(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere emakumeen aurkako erasotzat joko dira Nafarroan asteartea, 2014.eko abenduak 30


Gobernuak ikuspegi hori jaso du genero-indarkeriaren legearen aurreproiektuan, eta urtarrilaren 17ra arte herritarren partaidetzarako zabalik izango da


Transcripción textual del video

Gizarte Politiken kontseilari Íñigo Allik emakumeen indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu du astearte honetan. Haren arabera, tratu txar fisiko edo sexualak ez ezik, indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere sexu-erasotzat joko da, hau da, emakumearen eta haren seme-alabentzako ongizate fisiko eta psikologikorako baliabideak nahita ez ematea.

Testu hori, Parlamentuak onartzen badu indarrean dagoen 2002ko genero-indarkeriaren aurkako foru-legea ordeztuko du, Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean argitaratuta dago eta herritarrek beren iradokizunak egin ditzakete urtarrilaren 17a bitarte.

Logotipoa

Emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko ikurra.

Gizarte Politiken kontseilari Íñigo Allik emakumeen indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu du astearte honetan. Haren arabera, tratu txar fisiko edo sexualak ez ezik, indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa ere sexu-erasotzat joko da, hau da, emakumearen eta haren seme-alabentzako ongizate fisiko eta psikologikorako baliabideak nahita ez ematea.

Testu hori, Parlamentuak onartzen badu indarrean dagoen 2002ko genero-indarkeriaren aurkako foru-legea ordeztuko du,Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean argitaratuta dago eta herritarrek beren iradokizunak egin ditzakete urtarrilaren 17a bitarte.

Legearen aurreproiektu hori aurkeztearekin batera, Alli kontseilariak iragarri du Gizarte Politiken Departamentuak datorren urtean 1.148.000 euro erabiliko duela genero-indarkeriari lotutako jarduerak finantzatzeko. Allirekin batera, Nafarroako Familia eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari-gerente Teresa Nagore izan da.

Aurreproiektuaren giltzarriak

Alli kontseilariak aipatu duenez, foru-lege berriak nazioarteko esparru juridikoan aitortutako emakumeen aurkako indarkeria-era guztiak hartuko ditu barnean, esaterako: bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa, sexu-indarkeria, feminizidioa, emakume eta neskatilen salerosketa, sexu-esplotazioa, adin goiztiarreko, adostutako edo behartutako ezkontza, eta emakumeen genitalen mutilazioa.

Gainera, aurreproiektuak ezartzen duenez, genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek arreta integrala jasotzeko eskubidea dute honako helburu honekin: erabat osa daitezen, laguntza juridiko espezializatua jasotzeko, poliziaren arreta eta babes eraginkorra izateko, eta beren lan-harremana eteteko lanpostua gordez, beste gai batzuen artean.

Aurreproiektu horretan jasotako beste berrikuntzetako bat da, adingabeak genero-indarkeriaren zuzeneko biktimatzat jotzea, eta alor horretan inplikatutako profesionalen etengabeko prestakuntza, arau hori betetzeko berme modura.

Lege berriak honako hauei lotutako neurriak hartzea ere ezartzen du: ikerketa eta informazio-bilketa; prebentzioa eta sentsibilizazioa, eskola-ingurunean bereziki; zerbitzuetako kasua detektatzea osasun nahiz gizarte-zerbitzuen alorretan; arreta integrala; babesa; justiziarako sarbidea ; eta biktimen erreparazioa, genero-indarkeriatik ateratzeko beren prozesua bukatzen dutenean amaituko dena.

Azkenik, aurreproiektuaren barnean legea aplikatzeko neurrien aurreikuspena sartzen da esaterako, plan estrategiko bat egitea urtebeteko epean, jarraipen eta ebaluazioko urteko txosten bat idaztea, indarrean sartu eta handik lau urtera, lege honen esparruan hartutako neurriek izan duten eraginarena.

836 salaketa irailera arte

Gogora ekarri behar da, irailaren 30era arte, Nafarroan 836 salaketa aurkeztu direla genero-indarkeriagatik, iaz denboraldi berean aurkeztutakoak baino % 11,7 gehiago. Abuztuan (104 salaketa), uztailean (101) eta martxoan (100) izan dira salaketa gehien.

Nafarroako Gobernuak genero-indarkeriaren biktimak artatzeko erabilitako baliabideetan, azaroaren 30era arte, 77 emakumek eta 89 adingabekok erabili dute larrialdietarako zentroa; 10 emakumek eta 16 adingabekok harrera-etxea; eta 7 emakumek eta 9 adingabekok Nafarroako Gobernuaren bizitzeko etxebizitzak.

Bestalde, Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Ekipoek 263 emakume eta 31 adingabe artatu dituzte Tuteran; eta 126 emakume eta 27 adingabeko Lizarran.

Nafarroako Gobernuak ematen dituen prestazio ekonomikoetan, emakume batek gizarte-larrialdietarako laguntza eskatu du eta onartu egin zaio. Beste 21 emakumek enplegugarritasun-zailtasunengatik laguntza ekonomikoak eskatu dituzte, 16ri laguntza hori eman zaie, lau artxibatu egin dira eta bat izapidetzen ari dira.

Nafarroako Familia eta Berdintasunerako Institutuak 143 ziurtagiri eman ditu genero-indarkeriaren biktimak babestutako etxebizitza bat eskura dezaten (160 eskaera egin dira guztira). 11 ukatu egin dira eta sei emakumek beren eskaeran atzera egin zuten.

Lanketa-prozesua

Legearen proiektu hori egin aurretik, Nafarroako Familia eta Berdintasunerako Institutuak Nafarroako genero-indarkeriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egin zuen, ikuspegi kuantitatibo nahiz kualitatibo batetik. Horretarako, genero-indarkeriaren nagusitasunari eta Nafarroan dauden baliabideei buruzko iturri dokumentalak aztertu ziren. Gainera, 59 profesional, aditu eta emakumeen erakundeei kontsulta egin zitzaien; eta genero-indarkeria gainditutako biktimak diren hamar emakumeri.

Jarraian, INAFIk lege berrirako oinarrien agiri bat egin zuen, eta hura 152 profesionali aurkeztu zaie azken hilabeteotan hainbat lan-taldetan, eta bertan 284 ekarpen jaso ziren. Lan-talde horiek honako hauek osatu dute: emakumeen elkarteek, gizarte-eragileek (lanbide-elkargoak, sindikatuak, unibertsitateak eta hedabieak), polizia eta arlo judizialeko profesionalek (abokatutza, epailetza, fiskaltza eta polizia-indarrak) eta arlo sozio-sanitarioko langileak (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, osasuneko profesionalak, berdintasuneko teknikariak, indarkeria-alorrean lan egiten duten erakundeak eta toki-erakundeen eta alderdi politikoen berdintasuneko arloak); bai eta erakundeen arteko akordioa ere emakumeen aurkako indarkeriaren arretan eta prebentzioan koordinazioa eraginkorra izan dadin.

Ekarpen horiekin idatzi da gaur, asteartea, Gizarte Politiken kontseilariak aurkeztutako aurreproiektua, eta 2015eko urtarrilaren 17ra arte herritarren partaidetzaren mende geratuko da. Epe hori amaitzen denean, jasotako iradokizunak aztertu, jaso eta testu berria idatziko da; hura Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren ardurapean geratuko da Nafarroako Gobernuak lege-proiektu moduan onartu (martxo aldean, ziur asko) eta Nafarroako Parlamentura igorri aurretik.

Zergatik lege berri bat?

Indarrean dagoen genero-indarkeriaren legea eta Nafarroako Parlamentuak 2002. urtean onartutakoa, Espainiako lehen arauetako bat izan zen alor horretan. Nazioarteko erakundeek gomendatutako ikuspegi nahiz elementu batzuk jaso zituen (genero-ikuspegia edo erantzun instituzionalaren borondatea, adibidez), bikote edo bikote ohiaren esparrukoa baino indarkeriaren definizioa askoz zabalagoa hartu zuen barnean eta erakundeen arteko akordioa ekarri zuen Nafarroako administrazio publikoen arteko koordinazio-tresna modura.

Azken urteotan onartutako nazioarteko esparru juridikoak egungo araudia berrikustea eragin du. Alde horretatik, Nazio Batuek (CEDAWren Batzorde, 2010) legeria bat atera, aplikatu eta ikuskatzen duten estatuei emakumeen aurkako indarkeria-forma guztien aurka erantzutea eskatzen dute, eta baita zigortzea ere.

Bestalde, Europako Kontseiluko Istanbulgo Hitzarmenak (iragan abuzutuan indarrean sartu da) emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketatzat jotzen du, diskriminatzeko eratzat, eta estatu-kideak erantzuletzat jotzen ditu behar bezala erantzuten ez badute.

Azkenik, azken hamarraldian arau asko eman dira genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko, eta nazioarteko zenbait kanpaina eta kanpaina sozial egin dira; azken horiei esker, gai horrekiko herritarrek sentsibilizazio handiagoa izatea lortu da.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa