(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Barnea :
    • Foruzaingoa :
      • 8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako poliziei buruzkoa

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako poliziei buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2007ko 40. NAOn argitaratua, apirilaren 2an. Aldaketak: 15/2010 Foru Legea, urriaren 25ekoa; 5/2009 Foru Legea, maiatzaren 29koa; 22/2010 Foru Legea, abenduaren 28koa; 15/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa)

Zioen Azalpena

I

Modernoa, gero eta anitzagoa eta, harremanei dagokienez, gero eta konplexuagoa den egungo gizarteak polizia ere modernoa behar du, teknika, psikologia eta giza harremanen arloetan hobeki prestatua, datozkion eginkizun berriei aurre egiteko modukoa. Polizia berri horrek gizarte zibilak eskatzen dituen balioak bere egin behar ditu eta prestakuntza integrala behar du. Poliziaren eginkizunak ez dira arrazoi historiko edo medialengatik mugatu behar, aitzitik, gizartearen eskarien haritik, biztanleriaren zerbitzura egon behar du, hark segurtasun publikoaren arloan dituen beharrak ikuspegi partzial, lerratu edo murriztailerik gabe asetzeko. Herritarrek nahi luketen segurtasun publikoa lortzeko, polizia berriak integrala izan behar du ezinbestean, herritar horiek nahi duten segurtasun publikoa ere integrala baita. Delituen, administrazio arau-hausteen edo gizartearen elkarbizitza okertzen duten jokabide jakin batzuei aurrea hartzeko eta, baita ere, egileei jazarri eta atxilotzeko, ikuspegi orokorra behar da eta, horrenbestez, polizia orokorrak. Horregatik ez da bidezkoa haien eginkizunak mugatzea, polizia lanaren antzinako ikuspegi zaharkitu batean oinarrituz.

Gizartearen eskari horiei erantzuteko, polizia eredu berri bat behar dela ikusirik, hots, polizia zibil eta integrala, gizartearen zerbitzura egonen dena eta segurtasun publikoaren zerbitzu publikoa emanen duena, premiazkoa da Nafarroako polizien egungo araubidea eguneratu eta modernizatzea, are gehiago orain, Nafarroako Parlamentuak Segurtasun publikoari buruzko Foru Legea onetsi berri baitu, non printzipio horiek arau juridiko lotzaile batean artikulaturik agertzen diren.

II

XIX. mendean Nafarroako Foruak aldatu zirenetik, Nafarroak bere erakundeak eguneratzen eta garai berrietako beharretara egokitzen jakin du beti. Erresuma zaharra izateagatik, Nafarroak, bere funtsezko eginkizunen artean, arlo batzuetako polizia lanari eutsi ahal izan dio mende eta erdiz, besteak beste, eraikinak babesteko, agintariak zaintzeko, errepideak eta bideak zaintzeko, garraioak antolatzeko, eta abar. Lan horiek Nafarroako Foruzaingoaren baitan bildu ziren, hots, Nafarroako Foru Diputazioak 1982. urtera arte izan zuen polizia kidegoan, foru araubideari lotuta.

Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatuko direla ezartzen du. Eskubide historiko horietako bat polizia lana da, zalantzarik gabe. Babes hori Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan gauzatu zen. Zehazki, 51. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan dagokion eskumenaren gako batzuk agertzen dira: Foruzaingoa arautzea Nafarroari dagokio; gutxien-gutxienez, Foruzaingoak orain arte izan dituen eginkizunak errespetatzen dira; Foru Komunitateak Foruzaingoaren helburu eta zerbitzuak handitzeko ahalmena du, dagokion lege organikoaren esparruan; eta, azkenik, Nafarroak udaltzaingoak koordinatzen ditu, deusetan galarazi gabe tokian tokiko udaleko edo kontzejuko agintarienganako menpekotasuna.

Segurtasun indar eta kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak araubidea mugatzeko zirkulua ixten du; izan ere, azken xedapenetan hirugarrenean adierazten da lege organiko hori Foruzaingoaren gaineko araubide osagarria dela, 5., 6., 7., 8., 43. eta 46. artikuluak izan ezik, horiek zuzenean aplikatzen baitira. Lege organiko horren 38. eta 39. artikuluak aplikatzea aukerakoa da foru legegilearentzat, baina hortik ezin da interpretatu Nafarroako Foruzaingoaren eginkizun eta zerbitzuak handitzeko inolako baldintzarik dagoenik. Gainera, balizko eginkizun handitze hori foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan aurreikusten da eta foru erakundeei dagokie.

III

Arau multzo horrekin batera, ezin da alde batera utzi Konstituzio Auzitegiaren irailaren 20ko 140/1990 epaian Nafarroako eskubide historikoei buruz egiten den interpretazioak berebiziko garrantzia duela; izan ere, epai hori Nafarroako Foruzaingoaren gaineko eskumenari aplikatzen ahal zaio goitik behera: Nafarroak bere eskubide historikoen indarrez arlo batzuen gaineko eskumenak erabili dituenez, bidezkoa da eskumenen esparru horretan Foruzaingoaren garai bateko araubidetzat har daitekeen guztia sartzea, eta haren barrenean daude, orobat, araubidean sartuta daudela jotzen diren alderdiak, aurretik arautu gabe egonda ere.

IV

Funtsean, Konstituzioak babestu eta errespetatzen duen Nafarroako foru araubidetik datorren eskumen esparru zabalari esker, Nafarroako Foru Komunitateak bere Foruzaingoa eguneratzeko ahalmena du, kidego horren eginkizunei ikuspegi moderno eta integrala emateko eta Nafarroako udaltzaingoekiko koordinazioa sendotzeko. Koordinazio horrek, bistan da, kudeaketa administratiboaz gainera, araugintzaren esparrua ere hartzen du.

Adierazitako eskumen esparru horretan, foru lege honek hiru helburu ditu: Nafarroako Foruzaingoaren araubidea eguneratu eta finkatzea; Nafarroako udaltzaingoen koordinazio normatibo eta administratiboa Segurtasun publikoari buruzko Foru Legeak arautu ez dituen alderdietan, eta, orobat, udal agenteen eta Nafarroako udaltzaingoetako laguntzaileen araubide berariazkoa ematea eta, azkenik, Nafarroako polizia kidegoetako langileen estatutu berezia arautzea.

Nafarroako polizietan dagoen bitasuna, batzuk Nafarroako Gobernuaren menpe baitaude eta beste batzuk toki entitateen menpe, ez da aitzakia jarduteko printzipio ezberdinak izateko. Printzipio horiek komunak izan behar dira eta segurtasun publikoaren indar eta kidego guztietako oinarrizko jarduketa irizpideekin bat etorri behar dute.

V

Nafarroako Foruzaingoaren araubideari dagokionez, kidego hori gaur dituen ezaugarrien araberako erakunde gisa hartzen da, hots: Foru Komunitatearen erakunde armatu bat, modu hierarkizatuan antolatua dagoena. Aurretik esandakoaren ildotik, azpimarratu beharra dago polizia propioa dela, integrala eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat erreferentziala, hau da, gaur eguneko polizia modernoa, garai bateko irudikapen sinboliko eta historikoetatik bereizia, antolamendu juridikoak Estatuko segurtasun indar eta kidegoei esleitzen dizkien eskumenekin erabat bateragarria. Horregatik, eginkizun historiko eta klasikoez gainera, polizia integral bati dagozkionak ere izanen ditu, hau da, Foru Komunitatearen esparruan segurtasun publikoa bermatzea noiznahi eta nonahi, eskubide eta askatasun publikoak modu baketsuan erabili ahal izateko, hala nola pertsona eta ondasun guztiak defendatzea.

Oraingo araubide honek ez du Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legean jasota dagoen Foruzaingoaren lehengo araubidearen tabula rasa egiten; aitzitik, gorde beharrekotzat hartu dena bere egin du erabat eta beste zenbait alderdi aldatu ditu, egungo egoerara egokitzeko.

Polizien eskubide eta betebeharren multzoa lehengo araubidean oinarritzen da eta baita, Nafarroako gainerako funtzionario publikoen araubide orokorrarekin alderatuta, kidego horrek dituen berezitasunetan ere. Baina, eskubideen arloko aurrerapenik handiena polizia zerbitzua emateko baldintzak ezartzeko orduan langileek duten ordezkaritzaren eta parte-hartzearen esparruan gertatu da; izan ere, Foruzaingoaren plantillak azken urteotan izan duen igoera dela eta, ezinbestekoa gertatu da administrazioarentzako eta kidego horretako kideentzako ordezkaritza organo kolegiatu bat sortzea, bitarteko lana egiteko, parte-hartzea bideratzeko eta aholku, informazio edo proposamenak egiteko, Polizia Nazionalak edo polizia autonomikoek dutenaren antzekoa. Organo horretako alderdi soziala kideek demokratikoki aukeratuko dute eta horrela poliziaren kolektiboaren zuzeneko ordezkaritza berariazkoa bermatzen da.

VI

Udaltzaingoen araubideak ere ez du aldaketa handirik izanen. Aipagarriena, agian, figura berri baten sorrera litzateke, "udaltzain laguntzaileak" hain zuzen, udaltzaingoa duten udalerrientzat pentsatua, udaltzainen eginkizunen eraginkortasuna bermatzeko langileak behar dituztenerako, absentismoak edo lanpostu hutsen kopuruak plantillari eragiten badio, edo segurtasun publikoaren arloan salbuespenez edo behin-behinekoz gertatzen diren beharrei kasu egiteko langile finkoekin aski ez dutenean. Administrazio araubidean kontratatuko diren aldi baterako langileak izanen dira, laguntzarako eginkizun batzuk izanen dituztenak. Ezin dute su-armarik eraman. Merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz hautatuko dira eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko gaitasun azterketa bat gainditu beharko dute. Aldi baterako administrazio langile horien kategoriaren sorrera Nafarroak bere araubide historikoaren indarrez langileriaren arloan duen eskumenaren adierazgarri bat da. Eskumen hori Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren bidez garatu zen.

VII

Foru legearen beste berrikuntza batzuk IV. tituluan biltzen dira, Polizia kidegoetako langileen Estatutuari dagokionez hain zuzen; izan ere, kidego horientzako estatutu berezi eta berariazko bat onesten da, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutu orokorretik bereizia.

Foru legean lanpostuen izenak aldatzen dira eta poliziak hautatzeko printzipioak sinplifikatzen dira. Funtsezko aldaketak egitea baino gehiago, prozesua erraztea da arlo horretan egin dena, hautapenaren kudeaketa errazteko, deusetan galarazi gabe publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak. Horrez gainera, polizien karrera profesional berria finkatzen da, beheko maila eta kategorietatik goragoko maila eta kategorietara igotzeko aukera ematen duena, funtzionarioen merezimenduen, gaitasunaren eta antzinatasunaren arabera.

Polizien administrazio egoera berrien artean, zehatz-mehatz azaltzen da "bigarren jardueran" izenekoa, poliziaren eginkizunak denboraren joanak haren sasoi fisikoan ezinbestean eragiten dizkion aldaketetara egokitzeko aukera ematen duena. Egoera horretara igarotzen direnek beste zerbitzu osagarri batzuk eginen dituzte beren kidegoan, beste polizia kidego batzuetan edo administrazio bereko beste lanpostu batzuetan, lato sensu polizia administratiboaren inguruko jardueretan aritzeko.

VIII

Polizia funtzionarioen diziplina araubidea ere berregin da, eguneratu eta oso-osorik arautzeko, erregelamenduzko garapenaren beharrik gabe. Arau-hausteen sailkapena azken urteotan hartutako eskarmentuan oinarritzen da. Gainera, bi zehapen prozedura bereizten dira: bata, arau-hauste larri eta oso larrientzat, zeinaren arintasuna gainerako herritarrek beste zehapen prozedura batzuetan dituzten lege-berme berberen menpe dagoen (horrela, herritarrek dituzten bermeak polizia kidegora hedatzen dira); eta bestea, arau-hauste arinentzako prozedura, non prozeduraren sumariotasunak ez duen galarazten idatzizko prozedura bat aplikatzea eta interesdunari entzunaldia ematea.

ATARIKO TITULUA. XEDEA ETA DEFINIZIOAK

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek ondoko helburuak ditu, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.b) eta 51. artikuluak garatuz eta Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren babesean:

a) Nafarroako Foruzaingoaren araubidea eguneratzea eta ezartzea.

b) Nafarroako polizien koordinazio normatibo eta administratiboa, Segurtasun publikoari buruzko Foru Legeak arautu ez dituen alderdietan eta orobat, udal agenteen eta Nafarroako udaltzaingoetako udaltzain laguntzaileen araubide berariazkoa ezartzea.

c) Nafarroako polizia kidegoen langileen estatutua arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) "Polizia kidegoa": Segurtasun publikoaren ardura duten zerbitzuen multzoa, izaera zibileko polizia-buru batek eta poliziek osatua, batasuna eta egitura hierarkizatuak dituena.

b) "Nafarroako polizia kidegoak": Nafarroako Foruzaingoa eta Nafarroako udaltzaingoak.

c) "Nafarroako Foruzaingoa": Nafarroako Foru Komunitateko polizia kidego propioa.

d) "Udaltzaingoa": Nafarroako toki entitate baten menpe dagoen polizia kidegoa.

e) "Polizia": Segurtasun publikoa zaintzeko ardura duen funtzionario publikoa, kasuan kasuko polizia kidegoan sartua eta legeek horretarako ematen dioten agintea duena.

f) "Udal agentea": Udaltzaingorik ez duen toki entitate bateko langileak, foru lege honetan ezarritako eginkizunak bere gain hartzen dituztenak, lanpostuak izendapen hori bera izan edo beste bat.

g) "Udaltzain laguntzailea": Udaltzaingoa duten toki entitateek administrazio araubidean aldi baterako kontratatzen dituzten langileak, kidego horretako langileak ordezkatzeko, absentismoaren eraginez, plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzeko edo segurtasun publikoaren arloan une jakin batzuetan gertatzen diren beharrei kasu egiteko langile finkoekin aski ez dutenean kontratatzeko.

h) "Kontseilari eskuduna": Nafarroako Gobernuko lehendakariaren foru dekretu baten bidez segurtasun publikoaren, Foruzaingoaren edo Nafarroako udaltzaingoen koordinazioaren arloko eginkizun eta eskumenak esleiturik dituen Nafarroako Gobernuko departamentuaren titular den kontseilaria.

I. TITULUA. NAFARROAKO POLIZIAK

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

3. artikulua. Nafarroako polizia kidegoen helburua.

Hauexek dira Nafarroako polizia kidegoen helburuak:

a) Ordenamendu juridikoaren arabera, pertsonek aitorturik dituzten askatasun eta eskubideak babestea eta begiratzea.

b) Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea eta gizartearen ordena gordetzea.

c) Delinkuentziari aurre egitea eta haren kontra borrokatzea.

d) Herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

4. artikulua. Nafarroako polizia kidegoetako kideen jardunaren oinarrizko printzipioak.

Nafarroako polizia kidegoetako kideak ondoko oinarrizko printzipio hauei jarraikiz arituko dira:

a) Konstituzioak, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta antolamendu juridikoak agintzen dutena bete eta betearaziko dute.

b) Erabateko neutraltasun politikoz eta inpartzialtasunez jokatuko dute eta, horrenbestez, arraza, erlijioa, iritzia, sexua, hizkuntza, jaioterria, bizitokia edo beste edozein gizarte egoera edo inguruabar pertsonal dela kausa inolako bazterketarik egin gabe.

c) Osotasunez eta duintasunez jokatuko dute eta ustelkeriazko egintza orori aurre eginen diote irmoki.

d) Hierarkia eta menpekotasun printzipioei men eginen diete. Dena dela, beharrezko obedientzia hori ezin izanen da baliatu delitua dakarren edo nabarmen legeen kontra doan zerbait egiteko aginduren bat babesteko.

e) Zerbitzua dela-eta egiten dituzten jarduketen berri emanen diete kidegoko buruei, hala nola lan horien kausa eta zergatikoen berri ere.

f) Justizia administrazioari laguntzea indarreko arauetan ezarrita dagoen moduan.

g) Abusuan, arbitrariotasunean edo bazterkerian oinarritzen diren jokabideak galaraziko dituzte, horrek indarkeria fisiko edo morala ekartzen badu.

h) Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dute beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko dira, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen diete.

i) Kementsu eta azkar jokatuko dute, jokabide hori kalte larri, berehalako edo konponezin bat saihesteko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, koherentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera erabiliko dituzte eskura dituzten baliabideak.

j) Erregelamenduzko armak beren edo beste pertsona batzuen bizia edo osotasun fisikoa benetan arrisku larrian dagoenean baino ez dituzte erabiliko, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoen egoeretan.

k) Atxiloketa bat egiten dutenean, beren burua kasuan kasuko polizia kidegoko kide gisa identifikatuko dute, bai, halaber, beren jokabideak herritarrek legez dituzten eskubide eta askatasun publikoak mugatzen dituen egoera guztietan.

l) Atxiloturik dauden edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratuko dute eta haien ohorea eta duintasuna errespetatuko.

m) Pertsona bat atxilotzen den kasuetarako, antolamendu juridikoak ezartzen dituen izapide, epe eta betebeharrak behar bezala bete eta begiratuko dituzte, epaileen aurrean lehenbailehen eramateko.

n) Lan dedikazioari dagokionez, erabateko dedikazioan arituko dira, eta, hortaz, pertsonen bizia eta osotasuna, legea eta herritarren segurtasuna defendatu behar diren guztietan esku hartuko dute, nonahi egonda, lanean izan ala ez izan, baita edozein delitu saihesteko ere.

ñ) Lanbideko sekretuari dagokionez, laneko jarduna dela bide eskuratzen duten informazioa isilpean gordeko dute zorrozki, informazio-iturrien berri eman gabe, salbu eta dagozkien eginkizunengatik edo lege-xedapenak aginduta beharrezkoa denean.

o) Lanbide jardueran legezko arauak, beren lanbidea arautzen duten erregelamenduzko arauak edo artikulu honetako printzipioak urratuz egiten dituzten egintzen erantzule zuzenak izanen dira, deusetan galarazi gabe administrazio publikoei egokitzen ahal zaien ondare-erantzukizuna.

“p) Nafarroako polizien kidegoek uneoro beteko eta betearaziko dituzte Nazio Batuen giza eskubideen inguruko hitzarmen nagusiak, bai eta Nazio Batuek egindako legea betearazteaz arduratzen diren funtzionarioentzako adierazpen eta printzipio-multzo ugariak ere. Halaber, Nafarroan indarra duen antolamendu juridikoa bete eta betearaziko dute.

q) Nafarroako poliziek, beren eraketan eta jarduteko moduan, Poliziarentzako giza eskubideen arloko araudi eta jardunbidea onartuko dute. Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren Bulegoak aldarrikatutako agiria da, New Yorken eta Genevan 2003an sinatua eta poliziarentzat interes berezikoak diren giza eskubideei buruzko gaiak biltzen dituena; esate baterako, ikerketak, atxiloketa poliziala eta indarraren erabilera.

r) Atxiloturik dauden edo zaintzapean dituzten pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratuko dute, eta haien ohorea eta duintasuna errespetatuko. Horretarako, polizia-etxeek, ziegek eta galdeketa-gelek bideo- eta soinu-sistemak eduki behar dituzte. Kasuko epaileek eskatu ahalko dituzte haien grabaketak, atxilotuek salaketarik aurkeztuz gero.

s) Nafarroako polizietako kideak diren agenteek ezin izanen dute aurpegia estali herritarren segurtasuneko kontuetan inplikatutako pertsonei errekerimenduak edo ohartarazpenak egiten dizkietenean, salbu eta erregelamendu bidez ezarritako kasuetan. Halaber, uneoro erakutsi beharko dute beren polizia-identifikazioa”

II. KAPITULUA. Nafarroako polizia kidegoen antolaketa

5. artikulua. Nafarroako polizia kidegoak antolatzeko irizpide nagusiak.

Nafarroako polizia kidegoak ondoko oinarrizko irizpide hauen arabera eratuko dira:

a) Dagokien lana segurtasunaren arloko eskumena esleiturik duten agintari publikoen agindupean eginen dute, eta beren erregelamendu organikoek ezarriko dute zenbaterainoko autonomia operatiboa izanen duten.

b) Aginte kate bat behar bezala zehaztua izanen dute. Kidegoko kide guztiek, beren hierarkia maila edozein dela ere, beren egintzen, ez-egiteen eta menpekoei ematen dizkieten aginduen erantzule izan beharko dute.

c) Polizia kideen eta herritarren arteko harremanak onak izateko lan eginen dute, segurtasun publikoaren arloko zerbitzuak ematen dituzten profesionalak baitira, eta herritarrengandik ahalik eta hurbilen egoten saiatuko dira, herritarren eta poliziaren arteko komunikazioa eta elkar-ulertzea sustatzeko.

d) Maila guztietako kideen hautapena zerbitzuaren helburuak betetzeko dituzten gaitasunetan oinarrituz eginen da, irizpide objektibo eta ez-baztertzaileei jarraikiz, kidegoko langileek gizarteari bere zerbitzura daudela erakusteko. Langile horiek lanean jarduteko behar den oinarrizko prestakuntza jasoko dute, eta horren ondotik etengabeko prestakuntza eta prestakuntza espezializatua, eta, behar izanez gero, baita aginterako eta kudeaketarako prestakuntza ere.

e) Kideei dagozkien eskubideak aitortuko zaizkie eta foru lege honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezartzen diren eginkizunak betetzeko eskatuko zaie.

f) Kideen osotasuna bermatzeko eta lanean zintzo jokatzen dutela bermatzeko behar diren diziplina neurriak hartuko dira.

“5. bis artikulua. Herritarrekiko harremanak.

1. Nafarroako poliziek herritarrak artatzeko bulego bat edukiko dute, non, salaketak hartzeaz gainera, herritarren kexak eta eskariak ere jasoko dituzten. Bulego hori izanen da haiei erantzuteko erantzukizuna izanen duena.

Foruzaingoaren edozein polizia-etxetan salaketak, kexak eta polizia-zerbitzua hobetzeko iradokizunak aurkeztu ahalko dira.

Kexa eta iradokizun guztiak, haien erantzunak eta haien jarraipena erregistratuko dira, Nafarroako polizietan ezartzekoak diren ekintzak edo neurriak eskatu badira.

Segurtasun publikoaren arloan eskuduna den Departamentuari kexa eta iradokizunen eta haien erantzunen eta jarraipenaren berri emanen zaio, erregelamendu bidez ezatzen den moduan.

2. Herritarrekin harremanetan jarduteko eta herritarra artatzeko arauei buruzko eskuliburu edo prozedura bat garatuko da, eta polizia guztiek hura bete beharko dute.

5. ter. artikulua. Nafarroako polizien arteko harremana.

1. Foruzaingoak zentralizatuko du tokiko polizientzako goranzko nahiz beheranzko polizia-informazio guztia.

Foruzaingoak udal bakoitzari emanen dio bere udalerriari buruz daukan informazio guztia.

Tokiko poliziek beren udalerriari buruzko polizia-informazio guztia emanen diote Foruzaingoari.

2. Polizia-ikerketan diharduten tokiko poliziei babesa, informazioa edo beste edozein gisatako laguntza poliziala emateko eskari guztiak Foruzaingoaren bitartez eginen dira beti. Foruzaingoak, bidezkoa bada, eskari hori Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei bidaliko die.

3. Foruzaingoak lankidetzan jardunen du tokiko poliziekin, beharrezkoa denean haien zerbitzuak osatuz”.

6. artikulua. Egitura.

1. Nafarroako polizia kidegoak honela antolatuko dira:

a) Kidegoko burua.

b) Ondoko lan kategoria guztiak edo batzuk: komisario nagusia, komisarioa, inspektorea, inspektore-ordea, kaboa eta polizia.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako kategoriak hierarkikoki ordenatuak daude.

3. Kidego bakoitzean, oro har, gehienez ere egonen dira:

a) Komisario nagusi bat ehun kideko.

b) Komisario bat berrogeita hamar kideko edo hogeita bost kidetik gorako hondarreko.

c) Inspektore bat hogeita hamar kideko edo hamabost kidetik gorako hondarreko.

d) Inspektoreorde bat hogei kideko edo hamar kidetik gorako hondarreko.

e) Kabo bat lau eta zazpi kideren bitarteko talde bakoitzeko edo horren hondarreko, administrazio bakoitzak finkatzen duen bezala.

Nafarroako Gobernuak, foru dekretu baten bidez, zifra horiek aldatzeko ahalmena izanen du, giza baliabideak hobeki antolatzeko. Tokiko poliziei dagokienez, kasuko toki entitateak eskatu ahalko du aldaketa, betiere Nafarroako Tokiko Poliziak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman ondoren.

Dimentsio horiek Nafarroako polizia kidegoen antolamenduaren eta espezializazioaren garapenaren arabera eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera zehaztuko dira, kasuan kasuko antolamendu erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA. Nafarroako Polizien Kontseilua.

6 bis. artikulua. izaera eta eginkizunak.

1. Nafarroako Polizien Kontseilua sortzen da. Kide anitzeko organoa izanen da, Nafarroako segurtasun publikoaren sistemaren barruan egonen da, eta kontsulta egiteko eta aholku ematekoa izanen da.

Nafarroako Polizien Kontseiluak nahitaez hartuko du parte izaera orokorreko arauak taxutzeko prozeduretan, baina ez da loteslea izanen eta alderdi tekniko eta profesionaletara mugatuko da.

Nafarroako Polizien Kontseiluak aholkua behar duen entitateak eskatuta nahiz Kontseiluak berak proposatuta -halakoetan, ukitutako entitateak onartu egin beharko du hark aholku ematea- emanen du aholku.

2. Hauek dira Nafarroako Polizien Kontseiluaren eginkizunak:

a) Nafarroako Polizia Kidegoetako entitate titularrei aholku ematea arlo tekniko eta polizialari eta polizia-zerbitzua hobetzeari dagokienez.

b) Aholku ematea polizia-zerbitzua kudeatzeko formula berriei buruz eta polizia-zerbitzuaren baldintza teknikoak eta antolamenduzkoak ezartzeari buruz.

c) Aholku ematea arlo polizialean Nafarroako segurtasun publikoaren sistema garatzeari buruz.

d) Aholku ematea polizia-prestakuntzaren arloan.

e) Nafarroako administrazio publikoei lankidetza polizialari buruzko formulak proposatzea.

f) Txostena egin eta iritzia azaltze aldera ematen zaizkion arau-proiektuak ebaluatzea.

g) Lanbidearen estatutuari buruzko galderak bideratzea.

h) Nafarroako poliziek emandako zerbitzua hobetzen lagun dezakeen beste edozein.

i) Legeek eta xedapen orokorrek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

3. Nafarroako Polizien Kontseiluaren txostena jasota, kontseilari eskudunak kontseiluaren funtzionamendu eta antolamendurako erregelamendua onetsiko du.

