Castellano | Euskara | Français | English
(2008ko 72. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 11n)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, I. tituluko 6. kapituluan arte ikasketak arautzen ditu, eta horien artean goi mailako arte ikasketen goi mailako musika ikasketak daude.
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoa indargabetzen duen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege organiko horrek indarra hartu zuen unean indarrean zeuden erregelamendu-mailako arauak aplikatzekoak dira oraindik, baldin eta hartan ezarritakoari kontra egiten ez badiote.
Goi mailako musika ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak ezartzen dituen eta ikasketa horietan sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuak 6.1 artikuluan esaten duenez, hezkuntzako administrazio eskudunek goi mailako musika ikasketen curriculuma ezarriko dute; horretan, betiere, Errege Dekretuan finkatutako gutxieneko ikasketak sartuko dira. Orobat, 6.4 artikuluan ezarri da hezkuntza administrazioek beste irakasgai batzuekin osatzen ahalko dutela curriculuma, nahiz eta Errege Dekretuan berean agertzen diren gaiekin loturarik ez izan.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren abuztuaren 27ko 423/2002 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako musika ikasketen curriculuma ezartzen duenak, 6.3 artikuluan dio aukerako irakasgaiek ikasleen prestakuntza osatzen dutela espezialitatearen inguruko eremuetan, arlo edo profil zehatzak eskainiz lanbideari begira. Orobat, artikulu berean esaten da Hezkuntza eta Kultura Departamentuak (Hezkuntza Departamentua, gaur egun) ezarriko dituela aukerako irakasgaiak, edo ikastetxeak berak, apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuko 6.2 artikuluak bultzatzen duen pedagogiarako eta antolaketarako autonomiaz baliatuta, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuak onetsita.
Aldi berean, 423/2002 Foru Aginduaren 6.3 artikuluak adierazten duenez, aukerako irakasgaiak ezartzeko, kontuan hartuko dira eskaera, ikastetxeko giza baliabideak zein materialak eta ikasleen lanbideari begira eskaintzen dutena.
2005-2006 ikasturtea hasi baino lehen Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren maiatzaren 19ko 461/2005 Ebazpena argitaratu zen. Horren bidez jakinarazten ziren Foru Komunitateko goi mailako musika ikastetxeetako goi mailako musika ikasketen aukerako irakasgaiak, eta argitara ematen ziren "Pablo Sarasate" Nafarroako Musika-kontserbatorio Nagusirako onetsitako aukerako irakasgaiak.
Gero, ekainaren 6ko 557/2006 Ebazpenaren bidez, Nafarroako musika-kontserbatorio nagusiak proposatutako aukerako irakasgaiak onetsi zituen, 2006-2007 ikasturtetik irakasten ahal direnak.
Gaur egun, Nafarroako musika-kontserbatorio nagusiak beharrezkotzat jotzen du Hezkuntza Departamentuak onetsiak dituen aukerako irakasgaien eskaintza handitzea.
Beraz, Irakasleen Klaustroak aukerako irakasgaiei buruzko erabakia hartu eta ikastetxean horiek emateko eskaria egin ondoren, eta aurkeztutako proposamen hori Nafarroako Musika-kontserbatorio Nagusiak aztertu ondoren, Hezkuntza Departamentuari dagokio aukerako irakasgaiak onartzea 2008-2009 ikasturtean ezarri eta abian jarri aurretik.
Arte Ikasketen Atalak emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da argitara ematea Hezkuntza Departamentuak azkenik Nafarroako Musika-kontserbatorio Nagusirako onetsitako aukerako irakasgaiak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Nafarroako Musika-kontserbatorio Nagusian, 2008-2009 ikasturtetik aurrera, ematen ahal diren aukerako irakasgaiak onestea, ikastetxeak berak proposatutakoetatik. Irakasgai horiek ebazpen honen eranskinean zehaztu dira; aipatutako ikastetxeko Irakasleen Klaustroak onetsi zituen horien curriculumak, eta Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalak aztertu eta adostasuna eman du.
Bigarrena
Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena
Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Nafarroako Musika-kontserbatorio Nagusiko ikuskatzaileari, Arte Ikasketen Atalera, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora eta Nafarroako musika-kontserbatorio nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
ERANSKINA
1.-Big Band II.
Big Band izeneko aukerako irakasgaiaren jarraipena da. Big Band jadanik ikastetxean eskaintzen da.
Big Band II ere Jazz espezialitateko ikasleei eskaintzen zaie, baina beste espezialitate batzuetako ikasleek ere parte har dezakete. Talde instrumental horrek -badira aurretik beste batzuk ikastetxean- zenbait emanaldi eginen ditu ikasturtean, maila horretarako egokitzat jotzen den errepertorioarekin.
Jazz espezialitateko ikasleentzat funtsezko prestakuntza da interpretazioan, inprobisazioan eta konposizioan sormeneko esperientzia izatea, etorkizuneko lanbiderako. Hala, Big Bandean parte hartuta arlo horietako trebetasunak handitzen eta hobetzen ahal ditu ikasleak.
1. Helburuak:
-Big Banderako musika egin duten konpositore garrantzitsuenen musika interpretatzea.
-Sormena garatzea, banaka eta taldeka.
-Interpretatzen diren konposizioen progresio harmonikoen gainean inprobisatzea.
-Praktikan egiaztatzea konpositoreek nola erabiltzen dituzten harmoniaren, erritmoaren, orkestrazioaren eta formaren arauak Big Band baterako piezak ontzean.
-Musika talde horretan parte hartzean, musika-tresna bidezko edo ahozko interpretazioan arau diren elementuak eta parametroak zuzen erabiltzea.
-Garaian-garaian, Big Band musikako konpositoreek erabilitako estiloak beretzea eta praktikatzea.
-Zenbait alderdiren jakintza handitzea, esaterako: tresna familiaka lan egitea, musika tresnak tonuan jartzea eta erritmoa zehaztea.
-Taldean norberaren musika tresna jotzea, aldi berean emaitza orokorra aintzat hartuz.
2. Edukiak:
-Musika talde mota honetarako Jazz errepertorioa ezagutzea eta praktikatzea.
-Interpretazioaren elementuen eta parametroen kontrola ahotsean eta Big Banda osatzen duten musika tresnetan.
-Inprobisazioa, Jazzeko estiloen parametroak ezagutu eta kontrolatzearen erakusgarri. Talde baten barnean inprobisatzeko akonpainamendu motak eta jarraibideak.
-Fraseoa eta artikulazioa inprobisazioan.
-Melodia eratzea: sekuentziak, motiboen errepikapena, erritmoa eta aurreratzea.
-Partiturak egitea, tresna bakoitzerako egokiak diren adierazpen, transposizio eta sinbologiekin.
-Big Banda osatzen duten musika tresnen tesiturak.
-Garaian-garaian, Big Banderako lanak ontzean eta interpretatzean erabilitako estiloak.
-Talde-interpretazioak dituen alderdien jakintza handitzea.
-Talde barnean tresna bakoitzak betetzen duen eginkizuna.
-Norberaren interpretazioa kontrolatzea, emaitza orokor ezin hobea lortzeko.
3. Irakasle/ikasleak ratioa: musika bandari dagokiona.
2.-Gaur egungo musikaren lantegia.
Gaur egungo musikak bere gunea merezi du, gizartean hedatzeko bidea eman eta errazteko. Gaur egungo sorkuntzak gero eta interes handiagoa pizten du tresna jotzaileen belaunaldi berrietan; gaur egungo errepertorioan bide garrantzitsua topatzen dute artean jarduteko eta garatzeko.
Goi mailako irakaskuntzen indarreko curriculumean argi ikusten da errepertorio berriari garrantzi handia eman zaiola, izan ere, Konposizioa espezialitatean "Gaur egungo musika" irakasgaia sartu da. Beste espezialitate batzuetan osaera libreko gisa egin daiteke.
Dena dela, gaur egungo musikan dagoen interesa beste modu batean ere bultza daiteke, alegia, ikasleek eskatzen duten prestakuntzarako beste bide bat sartuta: gune bat non, taldean, gaur egungo musika joko duten, irakasle batek koordinatu, zuzendu eta orientatzen dituela, konpositore bakoitzaren estiloan.
Bestalde, sortzaileekin berekin, kasu honetan konposizioko ikasleekin, harreman izateak ere bidea ematen digu irakasgaiaren izaera pedagogikoa zeharka indartzeko: interpreteak sortzailearen pentsamendutik edaten du zuzenean, hurbil baitu, eta konpositoreak ikusiko du ikaskideek nola interpretatzen duten bere lana.
1. Helburuak:
-Gaur egungo errepertorioko lanak interpretatzea musika tresnen taldean.
-Konposizioko azkeneko joerak erakusten dituzten konpositoreen lana ezagutzea.
-Gaur egungo errepertorioa erabilita musika tresna bakoitzak dituen soinu-aukerak ezagutzea, eta berriak ikertzea.
-Grafia berriak ulertu eta egoki interpretatzea.
-Konposizioko ikasleen lanak interpretatzea, egileekin berekin harremana izan ondoren.
-Sormenerako gune ireki gisa erabiltzea taldea, saiakuntzari bidea emateko, ikasle jotzaileek edo konpositoreek bideratua. Hala, interpretazioan eta konposizioan desafio berriak hartuko dituzte.
2. Edukiak:
-Zenbait lan banakako eta taldekoen ikerketa, egile bakoitzaren estilo-ezaugarriak aztertuta: erritmoa, motiboak, gaiak, harmonia, tinbrea, egitura eta forma.
-Denen arteko hausnarketa eta konpositore bakoitzaren interpretazio proposamenetarako hurbilketa: sistemak, konposizio teknikak, grafiak, musika tresnen erabilera berriak, etab.
-Konposizioko ikasleen lanei buruzko lan berariazkoa.
3. Irakasle/ikasleak ratioa: 1/15.