Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 23. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 3an)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak goi mailako ikasketa artistikoak sartzen ditu ikasketa artistikoetan; horien antolamenduan, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak ezarritakoan, Graduko eta Graduondoko ikasketak bereizten dira; azken maila horretan Master eta Doktorego ikasketak sartzen dira.
Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak Musika arloko Graduko goi mailako ikasketa artistikoen oinarrizko edukia arautzen du, eta Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 110/2010 Foru Aginduak musikako goi mailako ikasketen plana arautzen du Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan Nafarroako Foru Komunitaterako.
Musika arloko Graduko goi mailako ikasketek lau ikasturte dituzte, 60 kreditukoa bakoitza, eta ikasketa horiek gainditzean eskuratzen da Musikako Graduatu titulua.
Nafarroako Foru Komunitatean Musika arloko Graduko goi mailako ikasketak 2010-2011 ikasturtetik aurrera ezarri direnez gero, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak arauak ezartzea ikasketa horiek ebaluatu eta titulua eskuratzeko prozesuetarako.
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du, Musika arloko Graduko goi mailako ikasketa artistikoen ebaluazioa eta titulua Nafarroako Foru Komunitatean arautu daitezen.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.
1. Foru agindu honek Musika arloko Graduko goi mailako ikasketa artistikoen ebaluazioa eta titulua arautzea du xede, baita prozesu horietan erabili behar diren dokumentu ofizialak ere.
2. Nafarroako Foru Komunitatean Musika arloko Graduko goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan, goi mailako musika kontserbatorioetan edo goi mailako musika eskoletan eta baimendutako ikastetxe pribatuetan aplikatuko da foru agindu hau.
2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ikaslearen ikasketa prozesua baloratzeko helburua du ebaluazioak, eta Musika arloko Graduko goi mailako ikasketentzat zehaztutako gaitasun zeharkako, orokor eta berariazkoak zer gradu eta mailatan eskuratzen diren hartuko du kontuan.
2. Musika arloko Graduko goi mailako ikasketetan, ebaluazioak Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzen diren ikasketa planaren elementuak hartuko ditu kontuan.
3. Ebaluazioa irakasgai bakoitzeko eginen da, eta integratzailea izanen da haietako bakoitzerako ikasketa planetan zehaztuta dauden gaitasunei begira.
4. Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak izanen dira gaitasunak zenbateraino eskuratzen diren baloratzeko funtsezko erreferentzia; horretarako, gaitasunak objektiboak izanen dira eta neurtuak izateko moduan ezarriko dira.
5. Didaktikako departamentuek ikasleen gaitasun artistiko eta teknikoak ebaluatzeko irizpide eta prozedurak ezarriko dituzte irakasgaien programazioan, baita haiek kalifikatzeko irizpideak ere.
6. Gradu bukaerako lanaren ebaluazioa eta kalifikazioa bakarrak izanen dira, eta gainditzeko, ikasketa plana osatzen duten irakasgai guztiak gainditu beharko dira.
7. Ikastetxeak ebaluazio saioak antolatzen ahalko ditu, irakasgaien kalifikazioak jaso, ikasketaren prozesua baloratu eta ikasketen emaitzak aztertzeko.
3. artikulua. Ebaluazio prozesua.
1. Ikasturte bakoitzean, irakasleek ikaslearen ikasketa etengabe ebaluatzeko prozesua aplikatuko dute behaketa sistematikoa, informazioko erregistroak, berariazko probak edo beste mekanismo batzuk aplikatuta, zein diren irakasgai bakoitzaren ezaugarriak, horren arabera. Prozesu horretarako, ikasleek klasetara etorri beharko dute eta curriculuma osatzen duten irakasgaietarako programatutako jardueretan hartu beharko dute parte, programazio didaktikoetan ezartzen denaren arabera.
2. Oro har, irakasgai bakoitzeko irakasleak erabakiko du zein kalifikazio eman, gradu bukaerako lanean izan ezik, horretarako izendatutako epaimahaiak baloratuko baitu.
Dena dela, ebaluazio probak epaimahai baten bidez egin beharra ezartzen ahal du ikastetxeak, hark nahi duen irakasgai eta kurtsoetan.
3. Gradu bukaerako lana baloratzeko, epaimahai bat eratuko da, ikastetxeko zuzendaritzak izendatu eta ikasketa burutzak proposatuta. Kide kopuru bakoitia izanen du, hiru gutxienez ere, eta irakasleek, ahal dela, baloratzen duten espezialitatearekin kidetasuna izanen dute.
4. Ikasturte bakoitzean bi ebaluazio antolatuko dira, sei hilean behin.
5. Ikasturtea bukatzean bi azken ebaluazio eginen dira, arrunta bata, berezia bestea. Ebaluazio prozesuaren sintesia izanen dira ebaluazio horiek, eta irakasgai bakoitzaren kalifikazioak jasoko dituzte, baita titulurako proposamena ere, zein bere kasuan.
6. Azken ebaluazioaren emaitzak, hura arrunta edo berezia izan, azken ebaluazioaren aktetan jasoko dira.
7. Sei hilean behineko kalifikazioak eta azkenak jendaurrean jarriko dira ikastetxeak erabakitzen duen egunean.
8. Tutoreak emanen die ikasleei ebaluazio prozesuaren emaitzen berri, hura sei hilean behinekoa edo azkena izan, kalifikazioak barne direla eta, zein den kasua, titulurako proposamenaren berri ere; hori guztia, ikastetxeak ezartzen duen formatuan.
4. artikulua. Kredituen sistema.
1. Musikako Graduatu titulua eskuratzeko ikasketa planean aurreikusitako helburuak betetzen ote diren jakiteko, ECTS Europako kredituak erabiliko dira, irailaren 3ko 1125/2003 Errege Dekretuak kredituak transferitzeko arautzen duen kreditu sistema europarraren arabera.
2. Irakasgai edo arlo bateko kredituak eskuratzeko, ebaluazio probak edo azterketak gainditu beharko dira.
5. artikulua. Ebaluazioaren emaitzak. Kalifikazioen sistema.
1. Irakasgaiak ebaluatzeko emaitzak zenbaki bidezko kalifikazioetan adieraziko dira eta ikaslearen ikasketa espedientean jasoko, ikasturte bakoitzeko arloetan aritu diren ikasle guztiei buruz kalifikazio horiek duten banaketa portzentajearekin batean.
2. Ikasketa planeko irakasgai bakoitzean ikasleak ateratzen dituen emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalaren arabera kalifikatuko dira, zifra hamartar bat adierazita, eta kalifikazio kualitatiboa eransten ahalko zaio:
0-4,9: gutxiegi (GU).
5,0-6,9: nahikoa (NA).
7,0-8,9: oso ongi (OO).
9,0-10: bikain (BI).
3. 9,0 puntuko kalifikazioa edo gehiago ateratzen duten ikasleei ematen ahalko zaie "Ohorezko matrikularen (OM)" aipamena. Ez dira ikasturte batean irakasgai batean matrikulatuta diren ikasleen %5 baino gehiago izanen, non ez diren 20 baino gutxiago matrikulatuta dauden ikasleak; kasu horretan, "Ohorezko matrikula" bakar bat ematen ahalko da.
4. Ikasle batek prestakuntza jardueretan parte hartzen ez badu edo irakasgairen bateko ebaluazio probetara aurkezten ez bada, ebaluazioaren dokumentuetan Aurkeztu Gabea (AG) adieraziko da, eta kalifikazio negatibotzat joko da ondorio guztietarako.
5. Curriculuma osatzen duten irakasgaien ebaluazioaren emaitzak ebaluazio aktetan eta ikasle bakoitzaren ikasketa espedientean jasoko dira.
6. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazioaren dokumentuetan jasoko da.
2. Honako hauek dira musikako goi mailako ikasketetako ebaluazioaren dokumentuak:
-Ikasketa espedientea.
-Ebaluazio aktak.
3. Ebaluazioaren dokumentuek ikasketak erregulatzen dituen araua adierazi beharko dute. Orobat, kasu bakoitzeko pertsonen sinadura fede-emaileak izanen dituzte, sinatzailearen izen-deiturak eta betetzen duen lanpostua adierazita.
4. Ebaluazioaren dokumentu horien edukia foru agindu honen eranskinean ezarri da.
7. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak bete eta zaintzea.
1. Ikastetxeko idazkariak izanen du erantzukizuna ebaluazioaren dokumentuak eta ikasleen ikasketa espedientea zaintzeko.
2. Azken ebaluazioko aktetako informazioa ikasketa espedientera aldatuko da, idazkariak erantzukizuna izanik eta ikastetxeko zuzendariak oniritzia emanik.
3. Ebaluazioaren dokumentuetako datuak ikastetxean gordeko dira, hura dagoen bitarte. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.
8. artikulua. Ikasturteko deialdiak eta gehieneko deialdi kopurua.
1. Ikasturte bakoitzean bi deialdi daude: arrunta bata, berezia bestea.
2. Gehienez ere lau deialdi izanen dira irakasgaiak, praktikak (programatuz gero) edo gradu bukaerako lana gainditzeko. Dena dela, ikasleak eskaera arrazoitua aurkeztu eta zein irakasgai diren, haien irakaskuntzaz arduratzen den departamentuak txostena egin ondoren, eta ikasketa burutzak oniritzia emanik, ikastetxeko zuzendaritzak beste deialdi bat edo mesedeko deialdia ematen ahalko du.
3. Deialdiak bata bestearen ondoren kontatuko dira, eta bukatutzat joko dira nahiz eta ikaslea azterketara aurkeztu ez, irakasgaiaren matrikula egina bada. Dena dela, ikastetxeko Zuzendaritzak, aurreko puntuan adierazitako baldintzak izanik, deialdi batetik salbuesten ahalko du, eta hura ez da kontatuko, gaixotasuna dagoenean, goi mailako irakaskuntzako nazioarteko programetan parte hartzen denean edo libreki onartutako inguruabar bereziak daudenean. Ez da inoiz deialditik salbuetsiko ikasketen errendimendu eskasagatik.
4. Espedientea lekualdatzen den kasuetan, jatorrizko ikastetxean agortutako deialdiak destinokoan ere kontatuko dira.
9. artikulua. Espedientea lekualdatzea.
1. Ikasleek Musika arloko Graduko ikasketak ikastetxe batean hasi eta beste batean jarraitzeko eskaera egiten ahalko dute.
2. Oro har, ikasturtea hasi aurretik eginen da espedientearen lekualdatzea.
3. Ikasketa espedientea dagoen ikastetxean ez beste batean jarraitzeko ikaslea onartutakoan, lehenbailehen eman beharko dio horren berri idatzia jatorrizko ikastetxeko ikasketa burutzari.
4. Destinoko ikastetxeak eskatuta, jatorrizkoak ikasketen ziurtagiri osoa igorriko dio ikastetxean duten informazioarekin, eta kalifikazioak bertan dituzten ebaluazio aktekin bat heldu direla adieraziko dute. Halaber, berariazko eginbide bat adieraziko du ikasketa espediente horretan, non destinoko ikastetxera lekualdatzeko eguna aipatuko baita.
5. Ikastetxe hartzaileak ikasketa espedientea ireki eta jatorrizko ikastetxetik hartutako ikasketen ziurtagiri osoaren datuak gehituko dizkio.
10. artikulua. Ikasketa espedientearen batez besteko nota.
1. Ikasle bakoitzaren ikasketa espedientearen batez besteko nota ateratzeko, formula hau aplikatuko da: ikasleak lortutako kredituak zein bere kalifikazioaren zenbakizko balioaz biderkatu eta haien emaitzak batu eta ikasleak guztira lortutako kreditu kopuru artean zatitu.
2. Ikasketa planaren barrenean ez dauden prestakuntza jardueren bidez lortutako kredituak ez dira zenbakitara ekarriko, eta ez dira aintzat hartuko ikasketa espedientearen batez bestekoa ateratzeko.
11. artikulua. Titulua.
1. Musikako Graduatu titulua ateratzeko, espezialitateko ikasketa plana osatzen duten irakasgai guztiak, praktika guztiak (programatuz gero) eta gradu bukaerako lana gainditu beharko dira.
2. Hezkuntza Departamentuak, Musikako Graduatu tituluarekin batean, tituluaren Europako Gehigarria emanen du, horretarako erabakitzen diren ezaugarrien arabera.
3. Musikako Graduatu titulurako ikasketen zati bat bakarrik egiten duten ikasleen kasuan, ez da tituluaren Europako Gehigarria emanen, baizik eta ikasketen ziurtagiria, dagokion ereduaren araberakoa.
Lehen Xedapen Gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuaren garapena gainbegiratzea eta ikastetxeak hobekuntza neurri egokiak har ditzala bultzatzea.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio datuen tratamendu elektronikoa.
Musika arloko Graduko goi mailako ikasketak ematen dituzten ikastetxeek formatu elektronikoan artxibatuko dituzte foru agindu honetan adierazitako ebaluazio dokumentuetako datuak, haiek bildu eta gordetzen direla bermatzeko eta, gero ere, tratamendua izan ahal dezaten.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.
Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Xedapen Iragankor Bakarra. Beste arau batzuen indarraldia.
Harik eta, modu orokorrean, Musika arloko Graduko goi mailako ikasketa berriak Nafarroako Foru Komunitatean ezarri arte, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 379/2003 Ebazpena aplikatuko zaie iraungitzen diren goi mailako musika ikasketei, ebazpen horrek arautzen baititu Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko goi mailako musika ikasketak ebaluatu eta kalifikatzeko prozesuak.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.
Indargabetzen da Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 379/2003 Ebazpena, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko goi mailako musika ikasketak ebaluatu eta kalifikatzeko prozesuak arautzen dituena, eta foru agindu honen aurkakoak diren maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Lehena. Garatzeko gaikuntza.
Baimena ematen zaio Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari, foru agindu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak har ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA
1. Ikaslearen ikasketa espedienteak ikastetxearen datuak eta datu administratiboak, ikaslea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa bildu beharko ditu.
Honako hauek dira ikastetxearen datuak eta datu administratiboak:
-Ikastetxearen izena eta kodea, titulartasuna, postako helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa.
-Matrikula eguna, espediente zenbakia, espezialitatea edo espezialitateak.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira, gutxienez:
-Izen-deiturak, NANa edo agiri baliokidea eta sexua.
-Postako helbidea, telefonoa, jaioteguna eta jaioterria (herria, probintzia eta herrialdea).
-Zein ikastetxetan egin dituen lehendik musika ikasketa arautuak.
Hauek dira ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak, gutxienez ere:
-Sarbideko proban lortutako kalifikazioa, data, ikastetxea eta zein espezialitatetan sartzen den adierazita, edo bestela, zein planetatik datorren.
-Sarreran aurkeztutako musikako tituluak, batez besteko nota adierazita halakorik bada.
-Aurretik egindako musika ikasketak, espezialitatea, kurtsoak, ikastetxea, herria, probintzia eta ikasturtea adierazita.
-Musikako goi mailako ikasketen kurtsoetako ebaluazioaren emaitzak: espezialitatea, kurtsoa, irakasgaien zerrenda, ikasturtea, deialdi arruntean, berezian edo gehigarrian lortutako kalifikazioa, eta titulurako proposamenaren data.
-Musikako goi mailako ikasketetan ateratako batez besteko nota, espezialitatea adierazita.
-Zein egunetan eskatu eta eman zen Musikako Graduatu titulua, dagokion espezialitatekoa.
Orobat, bidezko den kasuetan, honako alderdiei buruzko dokumentazioa erantsiko zaio espedienteari: matrikula deuseztatzea, matrikula zabaltzea, deialdi gehigarriak, kredituak onartzea edo transferitzea, espezialitateak aldi berean egitea, eta ikaslearen ebaluazio prozesuan eragina izan dezaketen kontu guztiak.
2. Azken ebaluazioaren aktak, hura arrunta edo berezia izan, ikastetxea identifikatzeko datuak, ikaslea identifikatzekoak eta ebaluazioaren emaitzari buruzko informazioa jasoko ditu.
Honako hauek dira ikastetxearen identifikazio datuak, gutxienez ere: ikastetxearen izena eta kodea, titulartasuna, postako helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa.
Honako hauek dira ikasleen identifikazio datuak, gutxienez ere: ikasturtea, kurtsoa, ikasleen izenen zerrenda eta egiten duten espezialitatea.
Honako hauek dira ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak, gutxienez ere: irakasgai bakoitzeko azken ebaluazioko datuak, hura arrunta edo berezia izan, eta titulurako proposamena, zein den kasua.