(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Erabakia, Nafarroako ikus-entzunezkoen kontseiluak emana, Nafarroako ikus-entzunezkoen kontseiluaren estatutu organiko eta funtzionamendukoa onesten duena

 

(2003ko 88. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 9an)

Atarikoa

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak badu eskumena bere estatutu organiko eta funtzionamendukoa onesteko, hala xedatzen baitu 26.1.p) artikuluan uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duenak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoaren proiektua onetsi zuen 2002ko abenduaren 12an egin bilkuran, eta Nafarroako Kontseiluari igorri zion, aginduzko txostena eman zezan, martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legearen 16.1.f) artikuluarekin bat, abenduaren 10eko 25/2001 Foru Legeak emandako testuaren arabera.

2003ko martxoaren 11n Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan sartu zen Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Antolamendukoari buruzko otsailaren 27ko 9/2003 irizpena, Nafarroako Kontseiluak emana.

Zerbitzu juridikoen txostena ikusi ondoren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, 2003ko maiatzaren 6an egin bilkuran, Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoari aldaketa batzuk egitea erabaki zuen, Nafarroako Kontseiluak irizpenean proposatu bezala.

Horiek horrela, 2003ko maiatzaren 6ko bilkuran Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ondoko erabakia hartu zuen.

Lehena

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoa onestea, Nafarroako Kontseiluaren irizpenari jarraikiz. Eranskinean ageri da.

Bigarrena

Erabakiaren berri ematea Nafarroako Gobernuari behar diren ondorioak izan ditzan, eta behar direnak xedatzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN KONTSEILUAREN ESTATUTU ORGANIKO ETA FUNTZIMENDUKOA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera juridikoa eta autonomia.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridiko propioa du, eta administrazio publikoekiko mendekotasunik gabe dihardu bere eginkizunetan, gaitasun osoarekin eta autonomia organiko eta funtzionalarekin.

2. Autonomia organikoa duenez, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ez du mendekotasunezko loturarik izanen Nafarroako Foru Komunitateko ezein erakunderekin eta ez da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ezein departamentutan sartuko.

3. Autonomia funtzionala duenez, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bere kasa hartzen ditu erabakiak, aholkatu eta informatzen dituen organoengandik erabat aske; bere Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoa onesten du, baita ondorengo aldaketak ere; bere aurrekontuaren aurreproiektua onesten du, eta Nafarroako aurrekontu orokorretan Foru Komunitateko organo independente gisa ageri da; Nafarroako aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkion kredituak administratzen ditu eta bere langileria politika darabil, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen araudiaren esparruan, eta Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legean (ekainaren 6ko 17/2002 Foru Legeak aldatua) eta honako erregelamendu honetan ezarritako moduan.

2. artikulua. Egoitza eta jarduteko eremua.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Iruñean du egoitza.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen aplikazio esparruan egiten ditu bere eginkizunak, lege horren bidez Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu baita.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen esparruan, organo independentea da, Konstituzioaren balio eta printzipioak bermatu eta sustatzeaz eta bereziki aniztasuna, gazteria eta haurrak babesteaz arduratzen dena.

2. Gizarte komunikazioaren erabiltzaileen eskubideak bermatzeaz arduratu behar den organoa denez, ikus-entzunezko komunikabideen titulartasunean gardentasuna nagusi izatea begiratuko du; horrekin batera, ikus-entzunezkoen industriaren interesen eta interes sozio-kulturalen artean organo bitartekariaren lanak beteko ditu.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorean ekoizpena, programazioa eta publizitatea erregulatzen dituzten legeak, erregelamenduak eta beste edozein arau betetzen dela zaintzeko eskumena izanen du.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren gaineko arauak hauek dira: uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duena; aplikatu behar diren gainerako lege xedapenak, eta honako Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoa.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, bere eginkizunetan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren, Guztiendako Administrazio Prozeduraren eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren oinarrizko arauei jarraituz jardunen du.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari eta haien aurka, aukeran, berraztertze errekurtsoa aurkezten ahal zaio Kontseiluari, edo zuzenean jo daiteke Administrazioarekiko auzien jurisdikziora.

4. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egiten dituen kontratu eta hitzarmenenetan, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea eta kasu bakoitzean aplikagarria den araudia beteko dira.

5. artikulua. Ohoreak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren eta kontseilukideen ohoreak eta lehentasunak Nafarroako Foru Komunitateko organoen artean Kontseiluak duen kategoriari dagozkionak izanen dira, gaiari buruzko foru araudian ezarritakoarekin bat. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren trataera inpertsonala da.

II. KAPITULUA. Osaera

6. artikulua. Kideak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideak hauek dira:

a) Lehendakaria.

b) Kontseilukide idazkaria.

c) Gainerako kontseilukideak (bost).

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidetza delegaezina da.

7. artikulua. Jabetza hartzea.

Kontseilukideak, izendatu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaletan jabetuko dira karguaz, zin edo promes eginez noiznahi Nafarroako Foru Eraentza begiratuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

8. artikulua. Osoko bilkura.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren gobernu eta erabaki organoa osoko bilkura da. Kontseiluko lehendakariak, lehendakariordeak, halakorik egonez gero, eta gainerako kontseilukideek osatuko dute.

9. artikulua. Lehendakaria.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideek hautatuko dute lehendakaria, beren artetik hautatu ere, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako moduan.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren jarduerak eta haren helburu eta eginkizunen sustapena eta norainokoa planifikatu, koordinatu, bultzatu eta zuzentzea.

b) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren legezko ordezkaria izatea edozein egintza eta kontratutan eta edozein pertsona fisiko eta juridiko, publiko edo pribaturen aitzinean.

c) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren bilkuretarako deialdia egin eta haietan buru izatea, gai zerrenda ezartzea, bilkurei hasiera eta amaiera ematea, moderatzaile aritzea eta zerrendan ez dauden gaiak proposatzea, baimena ematea ikus-entzunezkoen jardueraren arloko adituak edo erakundeak bilkuretara etortzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak entzun diezaien, eta osoko bilkurako bozketetan berdinketak ebaztea, kalitateko botoaren bidez.

d) Aztergaiak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideen artean banatzeko proposatzea osoko bilkurari, txostenak egin ditzaten.

e) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilutik kanpoko adituei txostenak eskatzeko proposatzea osoko bilkurari.

f) Txostena edo irizpena emateko edo zehapen ahalmena erabiltzeko Kontseiluak behar dituen aurrekariak, frogak eta gainerako agiriak eskatzea agintari edo erakunde egokiari.

g) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren erabakiak argitara daitezela agintzea, bete daitezela xedatzea eta betearaztea.

h) Aurrekontuaren aurreproiektua eta urteko kontuak onesteko proposatzea osoko bilkurari.

i) Baimenak eta xedapenak ematea gastuak egiteko, aginduak ematea ordainketak eta dagozkien funts-mugimenduak egiteko, eta kontratazio organoei ematen zaizkien ahalmenak erabiltzea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak egiten dituen hitzarmen eta kontratuei dagokienez.

j) Elkarlanerako eta lankidetzarako akordio eta hitzarmenen proposamenak osoko bilkurari aurkeztea, aintzat hartu eta onets ditzan.

k) Ikus-entzunezkoak arautzen dituzten erakundeetan sartu eta parte hartzeko proposatzea osoko bilkurari.

l) Kontseiluaren eginkizunen esparruan jarduteko ildo nagusiak proposatzea osoko bilkurari.

m) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko langileen buru aritzea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatu behar zaizkien legeetan ezarritakoari jarraikiz.

n) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakaria izendatzea eta kargutik kentzea.

ñ) Urteko txostena osoko bilkurari aurkeztea onets dezan.

o) Uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak, Estatutu Organiko honek, indarra duten legeek eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren osoko bilkurak ezartzen dizkioten beste eginkizun guztiak.

10. artikulua. Lehendakariordea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak izendatuko du lehendakariordea, eta kargutik kendu ere lehendakariak kenduko du, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako moduan.

2. Lehendakariordeak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea den aldetik dagozkion eginkizunak izanen ditu, eta gainera lehendakariaren ordez arituko da hura kanpoan edo eri dagoenean, eta lehendakariak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.

11. artikulua. Kontseilukide idazkaria.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideek hautatuko dute Idazkaria, beren artetik, lehendakaria hautatzeko erabilitako prozedura berarekin. Idazkariari kontseilukide idazkari deituko zaio.

2. Kontseilukide idazkariak, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kidea den aldetik dagozkion eginkizunez gain, honako hauek izanen ditu:

a) Lehendakariari aholku ematea Kontseiluaren bilkuretarako gai zerrendak egitean.

b) Kontseiluaren bilkuren aktak egitea.

c) Kontseiluaren akta, erabaki, txosten eta irizpenen ziurtagiriak ematea, lehendakariak ikus-onetsi eta gero.

d) Kontseiluaren akta liburuak eramatea, foliokaturik eta lehendakariak ikus-onetsirik.

3. Idazkariak kargua utzi edo lekuturik nahiz eririk badago, kontseilukide gazteenak eginen ditu haren ordezkoak beste idazkari bat hautatu edo hura ordeztu beharraren arrazoia itzali arte.

12. artikulua. Kontseilukideak.

Kontseilukideek eskubidea izanen dute:

a) Beren eginkizunetan askatasun eta autonomia osoz aritzeko, beren irizpideari jarraituz eta inongo agintariren agindurik jaso gabe.

b) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren osoko bilkuretan parte hartzeko, hizpidea eta boto eskubidea dutela.

c) Eztabaida eta bozketetan beren iritzia emateko behar dituzten agiri eta informazioak behar adina denbora lehenago eskuratzeko.

d) Lehendakariari proposamenak aurkezteko Kontseiluaren bilkurako gai zerrendan sar ditzan, eta bilkurarako deia egin dezala eskatzeko.

e) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren barnean eratzen diren lan taldeetan sartu eta osoko bilkurak eskatzen dizkien irizpenak prestatzen parte hartzeko.

f) Erregelamenduz ezartzen diren dietak eta ordainak jasotzeko Kontseiluaren lan bilkuretara joateagatik eta irizpenak prestatzen parte hartzeagatik.

g) Beren eginkizunetan behar dituzten giza eta gauzazko baliabideak eskura izateko, osoko bilkurak ematen dituen xedapenekin bat.

h) Herritar eta erakundeei harrera egiteko, hala eskatzen badute, edo Kontseiluaren egoitzetara etor daitezen deitzeko, betiere beren karguari edo ordezkaritzari dagozkion gaiak aztertzea helburu dutela.

13. artikulua. Kontseilukideen betebeharrak.

Kontseilukideek betebehar hauek dituzte:

a) Beren eginkizunetan objektibotasun eta inpartzialtasunez aritzea.

b) Kontseiluaren bilkuretara joatea, edo joaterik ez dutela lehendakariari jakinaraztea behar adina denbora lehenago.

c) Bateraezintasunari buruz indarra duten arauak betetzea.

d) Isilpeari buruz ezarritako arauak betetzea.

14. artikulua. Isilpea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideek eta langile guztiek isilpean gorde behar dituzte Kontseiluaren proposamenak eta erabakiak harik eta behin betiko ebazten diren arte. Halaber, isilpean gorde behar dituzte, betiere, Kontseiluaren eztabaidak eta kontseilukideek ematen dituzten iritziak eta botoak.

2. Era berean, isilpean gorde behar dituzte beren kargua dela-eta eskura jarri zaizkien informazioak eta datuak.

III. KAPITULUA. Eskumenak

15. artikulua. Kontseiluaren eginkizunak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren eginkizunak ditu, lege horren bidez Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu baita.

2. Horiez gain, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari beste eginkizun hauek dagozkio:

a) Kontseiluko lehendakaria eta idazkaria hautatzea.

b) Urtez urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea.

c) Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroa kudeatzea.

d) Kontseiluaren plantilla organikoa eta langileak aukeratzeko oinarriak onestea.

e) Proposatzen diren aurrekontu aldaketak onestea.

f) Baimena ematea Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak erakunde publiko edo pribatuekin hitzarmenak sina ditzan.

g) Lehendakariari baimena ematea 3.000 eurotik gorako gastuak xedatzeko eta kopuru horretatik gorako aurrekontua duten kontratuak edo urte anitzekoak egiteko.

h) Baimena ematea Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak parte har dezan ikus-entzunezkoak arautzen dituzten nazioko edo nazioarteko erakundeetan.

i) 18/2001 Foru Legeak, Estatutu Organiko honek eta indarra duten legeek ezartzen dizkioten beste eginkizun guztiak, eta Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseiluko beste organoei berariaz egozten ez zaizkienak.

IV. KAPITULUA. Funtzionamendua

16. artikulua. Osoko bilkurak.

1. Osoko bilkura da Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren gobernu eta erabaki organoa. Kontseiluak osoko bilkura arruntak eta bereziak egiten ditu.

2. Betiere bilkurak ateak itxita eginen dira, gai zehatzak aztertzen lagundu behar duten aditu edo gonbidatuak sartu ahal izatea galarazi gabe. Horrelakoetan, dena delako gaia zerrendako lehena izanen da eta hura aztertutakoan ateak itxiko dira.

17. artikulua. Eratzeko quoruma.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren osoko bilkura modu baliozkoan eratzeko, beharrezkoa da gutxienez kideen erdiak baino gehiago biltzea. Ezinbestekoa izanen da lehendakaria eta kontseilukide idazkaria edo haien legezko ordezkariak bilkuran izatea.

18. artikulua. Bilkura arruntetarako deialdia eta gaien zerrenda.

1. Osoko bilkuran erabakitako maiztasunarekin eginen dira bilkura arruntak, lehendakariak deialdia eginda. Deialdia egiten denetik bilkura egiten den arte gutxienez bi egun iraganen dira.

2. Deialdiari gaien zerrenda erantsiko zaio. Bertan jasoko dira, aztergaiez gainera, aurreko bilkuretan egin eta oraingoan onetsi behar diren akten zirriborroak, eta erabakiak eztabaidatu eta onetsi aurretik kontseilukideek aztertu behar dituzten agirien kopiak.

3. Bilkura arrunteko gaien zerrenda aldatzea zilegi izanen da, lehendakariak edo kontseilukideren batek hala eskatuz gero, baldin eta Kontseiluko kide guztiak aurrean badaude. Gehiengo osoa beharko da gaien zerrendari zerbait gehitzeko, eta gehiengo soila, berriz, gaien zerrendatik puntuak kentzeko.

4. Edozein kontseilukidek agiri edo proposamenak jaso eta eztabaidatzeko eskatu ahal izanen dio osoko bilkurari.

19. artikulua. Bilkura bereziak.

1. Lehendakariak eginen du bilkura berezietarako deialdia, bere ekimenez edo Kontseiluko lau kidek, gutxienez, hala eskatuz gero.

2. Lehendakariak deialdia bere ekimenez egiten duenean, bilkura berezia salbuespenekoa izanen da, eta lehendakariak berak premia handia dagoela irizten diolako eginen da. Horrelako osoko bilkuretarako deialdia gai zerrendarik gabe eta 18. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako dokumentazioa erantsi gabe egin ahal izanen da. Bilkuraren hasieran, baldin eta Kontseiluko kide guztiak bertan badira, deialdia berretsi beharko da, eta, ondorioz, deialdiaren presakotasuna ere bai. Horretarako gehiengoaren baiezko botoak beharko dira. Berresten baldin bada, gaien zerrenda finkatuko da bilkuraren hasieran. Bestela, bilkurari amaiera emanen zaio besterik gabe.

3. Kontseiluko lau kidek, gutxienez, idatziz eskatuz gero, bilkura berezirako deialdia eginen da. Eskaerarekin batera kontseilukide horiek gai zerrendaren proposamena eta bilkura egiteko arrazoien azalpena aurkeztu beharko dituzte. Bilkura berezia hamabost egun balioduneko epean eginen da, hura egiteko eskatzen denetik hasita.

20. artikulua. Bilkuren nondik norakoa.

1. Gaiak zerrendako hurrenkerari jarraituz eztabaidatu eta bozkatuko dira. Zilegi izanen da gaien hurrenkera aldatzea, Kontseiluak hala erabakitzen badu.

2. Kontseilukide idazkariak aurreko bilkuretako aktak irakurriko ditu, non eta ez diren deialdiarekin batera igorri, eta Kontseiluaren esku utziko ditu onets ditzan. Kontseiluko kideek oharrik egiten ez badute, aktak onetsitzat joko dira. Oharrik eginez gero, zer nolako zuzenketak egin behar diren eztabaidatu eta erabakiko da. Akta bakoitzean, aurrekoak irakurri eta onetsi direla aipatzearekin batera, egin zaizkien oharrak eta zuzenketak ere jasoko dira, halakorik badago.

3. Lehendakariak moderatuko ditu Kontseiluaren eztabaidak. Lehendabizi hitza emanen dio aztergaiari buruzko txostena egin duen kontseilukideari. Ondoren hitza emanen die eskatzen duten kontseilukideei, denek berdin parte hartzeko aukera izan dezaten ziurtatuz. Lehendakariak zilegi izanen du eztabaida etetea eta, behar izanez gero, eztabaidari amaiera ematea, gaia aski jorratu dela eta osoko bilkurak erabakia har dezakeela irizten dionean.

21. artikulua. Erabakiak nola hartzen diren.

Kontseiluak bilkuran dauden kideen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eratzeko quorumari buruz Estatutu honetan ezarritako arauak kontuan hartuz. Hala ere, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoaren baiezko botoa Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamendukoa onesteko eta aldatzeko, telebista edo irratiko emisioen lizentziak esleitzeari buruzko edozein erabaki hartzeko, zehapen oso larriak ezartzeko eta urteko txostena onesteko.

22. artikulua. Boto bereziak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak aztergai hartzen dituen kontu guztietan, gehiengoaren iritziarekin ados ez dauden kontseilukideek boto berezi arrazoitua eman ahal izanen dute idatziz, eta aktan jasoko da.

2. Gaia bozkatu eta berehala iragarri beharko dira boto bereziak, eta iragarri ondoko bi egunetan idatzi eta kontseilukide idazkariari igorri beharko zaizkio. Kontseilukide idazkariak egiaztatu eginen du aurkeztutako testua bat datorrela eztabaidaren edukiarekin. Horrela ez bada, gaia hurrengo bilkuran ebatziko da.

23. artikulua. Bilkuren aktak.

1. Bilkura bakoitzaren akta eginen da. Bertan jasoko dira bilkuraren eguna, tokia eta ordua, bertaratutakoak, gaien zerrenda eta, halakorik bada, zerrendari eginiko aldaketak, izan diren gorabeherak, eztabaidetako puntu nagusiak, bozketen emaitza, boto bereziak, halakorik egonez gero, eta hartutako erabakien edukia.

2. Aktak isilpean gordetzekoak izanen dira 5 urtez, ezertan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren erabakiak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan argitaratu eta jakinaraziko dira.

V. KAPITULUA. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren prozedurak

24. artikulua. Oinarri orokorrak.

1. Bere eskumenak erabiltzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak proposamen edo gomendio, errekerimendu, txosten, ikuskaritza eta kontrol eta zehapen ahalmenak ditu bere gain.

2. Kontseiluaren osoko bilkuretako egintzak erabaki gisa gauzatzen dira eta amaiera ematen diote administrazio bideari. Kontseiluaren erabakien aurka egiteko, aukeran, berraztertze errekurtsoa aurkezten ahal zaio Kontseiluari, edo zuzenean jo daiteke Administrazioarekiko auzien jurisdikziora.

3. Lehendakaria bere eginkizunetan ari denean beraren egintzak ebazpen gisa gauzatzen dira. Lehendakariaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kontseiluaren osoko bilkurari zuzendua.

4. Kontseiluak zilegitasuna du jurisdikzio arruntean mota guztietako ekintza prozesalak betetzeko, eta berariaz, Publizitateari buruzko Lege Orokorrean araututako eten eta zuzenketa ekintza betetzeko.

25. artikulua. Txostenak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak txostenak emanen ditu uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legean aurreikusitako kasuetan.

2. Txostena eskatzen denean, eskaera-ofizioari, legeak agintzen duen dokumentazioaz gain, Kontseiluak txostena egiteko behar dituen aurrekari eta agiri guztiak erantsiko zaizkio. Kontseiluak agiriren bat falta dela hautematen badu, eskatu eginen du eta txostena emateko epea etenda geldituko da harik eta Kontseiluak agiri hori eskuratu arte.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak osoko bilkuran artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren txostenak onesteko epea hiru hilabetekoa da, eta eskatzaileari jakinarazteko epea, berriz, hamar egunekoa, osoko bilkurak onetsi eta biharamunetik aitzina.

26. artikulua. Gomendioak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren gomendio edo proposamenak osoko bilkuran onartu beharko dira.

27. artikulua. Ikuskapena eta kontrola.

Ikuskaritza eta kontrol eginkizunak betetzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zilegi izanen du:

a) Operadoreei bere eginkizunak betetzeko behar dituen agiri guztiak eskatzea, baita lortu ere.

b) 18/2001 Foru Legeak aitortzen dituen eskurantzen esparruan, behar diren neurriak hartzea publizitatean edo programazioan giza duintasunaren eta berdintasunaren kontrako mezu edo edukiak sartu eta zabaltzearen ondorioak berdintzeko; bereziki mezu edo eduki horiek haur edo gazte jendearen entzun orduetan emititu badira.

c) Iragarki-egileei eta ikus-entzunezko enpresei eskatzea, bere borondatez nahiz interesatuek eskatuta, bidegabeko publizitatea edo publizitate nahasgarri edo engainagarria kentzeko edo aldatzeko.

d) Administrazio publikoei laguntza eskatzea bere eginkizunak betetzeko.

28. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzea.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, ikus-entzunezkoen alorreko zehapen ahalmena erabiltzeko, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritako zehapen prozedurari jarraituko dio, bai eta lege hori garatzen duten xedapenei ere, halakorik izanez gero.

29. artikulua. Bidegabeko publizitatea etetea.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zilegi du iragarki-egileei eta ikus-entzunezko enpresei eskatzea, bere borondatez nahiz interesatuek eskatuta, bidegabeko publizitatea edo publizitate nahasgarri edo engainagarria kentzeko edo aldatzeko, eta Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrean aurreikusitako ekintzak burutzea, bidezkoa denean.

30. artikulua. Kexak eta eskaerak.

1. Herritarrek, herritar elkarteek nahiz teleikusle eta erabiltzaileen elkarteek kexak eta eskaerak aurkeztu ahalko dizkiote Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, beraren eskumeneko gaiei buruz.

2. Kexa eta eskaerak idatzita aurkeztu behar dira, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari zuzendurik. Idazkian honakoak jasoko dira: aurkezlea identifikatzeko datuak; jakinarazpenak egiteko bidea eta tokia; zer gertatu den, zer eskatzen den eta zergatik, zehaztasun osoz; tokia eta data; eta eskatzailearen sinadura.

3. Kexa eta eskaerak izapidatzeko, eta haiei buruzko erabakiak hartzeko, Estatutu honetan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Publikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da.

31. artikulua. Urteko txostena.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak urtero Nafarroako Parlamentuari txostena aurkeztuko dio, hain zuzen ere uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 26.1.h) artikuluan aipatzen den urteko txostena.

2. Lehendakariak txostenaren proiektua aurkeztuko dio Kontseiluari otsailean, osoko bilkuran, eztabaidatu eta onets dadin.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak apirila amaitu baino lehen aurkeztuko dio txostena Parlamentuari. Ondoren argitara emanen da.

4. Halaber, urteko txostena aurkeztu beharra gorabehera, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Parlamentuari baimena eskatu ahalko dio beraren aitzinera agertu eta interes bereziko gaien berri emateko, betiere Kontseiluaren eskumeneko gaiak badira.

VI. KAPITULUA. Zuzentzeko eskubideaz baliatu ahal izateko eta kontraprogramazioa saihesteko arbitrajea eta bitartekaritza

32. artikulua. Arau orokorrak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, nahi badu aurrez hitzarmena eginda, arbitraje edo bitartekaritza lanak betetzen ditu zuzentzeko eskubideaz baliatu ahal izateko eta kontraprogramazioa saihesteko, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2. Arbitraje horretan, Arbitrajeari buruzko abenduaren 5eko 36/1988 Legeak xedatutakoa beteko da.

33. artikulua. Arbitraje eta bitartekaritza eskaerak.

1. Ikus-entzunezko komunikabideen ikusle eta erabiltzaileek, bakarka nahiz elkarteen bitartez, zuzentzeko eskubideari eta kontraprogramazioari buruzko eskaerak aurkeztu ahalko dizkiote Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, idatziz, edo, eskaeraren egiazkotasuna bermatuz gero, bide elektroniko, informatiko nahiz telematikoetatik.

2. Eskaera jaso ondoren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak hura onartzea ala ez onartzea erabakiko du. Nolanahi ere, ikusle eta erabiltzaileen eskaerak ez dira onartuko Arbitrajeari buruzko abenduaren 5eko 36/1988 Legearen 2. artikuluan ageri diren gaiei buruzkoak badira, edo Kontseiluak gaiaren gaineko eskumenik ez badu. Horrelako eskaerak artxibatu eginen dira eta eskatzaileari jakinaraziko zaio.

34. artikulua. Bitartekaritza.

Eskaera onarturik, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak lehendabizi ikus-entzunezko enpresarengana joko du adostasuna lortzen saiatzeko.

35. artikulua. Hitzarmena.

1. Aurreko artikuluan esandako moduan adostasunik lortzen ez bada, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak arbitraje hitzarmena egiteko eskatuko dio ikus-entzunezko enpresari eztabaida ebazte aldera. Enpresak baiezkoa edo ezezkoa eman beharko dio, jakinarazpena hartu eta hamabost egun balioduneko epean. Ikus-entzunezko enpresak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari ezezkoa ematen badio, eskaera artxibatu eginen da eta hura aurkeztu duen ikusle, erabiltzaile edo elkarteari jakinaraziko zaio. Horrenbestez auzibidera jo ahal izanen da.

2. Arbitraje hitzarmena idatziz egin behar da eta bertan argi eta garbi jaso behar da alderdiek Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren erabakiaren menpean jarri nahi dutela gatazkaren konponbidea eta erabaki hori nahitaez bete beharko dutela.

36. artikulua. Arbitraje elkargoa.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua izanen da arbitraje elkargoa eta Kontseiluko lehendakaria eta idazkaria izanen dira elkargo horretako lehendakari eta idazkari. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak audientzia, kontraesan eta alderdien arteko berdintasun printzipioei loturik jardun behar du.

2. Alderdiek beren kontura edo jarduneko abokatuaren bitartez jardun dezakete.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ekitatez ebatziko du auzia, berak dakienaren eta aditzen duenaren arabera.

37. artikulua. Arbitraje prozedura.

1. Hitzarmena formalizatu eta hiru hilabeteko epean alderdiei entzunaldia emanen zaie. Entzunaldi pribatua izanen da eta idatziz nahiz ahoz egin ahal izanen da. Alderdiek beren interesak ongi defendatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiriak aurkeztu, alegazioak egin eta frogak proposatu ahal izanen dituzte.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bidezko frogak egitea erabakiko du eta alderdiei dei eginen die horretarako. Behin frogak eginik, berriz entzun ahal izanen zaie alderdiei.

38. artikulua. Arbitraje laudoa.

1. Hitzarmena formalizatu eta sei hilabeteko epean eman beharko da arbitraje laudoa.

2. Arbitraje laudoa botoen gehiengoaz erabakiko da.

3. Laudoa idatziz emanen da, eta gutxienez honakoak bilduko ditu:

a) Eman den tokia eta eguna.

b) Arbitroak eta alderdiak identifikatzeko datuak.

c) Arbitrajearen gaia.

d) Alderdien alegazioen azalpen laburra.

e) Eginiko frogak, halakorik badago.

f) Arbitrajearen gaiari buruzko erabakia.

g) Laudoan erabakitakoa betetzeko epea.

h) Aurkako botoak, halakorik badago.

i) Arbitroen sinadurak.

4. Arbitraje laudoa modu fede-emailean jakinaraziko zaie alderdiei, loteslea izanen da eta epaituriko gauzaren ondorio berak izanen ditu. Laudoen edukia zuzendu eta argitzeko eta laudoak deuseztatzeko eta betearazteko, Arbitrajeari buruzko abenduaren 5eko 36/1988 Legean ezarritakoa beteko da.

VII. KAPITULUA. Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroa

39. artikulua. Xedea.

Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroa uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak sortu zuen, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen berak. Erregistroaren xedea da telebista eta irrati zerbitzu publikoak emateko kontzesio edo baimen guztiak inskribatzea, eta halaber, sozietate titularrari nahiz kontzesioari berari eragiten dieten egitate, negozio juridiko eta inguruabar tekniko guztiak inskribatzea.

40. artikulua. Nahitaez inskribatu beharreko egintzak.

Berariaz inskribatu beharrekoak dira:

a) Ikus-entzunezko komunikazioa xede duten sozietateen akzioak, partaidetzak edo titulu baliokideak.

b) Aurreko idatz-zatian aipatutako akzioak eskualdatu, xedatu edo kargatzea dakarten egintza eta negozio juridiko guztiak.

c) Akzio, partaidetza edo titulu baliokideen lagapena edo lagatzeko hitza, baldin eta haren ondorioz ikus-entzunezko komunikazioa xede duen enpresa baten akzioak eskuratzen badira zuzenean edo zeharka.

d) Sozietate titularren eskrituran edo estatutu sozialetan eginiko edozein aldaketa.

e) Haien administrazio organoen eraketa.

f) Obligazioen jaulkipena.

41. artikulua. Inskripzioaren eskabidea.

Emisioa hasi eta bi hilabeteko epean, Nafarroan irrati eta telebista zerbitzuen kontzesioa duten enpresek eskabidea aurkeztu beharko diote Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, inskripzioa eskatzeko, eta agiri hauek erantsi:

a) Eraketa eskritura publikoaren, estatutu sozialen eta administrazio organoen osaeraren kopia egiletsia, dagokien erregistroko idazpenaren ziurtagiriarekin batera.

b) Nazionalitatea eta egoitza egiaztatzeko agiriak.

c) Kontzesioaren eta haren ezaugarri teknikoen justifikazioa.

d) Kapital harpidetuaren ziurtagiri fede-emailea, akziodunen zerrenda, akzioen banaketa, partaidetza portzentajeak eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak enpresaren akzio guzti-guztien titulartasunaren berri zehatza jakiteko behar dituen gainerako datuak.

e) Enpresaren loturak.

42. artikulua. Inskripzioa.

1. Eskabidea eta aurreko artikuluan aipatutako agiriak jaso ondoren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak aztertu eginen ditu, behar den inskripzioa egiteko.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izanen ditu. Aurkeztutako datuak inskripzioa egiteko aski ez badira, interesatuari hamabost egun balioduneko epea emanen zaio behar diren datuak ekartzeko.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, aurrez zerbitzu egokien txostena ikusirik, inskripzioa eman edo ukatzeko erabakia hartuko du.

4. Inskripzioa ukatu eginen da:

a) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari inskripziorako behar diren datu guztiak ematen ez bazaizkio.

b) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari emandako datuak gezurrezkoak edo okerrak badira.

c) ez badira betetzen enpresaren titularraren gaitasunari buruzko legezko baldintzak, edo emisioen ardura duen zuzendariaren baldintza pertsonalak.

d) enpresaren eraketan legezko arau edo baldintzak bete ez badira.

43. artikulua. Lehenbiziko inskripzioaz gero inskribatu behar diren aldaketak eta egintza juridikoak.

Behin lehenbiziko inskripzioa eginik, inskripzioko datuak aldarazten dituen edozein egintza, gertaera edo negozio juridiko, eta Estatutu Organiko honen 41. artikuluan aipatzen diren egintzak, gertatu eta hilabeteko epean jaso beharko dira Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroan. Horretarako behar den inskripzioa eskatuko da, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari zuzendutako eskabidea aurkeztuz, behar diren agiri guztiekin batera.

44. artikulua. Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroarekiko betebeharrak ez betetzea.

Kapitulu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badituzte, ikus-entzunezko enpresei zehapena ezarri ahalko zaie, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

45. artikulua. Inskripzioa ezeztatzea.

1. Inskripzioa ofizioz ezeztatuko da. Kontseiluko zerbitzu egokiek ezeztatuko dute, eta aditzera emanen dute zein egunetan eta zergatik egin duten.

2. Aldez aurretik, inskripzioa ezeztatzeko espedientea tramitatu beharko da eta horren barnean interesatuari entzunaldia eman. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ebatziko du espedientea, osoko bilkuran.

46. artikulua. Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroan sarbidea izateko eskubidea.

Kapitulu honetan arautzen den erregistroan sarbidea izateko eskubidea dela eta, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritako arauak beteko dira.

VIII. KAPITULUA. Informaziorako eskubidea, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren gaietan

47. artikulua. Kontseilukideen informazio eskubidea.

Kontseilukideek eskubidea dute beren karguetan behar duten informazioa jasotzeko eta administrazio espedienteak, aurrekariak eta Kontseiluak dituen beste agiri guztiak eskuratu ahal izateko.

48. artikulua. Herritarren informazio eskubidea.

Herritarrek eskubidea izanen dute Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluan dagoen dokumentazioa eskuratu ahal izateko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritako eran.

49. artikulua. Herritarrek nola erabil dezaketen Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren artxibo eta erregistroetan sarbidea izateko eskubidea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko gobernu organoen erabaki eta ebazpenak eskuratu ahal izateko eskaera kontseilukide idazkariari zuzenduko zaio. Gainerako agiriak eskuratu ahal izateko eskaera lehendakariari zuzenduko zaio.

2. Kontsulta eskatu ondoren, baimena berehala edo gehienez hamar egun balioduneko epean emanen da. Epe horretan berariazko erantzunik ez badago, sarbidea formalki eman dela ulertuko da.

3. Dena dela, ukapena arrazoitu egin beharko da, eta aplikatu beharreko legeetan edo Estatutu Organiko honetan adierazitako kasuren bati egokituz justifikatuko da.

IX. KAPITULUA. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko langileak

50. artikulua. Arau orokorrak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzuko langileak merezimenduaren eta gaitasunaren arabera hartuko dira eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei aplikatu beharreko legeriaren menpe egonen dira.

51. artikulua. Plantilla organikoa.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bere plantilla organikoa onetsiko du. Bertan ageriko dira, behar bezala sailkaturik, Kontseiluak bere ohiko funtzionamenduari eusteko egokitzat jotzen dituen lanpostuak, behin-behineko langileenak ala funtzionarioenak diren adieraziz, eta, funtzionarioei dagokienez, lanpostuaren maila eta, hala denean, lanpostua eskuratzeko berariaz bete behar diren betekizunak, izendapen librez betetzekoak diren lanpostuak eta lansari osagarriak esleituta dituztenak.

2. Osoko bilkurari dagokio Kontseiluaren plantilla organikoa eta haren aldaketak onestea.

52. artikulua. Langileriaren arloko eskurantzak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariari dagokio langileen buru izatea, salbu eta Estatutu Organiko honek osoko bilkuraren esku uzten dituen alderdietan.

2. Kontseiluko lehendakariak eginen du deialdia Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lanpostu guztiak hornitu eta langileak aukeratzeko prozeduretan, eta ebatzi ere berak ebatziko du prozedura. Langileak aukeratzeko oinarriak osoko bilkuran onetsiko dira. Gainera, lehendakariak osoko bilkuran aurkeztuko ditu izendapenak, onets daitezen, aukeraketa prozesuko epaimahaiek eginiko proposamenei jarraituz.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren zerbitzuko langileen diziplina araubideari dagokionez, lehendakariak diziplina zehapenak ezarriko ditu arau-hauste arinengatik, espedienteak abiatu eta ebatziko ditu arau-hauste larriak egiten direnean, eta espedienteak abiatu eta osoko bilkurari ebazpen proposamena eginen dio arau-hauste oso larriak egiten direnean.

53. artikulua. Lanpostuak betetzea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko funtzionarioen lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira. Horretarako eginiko deialdi publikoetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira parte hartu ahal izateko.

2. Plantilla organikoan aurreikusi ahal izanen da izendapen libreko behin-behineko langileak hartzea aldi baterako, laguntza edo aholkularitza lanak egin ditzaten.

X. KAPITULUA. Ekonomi eta finantza araubidea

54. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bere aurrekontuak prestatzeko autonomia du. Dirusarreren eta gastuen izaera ekonomikoa aintzat hartuz eginen ditu aurrekontuak, Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duten arau eta oinarrietan eta Estatutu Organiko honetan ezarritako moduan.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzeko zaion araubide ekonomiko finantzario beraren menpe egonen da.

55. artikulua. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren baliabide ekonomikoak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ondare propioa du.

2. Kontseiluak baliabide ekonomiko hauek ditu bere funtzionamenduari eusteko:

a) Bere ondarea osatzen duten ondasun eta baloreak eta horietatik sortzen diren etekinak.

b) Nafarroako aurrekontu orokorretan ezartzen zaizkion diru kopuruak.

c) Dagozkion dirusarrerak, zuzenbide publiko nahiz zuzenbide pribatukoak; bereziki, zehapen ekonomikoetatik datozenak.

d) Kontseiluak sinatzen dituen hitzarmenetatik sortzen diren kontraprestazioak.

e) Kontseiluaren argitalpen, azterlan eta beste jarduketa batzuen etekinak.

f) Soinuzko irrati-difusioko eta telebistako instalazioak kudeatzeko Nafarroako Gobernuak ematen dituen gaitasun-tituluetako kanonen zenbatekoa, erregelamenduz zehazten den neurrian.

56. artikulua. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontua.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontua urterokoa da, eta Nafarroako aurrekontu orokorren barnean aparteko aurrekontu-saila osatzen du. Sailkapen organikoan organo independente gisa ageriko da.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontua dirusarreren orriak eta gastuen orriak osatzen dute. Haietan sartuko dira, behar adina zehazturik, Kontseiluaren betebeharrei aurre egiteko behar diren kredituak.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurrekontuko gastuen orriko kredituak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zehazten dituen irizpideen eta egituraren arabera sailkatuko dira, kontuan izanik beren izaera ekonomikoa, xedea eta helburuak.

57. artikulua. Aurrekontua egitea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak, kontseilukide idazkariaren laguntzarekin, urtero aurrekontuaren aurreproiektua eginen du eta osoko bilkurari aurkeztuko zaio ekainean, eztabaidatzeko eta onetsi edo zuzentzeko. Aurreproiektua Ekonomia eta Ogasun Departamentuak proposatu eta Nafarroako Gobernuak onesten dituen jarraibideei egokitu beharko zaie.

2. Behin osoko bilkuran onetsirik, aurreproiektua Ekonomia eta Ogasun Departamentura igorriko da urriaren 1a baino lehen, Nafarroako aurrekontu orokorrean sar dadin, bera egin eta onesteko araudiarekin bat.

58. artikulua. Gastuen aurrekontua betearaztea.

1. Aurrekontuko kredituen mugen barnean, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariari dagokio gastuetarako baimenak eta xedapenak ematea eta ordaindu beharrak onartzea, 3.000 eurotik gorakoak ez direnean. Gainerakoetan beharrezkoa izanen da osoko bilkurak aurrez baimena ematea.

2. Ordaindu beharra onartu eta gero, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak eginen ditu ordaintzeko agindua eta ordainketa bera.

59. artikulua. Dirusarreren aurrekontua betearaztea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren hornidurak, alegia, beraren aurrekontuetan Nafarroako aurrekontu orokorretik eginiko transferentzia gisa ageri direnak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak irmo igorriko ditu hiruhilabeteka, aurretiaz.

2. Horrela, bada, arau orokor gisa, hiruhileko naturalaren lehenengo astean lehendakariak eskatuko du laurdena ordain dadila transferentzien bidezko dirusarrera gisa ageri den urteko kopuru osotik, salbu eta gehiago behar denean.

60. artikulua. Kontu-hartzea eta kontabilitatea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren egintza, agiri eta espedienteak, eskubide eta betebehar ekonomikoak sortzeko edo funts eta baloreen mugimenduak eragiteko gai izanez gero, kontu-hartzailetzaren esku jarri beharko dira, Nafarroako Ogasunari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean eta hura aldatu edo ordezteko ematen diren arauetan xedatuari jarraikiz.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua kontabilitate publikoaren araubidearen menpe egonen da, indarra duen legeriak ezarritako moduan.

61. artikulua. Kontratazio administratiboa.

Kontratazio organoa Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakaria da. Osoko bilkurak aurrez baimena eman beharko du kontratuak 3.000 eurotik gorako aurrekontua duenean edo urte anitzeko kontratua denean.

62. artikulua. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideen eskubide ekonomikoak

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kide guztiek dietak eta ordainak jasoko dituzte Kontseiluaren bileretan parte hartzeagatik. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du zenbatekoa. Era berean, ordaindu eginen zaie, Nafarroako Gobernuak onetsitako irizpideei jarraikiz, txosten eta irizpenetan txostengile gisa parte hartzeagatik.

2. Nafarroako Kontseiluko kide guztiek eskubidea izanen dute kalte-ordaina jasotzeko zerbitzuaren eta bidaien ondoriozko gastuengatik, indarra duen foru araudian ezarritakoarekin bat.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak jardun ahal izateko behar diren kredituak sortuko ditu, Kontseiluak Nafarroako aurrekontu orokorren gastu orrian bere programa ez duen artean.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak langileak eta baliabide materialak hartzen dituen arte, Nafarroako Gobernuak egoki jarduteko behar dituen baliabideak esleituko dizkio.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Estatutu Organiko honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean, Nafarroan irrati-difusio eta telebista zerbitzuen kontzesioa duten enpresa guztiek Ikus-entzunezko Komunikabideen Titulartasunaren Erregistroan inskribatzeko eskaera aurkeztu beharko dute, Estatutu Organiko honen 41. artikuluan aipatzen diren agiriekin batera.

Xedapen Iragankor Bakarra

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak hurrengo idatz-zatian xedatu bezala eginen ditu lehenbiziko bi berritze partzialak.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideak lehenbizikoz izendatu eta bi urtera, Kontseiluan bertan zozketa egin eta haren arabera izendatuko dira kargua utzi eta ordeztu behar diren kideen hirutik bat, lehendakaria alde batera utzita. Beste bi urte iraganik orobat eginen da lehenbizikoan ordeztu ez diren kideekin. Geroztik, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat.

3. Xedapen iragankor honetan aipatu diren berritze partzialak ez zaizkio Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariari aplikatuko.

Azken Xedapenetan Lehena

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren Estatutu Organiko eta Funtzionamenduko honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa