(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzirioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2009ko 24. NAOn argitaratua, otsailaren 25ean. Aldaketak: 5/2013 Foru Dekretua, urtarrilaren 23koa)

Atarikoa

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuak, 36. artikuluan, oporrak, lizentziak eta baimenak aurreikusten ditu funtzionarioen eskubideen artean, erregelamenduaren bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan. Artikulu horrek agintzen duena garatzeko asmoz, ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zen. Horrek aldaketa asko izan ditu urteetan zehar.

Gero, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua eman zen, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako. Horrek ere aldaketa batzuk izan ditu, familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak bildu baititu, sindikatuen ordezkariekin hartu eta adostu izan direnak.

Funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenak erregelamendu baten bidez arautu nahi direnez, Nafarroako Publiko Administrazioetan orotariko aplikazioa izan dezan, eta Gizon eta Emakumeen arteko Egitezko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bidez onetsiriko Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan ezartzen diren aurreikuspenen ondoriozko aldaketak bildu behar direnez, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen beste erregelamendu bat ematea, gaur egun arlo horretan dagoen arautegia ordezten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko XI. kapituluan xedaturikoarekin bat, proiektua sindikatuen ordezkariekiko negoziazio kolektiboaren mende jarri da Negoziaziorako Mahai Orokorrean.

Kontuan hartuz erregelamendu berriak Nafarroako Administrazio Publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordean tramitatu da. Horrek aldeko txostena eman dio.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Erregelamendua onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten da, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

Xedapen Iragankor Bakarra. Erregelamendua indarra duten lizentzia eta baimenenei aldi baterako aplikatzea.

Erregelamendu honetan aipatzen diren aurreikuspenak indarra hartu baino lehen hasi diren lizentzia eta baimenei aplikatuko zaizkie, baldin eta data horretan bukatu ez badira eta langileak hartzeke duen denborarako bakarrik.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira:

a) 121/1985 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

b) 348/2000 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako.

c) 181/2007 Foru Agindua, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana. Haren bidez arautzen da haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordainduaren iraupena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaiena.

d) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Foru agindua garatu eta betearaztea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIRIOEN OPOR, LIZENTZIA ETA OPORREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. Orotariko xedapenak

1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.

Erregelamendu honen xedea Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginean aurreikusten diren opor, lizentzia eta baimenak arautzea da. Testu bategin hura abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Erregelamendu hau Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko araubidea.

1. Kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emanen ditu erregelamendu honetan aipatzen diren opor, lizentzia eta baimenak, interesdunak eskatu ondoren. Horrek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, hamar egun natural lehenago aurkeztu beharko du eskaera.

2. Oporrak zerbitzuaren beharren arabera emanen dira.

3.bis. artikulua. Ebazteko epea eta ebazpen espresik administrazio prozeduretan ez izatearen ondorioak

1. Erregelamendu honetako opor, lizentzia eta baimenei buruzko prozedura administratiboak ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, 20 egunekoa izanen da.

2. Epe hori ebazpen espresik jaso gabe iraganez gero, dagozkion eskabideak baietsitzat hartzen ahal dira isiltasun administratiboa dela medio.

4. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena.

Administrazio Publikoan oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena langileria arloko eskudantziak zehazten dituen berariazko arautegiak esleitzen dion organoari dagokio.

II. KAPITULUA. Oporrak

5. artikulua. Oporren iraupena.

1. Funtzionarioek, zerbitzu aktiboko urte bakoitzeko, eskubidea izanen dute hogeita zazpi laneguneko opor soldataduna hartzeko, edo zerbitzu denbora gutxiagokoa izan bada, proportzionalki zor zaien oporraldia.

2. Lanaldia orotariko araubidearen arabera banaturik ez daukaten langileei dagozkien oporrak lanaldiaren iraupenaren arabera doituko zaizkie, kasuan-kasuan lantokian egon beharreko urteroko lanaldia kontuan hartuz.

6. artikulua. Oporrak hartzeko araubidea.

1. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzua hobeki antolatzeko, hurrengo urteko urtarrilaren 15a arte hartzen ahalko dira, gehienez.

2. Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, ezartzen da funtzionarioek eskubidea izanen dutela oporrak metatzeko erditze, adopzio edo harreraren eta haurdunaldiko arriskuaren eta edoskitze naturalaren ondoriozko lizentzien ondoren eta gurasotasun baimenen edo denbora osoko edoskitze baimenaren ondoren, erregelamendu honetan xedatutakoak, opor horien urte naturala bukatuta ere.

3. Opor horiek hartzen ez dituzten funtzionarioek ez dute diru-ordainik izanen non eta ez hartzea zerbitzuko beharrengatik izan ez den.

4. Oro har, funtzionario guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.

5. Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan irakaskuntzan edo laguntzan diharduten funtzionarioek eskubidea izanen dute aurreko artikuluan zerbitzu aktiboan emaniko ikasturte oso bakoitzerako adierazten diren oporregunetarako, eta eskubide hori sortu deneko ikasturte berean hartu beharko dituzte.

6. Aldi baterako ezintasuna dela-eta artikulu honen 1. ataleko aldian oporrak hartu ezin izan dituzten funtzionarioek lanera itzuli ondoan har ditzakete, haiek sortu ziren urtea bukatu ondoko 18 hilabeteko epean. Irakasleen eta ikastetxeetako laguntzaileen kasuan, lanera itzuli eta segituan hartu beharko dira oporrak nahitaez.

7. artikulua. Oporren etenaldia.

Funtzionarioak erditze, adopzio edo harreraren eta haurdunaldiko arriskuaren eta edoskitze naturalaren ondoriozko lizentzia bat edo aitatasun baimen bat edo denbora osoko edoskitze baimen bat hartzen hasten direnean, edo aldi baterako ezintasuna gertatzen zaienean, oporretan izanik, oporrak eten eginen dira, eta hartzeko falta diren egunak lizentzia edo baimena bukatu ondoren edo alta medikoarekin lanera itzuli eta gero hartuko dira, opor horiei dagokien urte natura bukatuta egonda ere.

III. KAPITULUA. Lizentzia soldatadunak

8. artikulua. Lizentzia soldatadunak, azterketa ofizialak egiteko.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatadunak ematea azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako bestelako behin betiko gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko.

2. Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen lizentziak eman zaizkien funtzionarioek beren administrazio publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dute azterketa edo proba horiek egin egin dituztela adierazten duen frogagiria.

9. artikulua. Lizentzia soldataduna, ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik.

1. Ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik funtzionarioek hamabost eguneko lizentzia soldataduna hartzeko eskubidea izanen dute. Lizentzia hori ezkontzen diren egunetik aurrera hasiko da edo bikote egonkorra osatzen dutela frogatzen denetik aurrera.

2. Ezkontzea frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du funtzionarioak bere administrazio publikoko organo eskudunean. Bikote egonkorraren osaera zuzenbidean frogatako onartzen den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko da.

3. Pertsona berek ez dute behin ere eskubiderik izanen ezkontzegatik edo bikote egonkorra osatzeagatik artikulu honetan arautzen diren lizentzietarik bat baino gehiago hartzeko.

10. artikulua. Lizentzia soldataduna, erditzeagatik.

1. Emakumezko funtzionarioek, haurdun daudenean, eskubidea izanen dute amatasun lizentzia bat hartzeko hamazazpi aste etengabekoa. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, haurrak ezgaitasunik badu, eta, aldi berean ume bat baino gehiagoz erditzean, bigarrenetik aurrera ere bai. Interesdunak erabakiko du lizentzia hori nola banatu. Sei aste betiere erditu ondoan hartu beharko ditu. Ama zenduz gero, aitak eskubidea izanen du lizentzia osoa edo hartzeke dagoen zatia hartzeko. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, amak lanpostura itzultzea eskatzen badu.

2. Aurreko atalak esanak esan, erditu eta gero amak nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedena deusetan galarazi gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amak, erditu ondorengo atsedenaldia hastean, erabakitzen ahalko du aitak har dezala erditu ondorengo atsedenaldiaren zati zehatz eta etengabe bat, amarenarekin batera edo amarenaren ondoren. Aitak hasiera batean onarturiko lizentzialdia hartzen segitzen ahalko du, ama lantokira itzultzeko aurreikusiriko unean hark aldi baterako ezgaitasuna badu ere.

3. Garaia baino lehen erdituz gero edo jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

4. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren kasurako agindu dena baino.

5. Erditze lizentziaren eskaerarekin batera txostena aurkeztu beharko da, adierazteko haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik goiti joan dela. Halaber, jaioteguna frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du funtzionarioak bere administrazio publikoko organo eskudunean.

11. artikulua. Lizentzia soldataduna, adopzio edo harreragatik.

1. Adopzioaren kasuan edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du, etenik gabe. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak ezgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoren adopzio edo harreran, bigarrenetik aurrera ere bai.

2. Interesdunek erabakiko dute noizdanik kontatu epe hori, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera. Adingabe berak ez du behin ere sortuko artikulu honetan arautzen diren lizentzietariko bat baino gehiago hartzeko eskubiderik.

3. Bai aitak eta bai amak lan egiten dutenean, lizentzia berek nahi duten bezala partituko da, aldi berean edo hurrenez hurren, beti ere zati etengabeetan.

4. Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldeetako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia epaileak adopzioari buruz emaniko ebazpena eman edo administrazioak edo epaileak harrerari buruz harturiko erabakia baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da. Halaber, kasu horietan bi hilabete bitarteko baimenaz gozatzeko eskubidea izanen da, epe horretan oinarrizko lansariak bakarrik jasoz, betiere.

5. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren adopzio edo harreretarako eta adoptaturiko edo harreran harturiko adingabearen ezgaitasunerako agindu dena baino.

6. Adopzioa edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoa, artikulu honetan aipatzen direnak, aplikatzekoa den arautegian ezarriko dira. Harrera bakunak gutxienez ere urtebete iraunen du.

12. artikulua. Erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna lanaldi partzialean hartzea.

1. Erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna, aurreko artikuluetan ezarri dena, lanaldi partzialez hartzen ahalko da, arau hauei jarraituz:

a) Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko, interesdunek aldez aurretik eskatu beharko dute eta organo eskudunak ebatzi. Ebazpen hori emateko, beharrezkoa izanen da haien ordezkoak izatea, bidezkoa bada.

b) Lanaldi partzial hori lanaldiaren heren baterako edo erdirako izanen da, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako langileen kasuan izan ezik, horiek, betiere, lanaldiaren erdirako hartu beharko baitute.

c) Lizentzia hau, oro har, egunero hartuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

d) Txandaka ari diren langileen kasuan, lanaldi partziala lanaldi osoei metatzen ahalko zaie, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldia hura onartzeko ebazpenean zehaztuko da eta, etenik gabe, bukatu arte luzatuko da, erditze kasuetarako hurrengo atalean xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Bai amak bai aitak izanen dute lizentzia hau lanaldi partzialez hartzeko eskubidea eta atsedenaldia batera edo bata bestearen ondoren hartzeko edozein kasutan.

Erditze kasuan, amak ezin izanen du lizentzia modalitate hau erabili, erditu ondoko sei asteetan, horiek nahitaez atsedena hartzekoak baitira.

4. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldian, interesdunek behin ere ezin izanen dute aparteko ordurik edo bestelako zerbitzurik egin modalitate horretan bete behar duten lanalditik aparte.

5. Langileak, lizentzia hau lanaldi partzialez hartzen dueino, ez ditu eskubide hauek izanen:

a) Hamabi hilabetetik beherako haurren edoskitze aldiaren ondoriozko baimen soldataduna, foru dekretu honen 17. artikuluan xedatzen dena.

b) Lanaldia murrizteko erregelamendu bidez ezarririko edozein kasuren gozatzea.

13. artikulua. Lizentzia soldataduna, haurdunaldian edo berezko edoskitze aldian arriskuak izateagatik.

Lanpostu baten baldintzek haurdun baten edo haren haurraren osasunari kalte egin diezaiokeenean, lizentzia soldataduna ematen ahalko zaio, haurraldian arriskuan egoteagatik, laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegian ezarririko baldintzetan.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena berezko edoskitze aldian ere aplikatuko da.

13.bis. artikulua. Minbiziak edo bestelako gaixotasun larriak jotako seme-alaba adingabea zaintzeko lizentzia ordaindua.

1. Funtzionarioek eskubidea izanen dute lanaldia erdira murrizteko, ordainsaria murriztu gabe, minbiziak edo beste gaixotasun larriak jota dagoen seme-alaba adingabea zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar badu. Salbuespenez, lanaldiaren murrizketa handiagoa izan daiteke, %75era bitartekoa gehienez, behar bezala frogatzen bada hura beharrezkoa dela lizentziaren helburua betetzeko.

2. Seme-alabaren ospitaleratzeak eta gaixotasunaren tratamendu jarraituak irauten duten bitartean emanen da lizentzia, eta gehienez ere, adingabeak hemezortzi urte bete arte.

3. Adingabearen ardura duen osasun zerbitzu publikoko sendagileak deklarazio bat eginda frogatuko da adingabea minbiziak edo beste gaixotasun batek jota dagoela eta zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar duela ospitaleratzeak eta gaixotasunaren tratamendu jarraituak irauten duten bitartean. Adingabea onuraduna bada mutualismo administratiboaren araubide berezian, entitate horretako sendagile batek eginen dio frogagiria.

4. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua ematearen ondorioetarako, kasuan kasuko laguntza ekonomikoa emateko oinarri den Gizarte Segurantzaren sistemaren zerrendan sartuta dauden horiek hartuko dira gaixotasun larritzat.

5. Bi gurasoek lan egin behar dute lizentzia emateko. Funtzionarioek ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea izanen dute soilik beste gurasoa ez bada arrazoi horri dagokion laguntzaren onuraduna aplikatu beharreko aurreikuspen sozialeko araubidean. Bi gurasoak funtzionarioak badira, soilik haietako batek izanen du eskubidea lizentzia hori emategatik ordainsariak murrizturik ez edukitzeko.

6. Lizentzia hori hartzeko eskubidearen baldintzak betetzen dituen seme-alaba adingabe bat baino gehiago baldin baditu funtzionarioak, haietako bakoitzari dagokion lizentzia ematen ahal zaio.

7. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero gauzatuko da funtzionarioak ezarririk daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera. Zerbitzuaren funtzionamendu egokiarekin bateragarria baldin bada, murrizketa lanaldi osoetan meta daiteke, hilabeteko kontaketarekin gehienez ere.

8. Artikulu honetan arautzen den lizentzia ordaindua berdin-berdin aplikatuko da adopzio eta harrera kasuetan (adopzio aurrekoa zein behin betikoa).

9. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lizentzia hau emateko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du aldez aurretik, lizentzia hartzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoan.

IV. KAPITULUA. Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeak

14. artikulua. Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen iraupena eta araubidea.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatagabeak ematea, osotara bi urte naturaletan gehienez hiru hilabete osatu artekoak.

2. Artikulu honetan aipatzen diren lizentziak arrazoiak azaldurik eskatu beharko dira eta, emateko, betiere zerbitzuaren beharren arabera jokatuko da.

3. Halaber, lizentzia hori funtzionarioei ematen ahalko zaie Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joan daitezen, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetakora, hain zuzen ere.

Lizentzia horiek ez dira zenbatuko artikulu honen 1. atalean ezarririko mugaegunaren ondorioetarako eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko behar-beharrezkoa den denborarako emanen dira bakarrik, interesdunak hasi aitzin eskatu ondoren.

15. artikulua. Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen araubidearen berezitasunak Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ematen diren lizentzia soldatagabeek gehienez ere bost hilabete iraunen dute bi urte naturaletan, betiere ere arau hauei jarraituz:

a) Eskaerak arrazoien gainean eginen dira.

b) Lizentzia hau eskatzeko ez da beharrezkoa izanen oporrak aurretik ahiturik izatea.

c) Lizentzia eman edo ukatzeko, zerbitzuaren beharrak hartuko dira aintzat, salbu eta eskatzaileak lizentzian hasi baino lehendik ordezkoa duenean.

d) Lizentzia ukatzen denean, departamentuko edo erakunde autonomoko organo eskudunak ukatze horren arrazoiak azaldu beharko ditu.

e) Lizentzia soldatagabean egondako denborak ez du opor eskubiderik sortuko eta beraz kontzeptu hori ez da kontuan hartuko egin behar den soldata deskontuan, salbu eta opor horiek lehendik hartu badira edo eskatzaileak nahitaez gero hartu behar baditu.

V. KAPITULUA. Baimen soldatadunak

16. artikulua. Baimen soldataduna, gurasotasunagatik.

1. Hamabost egun naturaleko baimen ordaindua emanen da, haur baten jaiotza, harrera edo adopzioagatik. Jaiotzen denetik edo ospitalean amari alta ematen zaionetik, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera hartuko du aitak, bere hautura.

Seme-alabak garaia baino lehenago jaiotzen badira edo beste edozein arrazoirengatik ospitaleraturik egon behar badute jaiotzaren ondoan, aita has daiteke baimen hori hartzen seme-alabak alta ospitaletik jaso ondoren.

Baimen hori amak har dezake, aitak hartu badu erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia ordaindua.

2. Baimen horrek hogei egun natural iraunen du jaiotza, adopzioa edo harrera familia ugari batean gertatzen denean, familia jaiotza, adopzio edo harrera horrekin ugari bihurtzen denean edo familian ezgaitasuna duen pertsona bat dagoenean.

3. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero edo haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, aurreko ataletan aipatzen den baimenaren iraupena beste bi egun naturalez luzatuko da, bigarrenetik aurrera, edo haietarik batek ezgaitasunik badu.

4. Baimen hau bereizia da foru agindu honen aurreko artikuluetan jaiotza, adopzio edo harreragatik ezartzen diren lizentziak elkarrekin hartzeko araubidetik.

5. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetan aitatasunagatik arautzen den baimen ordaindua lanaldi partzialean har daiteke, lanaldiaren heren edo erdi baterako, enplegatuak ezarrita duen lanaldiaren lehenengo eta/edo azken orduetan. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen kasuan, lanaldi partzialeko baimen hori lanaldiaren erdirako izanen da kasu guztietan.

Baimen hori partzialki hartzean, foru dekretu honen 12. artikuluko 4. eta 5. ataletan ezarritako mugak aplikatuko dira kasu guztietan.

17. artikulua. Baimen soldataduna, hamabi hilabetetik beherako haurrei bularra emateagatik.

1. Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez zilegi izanen dute, funtzionarioak nahi duen moduan, 3 ordu laurdeneko bi aldi hartzea edo lanaldia ordu batez murriztea. Kasu horretan, lanaldiaren hasieran edo bukaeran hartu beharko da.

2. Haur batez baino gehiagoz erdituz gero, baimen hori hein berean handituko da.

3. Aitak edo amak bereizketarik gabe hartzen ahalko dute baimen hori, biek lan egiten badute. Gizonezko enplegatu baten bikotekideak ez badu bere kasa edo beste baten kontura lanik egiten, enplegatu horrek ezin izanen du baimen hori hartu, non amak ez daukan gaixotasun larriren bat, seme-alabaren zaintza normala galarazten duena.

4. Bularra emateko baimena bateraezina izanen da aitak edo amak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentziak baliatzearekin.

5. Bularra emateko denboraren ordez bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen ordaindu bat eskatzen ahalko da.

Baimena modu honetan hartuta, enplegatuak zerbitzuak egiteari uzten badio baimenaren kontzesioa ekarri duen seme-alabak 12 hilabete bete baino lehen, beharrezko erregularizazioa eginen da

.

18. artikulua. Ernalketa lagunduko tekniketan parte hartzeko baimen soldataduna.

Emakumezko funtzionarioek eskubidea izanen dute ernalketa lagunduko tekniketarako behar-beharrezkoa den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra frogatuz gero.

19. artikulua. Jaio aurreko azterketetarako eta erditzea prestatzeko tekniketarako baimen soldataduna.

Zilegi izanen da baimen soldatadunak ematea emakumezko funtzionarioei erdi-aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanaldian egitekoak direnean.

20. artikulua. Baimen soldataduna, emakumezko funtzionarioen kontrako genero bortizkeriagatik.

Genero bortizkeriaren biktimak diren emakumezko funtzionarioak egun osoz edo ordu batzuetan lanera joan ezik, justifikatutzat joko da, laguntzarako edo osasunerako gizarte zerbitzuek, kasuan-kasuan, ezartzen dituzten denbora eta baldintzetan.

21. artikulua. Hezkuntza bereziko ikastetxeetara doazen seme-alabei kasu emateko baimen soldataduna.

Legez onartutako ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.

22. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideak hiltzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontidea edo bizikidea, odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

2. Hiru egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

23. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideak gaizkitzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontidea edo bizikidea, odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak bost egun baino gehiagoz ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora agitzen denean.

2. Hiru egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak bost egun baino gehiagoz ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora agitzen denean.

3. Ospitalaldiak hori baino gutxiago irauten badu, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasunarena edo eritasun ez hain larriarena delarik, baimen soldataduna egun natural batekoa izanen da gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu denean eta bi egunekoa handik kanpora agitu denean

4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, ospitaleratzea edo eritasuna gertatu zen eguna kontuan hartuta edo, langilearentzat laneguna ez bada, haren ondoko egun naturaletik hasita, gertakariak irauten duen denbora guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateratzen ahal bada.

24. artikulua. Bestelako baimen soldatadunak, ahaideak hil edo gaizkitzeagatik.

1. Egun natural bateko baimen soldataduna emanen da 22, 23.1 eta 23.2 artikuluetan esan diren arrazoi berengatik artikulu horietan aipatzen ez diren odolbidezko nahiz ezkonbidezko bigarren mailako ahaideen kasuan, baldin eta gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu bada, eta bi egunekoa handik kanpora agitu bada.

2. Aurreko atalean araututako baimena hartzeak erregelamendu honen 23.4 artikuluan ezarritako arauei jarraituko die, senitartekoak ospitalean sartzeagatik edo gaixotzeagatik denean. Senitartekoen heriotzagatik denean, baimena heriotzaren egunean emanen da, edo, enplegaturentzat laneguna ez bada, hurrengo egun naturalean.

25. artikulua. Baimen soldatadunen mugak, ahaideen gaixotasunengatik.

Foru dekretu honen 23. eta 24. artikuluetan ezarririko baimenetarikorik ezin izanen da berriro eman subjektu eragile beragatik harturiko baimena bukatzen denetik gutxienez ere hilabete iragan arte. Baimen hori emateko zergatikoak badirau, bakarrik baimen soldatadun bat ematen ahalko da, subjektu eragile beragatik eta ospitaleratze edo gaixotasun beragatik.

25.bis. artikulua. Zehaztapenak senitartekoen heriotzagatik edo gaixotasunagatik hartzeko baimen ordainduen kontaketan.

Senitartekoen gaixotasunagatik edo heriotzagatik aurreko artikuluetan ezarritako baimen ordainduen kasu guztietan, enplegatuak lan egin badu baimenaren lehendabiziko egunean, egun osoan zein zati batean, lan egindako aldia baimena bukatu ondoren hartuko da.

26. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideen kirurgia anbulatorio handiagatik.

1. Bi egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontide edo bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia anbulatorio handia egin behar zaien kasuetan.

2. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira eriak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

3. Halaber, kirurgiako prozeduraren ondorioz pazienteak ospitaleraturik egon behar duenean emanen da baimena, non ez zaion egokitzen iraupen handiagoko baimen bat, aurreko artikuluetan xedatuarekin bat.

27. artikulua. Baimen soldataduna, aldairagatik.

Egun natural bateko baimen soldataduna emanen da etxe aldairagatik.

28. artikulua. Baimen soldataduna, ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko.

Zilegi izanen da baimen soldatadunak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.

29. artikulua. Baimen soldataduna hauteskundeetan hautagai izateko.

Funtzionario bat hautagai baldin bada Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Gorte Orokorretako diputatu eta senadoreak hautatzekoetan, Nafarroako Parlamentukoetan edo autonomia erkidego bateko beste parlamentu baterakoetan eta Toki Entitateetakoetan, zilegi izanen da hauteskunde kanpainaren denboran lan egin beharretik libratzea, hartarako behar den baimen soldataduna emanik, interesdunak hala eskatuta.

30. artikulua. Baimen ordaindua, eginkizun partikularrengatik.

1. Urte batean funtzionarioek eskubidea izanen dute gehienez hiru laneguneko baimen soldataduna (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagozkien egunetakoa) hartzeko aurreko artikuluetan sartzen ez diren eginkizun partikularretarako. Baimen hori zerbitzuaren beharren arabera emanen da.

2. Lanaldia eskuarki ezarririkoa ez bezala banaturik daukaten langileei, kasuan-kasuan ezarririk daukaten lanaldiaren iraupenaren arabera dagozkien egunetara egokituko da baimenaldia.

3. Zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada, artikulu honetako baimen ordaindua orduka har daiteke

.

31. artikulua. Baimen soldatadunen justifikazioa.

Foru dekretu honen 16. artikulutik 29. artikulura bitarte arautu diren baimenak eskatzen dituztenek bere administrazio publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dituzte baimena emateko baldintzak betetzen dituztela adierazten duten frogagiri guztiak.

Xedapen gehigarri bakarra. Aldaketak aitatasunagatik hartzeko baimen ordainduaren iraupenean.

Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei zuzenean aplikatuko zaizkie aitatasunagatik hartzeko baimen ordainduren iraupenaren inguruan administrazio publikoetako funtzionarioentzat oro har ezar daitezkeen aldaketak.

 
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa