Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 80. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 3an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluan ezartzen da turismoa sustatu eta antolatzea Foru Komunitatearen eskumen esklusiboa dela. Foru Komunitateak ez du eskumen horretaz baliatzeko legezko xedapenik eman, turismoaren inguruko diziplinari buruzko azaroaren 17ko 14/1887 Foru Legea izan ezik, eta, beraz, Estatuak onetsitako arauek oraindik ere indarra dute. Horrenbestez, jatetxe eta kafetegietako publizitatearen erregulazioa 1965eko martxoaren 17 eta 18ko Ministerio Aginduetan dago, jatetxe eta kafetegietako menu eta prezioen kartei buruzko 1978ko ekainaren 29ko Ministerio Aginduan emandako erredakzioan. Jatetxeetarako ezarritako prezioei buruzko publizitatearen gaineko xedapenak berak aplikatzen zaizkie "ostatu", "kafetegi", "taberna", "klub", "kasino", "dantzalekuak" eta antzeko izenekin, lokalean berean hartzeko edariak saltzen dituzten establezimenduei, 1970eko ekainaren 19ko Ministerio Aginduari jarraikiz. Halaber, erregulazio hori kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsari buruzko uztailaren 19ko Ministerio Aginduari jarraikiz interpretatu behar da, bertan ezartzen baita produktuaren ezaugarri nagusiei buruz, horien artean prezioari buruz, informazio egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa izateko eskubidea.
Arau horietan establezimendu horietarako finkatzen diren betebeharretako bat da prezioen zerrendak hiru aletan aurkeztea turismo gaietan eskumena duen administrazioari; ale horietako bat, behar bezala zigilatua, establezimenduan egonen da bezeroen eskura. Betebehar hori, esku hartutako prezioen testuinguru batean sortu baitzen, zentzuzkoa zen egoera horretan, baina gaur egun ez da egokia prezioak ezartzeko askatasuna dagoelako. Administrazioaren kontrol hori, lehengo egoera historikoan taxuzkoa bazen ere, egun traba burokratiko bilakatu da, ezinezkoa baita hura justifikatzea kontsumitzaileek informazioa izateko duten eskubidea aipatuz, kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsari buruzko Lege Orokorrean neurri hori agertzen ez delako. Bestalde, Lege horren arabera, bai eta turismoaren inguruko diziplinari buruzko azaroaren 17ko 14/1997 Foru Legearen arabera ere, produktu eta zerbitzuen prezioen publizitate egokia da informaziorako eskubidea bermatzen duena, eta alderdi hori behar bezala arauturik dago jatetxe eta kafetegiak antolatzeko Ministerio Aginduen gainerako xedapenetan. Hori horrela, bidezko da establezimendu horietako prezioen zerrendak zigilatzeko betebeharra Nafarroako Foru Komunitatean indarrik gabe uztea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluaren bidez esleituak ditudan eskurantzak erabiliz, agindu dut:
Artikulu Bakarra
Indarrik gabe utzi da Nafarroako Foru Komunitatean produktu eta zerbitzuen prezioen zerrendak Administrazioak zigilatzeko bidaltzeko betebeharra. Betebehar hori aurreikusten zen jatetxeen antolamendu turistikoari buruz 1965eko martxoaren 17an emandako Ministerio Aginduaren 30.1 artikuluan eta kafetegien antolamendu turistikoari buruz egun berean emandako Ministerio Aginduaren 27.1 artikuluan, jatetxe eta kafetegietako menu eta prezioen kartei buruzko 1978ko ekainaren 29ko Ministerio Aginduan emandako erredakzioan.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.