(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

 Imagen decorativa
Aldi baterako erakusketa 2022

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

2023ko apirilaren 16ra arte bisita daitekeen erakusketak Pelayos. Semanario infantil aldizkaria aztertzen du. Donostian argitaratu zen 1936tik 1938ra.

Zenbat diren nire soldaduak! Pelayos, haurtzaro beliko bat irudiztatzen

Iñaki Urricelqui eta Silvia Lizarraga Karlismoaren museoko teknikariak dira komisarioak, eta Francisco Javier Caspistegui Nafarroako Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna izan dute aholkulari. Erakusketak sakon aztertzen du aldizkariaren historia, jatorria eta bilakaera, ideologian zein edukietan, eta izena jartzen die aldizkariarentzat testuak eta ilustrazioak egin zituzten emakume eta gizonei.

Integrismoari lotutako Miguel Rosell eta Mariano Vilaseca apaiz katalanek sortu zuten Pelayos. Semanario infantil 1936an Donostian, tropa matxinoek hiria okupatu ondoren. Hirian zegoen argitalpen tradizioa aprobetxatu zuten haurrentzako aldizkari bat bultzatzeko, gerrako propagandan doktrinatzeko tresna eraginkor gisa.

Baina, aldi berean, Donostian bildu ziren talentu sakabanatuez elikatu zen Pelayos aldizkaria. Argitalpen proiektu modernoa izan zen. Hasieran karlismoak bultzatu zuen proiektua, baina Rosellen ekimen pribatua izan zen, eta ez zegoen karlismoari lotuta. Hilean milaka ale zabaldu zituen Espainian, eta aldizkari hedatuenetako bat izan zen Alde Nazionaleko adingabeen artean. Aldizkariak bere independentzia aldarrikatu zuen, eta uko egin zion Bateratzearen doktrinei jarraitzeari. Azkenean, ordea, desagertu egin zen, Flecha haurrentzako aldizkari falangistarekin fusionatu baitzen, Flechas y Pelayos argitalpen berria sortuz. Pelayos aldizkariaren kalitateak lagundu zuen etorkizuneko komikien oinarriak finkatzen frankismo garaian.



Arrakastaren erantzule nagusiak dira zuzendari artistikoak: Vicente Cobreros Uranga, Jean Rapsomanikis eta Valentí Castanys (“AS”), hurrenez hurren. Ilustratzaile eta gidoilari ugarik parte hartu zuten. Honako hauek ilustratu zuten aldizkaria, besteak beste: Josep Serra Massana, José Alcaide, Antonio Ojeda, Mercè Llimona, Consuelo Gil, Maria Claret, Ramón Hostench, Máximo Ramos, Athos Cozzi, Miguel de Legarra eta Josep María de Martín. Orobat, hainbat erlijiosok parte hartu zuten aldizkarian: Nicasio Albéniz, José María Homs eta Joan Tusquets, besteak beste. Gidoilarien artean bi ziren nabarmen: Bartomeu Galí (“G. Li”) eta Josep María Canellas Casals (“Augusto Benjamín”). Guztira, ia 80 egile (marrazkilari eta gidoilari) identifikatu dira.

Erakusketa 2023ko apirilaren 16ra arte bisita daiteke, eta 101 zenbakien azalak erakusten ditu (1936ko abenduaren 26aren eta 1938ko azaroaren 27aren artean argitaratu ziren). Kantitate eta kalitatearen aldetik, hiru ilustratzaile nabarmentzen dira: Ramón Hostench, Mercque Llimona eta Valentí Castanys “AS”.

Halaber, aldizkariaren aleen eta erakusgai jarritako beste material batzuen bidez, erakusketak San Pelayoren figura nabarmentzen du, mutiko martiri hori haurtzarorako erreferentetzat hartu baitzen ideario karlistan. Bestetik, aldizkaria XX. mendearen lehen hereneko Espainiako argitaletxeen panoraman kokatzen du, haurrentzako aldizkari ilustratuen inguruan. Horrez gain, Donostia, tropa matxinoek hartu ondoren, Espainia nazionalean argitalpenaren hiriburua zela azpimarratzen du. Azkenik, argitalpenaren jatorria eta helburu doktrinala aztertzen ditu, eta arreta berezia jartzen du zuzendaritza artistikoan eta hiru azalgile nagusiengan: Hostench, Llimona eta Castanys.

Erakusketaren ordutegia museoaren ohiko bera izanen da: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa da.


Katalogoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa