(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Arrantza :
      • 384/1993 Foru Dekretua, abenduaren 27koa, salmonidoen Arrantzaren Nafarroako plangintzari buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

384/1993 Foru Dekretua, abenduaren 27koa, salmonidoen Arrantzaren Nafarroako plangintzari buruzkoa

 

(1994ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 14an)

Atarikoa

Arrantza daitekeen basa faunaren barnean, salmonidoak (amuarraina eta izokina) arrantzaleek hoberesten dituzten espezieak dira, urteoro beren populazioek presio haundia nozitzen dutelarik. Bertzalde, espezie hauen berezitasun ekologikoek, ur laster, oxigenatu eta garbiak dituzten ibai tarteetara mugatzen dute beren hedadura.

Bi faktoreek, arrantzak nahiz muga ekologikoek, komenigarri egiten dute amuarrain eta izokinen populazioaren ustiapenak aldez aurretik plangintza egokia izatea, probetxamendurik hoberena bateragarria izan dadin espezie hauek gaurregun zein hurrengo urteetan beren horretan iraun eta indarberritzearekin. Hala bada, baliabide natural hauen erabilpen zuzena bermatzeko modurik koherenteena, aldez aurreko plangintza lantzea da, salmonidoek betetzen duten eremu guztia bereganaturik, eskualdekatzea eta baliabide hauek antolatu eta probetxatzeko arauteria orokorra ezar ditzan.

Uretako faunaren probetxamenduen plangintzaren ideia bete-betean jasorik gelditu da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 54. artikuluko 1. zenbakian, ezartzen baitu, barrutietan, uretako faunaren probetxamendu guztiak, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak onetsitako Antolamendu Planaren arabera egin behar dela eta hartan justifikatuko dela zer motatakoak eta zenbatekoak izaten ahal diren harrapaketak, animali aberastasuna babestu eta berretzeko asmoz.

Fauna babesten duen legerian dauden aurrikuspenak kontutan harturik, eta salmonidoen kudeaketari ikuspegi horretatik begiraturik, Foru Dekretu honek, salmonido espezieen  Arrantza Antolatzeko Plan Gidari baten bidez egituratzen du Nafarroako  Arrantzaren antolamendua, baita Plan Gidari hori garatuz, ibai nagusietako eta hirien ibaiadarretako  Arrantzaren Antolamendurako Planen bidez ere. Horietan zehatz-mehatz planifikatzen da amuarrainaren eta izokin arruntaren kudeaketa eta haiek babesteko eta haien habitata indarberritzeko neurri zehatzak ezartzen dira.

Horiek horrela, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahiruko abenduaren hogeita zazpian egin bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako salmonidoen  Arrantzaren antolamendua, ondoko plangintza bideen bitartez gauzatuko da:

a) Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Plan Gidari bat.

b) Ibai nagusietako eta horien ibaiadarretako salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Planak, Plan Gidariaren garapen.

2. artikulua

Plan Gidariak ondoko zehaztapenak izanen ditu:

a) Salmonidoen ibai tarteak mugatzea.

b) Salmonidoak babesteko irizpide nagusiak ezartzea baita, hala behar baldin bada, helburuak ere, ibaiak espezie hauekin birpopulatzeari dagokionez.

c) Salmonidoen  Arrantza zer muga orokorri egokitu behar zaien ezartzea, bereziki harrapaketen gehieneko kopuruari dagozkion mugak, erabili beharreko arrantza tresna eta baliabideak, tamainak eta espezie hauen iraupena era birpopulaketa bermatzen duten gainerako alderdi guztiak.

d) Salmonidoen arrantzarako barrutiak mugatzea, Basa Fauna eta haren habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 85. artikuluko 3. zenbakiak ezarritako ondorioetarako.

e) Salmonidoen arrantzarako tarte debekatuak mugatzea, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 52.3 artikuluaren irizpideen arabera.

3. artikulua

Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Plan Gidariaren formulazioa eta onespena prozedura honi lotuko zaizkio:

a) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak Planaren Aurreproiektua prestatuko du.

b) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak Planaren Proiektua hasiera batez onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den Foru Agindu baten bidez.

c) Proiektua jendaurrean jarriko da hilabetez, hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, interesatuek bitarte horretan egoki juzkatzen dituzten iradokizun eta ohartarazpenak idatziz aurkez ditzaten. Jendaurreko aldia, guttienez ere Nafarroan zabalduen dauden egunkarietariko batean iragarriko da.

Jendaurreko aldiarekin batean entzutea emanen zaie Ebroko eta Iparraldeko Ur Konfederazioei, bidezko juzkatzen dituzten ohartarazpenak aurkez ditzaten.

d) Ingurugiro Zerbitzuak alegazioei buruzko txostena eginda, Planaren Proiektua eta alegazioak Nafarroako Ingurugiro Batzordearen esku utziko dira, txostena egin dezan.

e) Bidezko diren ekarpen berriekin, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dio Plana, behin-betikoz onets dezan. Behin-betikoz onesteko erabakia Foru Dekretu baten bidez eginen da eta Planaren arauteria orokorra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. artikulua

Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Planek, ondoko zehaztapenak izanen dituzte, Plan Gidariaren garapen:

a) Bakoitzak bere eremuko salmonidoen populazioen hasierako egoera deskribatzea.

b) Salmonidoen populazioa babestu eta indarberritzearen ikuspegitik begiratuta, interes gehien duten ibai tarteak sailkatzea.

c) Antolatzen diren ibaietako tarte ezberdin bakoitzean, salmonidoen populazio ahalmenak ezartzea.

d) Salmonidoak hobetzeko programak definitzea, baita, salmonidoen habitatak diren aldetik, ibaiertzak eta ibaibideak berreskuratzeko programak ere.

e) Planaren eremuan, salmonidoak ustiatzeko eta probetxatzeko programa zehatzak definitzea.

f) Salmonido espezieak babesteko arauteria ezartzea.

g) Salmonidoen habitata diren aldetik, uren kalitate biologikoaren arloan, helburuak definitzea.

h) Plana betetzeko eta burutzeko neurri egokiak.

5. artikulua

Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Planen formulazioa eta onespena prozedura honi lotuko zaizkio:

a) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak Planaren Aurreproiektua prestatuko du.

b) Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak Planaren Proiektua hasiera batez onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den Foru Agindu baten bidez.

c) Proiektua jendaurrean jarriko da eta aldi berean entzutea emanen zaie doakien Ur Konfederazioei, ibai ondoko Toki Entitateei eta Arrantzale Elkarteei, hilabetez, hasierako onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, interesatuek bitarte horretan egoki juzkatzen dituzten iradokizun eta ohartarazpenak idatziz aurkez ditzaten.

Jendaurreko aldia, guttienez ere Nafarroan zabalduen dauden egunkarietariko batean iragarriko da.

d) Ingurugiro Zerbitzuak alegazioei buruzko txostena eginda, Planaren Proiektua eta alegazioak Nafarroako Ingurugiro Batzordearen esku utziko dira, txostena egin dezan.

e) Bidezko diren ekarpen berriekin, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak behin-betikoz onetsiko du Plana. Behin-betikoz onesteko Foru Agindua eta Planaren arauteria orokorra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

6. artikulua

Foru Dekretu honek ezartzen dituen planen aldaketak eta igorpenak horien formulazio eta onespenerako erabilitako prozedura berari lotuko zaizkio.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria behin-betikoz onesten ez den artean, formulatzen ahalko dira  Arrantza Antolatzeko Planak, Foru Dekretu honek ezarritako eduki eta prozedurari lotzen bazaizkio, baina ez dira behin-betikoz onesten ahalko.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Orientazio gisa eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuaren baliabideek baldintzapeturik, ondoko egutegia ezartzen da salmonidoen  Arrantzaren plangintzarako:

a) 1994. Salmonidoen  Arrantza Antolatzeko Plan Gidariak eta Ega-Urederra, Arakil-Larraun-Basaburua eta Arga-Ultzama-Mediano ibaietako salmonidoen  Arrantza Antolatzeko planak behin-betikoz onestea.

b) 1995. Zaraitzu-Eska ibaietako salmonidoen  Arrantza Antolatzeko plana behin-betikoz onestea.

c) 1996. Erro-Urrobi-Irati ibaietako salmonidoen  Arrantza Antolatzeko plana behin-betikoz onestea.

d) 1997. Bidasoa-Araxes-Leitzaran eta Urumea ibaietako salmonidoen  Arrantza Antolatzeko plana behin-betikoz onestea.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Esku ematen zaio Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa