(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

40/2014 Foru Agindua, maiatzaren 19koa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak...

40/2014 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 19KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ EZARTZEN DA NAHITAEZKOA DELA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ELEKTRONIKOA ERABILTZEA HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN ESKUMENEKO LAGUNTZAK TRAMITATZEKO ESKAERAK, KOMUNIKAZIOAK ETA BESTE AGIRI BATZUK AURKEZTEKO, HAIEN ONURADUNAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO TOKI ENTITATEAK DIRENEAN

(2014ko 121. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 23an)

Atarikoa

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urriaren 4ko 622/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzeko prozedura elektronikoaren ezarpena onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Foru lege horren 23.2 artikuluak xedatzen du ezen, foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarri ahalko duela, justifikatuz gero, administrazio prozedura elektroniko jakin batzuk erabili beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak Informazioaren Gizartean sar daitezen laguntzeko neurriak ezarri dituzte azken aldi honetan. Gaur egun, entitate horiek informazioaren teknologiak maila egokian erabiltzen ikasi dute eta, beraz, gorabeherarik gabe erabil ditzakete. Gainera, tramitazio elektronikoaren bidez errazago eta kostu txikiagoekin eginen dituzte tramiteak Administrazioan. Bestetik, kudeaketa administratiboaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko aukera eman behar die. Horregatik bidezkoa da administrazio prozedura elektronikoa jarraitu beharra ezartzea transferentziak eta diru-laguntzak tramitatzeko, onuradunak entitate horiek direnean.

Halaber, baliabide telematikoak erabiltzen laguntzearren, foru agindu honek laguntzaile sistema bat ezarri du, eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk toki entitateak ordezkatuz aurkezteko telematika bidez, eta aholkuak emateko eta tramite horietarako puntu batzuk haien eskura jartzeko, beharrezkoa denerako.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluarekin bat, agindu dut:

1. Ezartzea nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea transferentzien eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeko, onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak direnean. Zehazki, honako prozedura hauetan erabili beharko da nahitaez prozedura elektroniko hori:

a) Euskararen erabilerarako eta sustapenerako laguntzak udal esparruan.

2. Betebehar horren ondorioz, telematika bidez aurkeztu beharko dira bai eskaerak, baita interesdunak aurkeztu beharreko edo hari eskatzen zaion beste edozein agiri ere.

3. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren deialdia kudeatzen duen organoari aurretik honen beri emanda, salbuespen gisa, aurreko atalean aipatutako agiriak zuzenean eramaten ahalko ditu interesdunak, baldin eta erabiltzaileek aurkezpen telematikoa egitea zailtzen edo bereziki oztopatzen duten inguruabarrak gertatzen badira, eta betiere departamentuak onetsiz gero.

4. Foru agindu honen eranskin gisa, kanpoko laguntza arautzen duten oinarriak onesten dira, lehenengo puntuan aipatutako entitateak ordezkatuz, eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko eta haiei laguntza emateko, tramiteak zuzen egin ditzaten.

5. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ERANSKINA. Kanpoko laguntza arautzen duten oinarriak, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko transferentzien eta diru-laguntzen prozedurei dagozkien eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezteko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, foru agindu honen bidez ezartzen da nahitaezkoa dela administrazio prozedura elektronikoa erabiltzea transferentziak eta diru-laguntzak tramitatzeko, haien onuradunak toki entitateak direnean.

Nafarroako Gobernua toki entitate horiei informazioaren gizartean sartzen laguntzeko ekimenak garatzen ari bada ere, egokia da sistema bat ezartzea, interesdunek hirugarrenen laguntza izan dezaten tramiteak egiteko.

Laguntza honelakoa izanen da:

Lehena.–Laguntzaren xedea.

1. Hezkuntza Departamentuaren deialdia kudeatzen duen organoari horren berri eman, eta toki entitatearen onespena aurkezten dioten pertsonek edo entitateek ematen ahalko dute laguntza Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko transferentziak eta diru-laguntzak tramitatzeko eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko bide telematiko bidez, haien onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak direnean.

Bigarrena.–Laguntza motak.

1. Laguntza esparru hauetan guztietan edo batzuetan eman ahalko da:

a) Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk toki entitateak ordezkatuz aurkeztea.

b) Aholkuak ematea eta eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko puntu batzuk toki entitateen eskura jartzea.

Hirugarrena.–Betebeharrak.

1. Laguntzaileek hauxe egin beharko dute:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen diren baliabideak izatea.

b) Datu pertsonalen tratamendu automatizaturako egungo araudian eskatzen diren baldintzak betetzea eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eskatutakoak.

Laugarrena.–Hezkuntza Departamentuaren eta laguntzaileen konpromisoak.

1. Agiri honek Hezkuntza Departamentuko transferentziak eta diru-laguntzak kudeatzen dituzten organoak eta laguntzaileak elkarri laguntzera behartzen ditu, helburuak lortu ahal izateko.

2. Era berean, laguntzaileak behartzen ditu berariaz adieraztera kasuan kasuko toki entitatea ordezkatuz aurkezten dituztela eskaerak, komunikazioak eta bestelako agiriak.

Bosgarrena.–Eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko ordezkaritzaren hedadura.

1. Toki entitateak ordezkatuz eskaerak, komunikazioak eta beste agiri batzuk telematika bidez aurkezten badira eranskin honetan xedatutakoari jarraituz, laguntzaile ordezkariek ez dute erantzukizunik izanen ordezkatuen izenean aurkeztutako agirien edukiaren ondorioz, ulertuko baita agiriak aurkeztu baino ez dutela egiten.

Seigarrena.–Borondatezko baja.

1. Toki entitateak ordezkatzeko sistema honi atxikitzen zaion pertsonak edo entitateak noiznahi har dezake baja, Hezkuntza Departamentuari eta ordezkatuari horren berri garaiz emanez gero.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa