(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Nafarroako Comptos Ganberaren Erregelamendu ekonomiko-finantzarioaren testu bategina, Comptos Ganberako Lehendakariaren 2008ko apirilaren 1eko ebazpenaren bidez onetsia

 

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aurrekontuetako kredituen egitura.

1. Nafarroako Comptos Ganberaren izaera eta antolaketarekin bat, haren aurrekontuak prestatuko dira dirusarrera eta gastuen izaera ekonomikoa kontuan hartuta.

Ondorio horretarako, gastuak eta dirusarrerak sailkatuko dira kapitulu, artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuetan, I. eranskin gisa jarri den aurrekontu egituraren arabera.

2. Nafarroako Comptos Ganbera kontabilitate publikoaren araubidearen menpe dago, artikulu hauen eta etorkizunean eman daitezkeenekin bat. Ganberaren kontabilitate plana Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorrari egokituko zaio.

3. Aurrekontuetan onetsitako kredituak aurrekontu-kontusailetan egituratuko dira, eta kontusailok definituko dira kontzeptu ekonomikoaren mailan (3 zenbaki) gutxienez.

Kredituak, horien aldaketak eta gastua burutzeko eragiketak kontabilitatearen arabera jasotzeko, aurreko lerroaldean definitu den aurrekontu-kontusaila erabiliko da, kreditu jakin batzuetan kontabilitate jarraipen zehatzagoa egitearen kalterik gabe.

4. Kapitulu, artikulu, kontzeptu eta azpikontzeptuen egitura irekia da; beraz, eta hala behar izanez gero, egokitzat jotzen direnak sortu ahalko dira ezohiko gisa, I. eranskinean onetsitako egituran agertzen ez direnean.

2. artikulua. Aurrekontuak prestatu eta onesteko prozedura.

1. Administratzaileak aurrekontu-aurreproiektuaren aurrerapena prestatuko du kontu-hartzailearen laguntzarekin. Ondoren idazkari nagusiari bidaliko diote, azalpenerako oroitidazkiarekin batera, urte bakoitzeko irailaren 15a baino lehen.

2. Aurrekontu-aurreproiektua idazkari nagusiak formulatuko du eta lehendakariari bidaliko dio proiektua onets dezan, auditoreei entzun ondoren.

3. Ekitaldi bakoitzeko urriaren 1a baino lehen, lehendakariak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentura igorriko du Nafarroako Comptos Ganberaren aurrekontu-proiektua, Nafarroako aurrekontu orokorretan sar dezaten.

3. artikulua. Kredituen lotura juridikoa.

1. Gastuetarako kredituek izaera mugatzaile eta loteslea dute haien zenbatekoari eta helburuari dagokienez. Muga hori beteko da kapitulu ekonomikoarekiko (digitu bat) lotura juridikoaren mailan. Lotura horretatik salbuetsita daude:

a) Langileen gastuak, 10. eta 11. artikuluak, artikulu-mailako lotura izanen dutenak, eta 162. kontzeptua, zeinean muga ezartzen baita aurrekontuetan agertzen den desagregazio-maila berarekin (azpikontzeptua, bost digitu).

b) Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako zenbait gastu (226 eta 227 kontzeptua), muga ezartzen delarik aurrekontuetan agertzen den desagregazio-maila berarekin (azpikontzeptua, bost digitu).

c) Finantzaketa atxikia duten proiektuen gaineko inbertsio errealak, muga ezartzen delarik aurrekontuetan agertzen den desagregazio-maila berarekin.

2. Edonola ere, zabalgarri deklaratzen diren kredituek, gastu-egoeretako desagregazio-mailarekin izaera loteslea edukiko dute.

3. Aurreko 1. idatz-zatiak aipatzen dituen lotespen mailen barrenean, zilegi da ezartzea, edo hala bada, sortzea, gastuak zuzen aplikatzeko beharrezkoak diren kontusailak.

4. artikulua. Lotura juridikoaren mailaren ondorioak.

Egin nahi diren gastuen zenbatekoa aurrekontu kontusailaren kontsignazioaren gainetik badago, betiere aurreko oinarrian aipatu diren lotura mailak gainditu gabe, dagokion lotura-esparruko kontusailen artean behar diren aurrekontu-doiketak eginen dira, gastu horiek egin beharra justifikatu ondoren, eta aurrekontu-aldaketen araubide orokorrari men egin behar izan gabe.

II. KAPITULUA. Aurrekontu-Aldaketak

5. artikulua. Hasierako kredituen aldaketak.

1. Gasturen bat egin behar denean eta horretarako kontsignazio nahikoa eta egokia ez badago eta lotura juridikoaren maila gainditzen badu, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion aurrekontu-aldaketari buruzko espedientea izapidetuko da.

2. Aurrekontu-aldaketa orok behar du justifikatzeko proposamen arrazoitua, administratzaileak izenpetua, aurrekontua onartzen den unean aurreikusten diren beharrak asebetetzeari noraino eragiten dion neurtuko duena.

3. Lehendakaritzak aurrekontu-aldaketari onespena eman baino lehen, Kontu-hartzailetzak emandako aldeko txostena izanen da.

6. artikulua. Aparteko kredituak eta osagarriak

Ekitaldian zehar egin behar diren aurrekontu-aldaketak ezin direnean kreditu-gehikuntza, transferentzia edo sorkuntzaren bitartez gauzatu, Comptos Ganberako lehendakariak Nafarroako Gobernuari proposatuko dio Foru Lege proiektua onestea, aparteko kreditua edo kreditu-osagarria, zer egokitzen den, emateko.

7. artikulua. Transferentziak, gehikuntzak eta sorkuntzak.

1. Kreditu transferentzien bitartez, eta aurrekontuen zenbatekoa aldatu gabe, aurrekontu kontusail bateko diru guztia edota zati bat egozten zaio maila ezberdineko lotura juridikoa duen beste kontusail bati.

Gastu arrunten eta kapital gastuen arteko transferentzia bakarrik egin ahal izanen da, behar bezala egiaztatutako bat-bateko gorabeherak tarteko, gutxituko den kontusailari hasieran jarri zitzaizkion beharrizan edo helburuak betetzea ezinezko edo desegoki bihurtzen denean.

2. Legeria orokorraren arabera gehikuntzarik izan ahal duten kontusailez gain, izaera hori izanen dute ere, Comptos Ganberako aurrekontuek beren beregi aurreikusten dituztenek.

Gehikuntza Nafarroako aurrekontu orokorretatik ateratako funtsekin finantzatzeko, dagokion eskaria eginen zaio Ekonomi eta Ogasun Departamentuari, beharrezko xedapenak har daitezen horretarako.

3. Legeria orokorrak aurreikusitako eragiketez gain, aurrekontuan jasotakoez haratago eskuratzen diren dirusarrerek ere kredituak sortzen ahalko dituzte.

4. Aurrekontuan jasotakoez haratago eskuratutako dirusarrerekin kreditu aldaketak finantzatzeko, kasuko eskubideen kitapen efektiboa beharko da.

8. artikulua. Kreditu-gerakinak gaineratzea.

1. Segidako hurrengo ekitaldiko aurrekontuan kreditu gerakinak gaineratze aldera, administratzaileak prestatuko du gaineratu ahal diren kredituen saldoen egoera-orri bat, gaineratze-proposamen arrazoitua egin dadin. Horrekin batera, jarduketa ekitaldian zehar beteko dela ziurtatzen duten agiriak gaineratuko dira.

2. Espedientea Lehendakaritzari igorriko zaio, horrek onar dezan kasuko ekitaldiko kontuen eta kitapenaren onarpena egin eta berehala; eta horrek guztiak automatikoki ekarriko du gaineratu diren kredituak finantzatzeko beharrezkoak diren funtsen atxikipena. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeko xedapen gehigarriak ezartzen duenaren ondorioetarako, kreditu gaineratuak hartuko dira aitorturiko betebehartzat.

9. artikulua. Orotarako kreditua.

1. Ekitaldian zehar sor litezkeen eta nahikoa aurrekontu-esleipenik ez duten betebeharrei erantzun ahal izateko, orotarako kreditu baten dotazioa egin daiteke, gastuen egoera-orriaren zenbateko osoaren 100eko 1 gainditzen ez duena.

Kreditu horren aplikazioa eginen da egoki diren aurrekontu-kontusailei transferentzia egin eta gero, aurre egin behar zaien betebeharren izaera ekonomikoaren arabera.

2. Transferentzia-proposamenak justifikatu beharko du ezinezkoa dela betebehar horiek finantzatzea hasieran baimendu diren kredituekin; edo, hala badagokio, kapitulu honetan arautzen diren aurrekontu-aldaketei buruzko ohiko espedienteen bidez erantzutea teknikoki zaila dela edo ez dela egokia.

III. KAPITULUA. Gastuaren betetzea

1. atala. Xedapen orokorrak

10. artikulua. Gastuaren betetzearen faseak.

1. Gastuen aurrekontuaren betetzea gauzatuko da ondorengo fase hauek bere baitan hartuko dituen espedientean:

a) Gasturako baimena ematea.

b) Gastuaren erabilera.

c) Betebeharraren aitorpena.

d) Ordainketa agintzea.

e) Ordainketa.

2. Betetze espedientea hasiko da administratzaileak egiten duen gastu-proposamenarekin . Bertan azalduko da zer-nolako gastua egin nahi den, beharrezkoa dela arrazoituko da, gastuaren zenbatekoa gutxi gorabehera edo zehazki mugatuko da, eta adieraziko da, baita ere, bere iritziaren arabera zer aurrekontu-kontusaili egotzi behar zaion.

3. Lehendakaritzaren bidaia ofizial, protokolo eta gastu sozialei aurre egiteko aurrekontu-kontusailen betetzeak ez du aurretiko gastu-proposamena beharko.

11. artikulua. Eskumena eta ordainketak gauzatzea.

1. Comptos Ganberako lehendakariaren eskumena da aurreko artikuluko a) eta d), biak barne, letren arteko faseei dagokienez gastua betetzeko ebazpenak ematea.

2. Ordainketaren gauzatze materiala, dela eskudiruz, dela taloi edo banku-transferentziaren bidez, administratzailearen eskumena da.

12. artikulua. Faseak metatzea.

Egintza bakar batean biltzen dira gasturako baimena ematea, gastuaren erabilera eta betebeharraren aitorpena, eta egintza bakar horrek ADO delako agiriaren izapidetzea ekarriko du, behin gastua justifikatu eta gero, ondorengo kasu hauetan:

a) Justifikatu beharreko ordainketa gisa libraturiko funtsak.

b) Kutxa finkoko aurrerakinak.

c) 831 eta 832 kontzeptuak, maileguak eta aurrerakinak, eta 16205, aseguruak.

20. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, ADO delakoaren arabera metagarriak diren gastuek ez dute 5000 euro baino gehiago eginen, justifikatu beharreko ordainketa eta kutxa finkoko aurrerakinaren kasuetan.

13. artikulua. Ekitaldi hasierako baimen-emateak eta erabilerak.

Ekitaldiaren hasieran baimendu eta erabiliko da Comptos Ganberak aurretik hartu duen legezko konpromisoari erantzuten dion edozein gastu, eta horretarako dagokion ADO agiria kontabilizatu eta izapidetuko da. Zehazki honako hauei aplikatuko zaie:

a) Langileen gastuak, 10, 11, 12 eta 13. artikuluak, eta 16000 azpikontzeptua.

b) Errentamenduak, 20. artikulua.

c) Konponketak, mantentze-lanak eta zaintza, 21. artikulua.

d) Horniketak, 221. kontzeptua.

e) Komunikazioak, 222. kontzeptua.

2. Atala. Langileen gastuak

14. artikulua. Langileen gastuak ekitaldi hasieran kontabilizatzea.

1. Lehendakaritzak plantilla onartzeak eta lanpostu-zerrenda onartzeak esan nahi du oinarrizko ordainsarien zein ordainsari osagarrien ondoriozko gastuak baimentzen direla eta funts horiek erabil daitezkeela, eta, goi karguen zein aldi baterako langileen kasuan, aurrekontuan finkatu diren zenbatekoak baimendu direla eta erabil daitezkeela.

Ondoren AD agiria izapidetuko da, ekitaldiaren hasieran benetan bete diren lanpostuei dagokien zenbatekoarekin. Zenbateko hori aldatzen bada, dela funtzionarioak izendatzen direlako, dela langileak kontratatzen direlako, dela hasieran ezarritako ordainsariak gehitu direlako, behar den gastua baimendu eta erabiliko da, eta AD agiri osagarri batean gauzatuko da.

2. Gizarte kuotei eta aseguruen sariei dagozkien gastuen betetzea aurreko zenbakian aurreikusi den modu berean gauzatuko da, eta AD agiria eginen da aurreikusitako kotizazioak adinako zenbatekoarekin.

15. artikulua. Hileko nomina onestea.

Hileko nomina administratzaileak prestatuko du eta langileen ordainsariak justifikatzen ditu. Lehendakariak onetsiko du, idazkari nagusiak zerrendako langileek aipatzen diren zerbitzuak egin dituztela adierazten duen diligentzia egin ondoren.

16. artikulua. Gastua betetzeko prozedura.

Langileen gastuen betetzea eta kontrolatzea II. eranskin gisa gaineratzen den programaren eta grafikoaren araberakoa izanen da.

3. atala. Kontratazioa

17. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Nafarroako Comptos Ganberari aplikagarri izanen zaizkio Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko arau orokorrak, erregelamendu honetan jasotzen diren berezitasunak kontuan hartuta.

2. Kontratuak Nafarroako Comptos Ganberaren izenean eta hura ordezkatuz izenpetzeko ahalmena lehendakariari dagokio.

3. Administratzaileak erakundearen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimendu ahal izanen ditu; betiere, aurrekontuetan horretarako dirua izanik, gastuen zenbatekoa ez bada 5.000 euro baino handiagoa.

4. Kontratazio mahaia osatuko dute mahaiburuak eta Comptos Ganberaren zerbitzuko langileen artetik izendatutako hiru mahaikidek, gutxienez. Mahaikideetako bi kasuan kasuko kontratuak xede duen gaiarekin zerikusia duten pertsonak izanen dira; bestea erakundeko legelari bat izanen da, eta idazkari lanak eginen ditu.

18. artikulua

1. Balio zenbatetsia 15.000 eurotik beherakoa duten kontratuetan, ADO agiria baizik ez da izapidetuko. Kontu-hartzailetzak ordainketa fiskalizatuko du eta banku-zordunketak baieztatuko ditu, helbideratzeen kasuan.

2. Gainerako kasuetan, kontu-hartzailetzak gastu-betetzearen fase guztiak fiskalizatuko ditu, beste arduradun eta organo batzuen jarduera laburbiltzen duen III. eranskinean gaineratzen den programari jarraituz.

4. Atala. Lankidetza hitzarmenak eta akordioak

19. artikulua. Lankidetza hitzarmenak eta akordioak izapidetzea.

Nafarroako Comptos Ganberak beste entitate publiko edo pribatuekin eginen dituen lankidetza hitzarmenak ondoren aipatzen den prozeduraren bidez izapidetuko dira:

a) Idazkari nagusiaren proposamen arrazoitua, kasuan kasuko hitzarmenaren beharrari buruzkoa.

b) Hitzarmenak ondorio ekonomikoak izanez gero, administratzailearen txostena, aurrekontuan haren ondoriozko gastuari aurre egiteko nahikoa diru izateari buruzkoa. Txostenak kontu-hartzailearen oniritzia izan beharko du.

c) Hitzarmenaren legezkotasunari buruzko txosten juridikoa ematea.

d) Kasuan kasuko hitzarmena edo akordioa sinatzea.

5. Atala. Kutxa finkoko aurrerakinak eta justifikatu beharreko ordainketen aginduak

20. artikulua. Kutxa finkoko aurrerakinak.

1. Kutxa finkoko aurrerakinak izanen dira aurrekontutik kanpoko funts-hornidura iraunkorrak, Ganberako idazkari nagusiak proposatzen dituen gaitutakoen alde egiten direnak, honako gastuei berehala erantzuteko eta gastu horiek egiten diren urteko aurrekontuari gero aplikatzeko, betiere 5.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa ez dutenak:

a) 162 kontzeptua, langileen gizarte-gastuak (16205 azpikontzeptua salbu).

b) 21. artikulua, konponketa-, mantentze- eta zaintza-gastuak.

c) 220, 221 eta 222 kontzeptuak, bulegoko materiala, hornidurak eta komunikazioak.

d) 22600 eta 22601 azpikontzeptuak, lehendakariaren protokolo-zereginak eta bestelako gastuak.

e) 23. artikulua, dietak, joan-etorrietako gastuak eta beste kalte-ordain batzuk.

2. Lehendakaritzak baimenduko ditu aurrerakinak, eta funtsak bankuetako kontuetan gorde ahalko dira, “Nafarroako Comptos Ganbera. Funts-hornidura” izenpean. Funtsen zenbatekoak ezin izanen du 15.000 euroko kopurua gainditu. Kontu horiekin egin ahalko diren diru-sartze bakarrak dira entitateak baimentzen dituen funts-hornidurak eta funts-birjarpenak.

3. Funts hauen kontura ordaintzen den gastu bakoitza ez da 5.000 euro baino handiagoa izanen, eta ordainketak izendun txekearen bidez edo banku-transferentziaren bidez eginen dira. Alabaina, kutxan eskudirutan 600 euro arteko zenbatekoak egon daitezen baimentzen da, administratzailearen zaindaritzapean, ustekabeko beharrei eta munta txikiko gastuei aurre egin ahal izateko.

21. artikulua. Gastuen justifikazioa, kontabilitatea eta funtsen birjarpena.

1. Likidezia-beharrizanengatik funtsak birjarri behar izan ahala, administratzaileak kontuak emanen dizkio Lehendakaritzari, Kontu-hartzailetzak haiek aztertu eta gero, eta kontu emate horretan justifikatuko da jasotako funtsen aplikazioa, eta gastua dagozkion aurrekontu-kredituei egotziko zaie.

2. Lehendakaritzak kontua onartu ondoren, funtsak birjartzeko aginduko da. Edozein kasutan, gastuak justifikatzea eta kontuak onestea aurrekontu-ekitaldiaren barruan eginen da.

3. Aurrekontu-ekitaldia bukaturik, kutxa finkoko aurrerakinaren kontuko saldoa itzuliko da, eta hori hurrengo ekitaldiaren hasieran birjarriko da behar den zenbatekoarekin.

22. artikulua. Kudeaketa eta kontrola.

1. Administratzaileak eragiketak kontabilizatuko ditu, eta egin diren erabilerak eta funtsen egoera xehakatuko ditu. Halaber, banku-berdinkatzeak eta hileko kontaketak eginen ditu.

2. Aurrerakin horien kontura eginiko gastuek ez dute aurretiko kontu-hartzerik behar; hala ere, baimendutako funtsen hornidurarako eta birjarpenerako ordainketa-aginduak kontu-hartzaileak aztertuko ditu.

Kontu-hartzaileak, 21. artikuluak aipatzen duen fiskalizazioa galarazi gabe, kasuan kasuko gastuen ondorengo kontrola eginen du laginketa-teknikak erabiliz.

23. artikulua. Justifikatu beharreko ordainketa-aginduak.

1. Gehienez ere 2.000 euro joko duten justifikatu beharreko ordainketa-aginduak jaulki ahalko dira, soilik ezin denean ordainketa egin kutxa finkoko aurrerakinen kontura eta ordainketa egin baino lehen ezin denean egiaztagiririk eskuratu. Ordainketa-aginduak espresuki adieraziko du “justifikatu beharrekoa” dela eta ezin izanen da egin partikularren alde salbuespenetan baizik, Kontu-hartzailetzak txostena egin eta gero eta Lehendakaritzak horretarako baimena berariaz emanda.

2. Justifikatu beharreko funtsak jasotzen dituztenek nola erabili dituzten adierazi beharko dute hamabost egun naturaleko epean, jasotako kopurua erabili den egunetik kontatzen hasita, eta, edozein kasutan, funtsak libratu eta ondorengo bi hilabeteetan.

Honelako funtsak jaso eta gero aplikazioa justifikatu ez dutenak ezin izanen dira izan justifikatu beharreko ordainketa-agindu gehiagoren onuradun.

3. Jasotzailea da funtsen zaintzaren arduraduna.

IV. KAPITULUA. Dirusarrera-Aurrekontuaren betetzea

24. artikulua. Nafarroako foru administrazioari transferentziak eskatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organo eskudunak aurreko hiruhilekoetan irmoki libratuko ditu Comptos Ganberak bere aurrekontuetan Nafarroako aurrekontu orokorren transferentzia gisa izendatuta dauzkan hornidurak.

Horretarako, Lehendakaritzak, kasuan kasuko hiruhileko naturalaren lehen astean, transferentziagatiko dirusarrera gisa urte osorako izendatutako zenbatekoaren laurden bat ordaintzeko eskatuko du.

25. artikulua. Dirusarrerak kontabilizatzea.

Ganberaren dirusarreren izaera kontuan harturik, egintza bakarrean burutuko da bere kudeaketa, eta egintza horrek kontabilitate-idazpen bakarra sorraraziko du. ) artikuluan ezarritakoaren arabera, kontabilitateko arrazoi-hartzeak kontrol-egintza ordezkatuko du.

V. KAPITULUA. Kudeaketa finantzarioaren kontrola

Kontu-Hartzailetzaren eginkizunak

26. artikulua. Kontu-hartzailetza.

1. Kontu-hartzailetzari dagokio Comptos Ganberaren kudeaketa ekonomikoaren barne-kontrola, eta horren barruan sartzen da eduki ekonomikoa duten betebeharrak edo eskubideak sorraraz ditzaketen ekintzen aurretiko eta ondorengo fiskalizazioa, kasuaren arabera, bai eta ekintza horien ondoriozko gastu, ordainketa eta dirusarrerena ere.

Halaber dagokio kudeaketa ekonomiko-finantzarioari buruzko aholkularitza.

2. Kontu-hartzailetzak eginkizun hauek ere izanen ditu:

a) Aurrekontuen aurreproiektua prestatzean idazkari nagusiari eta administratzaileari laguntza ematea.

b) Aurrekontuen betetzearen egoeraren jarraipena eta kontrola egitea, baita aurrekontu-aldaketena ere.

c) Administratzaileari laguntzea kontuen aurreproiektua eta aurrekontu-kitapenaren egoera-orriaren aurkezpena egitean.

d) Egokitzen ahal zaizkion beste guztiak, erregelamendu honek ezartzen duenaren arabera.

27. artikulua. Barne kontrola eta haren norainokoa.

Aurreko oinarriak aipatzen duen barne kontrolak, bertan ezartzen den norainokoarekin, honako hauek hartzen ditu bere baitan:

a) Betebehar ekonomikoak edota funts edo baloreen mugimendua sorraraz ditzaketen egintza, agiri edo espedienteen aurretiko kontu-hartzea, eta ondorengo fiskalizazioa, beharrezkoa bada.

b) Hartzekodunaren eskubidea edo jasotako prestazioa frogatzen dituzten agirien azterketa formala, eta aipatu prestazioaren egiaztapen materiala.

c) Ordainketa-aginduaren kontu-hartze formala eta ordainketaren gauzatze efektiboaren kontu-hartze materiala.

d) Justifikatu beharreko ordainketa-aginduen egiaztagiriak aztertzea, epemuga iritsitakoan erreklamatu beharko direnak. Halaber, kutxa finkoko aurrerakinen kontuak aztertuko ditu.

e) Nafarroako Comptos Ganberaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa kontrolatzea, legezkotasun, ekonomia, eraginkortasun eta efizientzia printzipioekin bat ote datorren egiaztatzeko, erakundeko kudeaketaren teknikak eta prozedurak hobetzea sustatze aldera.

f) Eskubide ekonomikoak aurretiaz fiskalizatzea, kontabilitateko arrazoi-hartzearen bidez gauzatuko dena.

28. artikulua. Kontu-hartzailetzari laguntza ematea.

Kontu-hartzailetza eginkizunean jarduteak zilegitasuna ematen du behar diren txosten tekniko, aholkularitza juridiko, aurrekari eta agiriak eskatzeko, fiskalizazioaren xedeak hala eskatzen duenean.

29. artikulua. Aurretiko kontu-hartzea.

1. Aurretiko kontu-hartzea eginen da gastua baimendu edo xedatzen duen edo betebeharra aitortzen duen egintza baino lehen.

Horretarako, egintza horiek eman baino lehen, kontu-hartzaileak gastu-proposamen bat egiten duten agiriak edo espedienteak aztertuko ditu, eta irizpena emanen du haien edukia eta izapidetzea aplikagarri den araudiak dioenarekin bat etortzeari buruz. Edonola ere, txostenak azaldu beharko du nahikoa kreditu egokirik ba ote dagoen egin nahi den gasturako edo gainean hartu nahi den betebeharrerako.

2. Aipaturiko hurrenez hurreneko egintzen azterketan, berrikusiko da gastu-prozeduran aurretik egin direnekin egokitzen ote diren. Egintzak gastuaren onespenaren fase batzuk aldi berean biltzen baditu, fiskalizazioak aintzat hartu beharko du fase bakoitzari eskatzen ahal zaizkion baldintzak betetzen ote diren.

30. artikulua. Aurretiko kontu-hartzearen salbuespenak.

1. Ez dira aurretiko kontu-hartzearen menpe egonen inbentariagarria ez den materialaren eta bost mila (5.000) euro baino gehiagoko zenbatekorik ez duten hornidura txikien gastuak. Aldian aldiko gastuen eta segidako traktukoak diren beste batzuen kasuan, hala nola langile-, errentamendu- eta mantentze-gastuenean, aurretiko kontu-hartzea mugatuko da gastu horien jatorria den egintza edo kontratuaren hasierako aldira edo bere aldaketetara.

2. Aurreko idatz-zatian aipaturiko kasuetan, kontabilitateko arrazoi-hartzea galarazi gabe, aurretiko kontu-hartzetik salbuetsitako egintzei ondotiko fiskalizazioa eginen zaie, laginketa-tekniken bidez. Horretarako, kontu-hartzaileak hiru hilabetetik behin txosten bat eginen du gastu mota honen betetzeari buruz.

31. artikulua. Kontu hartze formala eta materiala.

1. Ordainketa-aginduen kontu-hartze formala ordainketa-aginduen zerrendaren edo, hala badagokio, banakako aginduen gainean eginen da, eta bere helburua izanen da egiaztatzea kasuko kredituan saldoa badagoela eta zenbatekoa zuzena dela, kontuan harturik aitorturiko betebeharraren zenbatekoa.

2. Ordainketen kontu-hartze materiala eginen da agindu-emaileak dagokion agiria edo ordaintzeko tresna jaulkitzen duen aldi berean, eta bere helburua izanen da egiaztatzea funtsak benetan atera direla aitorturiko betebeharrak betetzeko, ordainketa-agindu berariazkoari edo dagokion zerrendari jarraikiz. Fiskalizazioa gauzatuko da kontu-hartzaileak kasuko ordainketa-tresna izenpetzen duenean.

Comptos Ganberaren funts-xedapen orok kontu-hartzailearen eta ordainketen agindu-emailearen sinadurak behar ditu.

3. “Justifikatu beharreko” ordainketa-aginduen kasuan, kontu-hartzaileak haien jaulkipena fiskalizatuko du, bai eta jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak ere.

32. artikulua. Ohartarazpenak.

1. Baldin eta organo kontu-hartzailea kontrol eginkizunak egiten ari denean ez badago ados aztertutako egintzen, agirien edo espedienteen edukiarekin edo formarekin, hartu beharreko erabakia hartu baino lehenago bere ohartarazpenak idatziz aurkeztuko ditu, labur eta era arrazoituan.

2. Ohartarazpena gastu-betetzeari buruzko proposamenei dagokienean, 10.1 artikuluan aipatzen diren faseetako edozeinetan, espedientearen izapidetzea eten eginen da, ohartarazpenari irtenbidea aurkitu arte, ondoren aipatzen diren kasuetan:

a) Oinarri gisa hartzen duenean kreditua aski ez izatea, edo proposatu dena egokitzat jotzen ez denean.

b) Ordainketa agiria justifikatzen duten agirietan irregulartasun larriak atzematen direnean edo hartzailearen eskubideak aski frogatzen ez direnean.

c) Ezinbestekoa den betebehar edo izapideren bat burutu ez denean espedientean, edo kudeaketa administratiboaren jarraipenak Comptos Ganberari edo beste norbaiti kalte ekonomikoa egiten ahal dionean.

d) Ohartarazpena obren, horniduren, eskurapenen eta zerbitzuen egiaztapen materialen ondorio denean.

Aipatu kasu hauetan guztietan, ohartarazpenak, beharrezkoak diren aurrekariekin, Lehendakaritzari igorriko zaizkio, eta honek behar den erabakia hartuko du idazkari nagusiaren txostena ikusi eta gero.

3. Gainerako kasuetan, ohartarazpenek ez dute espedientea bertan behera gelditzea eraginen.

4. Gastu-proposamenak inongo oharrik merezi ez duenean, kontu-hartzailetzak bere adostasuna adieraziko du izenpetutako diligentziaren bidez, diligentzia hori arrazoitu behar izan gabe.

33. artikulua. Ordainketa-agindua.

Ordainketa-aginduak beharrezkoa du aurretik kasuan kasuko betebeharra aitortu eta kitatzea, hartzekodunaren eskubidea agiriz frogatu eta gero, iturburu dituen egintzen arabera.

34. artikulua. Hileko agirien bidezko justifikazioa.

1. Hilabetero eginen dira banku kontuetan eta erakundeko kutxan dauden eskudiruzko gerakinen kontaketak, eta kontaketa horien aktak izenpetuko dituzte kontu-hartzaileak eta administratzaileak.

2. Era berean, hilabeteko aldizkakotasunez, administratzaileak dirusarreren eta gastuen betetzearen egoera-orria prestatuko du, lehendakariari igorriko zaiona idazkari nagusiaren bidez, hark azter dezan.

35. artikulua. Kontu-hartzailearen autonomia.

Comptos Ganberaren barruan kontu-hartzailetza aurrera eramanen duen funtzionarioa erakunde horretako lehendakariaren menpean arituko da, eta fiskalizatzen dituen agintari eta organoekiko erabateko autonomia izanen du.

Funtzionario horrek bere kidegoari dagozkion eginkizunak eta erregelamendu honek kontu-hartzeari buruz ezartzen dituenak beteko ditu aldi berean.

VI. KAPITULUA. Aurrekontuaren kitapena eta kontuen onarpena

36. artikulua. Aurrekontua ixtea eta kitatzea.

1. Comptos Ganberaren aurrekontu-ekitaldia itxi eta aurrekontuak kitatuko dira, eskubideen eta betebeharren aitorpenari eta haien dirubilketa eta ordainketari, hurrenez hurren, dagokienez, urte naturaleko abenduaren 31n.

2. Salbuespen gisa, horretarako arrazoirik dagoenean eta kontu-hartzaileak aurretik eginiko aldeko txostena dagoenean, betebeharrak aitortu ahalko dira hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 10a arte, hartzekodun bakoitzaren eskubideak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztuta.

3. Urtarrilaren 20a baino lehen, aurreko urteari dagokion ekitaldia ixteko eragiketa guztiek kontabilizatuta egon beharko dute.

37. artikulua. Comptos Ganberaren kontuak.

1. Administratzaileak, kontu-hartzailetzarekin lankidetzan, kontuen aurreproiektua prestatuko du eta idazkari nagusiari aurkeztuko dio urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen.

2. Aipatu aurreproiektua jasotakoan, idazkaritza nagusiak urteko fiskalizazio programaren arabera dagokion auditoreari emanen dio, berrazter dezan.

3. Berrazterketa hori egin eta gero, auditoreak idazkari nagusiari igorriko dio fiskalizazio txostena, otsailaren 15a baino lehen, eta horrek, kontuen aurreproiektuarekin eta egin nahi dituen oharrekin batera, lehendakariari igorriko dio otsailaren 20rako.

4. Lehendakariak, auditoreei entzun eta gero, kontuen proiektua onartu eta, prestaturiko fiskalizazio txostenarekin batera, Nafarroako Parlamentura bidaliko du urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen, horrek onets dezan.

38. artikulua. Kreditu-gerakinak.

1. Aitorturiko betebeharrei atxikirik ez diren behin betiko kredituen saldoak, hurrengo ekitaldira gaineratzen ez badira, deuseztatuta geldituko diren kreditu-gerakinak dira, 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2. Aurreko zenbakian aurreikusten denaren ondorioetarako, kontuen proiektua onartzeko egintzak zehatz-mehatz azalduko du zein diren gaineratu diren kreditu-gerakinak, eta, hortaz, deuseztatu ez direnak.

3. Parlamentuko Mahaiak Comptos Ganberaren kontuak onetsi eta hurrengo hogeita hamar egunetan, Foru Komunitateko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio aitorturiko betebeharrak betetzeari eta kreditu gaineratuak finantzatzeari atxikirik ez dauden funtsak.

VII. KAPITULUA. Ibilgetuari buruzko xedapen bereziak

39. artikulua. Kontzeptua.

Comptos Ganberaren ibilgetutzat hartzen da aktiboan jasotako izaera iraunkorreko ondare-elementuen multzoa, zeinak saltzekoak ez diren. Iraunkortasuna badagoela ulertuko da ondasunaren bizitza erabilgarria ekitaldi batekoa baino luzeagoa denean.

Ibilgetuaren barruan egonen dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak atxikitzen dizkion ondasun higigarri eta higiezinak.

40. artikulua. Balioestea eta inbentarioan sartzea.

1. Ibilgetua sartuko da horretarako prestatu eta onetsiko den inbentario baloratuan.

2. Berrehun euro baino gutxiago balio duten ondasun higigarriak ez dira inbentarioan sartu beharko, ondoren aipatzen diren salbuespenekin:

a) Erakundearen funts bibliografikoaren parte diren liburuak eta gainerako elementuak.

b) Administratzailearen irizpidearen arabera, bere berezitasunagatik zaintza berezia behar duten ondare-elementuak.

41. artikulua. Inbentarioko altak eta bajak.

1. Ondare-elementu erosi berriak behin-behinekoz sartuko dira inbentarioan, haien harrera egin eta gero.

Inbentarioko behin betiko alta gertatuko da urte horretako abenduaren 31n, haren balorazioa behar bezala justifikatuta egin eta gero.

2. Inbentarioan egin behar diren bajek, ezagunak diren unean, dagokien kontabilitate-idazpena sorraraziko dute.

3. Egoki jotzen den aldizkakotasunarekin inbentarioaren egiaztapen fisikoa eginen da. Egiaztapen horren emaitzaren arabera, inbentarioa eguneratuko da eta ikusi diren aldaketak adieraziko dira, eta, azkenik, horri buruzko akta eginen da.

Lehenengo Xedapen Gehigarria

1. Erregelamendu honek aurreikusten ez duen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan kontratuen eta ogasun publikoaren arloan aplikagarria den araudia osagarri izanen da, Comptos Ganberak bere antolamendu-erregimena, izaera eta eginkizunak direla-eta dituen berezitasunak galarazi gabe.

2. Comptos Ganberako lehendakariak beharrezkoak diren xedapenak emanen ditu aipatu araudia organo fiskalizatzailearen beharrizanetara egokitze aldera.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Ganberaren aurrekontuaren proiektuak berau betetzeko oinarriak jaso ahalko ditu, horien artean legeria orokorra eta erregelamendu hau egokitzeko beharrezkoak diren xedapenak, baita erakundearen kudeaketa hobetzeko beharrezkoak diren beste batzuk ere.

Beste gai batzuen artean, honako hauek arautu ahalko dira:

a) Kontusailen lotura juridikoaren mailari buruzko salbuespenak.

b) Zabalgarri deklaratzen diren kredituak.

c) Gastuaren betetzean egiten diren eskuordetzeak.

d) Betebeharrak aitortzeko eska daitezkeen agiriak.

e) Gastuaren betetzean izan daitezkeen fase-metaketen kasu bereziak.

f) Erregelamendu honek ezartzen dituen zenbatekoen edo kopuruen eguneratzeak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Idazkari nagusiak eman ahalko ditu erregelamendu honek eta aurrekontuen betetze-oinarriek aurreikusten dutena garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren zirkularrak eta jarraibideak.

Zirkular eta jarraibide horiek gastuak betetzeko eta dirusarrerak biltzeko prozeduren izapidetzeak eta gauzatzeak hobetzeko beharrezkoak diren zehaztasunak adierazi ahalko dituzte, eta jaso ahalko dituzte prozedura horietan beharrezkoak diren agiri-ereduak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honi aurka egiten dioten xedapen guztiak.

Azken Xedapen Bakarra

Erregelamendu honek indarra hartuko du 2008ko apirilaren 1ean.

II. ERANSKINA. Langileria arloko gastuak

- Programa -

AD AGIRIA

1. Administratzaileak, indarrean dauden plantilla organikoa eta lanpostu-zerrenda ikusirik, urteko nomina prestatuko du. Nomina horretan benetan beteta dauden lanpostuei dagozkien lansariak banaka xehakatuko dira, onetsitako aurrekontuaren eta aplikagarri zaizkion xedapenen arabera.

2. Aipatu nomina kontu-hartzaileari igorriko zaio, eta horrek egiaztatuko du kalkulatutako zenbatekoen arrazoizkotasuna.

3. Kontu-hartzaileak kasuan kasuko txostena eman ondoren, dagokion gastua baimendu eta xedatuko da. Halaber, AD agiria eginen da eta lehendakariak, kontu-hartzaileak eta administratzaileak sinatuko dute, nomina bezala.

4. AD agiria igorriko da, xedapen-idazpena kontabilizatze aldera.

O eta P AGIRIAK

1. Administratzaileak prestaturiko hileko nomina kontu-hartzaileari igorriko zaio, eta horrek bere arrazoizkotasuna egiaztatuko du hasierakoan, eta beharrezkoak diren egiaztapenak eginen ditu zenbateko gordinen doikuntzari, atxikipenen kalkuluari eta abarri dagokienez.

2. Hasierakoaren hurrengo nominak erabateko fiskalizazioaren xede direnez, ez dira izanen aurretiko kontu-hartzearen xede, aldaketak gertatzen direnean izan ezik, 14. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Kasu horretan administratzaileak espresuki adieraziko du eta kontu-hartzaileari jakinaraziko dio.

3. Nomina onetsi ondoren, O eta P agiriak emanen dira.

III. ERANSKINA. Kontratazio prozedura

1. fasea: Baimena

1. Espedientea abiaraziko da administratzailearen proposamenarekin. Bertan kontratuaren beharra edo komenigarritasuna justifikatuko da, eta harekin batera kasuan kasuko baldintza-orriak aurkeztuko dira, baita proiektua, beharrezkoa bada, eta txosten juridikoa ere.

2. Espedientea kontu-hartzaileari igorriko zaio, eta horrek alderdi hauek fiskalizatuko ditu bereziki:

a) Proposamenaren arrazoizkotasuna.

b) AKPOa edota kontratuaren oinarrizko baldintzak izatea eta eskatu ahal diren zehaztapen guztiak jasotzen dituztela.

c) Lizitazioaren zenbatekorako egokia eta nahikoa den aurrekontu-konfigurazioa dagoela.

3. Espedientea eta gastua onestea. Hortik abiatuta A agiria eginen da eta esleipena irekiko da.

2. fasea: Xedatzea

4. Esleipen prozedura izapidetuko da egokia den prozedurari jarraikiz eta kontratua esleituko da, administratzailearen proposamenaren –edo kontratazio mahaiarena, kasua bada–, kontu-hartzailearen txostenaren eta eman behar diren gainerako txostenen ondotik.

5. Esleipena jakinaraztea eta argitaratzea, kasua bada.

6. Kasua bada, fidantza eratzea eta esleipen-hartzaileak baldintza-orrietan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Jarduera horien kontu-hartzailetza egin ondoren, D agiria eman eta kontabilizatzea.

7. Kontratua formalizatzea eta  artxibatzea.

3. fasea: Betebeharrak eta ordainketa

8. Kontratua betetzen doan neurrian, beharrezkoak diren harrerak eginen dira eta kontratuaren ondoriozko betebeharrak aitortu eta kitatuko dira.

9. O agiria eman aurretik, kontu-hartzaileak aurreko jarduerak fiskalizatuko ditu. O agiria formalizatu ondoren, kontabilizatu eginen da.

10. Ordainketa agiriak ematea eta kontabilizatzea.

* Zenbatekoa dela-eta, aldez aurretik kredituaren erreserba egitea eta ordainagiria aurkeztea soilik eskatzen duten kontratuen kasuan, izapide horiei gehituko zaizkie administratzailearen proposamena eta lehendakariak baimendutako ADO agiria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa