(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

79/2005 Foru Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Ataria arautu eta hartarako Departamentu arteko Batzordea sortzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2005eko 72. NAOn argitaratua, ekainaren 17an. Aldaketak: 54/2010 Foru Dekretua, irailaren 6koa)

Atarikoa

Nafarroako Gobernuak badu Interneten herritarrentzako argibide eta zerbitzuak eskaintzen dituen atari bat, 1996. urteaz geroztik, hasieran www.cfnavarra.es domeinuan sareratu zena. Urte batzuk geroago, 2002. urtean, Nafarroako Gobernuak birmoldatu zuen Interneten atari hau, modernizatu zuen eta euskarri tekniko arin eta eguneratua erantsi zion, erabilerarako arau tekniko batzuk eta estilo aldeko jarraibideak ezartzearekin batera.

Nafarroako Gobernuak Interneteko atariari dagokionez izan duen eta gaur egun daukan irizpidearen arabera, departamentu bakoitzak arduratu beharko luke herritarrentzako eduki eta zerbitzu berriak sartzeaz, bakoitzari dagozkion eskumenen arloetan, bai eta atarian lehendik sartuak daudenak eguneratzeaz ere. Ildo horretan, eta otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretuko 46. artikuluari jarraikiz, Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiak bere gain ditu, orokorki, informazio sistemei eta informatika nahiz telekomunikazio zerbitzuei dagozkien eskumenak. Zehazki, aipatutako foru dekretuko 48. artikuluari jarraikiz, Antolaketa Zerbitzuaren eginkizunetan sartzen da planak, programak eta proiektuak proposatu, prestatu, ezarri eta haien jarraipena eta kontrola egitea, Administrazioarekiko harremanetarako bide telematikoetan (Internet, besteak beste), eta, foru dekretu bereko 58. artikuluari jarraikiz, Informazio Sistemen Proiektuetarako Zerbitzuaren eginkizunetan, berriz, Nafarroako Gobernuko Internet Ataria garatu, burutu, mantendu eta haren zerbitzu-maila kudeatzea. Beste aldetik, martxoaren 14ko 60/2005 Foru Dekretuko 10. artikuluan aipatzen da Prentsa Bulegoaren Atalak (Gobernuaren Eledunaren Bulegoa/Komunikazio Zuzendaritza Nagusia) kudeatuko dituela Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren edukiak. Azkenik, otsailaren 24ko 38/2005 Foru Dekretuko 8. artikuluaren arabera, Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenetan sartzen da herritarrei laguntzea, bai eta administrazio prozedurak modernizatu, normalizatu eta erraztea ere.

Nafarroako Gobernuaren Ataria gaur egun daukagun baliabide hoberenetako bat da, modu eraginkorrean zaintzeko herritarren eskubideak, zeinak zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean. Beste aldetik, azpimarratu behar da Internet komunikabide gisa sendotu dela, Nafarroari buruzko berriak eta bestelako edukiak zabalduz sarean, informazio hori munduko edozein lekutan herritarrek kontsultatu ahal izan dezaten.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernua beharturik dago eguneratu, handitu eta hobetzera informazioa eta bide honetaz baliatuz herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, are gehiago kontuan hartzen badugu zerbitzuen tramitazio telematikoa, luze gabe, erabat zabalduko dela jendearen artean.

Azken urteotan bildutako esperientziak erakusten digu beharrezkoa dela Atarian dagoeneko txertatuak dauden edukien kudeaketa eta garapenean, eta herritarrentzako argibide eta zerbitzu berriak sartzeko eginkizunetan, esku-hartzen duten agente eta unitate guztien arteko koordinazioa sendotzea. Elkarlan hori zabaldu beharko litzateke eta bertan sartu Administrazioaren barrenean informazioaren tratamenduari lotutako egitura teknologiko eta antolaketazkoaz arduratzen diren unitate administratiboak.

Beraz, Nafarroako Gobernuaren Ataria Interneten nagusitu eta egoki kudeatzeko, betiere lortu nahi den zerbitzu eta informazio eguneratuari begira, beharrezkoa da gai honetan koordinazio lanak egin eta erabakiak hartzeko organo bat sortzea, departamentuen artekoa, erabakiak betearazteko ahalmena izanen duena.

Halaber, esandakoarekin bateragarria izanik, kontuan hartuz arestian aipatutako eskumen banaketa, eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren erabilera arrazoizkoa izan dadin, egoki eta bidezkoa da haren kudeaketa modu homogeneo eta zentralizatuan arautzea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko maiatzaren 30eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

2. artikulua. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordearen sorrera eta osaera.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordea sortzen da.

2. Batzordeko kide izanen dira Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia eta Komunikazioko zuzendari nagusia, eta lehenbizikoak batzordeburu jardunen du.

3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, Batzordeak lan talde berariazkoak ezartzen ahalko ditu, haien esku uzten diren zeregin zehatzetarako, horretarako hautatuz batzordekide direnen zuzendaritza nagusietako langileak, edo kasu bakoitzean zerikusia duten Foru Komunitateko Administrazioko gainerako unitate organikoetakoak.

3. artikulua. Batzordearen mendekotasun organikoa.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordea organikoki Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mendean egonen da.

4. artikulua. Batzordeko idazkaria.

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeko idazkari arituko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Antolaketa eta Modernizaziorako eta Herritarren Parte-hartze eta Arretarako Zerbitzuko zuzendaria. Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko beste pertsona batek ordeztu ahal izanen du eginkizun horretan, batzordeburuak izendatzen duena.

2. Idazkari horrek izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eginkizunak.

5. artikulua. Batzordearen funtzionamendurako arauak.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordearen funtzionamendua Batzordeak berak ezartzen dituen funtzionamendu arauei lotuko zaie.

6. artikulua. Batzordearen eginkizunak.

Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarirako Departamentu arteko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren ildoak zehaztuko dituzten plan estrategikoak prestatzea, herritarrarentzako zerbitzuak gehitzeko eta edukiak kudeatzeko arloetan, eta haren memoria ekonomikoa onestea.

2. Urteko garapen planak onestea, lehengo plan estrategikoen eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eta erakunde autonomoen iradokizun eta proposamenen ildoan.

3. Departamentuen artean koordinatzea lehendik online dauden edukien egokitzapena eta haien eguneratzea, bai eta herritarrentzako zerbitzu eta informazio berriak sartzeko lana ere.

4. Oraingoa ez bezalako formatuetan gaur egun Interneten oraindik ere eskaintzen diren online edukiak atarian sar daitezen bultzatzea.

5. Atariaren edukiak egokitzen joan daitezen sustatzea, erabilerraztasun unibertsalerako behar diren baldintzak bete daitezen.

6. Argitaratzen diren eduki publikoen osotasuna eta baimenak zaintzea.

7. Interneten atariak argitaratzeari buruz eta Informazioaren Gizartearen zerbitzuak emateari buruz dauden legezko betebeharrak betetzen ote diren zaintzea.

8. Herritarrek Nafarroako Gobernuari Internet bidez egiten dizkioten eskakizunei erantzuteko irizpideak ezartzea.

9. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko argitalpenari buruzko jarraibideak onestea.

7. artikulua

Azken Xedapen Bakarra. Indar Hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa