Castellano | Euskara | Français | English
(2013ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 10ean)
Atarikoa
Aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean neurriak hartzen dituen abenduaren 28ko 27/2012 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Administrazio Publikoek, 2013ko ekitaldian aplikatzekoak diren aurrekontuen kargura, zilegi izanen dute 2013ko urtarrileko lehenbiziko egunetan paga bat ordaintzea langileei, zeinaren zenbatekoa izanen baita langileak ekitaldi horretarako ezarrita dituen ordainsariei dagokien aparteko paga baten adinakoa. Ezartzen denez, horrek ez du berarekin ekarriko ordainsarien handitze bat, eta ez ditu aldatuko, halaber, Nafarroako Foru Komunitatean 2013rako aurreikusitako helburuak defizit publikoari eta aurrekontu egonkortasunari dagokienez.
Orobat, foru lege horren xedapen gehigarri bakarrak baimena ematen du Administrazio Publikoek eta Nafarroako sektore publikoaren gainerako organismo eta enteek urtarrileko eta uztaileko lehenbiziko egunetara aurreratzeko langileei dagokien aparteko pagaren ordainketa.
Legegintzako gaikuntza horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat eta beharrezkotzat jotzen du 2013ko urtarrileko lehenbiziko egunetara aurreratzea urte horretako ekaineko aparteko pagaren ordainketa, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, modu horretan arintzeko 2012ko abenduko aparteko paga kentzeak dakartzan ondorioak, Nazioko Gobernuak neurri hori onetsi baitu, eta hori oinarrizko araudia baita, bete beharrekoa, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan jasoa.
Kontuan harturik ezin zaiela neurri hori aplikatu Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei, horien ordainsari-araubidea Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari loturik egoteagatik, lansariak aurreratzeko sistema bat ezarri da haientzat, modu horretan betetzeko, partzialki bada ere, aparteko paga aurreratuz lortu nahi zen helburua.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, erabaki du:
1. 2013ko urtarrileko lehenbiziko egunetara aurreratzea urte horretako ekaineko aparteko pagaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, honako irizpide hauen arabera:
A) Aparteko paga aurreratuko zaie bai langile finkoei bai aldi baterakoei, betiere aurreikusirik baldin badago gutxienez ere hurrengo sei hilabetean lanean segituko dutela.
B) Aldi horretarako aurreikusitako egoeraren arabera finkatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa, eta ekainari dagokion nominan erregularizatuko da.
C) Aldi horretan gorabeheraren bat gertatzen bada lan harremanean, eta horrek berarekin baldin badakar aparteko pagaren likidazioa, hartan kontuan hartuko da ordaindutako aurrerakina.
D) Behin aparteko pagaren ordainketa aurreraturik, baldin eta, edozein arrazoirengatik, zerbitzu-harremana aurreikusitako epea baino lehen bukatzen bada, ukitutako langileei dagokion likidazioa aplikatuko zaie, eta, behar denean, soberan jasotako zenbatekoa itzuliko da.
E) Ukitutako langileek noiznahi ere eskatzen ahalko dute ordaindutako aurrerakina erabat ezeztatzeko, horretarako idazki bat igorriz bere nomina kudeatzen duen Foru Komunitateko Administrazioko unitate administratiboari. Kasu horretan, interesdunari dagokion likidazioa aplikatuko zaio eskaera egin eta hurrengo nominan.
F) Aurrerakinak ez die inola ere eraginen zerga-atxikipenei, ezta nominari lotutako gizarte-kotizazioei ere, alde batera utzita langileak duen aurreikuspen sozialeko sistema.
2. Aparteko pagaren aurrerakina aplikatuko zaie, orobat, goi-kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.
3. Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileentzat aurrerakin sistema bat ezartzen da, honako irizpide hauen arabera:
A) Aurrerakinak automatikoki emanen zaizkie bai langile finkoei bai aldi baterakoei, betiere aurreikusirik baldin badago gutxienez ere hurrengo sei hilabetean lanean segituko dutela.
B) Aurrerakinen zenbatekoa ondokoa izanen da, taldearen arabera:
- A taldea: 2.100 euro.
- B taldea: 1.300 euro.
- C taldea: 1.000 euro.
- D taldea: 900 euro.
C) 2013ko urtarrileko lehenbiziko egunetan ordainduko dira aurrerakinak, eta urte horretako uztaileko eta abenduko nominetan deskontatuko dira, erdi bana.
D) Aldi horretan gorabeheraren bat gertatzen bada lan harremanean, eta horrek berarekin baldin badakar aparteko pagaren likidazioa, hartan kontuan hartuko da ordaindutako aurrerakina.
E) Behin aparteko pagaren ordainketa aurreraturik, baldin eta, edozein arrazoirengatik, zerbitzu-harremana aurreikusitako epea baino lehen bukatzen bada, ukitutako langileei dagokion likidazioa aplikatuko zaie, eta, behar denean, soberan jasotako zenbatekoa itzuliko da.
F) Ukitutako langileek noiznahi ere eskatzen ahalko dute lansariaren aurrerakina erabat ezeztatzeko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako idazkiaren bidez. Kasu horretan, interesdunari dagokion likidazioa aplikatuko zaio eskaera egin eta hurrengo nominan.
G) Aurrerakinak ez die inola ere eraginen zerga-atxikipenei, ezta nominari lotutako gizarte-kotizazioei ere, alde batera utzita langileak duen aurreikuspen sozialeko sistema.
4. Erabaki hau Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau bete dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan.
5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.