak sortuz.
-Erosketak (e-procurement): enpresak produktu eta zerbitzuen erosketarako kudeaketa sistema elektronikoak ezartzea.
-Merkataritza elektronikoa (e-commerce): enpresak bezeroei produktu eta zerbitzuak saltzeko sistema elektronikoak ezartzea.
-Merkataritza birtuala (e-marketplaces): enpresak erosle eta saltzaileen negoziazioa modu elektronikoan egiten laguntzen duten plataformetan parte hartu ahal izateko sistemak ezartzea.
-Enpresaren intraneta eta/edo extraneta diseinatu eta ezartzea, enpresako langileen arteko komunikazioa eta langile horiek bezeroekin eta hornitzaileekin izaten dutena hobetu ahal izateko.
-Barne komunikazioko sistemak diseinatu eta ezartzea, wiki motako tresnak erabiliz.
-Informazio sistemen segurtasun sistemak diseinatu eta ezartzea.
2. Aipatu diren eta diru-laguntza jasotzen ahal duten elementuetakoren bat erosi eta kontratatzeko, enpresa onuradunak egokiak iruditzen zaizkion hornitzaileengana jotzen ahalko du, foru agindu honen 5.2 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta. Informazioa emate aldera, NEBEZek (Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa, S.A.) IKT zerbitzuen enpresa hornitzaileen zerrenda eta web direktorio bat jarriko ditu enpresa onuradunen eskura. Hartara, zerrenda eta direktorio horretan parte hartu nahi duten enpresa hornitzaileek www.respuestadigital.es. web orriko inprimakia betez eman dezakete izena.
3. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak hauek dira:
-Mikroenpresentzat eta langile autonomoentzat: justifikatzen diren gastu lagungarrien %30, eta enpresa onuradun bakoitzak 7.000 euro gehienez, BEZa kendu eta gero.
-Enpresa txiki eta ertainentzat: justifikatzen diren gastu lagungarrien %30, eta enpresa onuradun bakoitzak 15.000 euro gehienez, BEZa kendu eta gero.
2. Aurreko ataletan ezarritako mugak kalkulatzeko, foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako gastuengatik jasotako diru-laguntzen batuketa hartuko da kontuan, betiere Nafarroako Gobernuaren azken 3 urteotako aurrekontuen kargura, indarrean den urteko deialdia barne.
Enpresa eskatzailearen BEZ araubideak ezartzen baldin badu enpresak ezin duela konpentsatu jasaten duen BEZaren portzentaje bat ("hainbanaketa"), konpentsatzen ez den diru zenbateko hori diruz laguntzen ahal den gastutzat joko da.
4. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.
1. Onuradun izaten ahalko dira enpresa jardueretan aritzen diren pertsona fisiko eta juridikoak, honako baldintzak betetzen badituzte:
a) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta diru-laguntzarako eskaera aurkeztu baino lehen eratuta egotea, ondorio guztietarako.
b) Enpresa txiki edo ertainak edo mikroenpresak izatea, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, hauek izanen dira:
-Enpresa txiki eta ertainak: 250 langile baino gutxiago dituztenak, urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik beherakoa dutenak edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak.
-Mikroenpresak: urtean 2 milioi eurotik beherako negozio bolumena dutenak eta 10 langile baino gutxiago dituztenak.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzen dituztenak.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, interesdunek, diru-laguntzarako eskaeran, baimena ematen ahalko diote Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, egoera hori frogatzen duten datuak begira ditzan, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena egiten denean. Baimen hori ematen ez badute, behar diren ziurtagiriak aurkeztuko dituzte baldintza horiek betetzen dituztela frogatzeko.
Onuradun izateko betebeharrak diru-laguntzarako eskaera sinatua aurkeztearekin frogatutzat joko dira; betebehar horiek betetzen direla adierazten duen erantzukizuneko aitorpena ere jasoko du eskaerak.
2. Ezin dira onuradun izan honako entitate hauek:
-Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
-Fundazioak, teknologia zentroak, profesionalen elkargoak eta elkarteak, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Lanbide Elkarteen Erregistroan enpresa-elkarte gisa erregistraturik daudenak salbu.
-Deialdi honen bidez diruz laguntzen ahal diren kontzeptuekin lotutako jarduera edo xede soziala duten enpresak.
-Zerbitzuak ematen dituen enpresako bazkideak edo partaideak diren edo hari lotuta dauden enpresak, edo autofakturazioa sor lezakeen antzeko kasu batean daudenak.
5. artikulua. Eskaeren aurkezpena.
1. Eskaerak.
Eskaerak aurkezten ahal dira:
-Bide telematikoa erabiliz, honako web orri honetatik abiatuta: www.respuestadigital.es. Beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
-Eskuz, eskabidea honako web orri honetatik hartuta: www.respuestadigital.esOrri hori bete, sinatu eta artikulu honen 3. atalean aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko da.
Diru-laguntzarako eskaerak aurkeztu ondoren interesdunarekin komunikatu beharra izanez gero, eskaeran bertan emandako posta elektronikoko helbidearen bidez egiten ahalko da.
2. Agiri osagarriak.
Eskaerekin batera jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira, pdf formatuan telematika bidez aurkeztuz gero, edo fotokopia bidez, berriz, eskaera eskuz beteta aurkeztuz gero.
a) NANaren fotokopia (langile autonomoen kasuan) edo IFKrena (enpresa txiki eta ertainen eta mikroenpresen kasuan).
b) Egin nahi den inbertsioaren aurrekontuak edo, dagoeneko egin bada, dagokion faktura. Enpresa txiki eta ertainen kasuan, foru agindu honen 2.1.C) artikuluan aipatzen diren IKTak ezartzeko planetarako laguntza eskatzen bada, prozesuaren azalpen labur bat ere igorriko da.
Diru-laguntzaren xede den gastuak 12.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu aholkularitza eta laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, horretarako gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanez.
Onuraduna aurrekotik salbuetsita egonen da, arrazoiak emanez justifikatu beharko dituen kasu hauetan:
-Diru-laguntzen xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duten entitateak aski ez direnean.
-Gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean.
c) Hala egin behar izanez gero, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren ordainketan eguneratuta dagoela frogatzea, azken ordainagiriaren edo altaren kopia aurkeztuz.
d) "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera", aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada edo bankuko kontua aldatu nahi bada. Eskaera www.respuestadigital.es orritik hartzen ahalko da. Eskaeran onuradunaren kontua jarriko da (hogei zenbaki), hark sinatuko du eta banketxeak zigilatuko.
Diru-laguntzarako eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, okerra zuzen dezala hamabost egun balioduneko epean, eskaera argitaratzen denetik hasita, eta adieraziko dio zuzentzen ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
3. Eskaerak aurkezteko tokia.
Aurkezpen telematikoa aukeratuz gero, www.respuestadigital.es orriaren bidez egin beharko da.
Eskaerak eskuz beteta aurkeztuz gero, behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
4. Eskaerak aurkezteko epea Enpresa zuzendari nagusiaren ebazpenean finkatuko da. Ebazpen horren bidez diru-laguntza emateko deialdia onesten da urtero.
5. Diru-laguntza honekin zerikusia duten kontsultak telefonoan eta posta elektronikoko helbide honetan egiten ahalko dira: ayudastic.pymes@navarra.es. Halaber, laguntzen programa honi buruzko informazio guztia www.respuestadigital.es orrian aurki daiteke.
6. artikulua. Diru-laguntzak emateko irizpideak.
Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Hala, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako aurrekontuak agortzen badira, eskaerak ezetsi eginen dira.
7. artikulua. Balorazio Batzordea.
Eskaerak ebaluatzeko organo kolegiatua, Balorazio Batzordea, honakoek osatuko dute:
-Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuko bi teknikari.
-NEBEZeko bi teknikari.
Organo kolegiatu horren irizpena lotzailea izanen da organo instruktorearentzat, eta organo horrek ebazpen proposamena aurkeztuko du, eginiko ebaluazioa ikusirik.
8. artikulua. Diru-laguntza ematea.
Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak, Balorazio Batzordearen irizpena ikusirik, organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Diru-laguntzak eman eta ukatzeari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiak izanen du. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratzeko epea 6 hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpenik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubideak galtzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik kopuru konprometituak askatzen badira, aurrekontuetan behar adina diru ez izateagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei ematen ahalko zaie diru-laguntza.
Diru-laguntza emateko prozeduraren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko dira.
9. artikulua. Diru-laguntzen onuradunen betebeharrak.
1. Diru-laguntzen onuradunek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gain, berariazko betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Interneterako banda zabaleko lotura izatea. Betebehar hori diru-laguntza ordaindu baino lehen frogatuko da, Interneterako banda zabaleko zerbitzuak ematen dituenaren kontratua edo azken faktura aurkeztuta.
b) Posta elektronikoko helbide bat izatea gutxienez, eta onuradunak bere lanaldian egunero begiratzea. Helbide hori NEBEZi emanen zaio, eta Administrazioak helbide hori erabiliko du onuradunarekin komunikatzeko.
c) Enpresa txiki eta ertainen eta mikroenpresen kasuan, web orri bat indarrean izatea. Betebehar hori diru-laguntza ordaindu baino lehen frogatuko da, orriaren url-a posta elektronikoz igorriz, helbide honetara: ayudastic.pymes@navarra.es.
d) Inbertsioari dagozkion gastuak eta ordainketak hurrengo artikuluan ezarritako moduan frogatzea.
e) Onuradunak, bere enpresa jarduera dela-eta, BEZaren aitorpena aurkeztu behar badu Nafarroako Ogasun Publikoan, diru-laguntza ematen zaionetik hasita urtebetez gutxienez aurkeztu beharko du Internetez.
f) Gogobetetze mailaren eta parte-hartzearen gaineko inkesta betetzea Interneten bitartez, horretarako www.respuestadigital.es web gunean sartuz.
g) Diru-laguntza honen xede diren ondasun inbentariagarriak enpresari atxikita egon beharko dute hiru urtez gutxienez, ondasunak eskuratzen diren egunetik hasita.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
10. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.
1. Diru-laguntzaren xedea beteta dagoela, eta diru-laguntza kobratu ahal izateko, onuradunek gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, urte bakoitzeko deialdian ezartzen den epean, honako agiri hauek aurkeztuz:
-Diruz lagundutako elementuen fakturak, ondoko formatuetako edozeinetan aurkezten ahalko direnak:
-Fakturen fotokopiak, bankuko ordainagiriekin batera.
-Fakturen fotokopiak, "ordaindua" zigilua dutenak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak.
-Fakturen fotokopiak, erosketaren tiketarekin batera.
-Interneterako banda zabaleko zerbitzuak ematen dituenaren kontratuaren edo azken fakturaren fotokopia aurkeztea ere nahitaezkoa izanen da.
-Enpresa txiki eta ertainen eta mikroenpresen kasuan, nahitaezkoa izanen da, halaber, enpresaren web orriaren url-a posta elektronikoz jakinaraztea, helbide honetara igorriz: ayudastic.pymes@navarra.es.
Agiri horiek foru agindu honen 5.3 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.
2. Fakturak aurkeztean baldintza hauek bete beharko dira:
-Fakturetan agertzen diren kontzeptuek bat etorri beharko dute diru-laguntzaren eskaeran agertzen denarekin.
-Fakturak aurkeztean, ekipoek eta programek erosita eta enpresan instalatuta egon beharko dute, eta web orriek, berriz, sortuta.
-Fakturek osagaien edo ekipoen identifikazioa bildu beharko dute, eta horiek sartzen direneko aparatuaren edo aparatuen kanpoko aldean ere agertuko dira datu horiek. Fakturan zehaztutakoak bat etorri behar du, zehatz-mehatz, haren ezaugarriekin.
3. Benetan egindako gastuaren justifikazioa diru-laguntza emateko arrazoi izandako aurrekontua baino txikiagoa denean, edo inbertsioaren zenbatekoa merkatuko prezioetarako egokitzat jotzen ez denean, diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu eginen da, benetan egin diren edo murrizketaren proportzioan baloratu diren gastuen arabera.
4. Enpresa zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez, diru-laguntza honen deialdia onetsiko da urtero, eta ebazpen horretan zehaztuko da diruz laguntzen ahal diren gastuen fakturek zein epetan dataturik egon behar duten, eta fakturak eta ordainagiriak zein epetan aurkeztu behar diren.
5. Gastuak eta ordainketak artikulu honetan ezarritako epean eta moduan justifikatzen ez badira, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
11. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa.
Frogagiriak azterturik, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak ordainketarako ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresa zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.
Diru-laguntzak ordaintzeari buruz ebazteko eskumena Enpresa zuzendari nagusiak izanen du. Ematen den ebazpena Nafarroako Gobernuaren web gunean argitaratuko da.
12. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Diru-laguntza hau bateragarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek (nazionalek edo nazioartekoek) emandako beste laguntza batzuekin.
Horrelakoetan, jarduera bererako esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
13. artikulua. Laguntzen "de minimis" izaera.
Foru agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Ituneko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da erregelamendu hori (2006ko 379. Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, L saila, abenduaren 28koa).
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.
Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.
14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web gunean jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: zein urtetako deialdia den, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Urteko deialdia.
Enpresa zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez, diru-laguntzak banatzeko urteko deialdia onetsiko da, Nafarroako enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta langile autonomoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ezartzeko.
Ebazpen horren bidez, urteko deialdiari dagokion gastua baimenduko da, eta eskaerak eta gastuen fakturak eta frogagiriak aurkezteko epeak ezarriko dira, baita faktura horiek zein epetan dataturik egon behar duten ere.
Xedapen Iragankor Bakarra. Hasitako prozedurak.
Foru agindu hau ez zaie aplikatuko Nafarroako enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta langile autonomoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ezartzeko diru-laguntzen prozedurei, baldin eta foru aginduak indarra hartu aurretik hasi badira, halako prozedurek Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 24ko 124/2008 Foru Aginduak ezarritakoaren mende izaten jarraituko baitute.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Foru agindu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira bertan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 24ko 124/2008 Foru Agindua, zeinean diru-laguntzak banatzeko arauak ezartzen baitira, Nafarroako enpresa txiki eta ertainek, mikroenpresek eta langile autonomoek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak bereganatzeko.
2. Aurreko atalean ezarritakoak ez du alde batera uzten foru agindu honen xedapen iragankor bakarrean ezarritakoa.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.