Castellano | Euskara | Français | English
(1991ko 4. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 9an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Diputazioak 1964.eko urriaren 30ean Bidezaintza Taldeetako langileendako etxebizitzak okupatzeari buruz hartutako Erabakiaren bitartez, 1964.eko azaroaren 9an argitara eman baitzen, berretsi egin zen 1962.eko otsailaren 9ko Erabakia. Erabaki horrek honako hau xedatu zuen: "langile guztiak, haien kargua dela medio, etxebizitza bat hartua baldin badute, obligazio dute bertan bizitzekoa", eta, halaber, honako hau deklaratu: "izaera orokorrez, interesatuak bere ohizko bizileku bihurtzeko etxebizitza okupatzen ez badu, bertako giltzak jaso dituen egunetik hasita hilabete baten barrenean, ulertuko da, besterik gabe, Bidezaintza Taldeko langile izateari uko egiten diola, beraz, Korporazio horretan behin betiko baja emanen zaio funtzionari bezala, ondorio guztietarako."
Aipatutako Erabakietan xedatutakoarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Diputazioko Bidezaintza Zuzendaritza eta Su-Itzaltze Zerbitzuko langileendako etxebizitzak esleitu eta erabiltzeko Arautegiaren arabera, 1966.eko abenduaren 16ko bilkuran onetsi baitzen, Bidezaintza Zerbitzuko Arta eta Ustiapen Ataleko langileek egun etxebizitzaren onuradun izaera baldin badute beharturik daude etxebizitza horietan bizitzera, eta funtzionari izaera galduko dute horrela jokatu ezean.
Abenduaren 24eko 274/1986 Foru Dekretuak aipatzen duen Bidezaintza Zerbitzuko Arta eta Ustiapen Atalaren egitura berria ezartzeko prozesua oraindik garatzen ari denez, eta haren emaitzak hobetu nahian, egoki da orain Arta eta Ustiapen Ataleko funtzionariei baimena ematea esleiturik dituzten etxebizitzen onuradun izateari uko egin diezaioten, hala egin nahiko balute, beren destinoa galdu gabe.
Horrenbestez, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamarreko abenduaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Arta eta Ustiapen Ataleko funtzionari izanik, egun etxebizitzen onuradun izaera baldin badute beren borondatez uko egin ahalko diote haien onuradun izateari, horregatik funtzionari izaera edo oraingo destinoa galdu gabe eta horren aldera inolako kalte ordainik hartzeko eskubiderik izanen ez dutela.
2. artikulua
Arta eta Ustiapen Ataleko funtzionari izanik, etxebizitza baten onuradun izaera baldin badute, arestiko artikuluak aipatzen duen uko egitea gauzatzen ez duten bitartean etxebizitza horretan, eta ohizko bizileku gisa, bizitzeko obligazio osoa izaten segituko dute, obligazio hori betetzeko Nafarroako Foru Diputazioak 1964.eko urriaren 30eko Erabakiak ezartzen dituen ondorio guztiekin.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.