(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Buru osasunari buruzko Bideko Ama Birjina Ospitaleko bi lan saritu dituzte psikiatriako biltzar banatan ostirala, 2008.eko abenduak 5

Horietako bat Psikiatriako XII. Biltzar Nazionalean saritu dute, eta bestea, berriz, Buruko Gaixotasunen Fase Goiztiarren Nazioarteko VI. Bileran


Personal médico del Servicio de Psiquiatría del Hospital Virgen del Camino: Virgina Basterra, Manuel Cuesta, Rebeca Hidalgo, Víctor Peralta y María Zandio.

PBideko Ama Birjina Ospitaleko medikuak. Ezkerretik eskuinera, Virgina Basterra, Manuel Cuesta, Rebeca Hidalgo, Víctor Peralta eta María Zandio. ( irudia handitu )

Bideko Ama Birjina Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko medikuek landutako bi lan saritu dituzte Valentziako eta Santanderreko psikiatriako biltzar banatan. Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuak Víctor Peralta Martín doktorea du buru.


"Manifestaciones afectivas en las psicosis no afectivas" (Adierazpen afektiboak psikosi ez afektiboetan) izeneko lehenengo lanak ikerketa lan onenaren "Neurozientzietako Pfizer saria" jaso du Psikiatriako XII. Biltzar Nazionalean. Biltzarra Valentzian egin zen azaroan. Lan horren egileak Virginia Basterra Gortari, María Zandio Zorilla, Manuel Jesús Cuesta Zorita eta Víctor Peralta Martín doktoreak dira; guztiak ere Bideko Ama Birjina Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko medikuak.


Desoreka psikotikoei buruzko lan hori aipatutako zerbitzuan arazo horiekin ospitaleratutako 535 gaixoren gainekoa da. Desoreka psikotikoak buruko gaixotasun larrienak dira, nortasunaren desintegrazioa eta maila handiko minusbaliotasuna eragiten dutelako, eta sufrimendu handia ematen dietelako, nola gaixoei, hala beren familiei.


Gaixotasun horiek desoreka psikotiko afektiboetan (desoreka bipolarra eta depresio larria) eta desoreka psikotiko ez afektiboetan (eskizofrenia) sailkatzen dira. Ikerketa honen emaitzek, ordea, zalantzan jartzen dute sailkapen hori; izan ere, eskizofrenian estutasuna, depresioa, euforia eta disforia bezalako sintoma afektiboen prebalentzia handia dago. Hala, lan honen egileek desoreka psikotikoetarako hastapen diagnostiko berri bat proposatzen dute; errealitate klinikoarekin bat dator eta gaixotasun horien mekanismo neurobiologikoak zehaztasun handiagoz ikertzeko aukera ematen du.


Duela gutxi "Schizophrenia Research" aldizkarian argitaratzeko onartu dute ikerketa.

Drogen kontsumoa eta garunaren funtzionamendua


Saritutako beste lana "Genotipos de riesgo y consumo de cannabis como factores moduladores de la función cognitiva en pacientes con trastornos psicóticos y sus hermanos sanos" (Arrisku genotipoak eta cannabisaren kontsumoa, funtzio kognitiboko faktore modular gisa, desoreka psikotikoak dituzten gaixoengan eta beren anai-arreba osasuntsuengan) izan da. "Ikerketa lan onenaren saria" jaso du Buruko Gaixotasunen Fase Goiztiarren Nazioarteko VI. Bileran (Santanderren egin zen azaroan). Sarituek Estatu Batuetako NAMI (National Alliance for the Mental Illness) fundazioaren beka bat jaso dute.


Kasu honetan, egileak Virginia Basterra Gortari, Amalia Zarzuela Ituarte, Maria Zandio Zorrilla, Rebeca Hidalgo Borrajo, Víctor Peralta Martín eta Manuel Jesús Cuesta Zorita izan dira. Guztiak Bideko Ama Birjina Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko medikuak dira, eta Bartzelonako Unibertsitateko medikuekin lankidetzan jardun dute ikerketaren garapenean.


Ikerketa lana Bideko Ama Birjina Ospitalean egin zen, aipatutako unibertsitatearen lankidetzarekin. Gaixotasun psikotikoak zituzten 89 gaixo eta beren anaia-arreba osasuntsuak ikertu zituzten, beren ezaugarri genetikoekin, cannabisaren kontsumoarekin eta etekin neuropsikologikoekin lotuta.


Ikerketaren egileen arabera, "drogen gehiegizko kontsumoa oso ohikoa da gure ingurunean, eta buruko desoreka larrien garapenarekin eta buruko funtzio jakin batzuekin erabat lotua dagoela egiaztatu da".


Hala, gaixoen %41ek cannabisa kontsumitu ohi zutela ikusi zen. Anai-arreba osasuntsuen %20k ere substantzia hori kontsumitzen zutela egiaztatu zen. Ezaugarri genetikoen, neurriz gaineko toxikoen kontsumoaren eta garunaren funtzionamenduaren arteko elkarrekintza konplexuak egin ziren ageriko, nola buruko gaixotasuna duten gaixoengan, hala pertsona osasuntsuengan.


Ikerketa horren egileen arabera, banakako faktore genetikoen eta hainbat motatako ingurumen faktoreen (drogen kontsumoa, estresa, gatazka pertsonal eta soziala) artean dauden harreman konplexuak aztertzen dituzten ikerketen belaunaldi berri baten adierazgarri da. Bi faktore motek elkarri eragiten diote, banakako ezaugarri genetikoek ingurumeneko arrisku faktore jakin batzuei (esaterako, drogen kontsumoa) lagun diezaieketelako, eta aldi berean, ingurumen faktoreek buruko gaixotasun bat eragiteko geneen eitea alda dezaketelako. Mota honetako ikerketek mekanismoak hobeto ezagutzen laguntzen dute, esaterako, drogak kontsumitzen dituzten bi pertsonatatik batek buruko gaixotasuna garatuko duela.


Aipagarria da Bideko Ama Birjina Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko ikerketa lanak lau urtez jarraian saritu dituztela.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa