Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2004ko 112. NAOn argitaratua, irailaren 17an. Aldaketak: 10/2011 Foru Dekretua, otsailaren 14koa)
Atarikoa
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.13 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio turismoa sustatu eta antolatzeari dagokionez.
Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak, 28. artikuluan turismo jarduerak antolatzean ezartzen du jarduera turistiko osagarriak direla diru truk modu profesional eta ohikoan bezeroen aisialdi eta atsedenerako zerbitzuak eskaintzen dituztenak, direla kulturakoak, jolasak, kirolak, naturakoak edo antzekoak. Gainera, finkatzen du enpresa horiek bete beharko dituzten baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko direla.
Ahalmen hori erabiliz, eta kontuan harturik jendeak gero eta gehiago eskatzen dituela turismo aktibo eta kulturala osatzen duten jarduerak, eta horrek handitzeko ahalmen txikia duten eskualdeei aurrerapen ekonomikoaz gain ingurune naturalaren hondamena ere ekar diezaiekeela, beharrezkoa da baliabide batzuk ezartzea, garapen ekonomikoaren onuren, jarduera horiek ingurune naturalean sor ditzaketen kalteen eta haiek egiten dituzten pertsonen segurtasuna bermatzeko beharraren arteko oreka lortzeko. Ezinbestekoa da, hortaz, zerbitzu horiek emateko antolamendu egokia finkatzea.
Nafarroako Kontseiluak foru dekretu honen aldeko irizpena eman zuen, 2004ko uztailaren 22an egindako bilkuran.
Horrenbestez, Kultura eta Turismo kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko abuztuaren hogeita hiruan egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Erregelamenduaren onespena.
Turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen Erregelamendua onestea. Erregelamenduaren testua foru dekretu honen ondotik ageri da
Xedapen Gehigarri Bakarra. Enpresa baimenduak edo beste Autonomi Erkidegoetako Turismo erregistroetan inskribaturik daudenak.
Baimendurik edo beste Autonomi Erkidegoetako Turismo erregistroetan inskribaturik dauden turismo aktibo eta kulturaleko enpresak Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuko dira ondoko kasu hauetan:
a) Foru Komunitatean ordezkaritza, sukurtsala edo korrespontsala dutenean.
b) Foru Komunitatean iraunkorki jarduten dutenean.
Xedapen honen ondorioetarako, noizbehinkako jarduntzat hartuko da urte natural batean zazpi egun natural baino gehiago hartzen ez dituena, jarraian edo ez.
Xedapen Iragankor Bakarra. Enpresak foru dekretu honetara egokitzea.
Gaur egun turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuko dira 6 hilabeteko epean, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hasita.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, maiatzaren 30eko 125/1995 Foru Dekretua, turismo-gidarien lanbidea Nafarroan arautzen duena.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren gaikuntza.
Ahalmena ematen zaio Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari onetsi den Erregelamendua garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
TURISMO AKTIBO ETA KULTURALEKO ZERBITZUAK EMATEN DITUZTEN ENPRESEN JARDUERAK ARAUTZEKO ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean turismo aktiboko zerbitzuak emateko baldintzak, ingurune naturalean egiten diren jarduerei dagokienez, ezartzea, eta turismo kulturalekoak. Jarduera guztiak eremuaren ezaugarrietara egokituko dira eta haiek ingurumenaren eta kulturaren aldetik dituzten balioak errespetatuko dituzte.
2. artikulua. Turismo aktibo eta kulturaleko jardueren definizioa.
1. Erregelamendu honen ondorioetarako, turismo aktiboko jarduerak dira naturak berak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz egiten direnak, dela airean, lur gainean, lur azpian edo uretan, eta egiteko arriskuaren, ahalegin fisikoaren edo trebetasunaren nolabaiteko maila behar dutenak.
2. Turismo kulturaleko jardueratzat hartzen dira ondare kultural, artistiko, geografiko, naturalistiko eta antzekoen arloetan jendeari argibideak, laguntza eta gida emateko egiten direnak.
3. artikulua. Esparru subjektiboa.
1. Erregelamendu hau diru truke turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak antolatu edo ematen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei aplikatuko zaie.
2. Honako hauek gelditzen dira Erregelamendu honetatik kanpo:
a) Ikastetxe, elkarte, klub eta kirol federazioak, jarduerak beren bazkideentzat eta ez jende guztiarentzat antolatzen dituztenean.
b) 2. artikuluan aipatutakoez besteko jarduerak eman gabe, jabe gisara nahiz kontratu edo bestelako titulu baten bidez baliabide naturalak, kulturalak edo aisialdikoak zuzenean kudeatzen dituzten enpresak edo entitateak.
4. artikulua. Ingurune natural eta kulturalaren babesa.
1. Turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak haien praktika eta ingurune natural eta kulturalaren zaintza bateragarri izateko baldintza egokietan egin behar dira. Bezeroen artean zaintza horren aldeko jarrerak bultzatuko dituzte.
2. Turismo aktibo eta kulturaleko enpresek ingurumenaren eta ondare historikoetan kulturalaren arloetako legerian ezarritakoa beteko dute eta eskatu beharreko baimen guztiak eskatuko dizkiete agintari eskudunei.
II. KAPITULUA. Turismo aktibo eta kulturaleko jardueren antolamendua
5. artikulua. Nafarroako Turismoko Erregistroan inskribatzea.
1. Jarduera hasi aurretik, eta establezimendua Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Titularraren erantzukizuneko aitorpena, haren datuak biltzen dituena, honako hauen jabe dela adierazita:
-Legezko dokumentazioa, hura zer den egiaztatzen duena, baita enpresaren kokalekuari buruzko datuak ere.
-Udalaren lizentzia.
-Erantzukizun zibileko aseguruaren kontratua eta prima ordaindu izana frogatzen duen agiria, turismo aktibo eta/edo kulturaleko zerbitzuak emateagatik enpresari egozten ahal zaion arriskua estaltzeko adinakoa. Gutxieneko estaldura 600.000 eurokoa izanen da ezbehar bakoitzeko, eta 600 euroko frankizia gehienez ere. Kontratu horrek indarra izaten jarraitu beharko du jarduerak egiten diren bitartean eta, urtero, prima ordaindu izanaren kopia aurkeztu beharko da.
-Turismo aktiboko enpresen kasuan, laguntza aseguruaren kontratua (erreskate gastuak sartuko dira arriskuen artean) eta prima ordaindu izanaren gordekina, edozein frankizia kanpo dela. Urtero, prima ordaindu izanaren kopia aurkeztu beharko da.
b) Jarduerak deskribatzen dituen txostena.
2. Inskripzioko baldintza edo ezaugarrietako aldaketak, titulartasun aldaketak, jarduera uztea eta, oro har, inskribatu edo jasotako datuetan edozein aldaketa gertatuz gero, aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera tramitatuko dira.
6. artikulua
7. artikulua. Monitoreak, gidariak eta erakusleak.
1. Enpresek behar beste monitore, gidari eta erakusleak izanen dituzte, eskaintzen duten zerbitzua kalitateari eta segurtasunari buruzko baldintza egokietan emateko moduan.
2. Monitore, gidari eta erakusleek arlo horretako arauek eskatzen duten titulazioa izanen dute; gainera, turismo aktiboa egiten dutenek soroslearen edo lehen laguntzen titulazioa izanen dute, organo eskudunak emana.
8. artikulua. Ekipoak eta materiala.
1. Turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak egiteko enpresek bezeroei uzten dizkieten ekipo eta materialak arlo bakoitzeko organo eskudunek homologatuko dituzte eta jarduera horretan aritzeko segurtasuna bermatuko dute. Erabiltzaileak berak ekartzen baldin baditu ekipo eta materialak, jardueran aritzeko behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da.
2. Nolanahi ere, enpresaburuek beren ekipo eta materialak zaindu beharko dituzte, ongi erabiltzeko moduan egon daitezen.
9. artikulua. Adin txikikoen parte hartzea.
Jarduera bakoitzerako legediak ezartzen dituen baldintza eta debekuak galarazi gabe, adin txikikoek turismo enpresek antolatutako turismo aktibo edo kulturaleko jardueretan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da haien guraso-agintea edo legezko babesa dutenek aurretik eta idatziz baimena ematea, edo, bestela, haien arduradun den pertsona heldu bat bertan egotea.
10. artikulua. Segurtasuna eta istripuei aurrea hartzea.
1. Jarduera hasi baino lehen, monitore, gidari edo erakusleek autobabes eta segurtasunerako arauak, hala nola ingurune naturala eta kulturala zaintzeko jarraibideak berrikusiko dituzte.
2. Monitore, gida eta erakusleek komunikazio tresna bat eramanen dute jarduera egiten denean, larrialdi eta erreskateko zerbitzu publikoekin eta enpresaren arduradunarekin zuzeneko lotura izateko, istripuren bat edo beste edozein gorabehera gertatuz gero abisu eman ahal izateko. Lehen laguntzetarako botika-kutxa bat ere eramanen dute.
11. artikulua. Argibideak.
Turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak egiten dituzten enpresek ondokoak jakinarazi beharko dizkiete bezeroei, jarduerak hasi aurretik:
1. Zer jarduera egin behar duten.
2. Nora joan behar duten, eta nondik.
3. Segurtasun eta autobabeserako neurri oinarrizkoak, beharrezkoak direnean.
4. Ekipoak eta materialak nola erabili behar diren, behar izanen gero.
5. Natura eta kultur ingurunea zaintzeko jarraibideak.
6. Zein ezagupen eta trebetasun fisiko behar diren, jarduerak zein zailtasun dituen, parte hartzeko gutxieneko adina eta istripu bat gertatuz gero zer egin behar den.
7. Jarduera egitean monitore, gidari edo erakusleen jarraibideak betetzeko beharra.
8. Erantzukizun zibileko poliza bat eta, baldin badago, laguntzako beste bat dagoela.
9. Jardueraren prezioei buruzko informazio zehatza, tributu guztiak barne.
10. Erreklamazio orriak bezeroen eskura daudela.
12. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Erabiltzaileek monitore edo gidarien jarraibideen arabera jokatuko dute beti, eta haiek esandako materiala erabiliko dute, eta baldintza horiek bete ezean edo bezeroak jarduera hori egiteko behar diren trebetasun fisikoak ez baditu, enpresek uko egin ahalko diote zerbitzuak emateari.
13. artikulua. Erreklamazio orriak.
Turismo aktibo eta kulturaleko enpresek erreklamazio orriak izanen dituzte bezeroen eskura.
14. artikulua. Prezioak ikusgai.
Enpresak behartuta daude jarduerengatik kobratzen dituzten prezioak ikusgai jartzera. Prezioetan kontzeptu eta tributu guztiak adieraziko dira banan-banan.
15. artikulua. Beste zerbitzu batzuk.
Foru dekretu honetan aipatzen diren enpresetan bestelako zerbitzuak ematen dituzten instalazioak baldin badaude, horiek jardueraren edo establezimenduaren arabera finkatutako legezko baldintzak bete beharko dituzte.
16. artikulua. Turismo aktiboa eta kulturala bigarren jarduera gisara.
Turismoko Erregistroan inskripzioa eginik, Erregelamendu honetan araututako jardueretakoren bat bigarren jardueratzat edo jarduera osagarritzat eskaintzen duten enpresa edo establezimenduek Erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete eta 5.3 artikuluko b), c) eta d) ataletan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan.
III. KAPITULUA. Zehapen prozedura
17. artikulua. Zehapenen araubidea.
Establezimenduaren edo jardueraren titularrak foru dekretu honetatik datozen betebeharrak betetzen ez baditu, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean ezarritakoaren arabera dagozkion zehapenak jarriko zaizkio.