Castellano | Euskara | Français | English
(1993ko 99. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 13an)
Atarikoa
Lurzoru eta etxebizitza alorrean esku sartzeko neurriei buruz ekainaren 8an emandako 7/1989 Foru Legeak ezarri du zein kasutan betetzen ahal duten Administrazio Publikoek desjabetzeko eskumena.
Azaroaren 7ko 304/1990 Foru Dekretuak hirigintza desjabetzapenari buruzko espedienteak izapidatu eta ebazteko eskumen eta eginkizunak eman zizkion Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Kontseilariari.
Bigarren eta hirugarren sektoreetako ekonomia iharduerak ezartzeko gai den lurzoru urbanizatua, industrialdeak deritzona, sortzea xede duten administrazio prozedurak arinago egin daitezen, beharrezkoa da industria ihardueretarako desjabetzapenei buruzko espedienteei dagozkion erabakiak industrialde horietan zuzenean esku duten pertsona bakarreko organoari uztea.
Hori horrela, komenigarritzat jotzen da industria lurzorua sortzea xede duten hirigintza desjabetzapenei buruzko eskumenak Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariari uztea.
Eskumen horiek utzita ere, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak azaroaren 7ko 304/1990 Foru Aginduaren bidez gai berean bereganatu zituen eskumenei eutsiko die.
Hori horrela, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak 1993.eko uztailaren 26an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu bakarra
Bigarren eta hirugarren sektoreetako ekonomia iharduerak paratzeko gai den lurzorua, industrialdeak deritzona, sortzeko hirigintza desjabetzapenei buruzko espedienteak izapidatu eta ebazteko eskumen eta eginkizunak Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariari ematen zaizkio.
Xedapen Iragankor Bakarra
Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Kontseilariak gaurregun izapidatzen ari diren hirigintza eta industria desjabetzapenei buruzko espedienteak ere ebatziko ditu.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.