Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1996ko 32. NAOn argitaratua, martxoaren 13an. Aldaketak: 68/2003 Foru Dekretua, apirilaren 7koa)
Atarikoa
Energia eskuratzeko natur baliabideak erabiltzea gero eta maizago ikusten dugun errealitatea da gaur egun Nafarroan.
Azken urteotan aurrerapen handiak egin ditu baliabide energetikoen ikerketa eta garapenak, eta haizea hartu da energi iturri baliotsua izateko sistema bezala, negutegi efektua edo euri azidoa eragiten dituen gasen jaulkipena gutxitzen baita hura ezartzearekin.
Haizearen bitartez energia lortzen duten instalazioak, parke eoliko deiturikoak, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ezartzeko eskaerak arauteria izatera behartzen du, natur ingurunean zein baldintzatan ezarri, haren berezko balioak babestu eta proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa nahiz instalazioen segurtasuna ziurtatzeko.
Horretarako, kontutan hartu dira legezko aurrikuspenak, bai uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legetik datozenak, lurralde eta hirigintza plangintzarako tresnei buruzkoak, udalez gaindiko plan sektorialak eta plan bereziak batez ere, eta lurzoru ez-urbanizagarria babesteko araubideari buruzkoak, bai Basa Fauna eta bere Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legetik datozenak eta, azkenik, berriki onetsia den Sistema Elektriko Nazionalaren Antolamenduari buruzko abenduaren 30eko 40/1994 Legearen ondoriozkoak, horren arabera, energia elektrikoa sortu, garraiatu eta banatzeko instalazioen baimen administratiboak hirigintzako planekin koordinatu beharko baitira eta ingurugiroa babesteko baldintzak behar bezala bete daitezen onartu, instalazio elektrikoen gaineko arauzko xedapenekin bat etorriz.
Arau multzo horrek Nafarroako Parlamentuko Industri, Lan, Merkataritza eta Turismo Batzordeak 1996.eko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bitartez onetsitako Nafarroako Energi Planeko aurrikuspenei heltzen die. Horien xedea, beste helburuen artean, azpiegitura energetikoak bultzatu eta energia berriztagarriko baliabideen probetxamendua sustatzea da, beti ere, ingurugiroa begiratzen duten neurriak aplikatuz.
Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zein Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko otsailaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua. Xedea.
1. Foru Dekretu honen xedea haizearen bitartez energia lortzen duten instalazioen ezarpena arautzea da, aurrerantzean parke eoliko deituko direnena, alegia, bost megawattetik gorako potentzia ezarria dutela, baita lurzoru ez-urbanizagarrian ezartzeko hirigintza eta ingurugiroko baldintzak ere.
2.
2. artikulua. Kokaleku egokiak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak baimena eman ahalko du lurzoru ez-urbanizagarrian parke eolikoak ezartzeko, soilik haien kategoria oihana, nekazaritza edo abeltzaintzako produkzio ertainekoa eta orokorra bada.
2. Ez da inoiz parke eolikorik ezarriko:
a) Naturgunearen kategoria duten lurzoruetan, Natur Parkeak salbu, horietan natur baliabideak antolatzeko planetan xedatutakoari jarraituko baitzaio; nekazaritzako produkzio handikoak, ur babestuak, azpiegitura ez-eolikoak badaude edo egin gogo badira, biziguneen inguruak, kultur intereseko ondasun higiezinen ingurua, altxonbideak eta Donejakue Bideko beste ibilbide interesgarri batzuetako babes eremuak.
b) Hegaztiak Babesteko Eremuak deklaratuta daudenetan, Basa Fauna Babesteko Eremuetan edo onura publikoko mendietan, Kontserbatu beharreko Oihan Eremuetan, Giza Iharduerarik gabekoetan.
c) Lehendik, ingurugiroko balioengatik Foru Dekretu honen 3. artikuluan aipatzen diren antolamendu tresnaren bat tramitatu eta onesterakoan, kokaleku izateko baztertuak izan diren lurretan.
d) Kultur intereseko ondasun higiezinetatik edo historia, kultura edo ingurugiro balioak dituzten eraikinetatik berrogeita hamar metro baino hurbilago. Hirigintzako planeamenduak beste distantzia batzuk, handiagoak zein txikiagoak, ezarri ahalko ditu arrazoi bidez, kultur intereseko ondasun horien hurbileko ingurua babesten dela bermatuz gero.
e) Oro har, onura publikoagatik, legezko nahiz arauzko xedapenetan espreski ezarritako debeku edo mugak edo menpekotza publikoak dituzten tokietan.
3. Urbasa-Andietan, Bardeetan, Pirinioetan eta Aralarren parke eolikoak ezartzeko baldintza, natur baliabideak antolatzeko planetan aldez aurretik ezarrita dagoena izanen da.
4. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean oro har aurrikusitakoa izanen da parke eolikoaren sarbideen eta sareari lotzeko linea elektrikoen gaineko erabilera eta ihardueren hirigintzako araubidea. Dena den, instalazio horiek baimentzeko prozedura parke eolikoarena bera izanen da, honako honekin batera.
3. artikulua. Baimentzeko prozedurak.
1. Lurzoru ez-urbanizagarrian parke eolikoak jartzeko, baita haien sarbideak eta sareari lotzeko linea elektrikoak jartzeko, tramitazio hau beharko da aldez aurretik:
a) Hirigintza eta ingurugiroaren gaineko arauteriari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 90.2 artikuluan araututako Plan Berezietako bat, parke eolikoa udalerri bakar batean ezarri gogo denean, edo udalez gaindiko proiektu sektorial bat bi parke eoliko edo gehiago ezarri nahi badira edo parke elektrikoak hartutako lurrak udalerri batena baino gehiagorenak direnean.
b) Sistema elektrikoaren gaineko arauteriari dagokionez, instalazioetarako baimen administratiboa eta proiektu teknikoaren onespena.
2. Bi hilabeteko epean, eremu batean bi eskaera edo gehiago badaude parke eolikoak jartzeko, lehenbizikoa aurkezten denetik aitzina, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena emanen du teknikoki ingurugiroaren gaineko eragin txikiena ziurtatu eta energia eolikoaren plan orokorrari hobekien egokitzen denarentzat. Gainerako kasuetan, lehentasuna izanen du Administrazio Publikoan lehendabizi aurkezten den eskaerak.
4. artikulua. Xedea.
1. Plan Bereziaren edo Proiektu Sektorialaren xedea parke eolikoa jartzea izanen da, ezarpen horrek behar dituen zerbitzu eta instalazioak jarri eta behar diren neurriak hartzea eremuan diren balio naturalak edo hirikoak, paisaje aldekoak, kultura, nekazaritza, abeltzaintza eta oihan arlokoak zaintzeko.
2. Instalazioak jartzeko baimen administratiboaren helburua haien baldintza teknikoak eta segurtasuna bermatzea izanen da.
5. artikulua. Plan Bereziaren dokumentazioa.
Plan Bereziaren determinazioak dokumentu hauetan gauzatuko dira:
A) Memoria, honako hauek zehaztuko dituena:
-Parke eolikoa toki horretan kokatzeko era guztietako arrazoiak.
-Zein irizpideri jarraitu zaion instalazioak kokatzeko lurra bereizterakoan.
-Plan Berezian mugatutako esparrurako arrazoiak.
-Foru Dekretu honen 2. artikuluan kokalekurako araututako baldintzak betetzen direla erakusten duten frogak.
-Ukitutako eremuan diren balio eta baliabideen deskripzioa eta hartutako babes neurrien frogak.
-Hartutako hirigintzako determinazioen frogak, Planaren esparruko eraikuntza arloko erabilera eta ihardueren arauei buruzkoak.
-Parkerako hautatutako antolamenduaren deskripzioa eta justifikazioa, haren osoko azalerari buruzkoak, egin gogo diren eraikin eta instalazioak, erabilera, destinoa eta okupazioa zehaztuta dutela, elementu berezien kokaera eta haien arteko distantzia, baita zoladura duten azalerak eta bestelako tratamendua dutenak ere. Halaber, egin beharreko lur mugimenduen deskripzioa eta justifikazioa eta lurrerauzketa eta ezponden tratamendua.
-Sarbide, hornidura, energia, argiteria eta beste instalazioei buruz dauden zerbitzuen deskripzioa eta egin gogo direnena.
-Ezaugarri formalen zein eraikuntzakoen deskripzioa eta elementu bereziena, eraikitzeko erabili azalera, altuera, materialak, konposizioa, kolorea eta bestelakoak zehaztuz.
-Errotulu eta seinalizazioko elementuen deskripzioa, horrelakorik bada, eta paisajearentzat edo monumentuentzat itsusgarri ez direla erakusten duten frogak.
-Ingurune fisikoaren argazki panoramikoak simulazioekin.
B) Eskala egokiko informazio eta antolamendu planoak Plan Bereziaren esparruari eta proiektuko parke eolikoari buruzkoak, besteak beste, parkearen kokaera, planaren esparrua, lurzoruaren kategoria eta esparru horretako balio eta baliabideak zehazki aipatzen dituela, parkeak hartutako lurren topografia eta dauden nahiz egin gogo diren obra, instalazio eta zerbitzuen kokaera agertzen dituztenak, baita ezarri beharreko eraikin eta elementuen ezaugarri nagusiak, eraikuntzakoak zein formalak, eskema moduan islatzen dituzten planoak ere, 2. artikuluan aipatzen den kokalekuaren baldintzak betetzen direla frogatuz.
C) Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlana, uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuan eskatutako edukiarekin eta gainerako baldintzekin.
D) Planaren esparruan diren balio naturalak zein urbanoak babesteko arauak, baita erabilera eta iharduera baimendu, baimengarri eta debekatuen arauteria ere.
E) Energi produkzioaren justifikazio teknikoa, kokalekuan bertan egindako neurketak eta korrelazio metodoak erantsiz.
F) Parke eolikoa egiteko egutegia eta bere finantza plana.
G) Sustatzaileak proiektua egiteko duen gaitasun ekonomikoaren frogagiriak.
H) Aurrikuspen ekonomikoak parkea jartzeko, ekipo, instalazio elektriko, obra zibil eta ingurugiroaren gaineko eragina zuzentzeko neurrietarako kostua xehekatuz.
I) Banku abala edo zuzenbidean onartutako beste berme mota bat, proiektatu obra zibilaren aurrekontuaren % 6koa, Plana zuzen beteko dela bermatzeko.
J) Legezko ordezkariak sinatutako konpromezua, Natur Baliabideak Antolatzeko Planetan ezar daitezkeen determinazioak onartzeko, eta Planaren ondorioz parke eolikoan gerta daitezkeen aldaketen ondoriozko kalteordainei espreski uko egitea.
6. artikulua. Plan Bereziaren tramitazioa.
1. Hauxe da Plan Berezia tramitatzeko prozedura:
a) Parke eolikoa jarri behar den tokiko Udalaren hasierako onespena.
b) Plana hilabetez jendaurrean jartzea, erabakiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Halaber, Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan iragarkia jarriko da.
Jendaurreko informazioarekin batera, Udalak entzutea emanen die kontzejuei, haien lurraldean eragina izan behar badu, eta hasieran onetsitako Plana igorriko die erakunde hauei beren iritzia eman dezaten:
-Udalari dagokion Mankomunitateari, planeamenduak ukitutako zerbitzu mankomunatuei buruz.
-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, komunikazio bideetako eraginari buruz.
-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari, urezta-lurren garapen planen gaineko eraginari buruz.
-Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, ondare historikoaren babesari buruz.
-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, ingurugiroaren eta mendien gaineko eraginari buruz.
Halaber, txostena eskatu ahalko zaio Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuari planaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren ebaluazioari buruz.
Erakunde horiek bi urte izanen dute beren txostena emateko. Eskaera aurkeztu eta bi hilabeteko epea ekintza bakar baten berri eman gabe iraganez gero, egindakotzat joko da berri ematearen tramitea eta iharduketak egiten jarraitu ahalko da.
c) Udalaren behin-behineko onespena.
d) Behin-betiko onespena, bidezko bada, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana.
Behin-betiko onespena ematerakoan, Administrazioak, legezkotasuna eta egokiera baloratzeaz gain, parke eolikoaren kokalekua eta ingurugiroan duen eragina baloratuko ditu, eta erabat edo partzialki uko egin ahalko dio onespenari faunan edo ezaugarri bereziko paisajean eragin larria ikusten badu.
2. Plan Bereziaren behin-betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lurzoru ez-urbanizagarrirako ematen dituen hirigintzako baimenen eragin berbera izanen du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 42. artikuluan aipatzen direnen eragina, alegia, ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuaren espedientea tramita dadin galarazi gabe.
3. Sustatzaileek ingurugiroa babesteko iharduera sailkaturako lizentzia eskatu ahalko dute eta Udalak Plan Bereziarekin batera tramitatu, ingurugiroa babesteko iharduera sailkatuen kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean aurrikusitako prozedurari eta edukiari jarraituz.
4. Plan Bereziko aldaketak hura ezartzeko aurrikusitako prozedura berberaz tramitatuko dira, baina erakunde publikoei entzutea emateko gutxieneko epea hilabetekoa izanen da.
5. Bi urtekoa izanen da Plan Berezia aurrera eramateko gehieneko epea behin-betikoz onesten denetik aitzina eta, epe hori iraganik, bertan behera geratuko da baimen administratiboa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak haren iraungipena deklaratu eta interesatuari entzutea eman ondoren, eta ez du eraginik izanen, non ez duen Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espreski luzatzen bi urtetik beherako beste epe baterako.
7. artikulua. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren edukia.
1. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 64. artikuluko determinazioak eramanen ditu, eta haren 65. artikuluan araututako prozeduraren arabera tramitatuko da.
Gainera, Foru Dekretu honen 5. artikuluan aipatutako dokumentuak erantsiko dira. Alabaina, sustatzaileak aukera izanen du banku abal bat edo zuzenbidean onartutako beste berme mota bat finkatzeko, Proiektu Sektoriala garaiz eta behar bezala eginen dela berma dadin. Ehun milioitakoa izanen da proiektatutako obra zibilaren aurrekontuaren % 6 handiagoa bada.
2. Behin-betiko onespena ematerakoan, Administrazioak, legezkotasuna eta egokiera baloratzeaz gain, parke eolikoaren kokalekua eta ingurugiroan duen eragina baloratuko ditu, eta erabat edo partzialki uko egin ahalko dio onespenari faunan edo ezaugarri bereziko paisajean eragin larria ikusten badu.
8. artikulua. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren berrikuspena.
Bi parke eoliko edo gehiago ezartzeko Proiektu Sektorialak, determinazioetan lau urtetik gorako epea badute haiek egiteko, sustatzaileak berrikusi egin beharko ditu behin-betiko onespenetik lau urteren buruan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 65. artikuluan aurrikusitako prozedura erabiliz. Berrikuspen horren bitartez ingurugirozaintzaren urteko txostenen ondorioz behar diren aldaketak eginen dira.
Epe hori iraganik, sustatzaileak ez badu berrikuspenik egin, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sei hilabeteko epea emanen dio eta, horren buruan, ez badu berrikuspena egin, aipatu Departamentuak Proiektu Sektorialak behar duen baimen administratiboaren iraungipena deklaratuko du, eta ezin izanen dira inola ere obrak hasi edo jarraitu.
9. artikulua. Behin-betiko onespenaren ondorioak.
Plan Bereziaren edo Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren behin-betiko onespenak instalazioen, bertan sartutako obren eta erantsitakoen onura publikoaren deklarazioa ekarriko du, desjabetzapena edo menpekotza ezarri ahal izateko.
10. artikulua. Ingurugirozaintzaren txostena.
Parke eoliko baten titularrak urtero aurkeztu beharko du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan ingurugirozaintzari buruzko txosten bat, baimenean ezarritako edukiarekin. Gutxienez, hegaztien, landareen eta paisajearen gaineko eragina zehaztuko da, higadura arriskua eta egoera fonikoa. Neurri zuzentzaileen eraginkortasuna baloratuko da eta, hala behar bada, neurri berriak proposatuko dira eragin kaltegarria ezabatu edo gutxitzeko.
11. artikulua. Instalazioen baimen administratiborako dokumentazioa.
Instalazioen baimen administratiborako, instalazio elektrikoen aurreproiektua aurkeztu beharko da, haren ezaugarri nagusiekin, instalazioaren eskala egokiko planoak eta aurrekontuaren kalkulua.
Dokumentazio hori separatan aurkeztuko da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Plan Berezia edo Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala tramitatzeko eskatzen denarekin batera, eta hark Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentura igorriko du.
12. artikulua. Instalazioetarako baimen administratiboaren tramitazioa.
Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuak tramitatu eta emanen du parke eolikoen instalazioetarako baimen administratiboa, Sistema Elektriko Nazionala Antolatzeari buruzko abenduaren 30eko 40/1994 Legean eta horrelako instalazioak erregulatzeko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.
Beti ere, Plan Berezia edo Udalez Gaindiko Plan Sektoriala onetsitakoan emanen da baimen administratiboa.
Aurreko ondorioetarako, bai Plan Berezia edo Proiektu Sektoriala tramitatzeko bai instalazioen baimen administratiborako, aginduzkoa da jendaurreko epea, eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak irekiko du haiek tramitatzen direnean.
Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuak arrazoituta ukatuko du baimena konponezineko akats teknikoak edo behar adinako finantzaziorik ez dela ikusten badu.
13. artikulua. Proiektu teknikoaren onespena.
Instalazioetarako baimen administratiboa emandakoan, haiek egiteko proiektu teknikoa aurkeztuko da Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuan, horrek onets dezan. Proiektuak instalazio elektrikoetarako araudian adierazitako agiriak eta zehaztapenak izanen ditu, eta obrak hasi baino lehen beharko da onetsi.
14. artikulua. Baimenak eskuz aldatzea.
1. Proiektu Sektorialen edo Plan Berezien bitartez emandako baimenak hirugarrenei eskuz aldatzeko bi baldintza hauek bete beharko dira aldi berean:
a) Nafarroako Gobernuak horrelako baimen administratiboa emana izatea, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zein Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuek proposaturik.
b) Parke eolikoa osorik egina izatea, irekitzeko lizentzia duela.
2. Ondorio horiekin, hirugarrenendako transmisiotzat hartuko da parke eolikoaren enpresa titularraren kapitaleko akzio edo partizipazioen 100eko 50 baino gehiagoren salerosketa.
15. artikulua. Aldez aurreko kontsulta.
1. Espedientea tramitatu aurretik, interesatuek informazioa eskatu ahalko dute, idatzita beti, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan lurzoru ez-urbanizagarrian parke eolikoa ezartzeari buruz.
2. Eskaeran tokia zehaztu beharko da, zein udalerritan eta haren barrenean non kokatuko den adieraziz, ez dadin zalantzarik egon haren kokaeraz eta gainerako inguruabarrez. Halaber, behar adina deskribatuko dira instalatu gogo den iharduerari buruzko datuak eta parke eolikoa jartzeko arrazoiak.
3. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, kontsultari erantzuterakoan, iharduera baimendu edo debekatzeko aukera adieraziko du eta, hala behar denean, Planari erantsi beharreko hirigintzako baldintzak. Aholku hori ez da inoiz loteslea izanen eta zein momentutan eskatzen den informazioa, orduko inguruabarrek baldintzatuko dute.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
Bigarren Xedapen Gehigarria
Beti ere, linea elektrikoek apirilaren 4ko 129/1991 Dekretuan ezarritako arau teknikoak beharko dituzte bete, hegaztiak babestearren.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zein Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariek proposaturik, arrazoi bidez utzi ahalko du bertan behera parke eolikoen tramitazioa, natur ingurunearen edo sektore energetikoaren egoera aztertzearren, ordura arte jarritakoen artean Nafarroako Gobernuak potentzia ezarrirako eta energi produkziorako hartutako helburuak lortu edo gaindituta badaude. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da bertan behera uzteko erabakia.
Xedapen Iragankor Bakarra
Foru Dekretu hau Plan Bereziei, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialei eta baimen administratiboei aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkezturik behin-betiko onespenaren zain badaude hark indarra hartzen duenean.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena ematen zaie Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza nahiz Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariei,beren eskumenen esparruan, behar diren xedapenak eman ditzaten Foru Dekretu hau garatzeko.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.