6 ter. artikulua. Kideak eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Polizien Kontseiluak Nafarroako administrazio publikoen zortzi ordezkari izanen ditu, segurtasun arloko kontseilari eskudunak izendatuak -horien artean kontseilaria bera edo horren eskuordetza hartzen duen agintaria- eta Nafarroako polizia kidegoen beste zortzi ordezkari.

Nafarroako administrazio publikoen ordezkari horietarik lau Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoak izanen dira, eta gainontzeko lauak toki entitateetakoak, bat Iruñeko Udalekoa eta gainontzeko hiruak polizia kidegoa duten Nafarroako toki entitateetakoak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatuta.

Nafarroako polizia kidegoen ordezkari horietarik lau Foruzaingokoak izanen dira, foruzainen buruak proposatuta, eta gainontzeko lauak tokiko polizietakoak, bat Iruñeko Udaltzaingokoa eta gainontzeko hiruak beste tokiko polizietakoak, Tokiko Poliziak Koordinatzeko Batzordeak proposatuta.

2. Nafarroako Polizien Kontseiluko idazkari lana Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario batek eginen du, zuzenbideko lizentziatu titulua izan beharko duenak. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

3. Kontseilua, gutxienez ere, urtean behin eta kontseilukideen heren batek, gutxienez ere, eskatzen dutenean bilduko da.

II. TITULUA. NAFARROAKO FORUZAINGOA

I. KAPITULUA. Antolamendua eta eginkizunak

7. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Foruzaingoa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erakunde armatua eta zibila da, egitura eta antolaketa hierarkizatuak dituena.

2. Nafarroako Foruzaingoa polizia integrala da, eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan betetzen ditu bere eginkizunak, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoak udaltzaingoei eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoei esleitzen dizkien eskumenak.

8. artikulua. Goreneko agintea.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio, lehendakariaren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren goreneko agintea.

2. Nafarroako Foruzaingoaren goi zuzendaritza kontseilari eskudunari dagokio.

9. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foruzaingoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

b) Legeak eta Foru Komunitatearen eskumeneko arloei aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko organoen egintzak betetzen direla begiratzea, ikuskapenak eginez, salatuz eta nahitaez betearaziz.

c) Foru Komunitateko agintarien babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen eta bere entitate instrumentalen menpe dauden pertsona, eraikin eta instalazioen babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat, salbu eta eskumena legez udaltzaingoari badagokio.

g) Garraioen arloan jardun eta ikuskapenak egitea, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

h) Herritarren segurtasunari eta ordenari eustea eta, bidezkoa denean, ordena bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez, eta bereziki, espazio publikoak zaintzea, manifestazioak babestu eta antolatzea eta jendearen elkarretaratze handietan ordenari eustea.

i) Ondasunak eta pertsonak babestea eta haiei laguntzea, batez ere istripua dagoenean eta larrialdietan, xedapenen eta, bidezkoa denean, babes zibileko planen arabera.

j) Trafiko istripuetan atestatuak instruitzea, f) letran ezarritako eginkizunen esparruan.

k) Delituei aurrea hartzea eta delituak galarazteko behar diren eginbideak egitea.

l) Polizia judizialaren lana, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

m) Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

n) Beste segurtasun indar eta kidego batzuekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, legeek ezarritako kasuetan.

ñ) Segurtasun indar eta kidego guztiekin lankidetzan aritzea polizientzat interesgarria den informazioa biltzen, tratatzen eta elkarri ematen.

o) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aritzen diren segurtasun pribatuko enpresak ikuskatzea eta haien zerbitzu, jarduketa, baliabide eta langileak kontrolatzea, indarreko legeetan ezarrita dagoenari jarraikiz.

p) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

q) Legeek esleitzen dizkion gainerako eginkizunak, eta zehazki, legeek autonomia erkidegoetako segurtasun kidegoei esleitzen dizkietenak.

10. artikulua. Aginte operatiboa.

Ekintzei dagokienez, Nafarroako Foruzaingoa foruzainburuaren menpean egonen da.

11. artikulua. Uniformea, ezaugarriak, kredentzialak, agurrak eta ohoreak.

“1. Nafarroako Foruzaingoko kideek, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute beti. Organo eskudunak ezarriko du, arrazoiak emanda, zein unitatek edo kidegoko kidek beteko dituzten beren eginkizunak arauzko uniformea jantzi gabe, zerbitzuak halakorik eskatzen duenean. Herritarrek eskatzen dietenean, beren identitate profesionala erakutsiko dute, polizia-eginkizunetan ari direla.

Foruzaingoko buruak arauzko arma eramateko betebeharretik salbuetsi ahalko ditu uniformea daramatenak eta ez daramatenak, kasuko inguruabar berezien arabera”.

2. Foru agindu bidez, kontseilari eskudunak uniformeari, ezaugarriei, kredentzialei, agurrei eta ohoreei buruzko arauak emanen ditu. Era berean, poliziaren bulegoetan, ibilgailuetan eta baliabide ibiltarietan erabili beharreko adierazgarriak arautuko dira.

“3. Eremu mistoan eta eremu euskaldunean dauden Foruzaingoaren polizia-etxeei atxikitako polizien uniforme guztiek, bai eta ibilgailu eta instalazioek ere, errotulu elebidunak izanen dituzte, gaztelaniaz eta euskaraz, elementu horietako toki ikusgarrietan eta antzeko tamainako karakterrekin, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 28/1986 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz”

12. artikulua. Armak.

Kontseilari eskudunak Nafarroako Foruzaingoko kideen armak erabiltzeko araubidea emanen du, aplikagarria den estatuko legedia errespetatuz.

13. artikulua. Polizia judiziala.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideek antolamendu juridikoak polizia judizialaren arloan esleitzen dizkien eginkizun orokorrak eginen dituzte eta, bidezko bideak erabiliz, agintari judizialek edo Ministerio Fiskalak eskatzen duten lankidetza emanen dute, delituak ikertzeko edo gaizkileak aurkitu edo harrapatzeko asmoz.

2. Kontseilari eskudunak, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialaren arloko eginkizunak izanen dituzten unitateak arautzen ahalko ditu, eta epaitegiei edo auzitegiei edo Ministerio Fiskalari atxikitzen ahalko dizkie. Horrelakoak sortzeko, delituen espezializazioaren gaineko irizpideak aintzat hartzen ahalko ditu.

3. Polizia judizialeko eginkizun espezializatuetan aritzeko, dagokion diploma beharko da, Nafarroako Segurtasun Eskolak edo baliokide batek emana, espezializazio ikastaroa edo azterketa gainditu ondoren.

4. Polizia judizialeko unitateei atxikitako kideak ikertzen ari den auziaren ardura duen epailearen, epaitegiaren edo Ministerio Fiskalaren menpe egonen dira, eginkizunei dagokienez.

5. Polizia judizialeko unitateetako kideak ezin izanen dira aginduta duten ikerkuntza lanetik baztertu edo bereizi, salbu eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarrita dauden kasuetan.

6. Polizia judizialeko unitateetan sartzen diren kideen araubidea foru lege honetan ezarritakoa izanen da eta, oro har, Nafarroako Foruzaingoaren gainerako kideei aplikatzekoa.

14. artikulua

15. artikulua

16. artikulua

II. KAPITULUA. Nafarroako Foruzaingoaren Kontseilua

III. TITULUA. UDALTZAINGOAK

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

17. artikulua. Udaltzaingoak sortzea.

“1. Zazpi mila bizilagun eskubidedun edo gehiago dituzten Nafarroako udalek beren tokiko poliziak sortuko dituzte, salbu eta 4. idatz-zatian aipatzen den hitzarmena sinatzen badute”.

2. Halaber, toki administrazioari buruzko foru araudiaren arabera eratutako beste toki entitateek ere sortzen ahalko dituzte udaltzaingoak, betiere horretarako eskumena badute eta aurreko idatz-zatian eskatzen den bizilagun kopurua badute.

3. Nafarroako Gobernuak baimena eman dezake aurreko idatz-zatietan adierazitako baldintza betetzen ez duten toki entitateen udaltzaingoak eratzeko, herritarren segurtasuna dela-eta beharrezkoa edo egokia denean.

4. Toki entitateek Nafarroako Gobernuarekin hitzartzen ahalko dute tokiko poliziaren zerbitzua Foruzaingoak eman dezala. Edozein modutan, toki entitatea izanen da zerbitzua finantzatuko duena.

Sinatzen den hitzarmenak honakoak jasoko ditu, besteak beste: indarraldia, atxikitako baliabide pertsonalen eta materialen identifikazioa, zer arau, baldintza eta antolamendu izanen dituen zerbitzuak, finantzaketa eta likidazioa.

Zerbitzu hori ematera atxikitako Foruzaingoko funtzionarioek beren mendekotasun organikoarekin jarraituko dute, bai eta beren jatorrizko betebehar eta eskubideekin.

5. Tokiko polizia kidegoa duten toki entitateek Nafarroako Gobernuarekin hitzartu ahalko dute tokiko poliziako kideak foruzain bilakatzea, eta Foruzaingoak hartzea bere gain polizia zerbitzua. Horretarako, tokiko poliziatik heldu diren langileak toki entitateari atxikiko zaizkio, aipatutako polizia zerbitzuan aritzeko; hori, halere, ez da eragozpena izanen gero, bide arruntetatik, beste destino batzuetara sartzeko daukaten eskubiderako.

Tokiko funtzionario horiek eskubide eta betebehar guztiekin bilakatuko dira foruzain. Aurretik, foruzain bilakatu behar ote duten erabakitzeko, probak eta gaitzeko ikastaroak jarriko zaizkie Nafarroako Segurtasun Eskolan.

Tokiko funtzionarioak Foruzaingoan sartze hori toki entitateak finantzatuko du; halakoetan, sinatu beharreko hitzarmenean zehaztuko da zer baldintzatan berrikusi eta likidatuko diren betebehar ekonomikoak.

6. Tokiko poliziaren kidegoa bakarra izanen da toki entitate bakoitzean, eta "tokiko polizia" deituko zaio, salbu eta ohituraz "udaltzaingoa" izendapena erabiltzen den kasuetan; horrelakoetan, izan ere, ohiturazko izenari eutsi ahalko zaio.

18. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako udaltzaingoak, toki entitateko alkatearen edo buruaren goi agintearen pean, toki administrazioari buruzko legedian eta segurtasun indar eta kidegoei buruzko arauetan ezarritakoari jarraikiz arituko dira.

19. artikulua. Udaltzain laguntzaileak.

“1. Udaltzaingoa, albienteen kidegoa edo udal agenteen kidegoa duten toki entitateek edota halako kidegorik izan ez eta sortu behar dutenek zilegi izanen dute aldi baterako langileak kontratatzea, udaltzain laguntzailearen izenarekin eta araubide administratiboan, udaltzainen eginkizunen eraginkortasuna helburu, plantilla organikoari udaltzainen absentismoak edo aldi baterako hutsik dauden lanpostuen kopuruak eragiten dionean, lanpostu hutsak betetzeko edo segurtasun publikoaren arloan gertatzen diren salbuespenezko edo behin-behineko beharrei kasu egiteko”

2. Udaltzain laguntzaileek kidegoko funtzionarioei laguntzeko lanak beteko dituzte, eta haien zuzendaritzapean arituko dira. Langile horiek beteko dituzten eginkizunak soilik izanen dira ondasunen, zerbitzuen, instalazioen eta egoitza ofizialen zaintza, trafiko arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, herritarren sorospen-eginkizunetan eta babes zibilaren arlokoetan parte hartzea eta administrazio izaera duten arauak bete daitezen zaintzea. Eginkizun horietarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

3. Udaltzain laguntzaileek behar bezala identifikatzeko moduko ezaugarriak eramanen dituzte aldean eta behar den dokumentazioaren bidez frogatuko dute udaltzain izaera. Ez dute sekula eramanen su-armarik.

“4. Kontratazioa egiteko orduan, Nafarroako Segurtasun Eskolak berariaz ematen duen udaltzain laguntzailearen gaikuntza ez dutenak ezin izanen dira kontratatu udaltzain laguntzaile gisa aritzeko. Eskolak gaikuntza hori emanen die horretarako propio prestatzen dituen probak gainditzen dituztenei soilik. Gaikuntza lortzeko bi bide daude: Eskolak aldian behin egiten dituen deialdi publiko berariazkoak edo toki entitateak sustatzen duen hautapen prozesua”

5. Toki entitateak sustatutako hautapen prozesuetan izangaiek gaitasun fisikoa ebaluatzeko azterketa bat eta jakintza tekniko eta juridiko orokorra neurtzeko azterketa bat gainditu beharko dituzte, eta horrela aurreikusiz gero, baita bidezko diren proba psikoteknikoak ere.

6. Udaltzain laguntzaile baten kontratazioa plantilla organikoan udaltzain lanpostu bat hutsik dagoelako egiten denean, toki entitateak lanpostu hori behin betikoz betetzeko deialdia kontratazioa egin eta gehienez urtebeteko epean egin beharko du. Eskaini ezean, urtebeteko epea betetzen den egun berean administrazio kontratua iraungiko da zuzenean, eta toki entitateak behar den likidazioa egin beharko dio.

7. Artikulu honetan aipatzen diren langileei aplikatu beharreko araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan administrazio araubidean kontratatzen diren langileentzat ezarritakoa izanen da, foru lege honetan ezarritako salbuespenekin, eta Estatutu horretako D mailan sartuko da.

“8. Tokiko poliziaren kidegorik ez duten toki entitateek, aparteko izaeraz, tokiko poliziako laguntzaileak kontratatu ahalko dituzte, udal agenteei laguntzeko, Nafarroako Gobernuko segurtasun publikoaren arloko departamentu eskudunak aurrez baimena emanda. Kontratazio horiek ezin izanen dira inolaz ere egin toki entitatean jardunean dagoen udal agenterik ez badago”

20. artikulua. Udal agenteak.

1. Udaltzaingorik ez duten toki entitateek zilegi dute 3. idatz-zatian aipatzen diren eginkizunak, esklusibotasunez edo polizia arlokoak ez diren beste batzuekin batera, zaindari, zaintzaile, agente, gauzain, albiente edo antzeko izendapena duten funtzionario publikoei esleitzea. Langile horien multzoak "udal agenteak" izen generikoa hartuko du eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren C mailan sartuko dira.

2. Udal agenteak, armak dituztela edo ez, beren eginkizunetan dihardutenean, agintaritzaren agentetzat joko dira eta horixe frogatuko dute behar diren agirien eta ezaugarrien bidez.

3. Udal agenteek, polizia arlotik kanpora dituzten eginkizunez gain, hauek betetzen ahalko dituzte:

a) Udalaren ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulegoak zaindu eta begiratzea.

b) Herrigunean zirkulazioa antolatzea, zirkulazio arauekin bat.

c) Herritarrei lagundu eta babes zibileko lanetan parte hartzea, legeetan xedatutakoarekin bat.

d) Udalaren erregelamendu, ordenantza, bando eta ebazpenak betearaztea, baita gainerako xedapen eta egintzak ere.

e) Espazio publikoak zaintzea eta jaialdi, kultur ekitaldi eta antzeko elkarretaratze handietan ordenari eusten laguntzea Foruzaingoari.

f) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

g) Segurtasun indar eta kidegoei uneoro laguntzea.

4. Udal agenteen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritakoa izanen da, salbu eta foru lege honetan haientzat propio zehazten diren kontuetan.

5. Udal agente lanpostuetan sartzeko hautaprobetan onartua izateko, foru lege honen 30. artikuluan polizia lanposturako eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak bete beharko dira. Albienteak hautatzeko prozeduran, izendatuak izan aitzin, ezinbesteko betebehar gisa, prestakuntzarako berariazko ikastaro bat gainditu beharko dute Nafarroako Segurtasun Eskolan.

6. Toki entitate batek udaltzaingoa eratzen duenean, plantilla organikoan poliziari dagozkion eginkizunak betetzen dituzten zaindari, zaintzaile, agente, albiente, gauzain edo antzeko lanpostuak baditu, langile horiek kidego berrian sartuko ditu, ondoko arau hauei jarraikiz:

a) Polizia eginkizunak baizik ez badituzte, zuzenean sartuko dira udaltzaingoan, udaltzain gisa, eta jatorrizko plaza amortizatu eginen da.

b) Polizia eginkizunez gain, beste lan batzuk esleituak bazituzten, toki entitateak erabakiko du zein lanpostu sartzen diren udaltzaingoan (udaltzain gisa) eta zein birmoldatzen diren polizia eginkizunik gabe uzteko. Lanpostu birmoldaketarekin batera, lanpostua maila baxuagoko batean sailkatzen bada, funtzionarioari lehengo maila gordeko zaio, iraungi beharreko egoera pertsonal gisara.

c) Udaltzain lanpostuak aipatutako funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Dena dela, merezimendu lehiaketan egiten den lanpostu birmoldatuen esleipenean parte-hartzaile guztien asmoak asetzen ez badira, funtzionario horiek gero batean sortzen diren horrelako lanpostu hutsak eskuratzeko eskubidea izanen dute, baina behin bakarrik.

d) Integrazio prozesuaren barrenean, Nafarroako Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaro bat egitea eskatuko da. Lehenagotik egindako ikastaroak baliozkotzen ahalko dira, osorik edo partez, Eskolak edukiak balio berekoak direla erabakiz gero.

21. artikulua. Hautatzeko irizpide komunak.

1. Departamentu eskudunak deialdiak onetsi eta hautapen prozedurak gauzatu ahalko ditu udaltzaingoan sartzeko, udal agentea izateko edo udaltzain laguntzaileak kontratatzeko, baldin eta toki entitate batek bere borondatez eta bidezko erabakiaren bidez departamentuari hala eskatu eta hark eskaera onartzen badu. Hori helburu, zilegi izanen da deialdi bat bera egitea toki entitate baterako baino gehiagotarako, Foruzaingoan sartzeko deialdiekin batera egitea edo horietan txertatzea.

2. Deialdi komun batean parte hartzen dutenei dagozkien lanpostuak interesdunen nahien arabera esleituko dira, hautapen probetan lortutako ordenaren arabera.

“3. Bi toki entitate desberdinetakoak izan eta tokiko polizia edo udal agente izaera duten bi funtzionario publikoren arteko permuta egin ahalko da. Permuta hori hauxe izanen da: beren borondatez destinoak elkarrekin trukatzea, esku hartzen duten toki entitateek hori aurrez onetsita.

Tokiko poliziako agenteen edo laguntzaileen arteko permutarik izanez gero, lanpostua eremu euskaldunean edo mistoan eskatzen dutenek euskaraz badakitela egiaztatu beharko dute, eskatutako destinoan jarduteko eskatzen baita”

II. KAPITULUA. Antolamendua

22. artikulua. Antolamenduaren erregelamendua.

Udaltzaingoa duten toki entitateek hura antolatzeko erregelamendua prestatuko dute. Horretan kategoriak edo mailak eta, kasua bada, kidegoko unitateak agertuko dira. Halaber, unitate bakoitzaren berariazko eginkizunak eta kidego horietan sartzeko beharrezkoak diren baldintzak ezarriko dira.

23. artikulua. Aginte operatiboa.

1. Udaltzaingoaren aginte operatiboa udaltzainburuak izanen du.

2. Toki entitateko alkateak edo buruak izendatuko du udaltzainburua.

24. artikulua. Uniformea, ezaugarriak, armak eta kredentzialak.

“1. Tokiko polizietako kideek, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute beti. Toki entitateko alkateak edo buruak, edo hark eskuordetuta tokiko poliziaren kidegoko buruak, baimenduko ditu, arrazoiak emanda, zein unitatek edo kidegoko kidek beteko dituzten beren eginkizunak uniformea jantzi gabe, zerbitzuak horretara behartzen duenean.

2. Toki entitateek ahalmena dute uniformeari, kredentzialei, ezaugarriei eta, bidezko bada, agurrei buruzko arau berariazkoak emateko, Udaltzaingoen Koordinazio Batzordeak txostena eman ondoren Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen xedapen orokorrei jarraikiz.

“3. Tokiko poliziako kideek, beren eginkizunetan dihardutela, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen dituen armak eramanen dituzte. Toki entitateko alkateak edo buruak, edo hark eskuordetuta tokiko poliziaren kidegoko buruak, ezarriko ditu, arrazoiak emanda, zein unitatek edo kidegoko kidek beteko dituzten beren eginkizunak arauzko arma eraman gabe, zerbitzuak horretara behartzen duenean”.

4. Armak aplikatzekoa den legedi orokorrean xedatutakoari jarraituz erabiliko dira.

“5. Nafarroaren errealitate elebiduna dela-eta, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera eremu mistoan edo euskaldunean dauden tokiko poliziako agente eta laguntzaile guztien uniformeek errotulazio elebiduna izanen dute, gaztelaniaz eta euskaraz, biak ere uneoro ikusgarriak eta antzeko tamainako karakterrekin”.

”6. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 28/1986 Foru Legearen arabera eremu mistoan eta euskaldunean kokatutako tokiko poliziaren polizia-etxe eta instalazioek, bai eta eremu horietako polizia-etxeei atxikitako ibilgailu guztiek ere, errotulu elebidunak izanen dituzte, gaztelaniaz eta euskaraz, elementu horietako toki ikusgarrietan eta antzeko tamainako karakterrekin”

IV. TITULUA. NAFARROAKO POLIZIA KIDEGOETAKO LANGILEEN ESTATUTUA

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

25. artikulua. Plantilla organikoak.

1. Udaltzaingoa duten Nafarroako administrazio publikoek beren plantilla organikoan sartuko dituzte kidego horretan dauden langileen lanpostuak.

2. Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren plantilla onetsi eta kidego hori osatzen duten lanpostuak zehaztea.

3. Udaltzaingoak osatzen dituzten lanpostuak zehaztu eta haien plantillak onestea udalaren osoko bilkurari edo toki administrazioaren gaineko legedian ezartzen den organoari dagokio.

II. KAPITULUA. Polizia kidegoko burua

26. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Polizia kidegoko burua aldi baterako kargua da, izendapen librekoa. Izendapena eta kargu-uztea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

2. Polizia kidegoko buruaren kargua bateraezina da administrazio publikoaren beste edozeinekin, baita beste edozein lan, merkataritzako jarduera edo lanbiderekin ere.

27. artikulua. Foruzainburua.

Foruzainburua izendatzea eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuari dagokio, kontseilari eskudunak proposaturik.

Foruzainburua Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko goi kargutzat hartuko da eta zuzendari nagusien araubide juridikoa aplikatuko zaie, zuzendari nagusiaren menpekotasun organiko eta funtzionala deusetan galarazi gabe.

III. KAPITULUA. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak

1. atala. Hautapena

28. artikulua. Deialdi publikoa.

1. Nafarroako polizia kidegoetan funtzionario gisa sartzeko izangaien hautapena deialdi publikoan iragarri beharreko oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez eginen da, publikotasun, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraituz.

2. Hautapena deialdiko arauei jarraikiz eginen da eta horien edukia erregelamenduz zehaztuko da. Deialdiak eta haien arauak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta administrazioak, hautaprobetako epaimahaikideek eta parte-hartzaile guztiek bete beharko dituzte.

29. artikulua. Hautaprobak.

“1. Hautaprobak objektiboak izanen dira, eta izangaiek aurretiaz ezagutuko dituzte ebaluaziorako parametro teoriko eta praktikoak. Hautaprobetan sartuko dira, gutxienez ere, egoera fisikoari buruzko probak, eskatutako maila akademikoaren araberako ezagutza-probak, euskararen ezagutza-mailari buruzko probak, indarreko legediarekin bat ezatzen diren hizkuntza eskakizunen arabera edo horiekin bat, eta proba psikoteknikoak. Ekipo berak eginen dizkie proba psikoteknikoak izangai guztiei, eta halako moduan eginen dira non diskrezioa ziurtatuko den eta, hortaz, ekipo ebaluatzaileak ez dituen ezagutuko gainontzeko proben emaitzak”.

2. Hautaproben artean, betiere, prestakuntza ikastaro bat egonen da, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana. Ikastarorako dei bakarra egin ahalko da; hala bada, izangaiek behin bakarrik hautatuko dute, eta ikastaroa hasi aurretik.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario bihurtzeko nahitaezko betebeharra izanen da ikastaro hori gainditzea.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, izangaiak deialdiak eskatu eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatutako ikastaroaren baliokide den beste bat gainditua badu, aski izanen du Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaroa baliozkotzea; ikastaroa baliokidea dela frogatzeko, ikastaroen edukiak berdinak edo baliokideak direla egiaztatzen duen agiri ofiziala, interesdunak eskatuta Eskolak emanen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako notak.

“Behin ikastaroaren berdintasuna edo baliokidetasuna egiaztatuta, proportzio bat kalkulatuko da, bai haren puntuazio orokorrarena, bai hura osatzen duten atal bakoitzarena”.

30. artikulua. Baldintzak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuetan edo funtzionario gisa sartzeko hautaprobetan onartua izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

“b) Gutxienez hemezortzi urte izatea”.

c) Lanbiderako eskatzen den ikasketa titulua edo kategoria izatea.

d) Eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta arlo honetan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez onartuko den baztertzeko arrazoi medikoen taulan ez egotea.

e) kenduta.

f) Doluzko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Erregelamendu bidez ezartzen den ibilgailu mota gidatzeko baimena edukitzea.

“2. Betebehar hauek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete behar dira, g) letrakoa izan ezik, prestakuntza ikastaroan onarturiko hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko baita”.

31. artikulua. Ikasketa tituluak.

1. Nafarroako Polizia Kidegoetako lanpostuak eskuratzeko eskatuko den titulazioa 42. artikuluak ezarritako mailei dagokiena da.

2. Nafarroako polizia kidegoetako plantillako langileek, barne igoerarako, eskatutako tituluaren ordez aurreko kategorian emandako urteak aurkezten ahalko dituzte, foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

32. artikulua. Polizia kategorian sartzea.

Polizia kategorian hasteko, polizia kidegoetan sartzeko hautaprobak gainditu beharko dira.

Hori horrela izanik ere, udaltzaingoa duten toki entitateek lanpostu hutsen 100eko 30 erreserbatzen ahalko dituzte beste udaltzaingo batzuetako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Horrelako izangaiei azkeneko udaltzaingoan bost urteko zerbitzualdia benetan egina izatea eskatuko zaie. Funtzionario horiei Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baliozkotzeari dagokionez 29. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko zaie. Txanda horretan betetzen ez diren lanpostuak txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

33. artikulua. Kabo kategorian sartzea.

1. Kabo lanpostu hutsak polizia kategoria dutenen kategoria-igoeraren prozeduraren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartzeko, hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko da polizia kategorian.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren deialdietan polizia kidego bereko kideentzako barne igoerako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainontzeko lanpostu-hutsekin, Nafarroako polizia kidego guztietako kideei irekia, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati hau aplikatzeko, hiru lanpostu hutsetatik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa.

“Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honetan ezarritakoa aplikatzeko, hiru lanpostu hutsetatik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa, kontuan hartuta betiere egindako azken deialdian betetako lanpostuak, eta behar den ordena korrelatiboari jarraituz hurrengoetan”

34. artikulua. Inspektore-orde kategorian sartzea.

1. Inspektore-orde kategoriako deialdiko lanpostu hutsak kabo kategoria dutenen barne-igoeraren bidez beteko dira. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, kabo kategorian gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna eskatuko da eta, orobat, erdi mailako ikasketa titulua. Titulurik ez edukiz gero, kategoria hartan bost urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea.

Halaber, gutxienez ere zazpi urteko antzinatasuna eta eskatzen den erdi mailako titulazioa daukaten Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek hartu ahal izanen dute parte”.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko deialdietan, polizia kidegoko kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako lanpostu hutsekin, ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidegoetako kide guztientzat irekia. Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honen aplikazioaren ondorioetarako, hiru lanpostu hutsetik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa.

35. artikulua. Inspektore kategorian sartzea.

1. Inspektore kategoriako lanpostu hutsak inspektore-orde kategoria dutenen barne-igoeraren bidez beteko dira. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, inspektore-orde kategorian gutxienez ere hiru urteko antzinatasuna eskatuko da eta, orobat, erdi mailako ikasketa titulua. Titulurik ez badute, kategoria hartan bost urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko deialdietan, polizia kidego bereko kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako lanpostu hutsekin, ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat irekia.

3. Txanda ireki horretan betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

4. Idatz-zati hau aplikatzeari dagokionez, lanpostuak 33. artikuluan ezarritakoaren arabera beteko dira.

5. Administrazio publikoek lanpostu hutsen %25, gehienez ere, erreserbatu ahalko dute, oposizio-lehiaketaren bidez, eskatzen den erdi mailako titulazioa izan eta polizia kidegoetan sartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten izangaientzat. Txanda hori egiten denean, gai-zerrenda eta probak berariazkoak izan ahalko dira, eta dauden lanpostu hutsetatik txandarako erreserbatuko dira laugarrena, zortzigarrena, hamabigarrena, eta ondoz-ondokoak, eta gainerakoei 33. artikuluko araua aplikatuko zaie”.

36. artikulua. Komisario kategorian sartzea.

1. Komisario kategoriako deialdiko lanpostu hutsak inspektore kategoria dutenen barne-igoeraren bidez beteko dira. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko da inspektore kategorian, bai eta eskatutako goi mailako titulazioa ere. Halaber, gutxienez ere hamabi urteko antzinatasuna eta eskatzen den goi mailako titulazioa daukaten Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek hartu ahal izanen dute parte.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko deialdietan, polizia kidego bereko kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako lanpostu hutsekin, ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat irekia.

3. Txanda ireki horretan betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati hau aplikatzeari dagokionez, lanpostuak 33. artikuluan ezarritakoaren arabera beteko dira.

4. Lanpostu hutsak adjudikatzeko garaian, soilik haien %20 bete ahal izanen dituzte Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak izan eta inspektore kategoria ez daukatenek, betiere lanpostu hutsak betetzeko moduari buruz 33. artikuluan ezarritakoa errespetatuz”.

37. artikulua. Komisario nagusiaren kategorian sartzea.

1. Komisario nagusi kategoriako deialdiko lanpostu hutsak komisario kategoria dutenen barne-igoeraren bidez beteko dira. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, eskatuko da gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea komisario kategorian, bai eta eskatutako goi mailako titulazioa ere.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko deialdietan, polizia kidego bereko kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako lanpostu hutsekin, ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidego guztietako kideentzat irekia.

3. Txanda ireki horretan betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio.

4. Idatz-zati hau aplikatzeari dagokionez, lanpostu hutsak 33. artikuluan ezarritakoaren arabera beteko dira”.

38. artikulua. Lanpostuen esleipena.

1. Deialdi batean parte hartzen dutenei dagozkien lanpostuen esleipena interesdunen nahien arabera eginen da, hautaprobetan lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz eta plantilla organikoan lanpostu horiek betetzeko ezarritako baldintzak errespetatuz.

2. kenduta.

3. Kategoria bat eskuratzeak ez dakar inolaz ere lanpostu edo destino jakin batean aritzeko eskubiderik, ez eta zerbitzua toki edo arlo jakin batean emateko inolako aurreikuspenik, ez bada kategoria horri berez dagozkion eginkizun orokorretan.

39. artikulua. Lanpostuak eskuratzeko prozedurak.

1. Lanpostuak eskuratzeko foru lege honetan jasotako prozedurek, gutxienez ere, honakoak baloratuko dituzte: administrazio publikoetan emaniko zerbitzuak, polizia-eginkizunarekin zerikusia duten prestakuntza-, irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduerak, hizkuntzak jakitea eta betetako lanpostuak baldin eta erregelamenduz horren balorazio objektiboa egiteko prozedura ezarri bada.

“2. Oposizio-lehiaketetako prozeduren oposizio fasean, gutxienez ere, honakoak sartuko dira: proba praktiko eta ezagutzei buruzko proba baztertzaileak egitea, eskatutako maila akademikoaren araberakoak eta lortu nahi den enpleguaren araberakoak, eta plantilla organikoko lanpostuko hizkuntza profilean eskatzen den euskaren ezagutza-mailari buruzko probak, hori ziurtatzen duen titulaziorik aurkezten ez denean. Era berean, proba psikoteknikoak ere izanen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari zenbateraino egokitzen zaizkion neurtzeko. Proba psikoteknikoak ez dira baztertzaileak izanen.

3. Kategoria-igoeraren lehiaketako prozedurek, 1. idatz-zatian ezarritakoaz gain, lortu nahi den lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktiko baztertzaile bat izanen dute, gutxienez. Era berean, proba psikoteknikoak ere izan ditzakete, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari zenbateraino egokitzen zaizkion neurtzeko. Proba psikoteknikoak ez dira baztertzaileak izanen”.

4. Foru lege honetan lanpostuak eskuratzeko prozedura guztietan izanen da eskuratu nahi den lanposturako gaitasun-ikastaro bat gainditu beharra, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana.

“5. Kategoria desberdinetara sartzeko hautaprobak objektiboak eta teoriko-praktikoak izanen dira, eta izangaiek aurretiaz ezagutuko dituzte ebaluaziorako parametroak”.

6. Aurreko idatz-zatietan jasotako xedapenak erregelamenduz garatuko dira Nafarroako polizia kidegoetako lanpostu bakoitzerako.

 2. atala. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izaera eskuratu eta galtzea

40. artikulua. Araubide orokorra.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izaera eskuratu eta galtzeko moduari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoetako beste funtzionarioentzako xedapen orokorretan ezarritako arau berberei jarraituko zaie, hurrengo artikuluan xedatzen dena deusetan galarazi gabe.

41. artikulua. Praktiketako funtzionarioak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako polizia, inspektore edo komisario kategorietan sartzeko Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen prestakuntza ikastaroa egitera onartzen diren izangaiak, ikastaroa egin bitartean eta, gaindituz gero, administrazioak behin betiko lanpostuaren jabetza hartzeko finkatzen duen egunera arte, prestakuntza ikastaroaren hasieran hautatu duen administrazioko praktiketako funtzionarioak izanen dira, non eta jadanik ez diren Nafarroako polizia kidego bateko funtzionarioak. Erregelamendu bidez egoera horri dagozkion baldintza, eskubide eta betebeharrak arautuko dira.

“2. Praktiketan dauden funtzionarioek erregelamendu bidez ezartzen diren oinarrizko lansariak, familia-laguntza eta lansari osagarriak jasoko dituzte.

3. Nafarroako polizia kidegoetan sartzeko Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen prestakuntza ikastaroa egitera onartzen diren eta jada Nafarroako polizia kidegoetako bateko funtzionarioak diren izangaiak zerbitzu aktiboan egonen dira ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzen arabera.

3. atala. Mailak

42. artikulua. Mailak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritako maila hauetako batean sartuko dira:

a) Komisario nagusia eta komisarioa, A mailan.

b) Inspektorea eta inspektore-ordea, B mailan.

c) Kabo eta polizia, C mailan.

4. atala. Prestakuntza

43. artikulua. Nafarroako polizien prestakuntza.

1. Nafarroako polizia kidegoetako kideen prestakuntzak eta hobekuntzak Nafarroako poliziei buruzko prestakuntza planean ezarritako aurreikuspena beteko dute, eta 4. artikuluan adierazitako printzipioei egokituko zaizkie. Halaber, honako irizpideak bete beharko dute:

a) Profesionala eta etengabea izanen da.

b) Administrazio publikoen menpeko ikastetxeetan egiten diren ikasketak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak baliozkotu ahalko ditu. Ministerioak, horretarako, kontuan hartuko ditu ikasketa horietako bakoitzera sartzeko eskatutako titulazioak eta ikasketen iraupena.

c) Aipatutako irakaskuntzak eta ikastaroak emateko, erakundeen arteko lankidetza sustatuko da unibertsitatearekin, botere judizialarekin, Ministerio Fiskalarekin, indar armatuekin eta aipatutako ikastetxeei berariaz interesatzen zaizkien bestelako erakunde, zentro edo establezimenduekin.

2. Nagusiki, Nafarroako Segurtasun Eskolak prestatuko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpe baitago, Nafarroako polizia kidegoetako kideak, udal agenteak eta udaltzain laguntzaileak, eta, era berean, horiek hautatzeko prozesuetan ere parte hartuko du. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko c) letran aipatzen diren gainerako zentro edo establezimenduek ere prestakuntza hori eman ahalko dute eta hautapen-prozesuetan parte hartu ahalko dute.

3. Erregelamenduz ezarriko da zein izanen den aurreko idatz-zatian aipatutako langileen prestakuntza-araubidea, eta, bereziki, horiek izanen dituzten eskubideak eta betebeharrak; arau horiek, betiere, oinarri izanen dituzte objektibotasunaren printzipioa, gardentasunarena, aukera berdintasunarena, espezialitatearena eta publikotasunarena.

4. Nafarroako Segurtasun Eskolaren eginkizunen artean eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea izanen da, baita eskolak berak lehenago emandakoak ere, betiere edukiak berdinak badira. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko zaio tituluari. Halaber, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatzen diren baliozkotze-eskabideak bideratzeaz arduratuko da.

Era berean, Segurtasun Eskolak informazioa ematen ahal du, hautapen- eta kontratazio-organo publikoek hala eskatuta, Nafarroako polizia kidegoetan sartzeko edo gora egiteko prozeduretan izangai direnek aurkeztutako prestakuntza-ekintzen balorazioari eta baliokidetasunari buruz; horretarako, kontuan hartuko ditu prestakuntza-ekintzen eduki-baliokidetza, horietan lortutako puntuazioa, ekintza horien iraupena eta modalitatea, bai eta ikasgaien gaurkotasuna ere".

 5. atala. Lanbide sustapena

44. artikulua. Barne-igoera.

1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen gora egiteko modua bitakoa da: kategoriaz igotzea, foru lege honetan ezartzen diren prozeduren bitartez, edo graduz igotzea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarrita dauden arau orokorretan agindutakoaren bidez.

“2. Nafarroako polizia kidegoetako kideek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzako igoera txandako prozeduretan parte hartzen ahalko dute, baina Nafarroako polizietan egiazki zortzi zerbitzu-urte ematen dituztenetik aurrera.

3. Nafarroako polizia kidegoetako partaideek kide diren administrazioko merezimenduen lehiaketetan eta lanpostuen leku-aldatzeetan parte hartu ahalko dute, Nafarroako polizien zerbitzuan zortzi urte eman badituzte”.

 45. artikulua. Destinoen banaketa.

1. Nafarroako Polizia kidegoen barruko destinoak betetzeko, merezimendu, antzinatasun eta gaitasun printzipioak hartuko dira kontuan. Honakoak izanen dira sartzeko modalitateak: lehiaketa, zeina sistema arrunta baita, berariazko lehiaketa eta izendapen askea.

2. Berariazko lehiaketa erabili ahalko da berezitasunen bat edo profil jakinen bat eskatzen duten lanpostuak betetzeko.

Sistema horren bitartez sartzeko ezartzen diren hautaprobek objektiboak eta ez-baztertzaileak izan beharko dute, eta izangaiek aurretik ezagutu beharko dituzte ebaluatuko diren parametroak.

3. Izendapen askea soilik erabiliko da bete beharreko lanpostuak berekin unitate organiko baten burutza badakar.

4. Funtzionario bat izendapen askeko sistemaren bitartez betetzen ari bada lanpostu bat, izendatu zuen organoak libreki kentzen ahalko du lanpostu horretatik. Hala gertatuz gero, utzi eginen dio zuzendaritza-karguari dagozkion osagarriak jasotzeari, eta, berehala, jatorrian esleituta zuen lanpostura itzuli beharko du. Horretarako, funtzionario guztiei jatorrizko lanpostu bat esleitu beharko zaie.

5. Plantilla organikoetan, polizia kidegoetako lanpostuak zerrendatuko dira, eta haietan ezarriko dira lanpostuak, behar bezala sailkaturik. Soilik honakoak aipatuko dira berariaz:

a) Lanpostu bakoitza zein mailari atxikita dagoen.

b) Lanpostuaren zenbakia eta izena.

c) Zein unitate organikoren menpean dagoen.

d) Zein egoitzatan edo herritan dagoen kokatuta.

e) Zein kategoriatakoentzat erreserbatuta dagoen.

f) Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipaturiko lanpostuak betetzeko sistema.

g) Lansari osagarriak.

h) Bigarren jarduerako lanpostuak, erregelamendu bidez ezartzen direnak.

i) Sartzeko moduak.

Foruzaingoaren plantilla organikoa eta haren aldaketak Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

 6. atala. Egoera administratiboak

46. artikulua. Egoera administratiboak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen egoera administratiboak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuari buruzko arau orokorretan ezarritakoari jarraituz arautuko dira, deusetan galarazi gabe foru lege honetan ezartzen dena.

47. artikulua. Bigarren jarduera.

“1. Hauxe da bigarren jardueraren helburua: Nafarroako polizia kidegoetan jardunean dauden langileen eraginkortasuna bermatzea eta lanbide karrera denboraren joanean edo gaitasun fisiko edo psikikoak ustekabean murriztean gertatzen diren aldaketetara egokitzeko modua ematea.

2. Adin batera iritsita (betiere, berrogeita hamabost urtetik gora), edo gaitasun fisikoak edo psikikoak murrizten diren kasuetan, Nafarroako polizia kidegoetako kideek bigarren jardueraren egoera administratibora pasatu ahalko dira eta, erretiroaren adinera iritsi aurretik, interesdunak eskatuta nahiz ofizioz, gaitasun fisikoak nahiz psikikoak gutxituz gero, bigarren jarduerako zerbitzuetan eman ahalko zaie destinoa:

a) Dagokien kidegoan bertan.

b) Nafarroako beste polizia batzuetan, betiere bi administrazioek bidezko lankidetza hitzarmena sinatu badute.

c) Administrazio bereko beste lanpostu batean, prestakuntzarekin, segurtasun arloko nahiz beste arlo batzuetako politikekin, polizia administratiboko jarduerekin (adierarik zabalenean) zerikusi zuzena duena, administrazio horren eskumenen esparruan, konparazio batera zehapen espedienteen tramitazioetan laguntzea, lan administratibo edo exekutiboak, zaintza, kontrola, ikuskapenak eta bestelakoak, betiere langilearen mailarentzat eta jakintzarentzat egokiak badira eta ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun gutxiagokoak badira.

3. Plantilla organikoetan adierazi beharko dira bigarren jarduerako multzoan sartu ahal izanen diren lanpostuak, eskatzen duten ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun txikiagoan oinarriturik.

4. Erregelamenduz finkatuko da bigarren jarduerako zerbitzuak noiz eta nola eman behar diren, bai eta egoera horretara igarotzea ekar dezaketen ezgaitasun medikoen maila ere.

5. Bigarren jarduerako egoeran dauden Nafarroako polizia kidegoetako kideek, beren kategoriari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta aitorturik dituzten ordainsari pertsonalak jasoko dituzte, egiazki betetzen duten lanpostuak dituen osagarriez gainera.

Dena dela, bigarren jarduerara igarotzea administrazioak ofizioz agindu badu uste duelako lanbidean aritzearen ondorioz langilearen gaitasun fisiko edo psikikoa nabarmen jaitsi dela, eta lanpostu berriaren oinarrizko ordainsariak eta osagarriak egoera horretara igaro zen unean bestean jasotzen zituenak baino baxuagoak badira, funtzionarioak aldi baterako osagarri pertsonala jasotzeko eskubidea izanen du, bi ordainsarien arteko aldea adinakoa.

6. Bigarren egoeran emandako denbora, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondorioetarako, egoera horretara igaro aurretik zuen lanpostuan emana balitz bezala konputatuko da.

7. Bigarren jardueran dagoen funtzionarioak ezin izanen du kategoriaz igotzeko prozesuetan parte hartu.

48. artikulua. Gaitasun fisikoak edo psikikoak murriztu direla deklaratzea.

1. Zerbitzua ohi bezala egitea galarazten duen gaitasun fisiko edo psikikoen murrizketa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren epaitegi mediko batek adieraziko du, ofizioz edo alderdi batek eskatuta.

2. Epaimahaiak irizpen medikoa prestatu eta organo eskudunari igorriko dio, behar den ebazpena eman dezan.

7. atala. Eskubideak eta eginbeharrak

49. artikulua. Araubide orokorra eta espezialitateak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen eskubide eta betebeharrak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoak izanen dira, foru lege hau aplikatzearen ondoriozko berezitasunekin, hauekin batez ere:

a) Zin egitea edo hitz ematea Konstituzioari, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoari eta legeei men eginen diela.

b) Foru lege honen 4. artikuluan ezarritako oinarrizko jarduketa printzipioen ondoriozko eginkizunak bete beharko dituzte, eta Segurtasun indar eta kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoko 6. artikuluan aitortutako eskubideak izanen dituzte.

c) Beren interesak defendatze aldera, sindikatuetan afiliatzeko eskubidea izanen dute eta, orobat, sindikatuetatik atera eta beste erakunde batzuk sortzeko, betiere askatasun sindikalari buruzko legediak ezarritako baldintzak betez gero.

d) Grebarako eskubidea Segurtasun Indar eta Kidegoentzat eskubide horren gainean ezarrita dauden xedapenen arabera erabiliko da.

e) Nafarroako polizia kidegoetako partaideek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko gainerako langileentzat oro har ezartzen den lanaldi bera –urteko ordu zenbatekoari eta ordutegi araubideari dagokionez– izanen dute.

Oporraldiak, lizentziak eta baimenak hartzeko berariazko modua erregelamenduz zehaztuko da, eta hartan jasoko dira karguak berezko dituen jarduera guztiak, eta kopuruan eta forman gainerako funtzionarioenen antzekoak izanen dira.

Hartara, urtea hasi aurretik organo eskudunak lan-egutegiak ezarriko ditu; haietan zehaztu ahalko da lanaldia eguneko edo gaueko txandan izatea, eta guardia lokalizatuak nahiz bertan egotekoak ezarri ahalko dira, bai eta jai-egunetan lan egin behar izatea ere. Egutegi horiei behar den publizitatea emanen zaie.

Salbuespen gisa, eta larrialdi eta babes zibileko arrazoiak tarteko, egutegi horiek aldatu ahalko dira, era arrazoituan. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkie interesdunei.

f) Bidezko ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen dute; hartan, honakoak hartuk dira kontuan: prestakuntza-maila, bateraezintasunen araubidea, zerbitzu-arrazoiengatiko eta egitekoen dedikazio eta arriskuarengatiko mugikortasuna, eta lan-ordutegien eta haien egituratze bereziaren berariazkotasuna. Ordainsarien kontzeptuak eta zenbatekoak hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaizkio.

g) Beren eginkizunetan egindakoengatik erantzukizuna eskatzen zaien auzi guztietan, atxikita duen administrazio publikoko profesionalek laguntza emateko, ordezkatzeko eta aldezteko eskubidea izanen dute, Administrazioaren kontura, baldin eta, hasiera batean, foru lege honetako 4. artikuluan jasotzen diren jardunaren oinarrizko printzipioen araberakoak direla uste bada.

Halaber, eskubide hori funtzionarioen edo haien senideen interes zilegien defentsa juridikora hedatuko da, delituren batean gertatutako heriotza kasuan, baldin eta polizia izatearen ondorioz izan bada biktima.

Salbuespeneko kasuetan, kasuko administrazio publikoak ezin baldin badu zerbitzua bere bitartekoekin eman, baimena eman ahalko da administrazio horretaz kanpoko bitartekoez baliatzeko, betiere haren kargura.

h) Polizia izatearekin lotutako kalte pertsonal edo materialak jasanez gero, erregelamenduz ezarriko den kalte-ordainen sistemaren onuradun izateko eskubidea izanen dute.

i) Nafarroako polizia kidegoetako kideek eskubidea dute urtean azterketa mediko bat egin dakien.

j) Eskubidea izanen dute haiek hautatutako legelari batek lagun diezaien, haien kargura betiere, haiek ukitzen dituzten diziplina-espediente edo aurretiazko informazio guztiak garatzen direnean.

k) Polizia eginkizunetan aritzeko eskatzen diren prestakuntza fisikoko baldintza bereziei eusteagatik –adinaren arabera egokituak, betiere– diru bidezko edo denbora bidezko ordain bat emanen da, zazpigarren xedapen gehigarrian ezarri bezala.

50. artikulua. Ordainsariak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek ondoko kontzeptu hauei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, ez besterik:

A.–Norberaren oinarrizko ordainsariak:

a) Mailari dagokion hasierako soldata.

b) Graduari dagokion ordainsaria.

c) Antzinatasun saria.

Norberaren oinarrizko ordainsariak eskuratutako eskubidea dira, funtzionario izaerari datxekiona.

B.–Ordainsari osagarriak:

a) Berariazko osagarria.

b) Lanpostuaren osagarria.

c) Burutzaren osagarria.

d) Txandakako lanaldiaren osagarria.

e) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

f) Aldi baterako osagarri pertsonala bigarren jardueran aritzeagatik.

Lansari horiek dira esleituta dituen lanpostua betetzeagatiko ordaina, eta, ondorioz, haiek jasotzeari utziko zaio lanpostua utzitakoan.

C.–Bestelako ordainsariak:

a) Zerbitzuan izandako gastuen kalte-ordaina.

b) Egindako bidaien kalte-ordaina.

c) Bizilekua aldatzea dakarren nahitaezko lekualdatzeagatik ematen den kalte-ordaina.

d) Familia-laguntza, familia-unitateak sortutako gastuak jasoko dituena.

e) Aparteko orduen konpentsazioa; gaueko ordutegian edo jaiegunetan egiten direnena; bertan egoteko guardiak eta guardia lokalizatuak egiteagatik; langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik eta prestakuntza ikastaroak emateagatik.

2. Oinarrizko ordainsari pertsonalak eta artikulu honetako 1. idatz-zatiko C) letran adierazitakoak Nafarroako administrazio publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera antolatuko dira, betiere foru lege honetan ezartzen diren berezitasunak kontuan hartuta.

51. artikulua. Lansari osagarriak.

1. Berariazko osagarria Nafarroako polizia kidegoetako kide guztiei ordainduko zaie eta haren zenbatekoa kasuan kasuko mailari dagokion oinarrizko soldataren %45 izanen da. Honako kontzeptuak bilduko ditu:

a) Bateraezintasun poliziala (%35).

b) Arrisku berezia (%10).

Lanpostuak dedikazio esklusiboa eskatzen badu, berariazko osagarria kasuan kasuko mailaren hasierako soldataren %65 izanen da. Portzentaje horren barruan, arrisku bereziari dagokion %10 sartuta dago.

Nafarroako polizia kidegoetako inongo kidek ezin izanen ditu aldi berean jaso bateraezintasunaren osagarri hori eta dedikazio esklusiboko osagarria.

Dedikazio esklusiboko osagarria kobratzeak debekua dakar irabazizko inolako jarduerarik egiteko, hala sektore publikoan, nola pribatuan ere, non ez den irakasle lana unibertsitateko zentroetan, norberaren edo familiaren ondarea administratzea, lan zientifiko eta teknikoak edo literatur eta arte lanak ekoitzi eta sortzea, eztabaida eta programetan noizbehinka parte hartzea, ikastaro profesionaletan noizbehinka lagundu eta parte hartzea eta baimendurik dauden beste jarduera batzuetan aritzea.

Bateraezintasunaren osagarria jasotzeak berekin dakar kasuko lanpostuari dagokion tituluaren lanbide-jardueraren debekua.

2. Lanpostuko osagarriaren bidez zailtasuna, dedikazioa eta erantzukizuna saritzen dira, bai eta eskatzen den prestakuntza tekniko berezia ere.

Halaber, diru-sari bat eman ahalko da prestakuntza fisikoan emandako denboragatik.

Foruzaingoan jaso beharreko gutxieneko kopurua mailari dagokion hasierako soldataren gaineko portzentaje bat izanen da. Honela xehakatuko da kategorien arabera:

a) Polizia: %6.45.

b) Kaboa: %17.

c) Inspektoreordea: %10.

d) Inspektorea: %17.

e) Komisarioa: %5.

f) Komisario nagusia: %17.

3. Burutzako osagarria izanen ahalko dute kategoria baten barrenean aginte lan berezia egin behar duten lanpostuek, eta horrela jasoko da plantilla organikoan. Kontzeptu horri dagokion saria ezin izanen da mailako hasierako soldataren %10etik gorakoa izan.

4. Errotazio-txanden araberako araubidean lan egiten duten langileek –halakotzat ulerturik ordutegia lanaldien heren batean baino gehiagotan aldatu behar izatea dakartenak, hiruhilekoz behingo kontaketa orokorra eginda– dagokien taldeko hasierako soldataren %6ko ordain ekonomikoa jasoko dute.

5. Erregelamendu bidez lanaldiaren luzapeneko osagarri bat esleitu ahalko zaie orokorrean ezarritakoaz goragoko lanaldia izatera behartu ohi duten lanpostuei. Kontzeptu horrengatiko zenbatekoa erregelamendu bidez finkatuko da, baina inoiz ere ezin izanen du gainditu kasuko mailako hasierako soldataren %10.

6. Bigarren jardueran aritzeagatik ordaintzen den aldi baterako osagarri pertsonala foru lege honen 47.5 artikuluaren bigarren lerrokadan ezarritako kasuetan aplikatuko da. Horretarako baldintzak eta prozedura erregelamendu bidez finkatuko dira.

7. Lansari osagarrien gehieneko kopurua ez da izanen kasuko mailaren hasierako soldataren %95etik gorakoa. Kategoria bereko lanpostu desberdinen artean kontzeptu horrengatik jasotako lansariaren gehieneko aldea %7koa izanen da. Halaber, errespetatuko da, polizia kategoria desberdinetako lanpostu osagarria ezartzerakoan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko A, B eta C mailen artean ezarritako proportzionaltasun indizea C mailarako oinarritzat harturik polizia kategoria; B mailarako, inspektore-orde kategoria; eta A mailarako, komisario kategoria. Maila berean kategoria bat baino gehiago dagoenean, haien arteko proportzionaltasun bat ezarriko da, eta kontuan hartuko dira goragoko eta beheragoko kategorien proportzionaltasun indizeak.

8. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Tokiko Poliziak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman ondoren, erregelamendu bidez zehaztu ahalko ditu Nafarroako tokiko polizietako kideei ordaindu beharreko ordainsari osagarriak, foru lege honetako xedapenekin bat”.

52. artikulua. Egoitza.

1. Destinoko herria ez den beste batean bizitzeak ez du poliziako funtzionarioa salbuesten lan lekura garaiz iristeaz eta lanaldia nahiz karguaren berezko funtzioak zorrotz betetzeaz, eta ez du ekarriko ordainik ematea lan lekurako joan-etorriengatik.

2. Behar bezala justifikaturiko kasu batzuetan, poliziaren alorreko eskumena duen administrazio-aginteak zilegi izanen dute poliziako funtzionarioei modu arrazoituan eskatzea destinoko herrian bizitzea, hala behar izanez gero lanpostuaren eginkizunengatik edo lanposturako eskaturiko dedikazioarengatik.

53. artikulua. Agintaritzaren agenteak.

1. Beren eginkizunetan dihardutela, Nafarroako poliziak, legezko ondorio guztietarako, agintaritzat joko dira.

2. Atentatu delitu bat gertatzen denean suzko armak, lehergailuak edo arrisku bereko beste baliabide erasogarriak erabiliz, eta horren ondorioz Nafarroako polizietako kideen gorputz osotasuna arrisku larrian jarri bada, zigor arloko ondorioetarako, poliziak agintaritzat joko dira.

8. atala. Esker onak, ohoreak eta sariak

54. artikulua. Esker onak, ohoreak eta sariak

1. Nafarroako Polizia kidegoetako kideen esker onak, ohoreak eta sariak erregelamendu bidez arautuko dira. Nolanahi ere, sarietan zenbait suposamendu hartuko dira aintzat, eta gutxienez ere lau multzo eginen dira:

a) Zerbitzu egintzak, eredugarriak diren edo arrisku handia duten jarduerekin, ezgaitasun-lesioekin nahiz heriotzarekin.

b) Pairamena eragiten duten jarduerak, apartekoak eta balio handikoak; ebaketak edo zauri larriak, erabateko ezgaitasuna ekartzen ez dutenak.

c) Garrantzi bereziko zerbitzuak, dedikazio berezikoak edo premia duten pertsonei onura egitekoak, lanbidearen ezagutzarako lagungarri diren lan zientifikoak edo argitalpen teknikoak.

d) Nafarroako polizia kidegoen antzinatasuna.

 9. atala. Eskubide pasiboak

55. artikulua. Eskubide pasiboak.

Polizia kidegoetako funtzionarioen eskubide pasiboak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko gainerako funtzionarioentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie.

10. atala. Ordezkaritza, negoziazio kolektiboa eta lan baldintzetan parte hartzea

56. artikulua. Aplikatzekoa den araubidea.

1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen ordezkaritzari, negoziazio kolektiboari eta lan baldintzetan finkatzeko eztabaidetan parte hartzeari dagokienez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dagoenari segituko zaio.

2. Foruzaingoan negoziaziorako mahai sektorial bat sortuko da, zeinak jardunen baitu Nafarroako administrazio publikoetako langileen estatutuan organo horietarako aurreikusitakoaren arabera.

 11. atala. Diziplina araubidea

57. artikulua. Legezkotasun eta erantzukizun printzipioak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako langileak beren eginbeharrak ez betetzeagatik zehatuko dira bakar-bakarrik ez-betetze hori, foru lege honen arabera, diziplina hutsegitea denean.

2. Diziplina erantzukizunak ez du galarazten funtzionarioak izan dezakeen erantzukizun zibil edo penala.

3. Hutsegitea egitera bultzatzen dutenek eta hutsegitea onartzen duten nagusi hierarkikoek egileen erantzukizun berbera izanen dute. Era berean, hutsegite larri edo oso larri bat estaltzen dutenek maila baxuagoko hutsegitea eginen dute.

Hutsegite larria edo oso larria dakarren egintza baten berri izanda, hierarkian gora dagoen nagusi eskudunari hori lehenbailehen ez jakinaraztea estalketatzat hartuko da.

4. Diziplina erantzukizuna kasu hauetan iraungiko da: zehapena beteta, hilez gero, hutsegitea edo zehapena preskribatuta edo indultuaren edo amnistiaren ondorioz.

Amnistia edo zehapen administratiboaren indultua honela emanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren menpeko erakunde publikoetan, Nafarroako Gobernuak emanen ditu, Lehendakaritzako kontseilariak proposatuta.

b) Nafarroako toki entitateetan, udalaren osoko bilkurak emanen ditu.

Zehapen administratiboen indultu eta amnistien hedapena, eraginak eta baldintzak haiek emateko erabakietan zehaztuko dira.

5. Egitate berengatik zigor zehapena eta zehapen administratiboa ezarri ahalko dira soilik funts juridikoak eta babestutako ondasun juridikoak identitate bera ez dutenean.

58. artikulua. Diziplina hutsegiteen sailkapena eta preskripzioa.

1. Diziplina hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Hutsegite arinak hilabeteren buruan preskribatuko dira, larriak urtebeteren buruan eta oso larriak bi urteren buruan.

2. Hutsegiteen preskripzio epea hutsegitea egin denean hasten da kontatzen.

3. Preskripzioa diziplina prozedura hasten denean etenen da.

59. artikulua. Hutsegite arinak.

Hauek dira hutsegite arinak:

1. Puntualtasun hutsegiteak, behin eta berriz gertatutakoak hil beraren barruan, justifikatutako arrazoirik gabe (hamabi hutsegite baino gehiago ez).

2. Behin huts egitea, hilabeteko epean, justifikatu gabeko arrazoirik gabe.

3. Lanaldia behin ez betetzea, hilabeteko epean, justifikatutako arrazoirik gabe.

4. Herritarrekiko, agintariekiko, nagusiekiko eta lankide edo menpekoekiko tratu-desegokitasunez jokatzea.

5. Zerbitzuetako lokalak, instalazioak, ibilgailuak, materialak, dokumentazioa eta gainerako elementuak gaizki erabiltzea edo axolagabekeriaz zaintzea, betiere arau-hauste larriagoa ez denean.

6. Nagusiei ez jakinaraztea, ezarritako bidetik, zerbitzuarekin lotutako edozein eskari, erreklamazio edo kexa, urgentzia kasuetan izan ezik, bai eta halakoak ez izapidetzea ere.

7. Lanean dihardutela edari alkoholdunak edatea.

8. Uniformeari eta agurrari buruzko arauak urratzea.

9. Lanbide kredentzialak bidezko arrazoi justifikaturik gabe erakustea.

10. Lanbide kredentzialak edo polizia-eginkizunetarako erabiltzen diren beste bitarteko edo baliabide batzuk desagertzeko, galtzeko, galtzeko edo lapurtzeko bidea ematea, aitzakiarik gabeko zabarkeriaren ondorioz.

11. Intsignia, domina edo bestelako bereizgarriak agerian eramatea, horretarako baimenik gabe, hutsegite larriagotzat jotzen ez bada.

12. Doluz egindako faltagatik epai irmoaren bidez kondenatua izatea, eginiko arau-hauste penalak zerbitzuarekin zerikusia duenean.

13. Foru lege honen 4. artikuluan ezarritako printzipioen ondoriozko eginbeharrak ez betetzea, betiere hutsegitea larria edo oso larria ez bada, eta, orobat, polizia lanari dagozkion eginbehar eta betebeharretan berandu iristea edo zabarkeriaz edo utzikeriaz jokatzea, hutsegitea larriagotzat jotzen ez bada.

60. artikulua. Hutsegite larriak.

Hauek dira hutsegite larriak:

1. Hamabi puntualtasun-hutsegite baino gehiago, hil berean, justifikatutako arrazoirik gabe.

2. Gehienez ere bost aldiz, hilabeteko epean, lanera ez joatea, justifikatutako arrazoirik gabe.

3. Gehienez ere bost aldiz, hilabeteko epean, lanaldia ez betetzea, justifikatutako arrazoirik gabe.

4. Herritar, agintari, nagusi, lankide edo menpekoekiko begirune falta larria, lanean jardutean.

5. Lokalen, materialaren edo zerbitzuarekin lotutako gainerako elementuen kontserbazioan kalte larriak eragitea, aitzakiarik gabeko zabarkeriaren ondorioz, edo haiek desagertzeko, galtzeko edo lapurtzeko bidea ematea.

6. Zerbitzuaren berezko arloetan nagusiek idatziz edo ahoz emandako aginduak ez betetzea, ordenamendu juridikoaren arau-hauste nabarmena ez badira.

7. Legeek ezarritako abstentzio-arrazoiren bat gertatzen denean, prozedura administratiboren batean parte hartzea.

8. Lanean dihardutela iskanbilak sortu edo horrelakoetan parte hartzea.

9. Lanbide-sekreturako betebeharra ez betetzea, hirugarrenak edo polizia-lanaren garapena kaltetzen ez direnean.

10. Beren eskurantzez gehiegikeriaz baliatzea, herritarren kaltean, hutsegite larriagotzat hartzen ez bada.

11. Zerbitzuari buruz txosten edo erabaki gezurrezko edo alderdikoiak egin edo hartzea, hutsegite larriagotzat hartzen ez bada.

12. Nagusiei ez jakinaraztea beren eginkizunekin lotuta dagoen eta haiek jakin beharko luketen edo lehenbailehen erabaki beharko luketen edozein kontu.

13. Arauzko armak erabiltzea haiek zerbitzuko jardunean edo zerbitzutik kanpo erabiltzeko arauak hautsiz, gauzei edo pertsonei kalte egin gabe.

14. Doluz egindako delitu batengatik epai irmoaren bidez kondenatua izatea, eginiko arau-hauste penalak zerbitzuarekin zerikusia duenean eta arau-hauste oso larria ez denean.

15. Bakarka nahiz taldeka obedientzia ukatzeko egintzak prestatzea.

16. Mozkortzea edota droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea zerbitzuan ari dela edo zerbitzua betetzea mozkortuta edo nabarmenki aipatu substantzien eraginpean; halaber, egoera fisiko edo psikiko ez-ohikoan egonik, uko egitea bidezkoak diren egiaztapen teknikoak egiteari.

17. Esleitutako zerbitzuan ez egotea edo bertatik joatea justifikatutako arrazoirik gabe, nagusiari ez-egote hori jakinaraztea eragozten duen ezinbesteko arrazoi bat ez dagoenean.

18. Zerbitzuen eraginkortasunean eragina duen edo herritarrei kalte eragiten dien errendimendu falta agerikoa, errepikatua eta justifikaziorik gabea.

19. Bateraezintasunen gaineko araubidearen ez-betetzea.

20. Arauzko arma desagertzea, galtzea edo lapurtua izatea, aitzakiarik gabeko zabarkeriaren ondorioz.

21. Menpekoei galaraztea, mugatzea edo oztopatzea aitortuta dituzten eskubideez baliatzea, hutsegite oso larritzat ez bada jotzen.

22. Gertaera edo inguruabar larrietan lehenbailehen laguntzarik ez ematea, horretara beharturik egonez gero, eta delitutzat ez bada jotzen.

23. Polizia eginkizunetik heldu diren betebehar eta eginbeharrak ez betetzea zabarkeria larriaren ondorioz, halakoak modu larri eta agerikoan gertatzen direnean eta zerbitzuen funtzionamendu eraginkorra nahasten dutenean edo Administrazioari nahiz herritarrei kalteak eragiten dizkietenean.

24. Segurtasun kidego eta indarretako beste kide batzuekiko lankidetza falta agerikoa.

25. Zerbitzuko eginkizunetan edo nahitaezkoa denean arauzko uniformea, kategoria edo karguaren bereizgarriak, arauzko arma edo zehazten diren babes- edo ekintza-baliabideak ez eramatea, horretarako baimenik ez bada eman edo justifikatutako arrazoi bat ez badago.

26. Uniformez jantzita joatea edozein manifestazio edo bilkura publikotara, non eta ez den zerbitzuko eginkizuna edo uniformez joatea egokitzat jotzen den edo baimenduta dagoen ekitaldi ofiziala.

27. Destino aldaketak eskatzea eta lortzea edozein ordainen truke, irabazi asmoz edota aldaketa horiek arautzen dituzten baldintzak faltsututa.

28. Segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzko legerian ezarritakoaren urraketak, hutsegite oso larritzat jotzen ez badira.

29. Lan arriskuen prebentziorako arauen urraketa, norberaren bizitza, osasuna edo integritate fisikoa, lankideena edo menpekoena arrisku larrian jartzen bada.

30. Zerbitzuarekin zerikusia duen edozein eskabide, erreklamazio edo kexa izapidetzeari uko egitea behin eta berriro, hutsegite arintzat ez bada jotzen.

61. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak izanen dira:

1. Hilabeteko epean lanera ez joatea bost aldiz baino gehiagotan, justifikatutako arrazoirik gabe.

2. Lanaldia ez betetzea, justifikatutako arrazoirik gabe, bost aldiz baino gehiagotan, hilabeteko epean.

3. Zerbitzuarekin zerikusia duen doluzko delitu batengatik zigortuta egotea epai irmoaren bidez, hiru urtetik gorako espetxeratze-zigorrera.

4. Kargua dela-eta ezagutzen dituen aferetan, sekretu profesionala eta behar bezalako isilpea urratzea, poliziaren eginkizunei edo edonori kaltea eragiten zaienean.

5. Entitateen edo partikularren eskupekoak eskatu edo onartzea, emaniko zerbitzuengatik edo horiek eskertzeko.

6. Insubordinazio nabarmena, indibiduala nahiz kolektiboa.

7. Eginkizunetan ari dela, Nafarroako foru eraentzari zor zaion begirunea ez izatea eta Konstituzioari eta legeei ez men egitea.

8. Grebetan, haien ordezko ekintzetan edo hitzarturiko ekintzetan parte hartzea, zerbitzuen funtzionamendu normala galarazteko helburuarekin.

9. Neutraltasun edo independentzia politikoa urratzea, esleituriko ahalmenak edonolako edo edonongo hauteskundeetan erabiliz.

10. Herritarrei, menpekoei edo Administrazioari kalte larria eragiten dien agintekeria, bai eta zaintzapean dituen pertsonak gizalegez ez tratatzea, mespretxatuz, diskriminatuz edo laidotuz.

11. Arauzko armak zerbitzutik kanpo edo haiek erabiltzeari buruzko arauak hautsiz erakutsi edo erabiltzea, horren ondorioz gauzei edo pertsonei kalte egiten bazaie edo alarma publikoa gertatu bada.

12. Sekretu ofizialak argitaratzea edo modu desegokian erabiltzea, sekretutzat jo badira alor horretako berariazko araudiari jarraikiz.

13. Arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo usteak, ezgaitasuna, adina edo sexu-joera, sexua, hizkuntza, iritzia, jatorria, bizilekua edo bere egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta inolako bazterkeria egitea ekarri ahal duten jarduketak.

14. Sexu-jazarpena eta lan-jazarpena. Azken hau da behin eta berriro jazarpen psikologikoko edo etsaigoko ekintzak egitea zerbitzu-harreman baten esparruan.

15. Askatasun publikoak eta eskubide sindikalak erabiltzeko oztopo larriak jartzea.

16. Segurtasun indar eta kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzko legerian arau-hauste oso larritzat jotzen diren urraketak.

17. Edozein eginbehar profesional ez betetzea, zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia nabarmen eragotziz gero edo Administrazioari edo herritarrei kalte larriak eraginez gero edo pertsona edo ondasunentzat edo segurtasun publikoarentzat arrisku nabarmena sorraraziz gero”.

 62. artikulua. Zehapenak.

1. Hutsegite arinek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Ohartarazpena.

b) Enplegu-soldaten etenaldia, egun batetik lau egunera bitartekoa, antzinatasuna galdu gabe, ondorio guztietarako.

2. Hutsegite larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Beste lanpostu batera derrigortuta aldatzea, herriz aldatu gabe, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe.

b) Enplegu-soldaten etenaldia, bost egunetik hogeita hamarrera bitartekoa, antzinatasuna galdu gabe, ondorio guztietarako.

c) Eginkizunen etenaldia, hiru hilabetez gehienez.

3. Hutsegite oso larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Eginkizunen etenaldia, hiru hilabetetik hiru urtera bitartekoa.

b) Zerbitzutik kentzea.

Eginkizunak eteteak funtzionario izaerari dagozkion eskubide guztiak galtzea ekarriko dio zehapena jaso duen funtzionarioari, zehaztuko den denborarako.

Zerbitzutik kentzeak funtzionario izaera galtzea ekarriko du berekin.

4. Zehatua gutxien kaltetzen duen moduan beteko dira zehapenak. Ondorio horietarako, enplegu-soldaten etenaldia honako proportzioaren arabera eginen da: benetan lan egindako lau egun eta zerbitzurik gabeko egun bat.

5. Ez dira zehapen gisa joko puntualtasunean atzeratzeagatik edo lanera arrazoirik gabe ez etortzeagatik lansariei proportzioan eginiko murrizketak. Murrizketak zuzenean eginen dira eta beti.

6. Diziplina zehapenak espediente pertsonaletan jasoko dira, zer hutsegitek eragin dituzten adierazirik.

7. Zehapenak mailakatzeko kontuan hartuko dira, egite eta ez-egiteez gain, honakoak ere, proportzionaltasunaren printzipioarekin bat:

a) Erantzuleen asmoa eta faltaren izaera.

b) Zerbitzuen funtzionamendu egokian sortutako nahasmendua.

c) Administrazioari edo herritarrei eragindako kalte eta galerak.

d) Hutsegiteetan berrerortzea.

e) Hutsegitean edo ez-betetzean izandako parte-hartzearen maila.

f) Segurtasun publikoari begira izandako garrantzia.

g) Lanbide-historiala, inguruabar aringarri gisa.

8. Hutsegite oso larriengatiko zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dira, hutsegite larriek urtebeteren buruan eta arinek, berriz, hilabeteren buruan.

63. artikulua. Berrerortzea eta aurrekariak deuseztatzea.

1. Hauxe da berrerortzea: hutsegitearen unean funtzionarioak beste zehapen bat duenean, ebazpen irmoaren bidez ezarria hutsegite larriago batengatik edo larritasun bereko edo deuseztatu ez diren larritasun txikiagoko bi hutsegiterengatik.

2. Deuseztapena ofizioz eginen da zehapena bete eta bi edo lau urte iraganik, hutsegite larrien edo oso larrien kasuan, hurrenez hurren, betiere zerbitzutik bereizteko zehapena jaso ez badute.

3. Hutsegite arinengatik ezarritako ohartarazpenak ofizioz deuseztatuko dira bete eta sei hilabetera.

4. Deuseztatzearen ondorioz, ohartarazpena baliogabetu eginen da, eta ez da haren ziurtagiririk egiterik izanen.

 64. artikulua. Hutsegite larrien eta oso larriengatik diziplina espedienteak ireki eta zehapenak ezartzeko eskumena.

1. Honako hauena da hutsegite larrien eta oso larriengatik diziplina espedienteak ireki eta zehapenak ezartzeko eskumena:

a) Nafarroako Foruzaingoan, kasuan kasuko foru dekretuan ezartzen den zuzendari nagusiarena.

b) Udaltzaingoetan, alkatearena edo toki entitateko buruarena.

2. Zehapen larriak edo oso larriak ezartzeko eskumena arau hauen menpe egonen da:

a) Nafarroako Foruzaingoan, Nafarroako Gobernuak izanen du zerbitzutik bereizteko zehapena ezartzeko eskumena, kontseilari eskudunak hutsegite oso larriengatik zehapenak ezartzekoa, eta zuzendari nagusi eskudunak hutsegite larriengatik zehapena ezartzekoa.

b) Udaltzaingoetan, eskumena kasu guztietan alkatearena edo toki entitateko buruarena izanen da.

65. artikulua. Hutsegite larriak edo oso larriak ezartzeko prozedura.

1. Hutsegite larri edo oso larriengatiko diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak behin-behineko etenaldia edo behin-behinekoz beste lanpostu batera atxikitzea erabaki dezake berariaz, kautelazko neurri gisa eta prebentzio izaeraz. Behin-behineko neurriak hartzeko ebazpena eman baino lehen, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hiru egun baliodunez. Nolanahi ere, behar bezala arrazoitutako ohiz kanpoko presa edo arriskuko kasuetan, buruak edo komisario nagusiak arma eta kredentziala kendu ahalko dizkiote funtzionarioari kautelazko neurri gisa, eta organo horrek hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, berretsi beharko du erabaki hori.

2. Behin-behineko etenaldiak edo beste lanpostu bati behin-behinekoz atxikitzeak espedientaturik edo auzipeturik dagoen funtzionarioak arma, kredentziala eta uniformea behin-behinekoz galtzea ekar dezake, bai eta bere kidegoko instalazioetara baimenik gabe sartzeko debekua ere.

Beste lanpostu batera behin-behinekoz atxikitzeak, nolanahi ere, ez du berarekin ekarriko ez destinoko herria aldatzea, ez inongo lansari-galerarik.

Kautelazko neurriei eutsi edo horiek bertan behera uzteari buruzko ebazpena ematerakoan, egindakoen larritasuna baloratuko da, bai eta kasu bakoitzaren inguruabar zehatzak eta espedientaturiko funtzionarioaren espediente pertsonala ere. Kautelazko neurriak ezarri edo luzatzea erabakitzen duen ebazpena arrazoitua izan beharko da.

3. Kautelazko neurri horiek hilabeterako erabaki ahalko dira, eta epe hori beste hilabetez luzatu ahalko da, sei hilabete egin arte gehienez.

4. Behin-behineko etenaldian dauden funtzionarioek eskubidea izanen dute, soilik, beren mailako hasierako soldatari, graduari, antzinatasuneko sariari eta familia laguntzari dagozkien lansariak jasotzeko. Behin-behineko etenaldiaren denbora kontuan hartuko da eginkizunen etenaldiaren zehapena betetzearen ondorioetarako, zehapen hori ezartzen bada. Behin-behineko etenaldia irmo bilakatzen ez bada, funtzionarioari kendu zaizkion eskubide guztiak aitortuko zaizkio.

5. Hutsegite larri edo oso larriengatiko zehapen espedientea hasi baino lehen, diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazioaldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer-nolakoak ikertu eta prozedura abiaraztea komeni behar den ala ez den erabakitzeko. Zilegi izanen da aurretiazko informazioaldi hori erreserbatua izatea, eta ez du hilabete batetik goiti iraunen, non eta espresuki erabakitzen ez den beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea. Idatz-zati honetan aipatzen diren aurretiazko jarduketek zehapen prozedura ez dute irekitzat harraraziko.

6. Diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak hala ebatzirik irekiko da prozedura, dela norberaren ekimenez dela menpekoen mozio arrazoituaren ondorioz edo salaketaren ondorioz. Salaketa anonimo hutsa ez da aintzat hartuko, ezta arestian aipatutako aukerako informazio erreserbatua gauzatzeko ere. Diziplina espedientea hasten duen ebazpenak egintzetarako instrukzio-egilea izendatuko du eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio eta, salatzailerik izan bada, hari ere bai. Funtzionario edo kontratudun bat izendatuko da instrukzio-egile, hautapen prozeduran zuzenbideko lizentziatuaren titulua eskatu zaienetako bat hain zuzen. Ustez larriak diren hutsegiteen kasuan, polizia kidegoko kide bat izendatu ahalko da horretarako; pertsona horrek onartu egin beharko du, abstentziorako arrazoirik ez badago.

Bai aldez aurreko informazioetan, bai diziplina prozeduran, funtzionarioak legelari baten laguntza eduki ahalko du, eta errekusatzea sustatu ahalko du prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatzearen gaineko ebazpenen aurka ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu; hala ere, prozedura amaitzen duen egintzaren aurkako errekurtsoa aurkeztean, alega daiteke errekusatzea.

Nolanahi ere, eta lehenengo jarduketa gisa, instrukzio-egileak deklarazioa hartuko dio ustezko inkulpatuari, hura nor den finkatuta badago, eta menpekoen mozio arrazoitutik edo espedientea irekitzea eragin duen salaketatik eta deklarazioan alegatutakotik ondorioztatzen diren diligentziak eginen ditu.

7. Instrukzio-egileak karguen plegu bat idatziko du, zehapen proposamena eta guzti, eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio. Hark hamar egun balioduneko epea izanen du bere eskubideen alde bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egiteko eta datuak, informazioak edo dokumentuak aurkezteko, bai eta kasurako iruditzen zaion froga proposatzeko.

Karguen pleguan beti honako jakingaiak ezarriko dira derrigorrez:

a) Ustezko arau-hausleen identifikazioa.

b) Egotzitako egitateak, arau-hausteak tipifikatzeko eta zehapenak mailakatzeko garrantzia dutenak nabarmendurik.

c) Ustezko arau-haustea, zehazturik zein den edo zein diren hautsitako araua edo arauak.

d) Zehapenik zilegi bada, zein den.

e) Zein organok duen prozedura ebazteko eskumena eta zein arauk ematen dion eskumen hori.

8. Espedientatuak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instrukzio-egileak organo eskudunari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, ezertan galarazi gabe izapidetzen segitzea, iruzur egitearen edo beste pertsona edo entitate batzuk estaltzearen susmo arrazoizkorik badago, edo prozedura hasteak sortu duen kontua ororen interesekoa bada.

9. Kargu-orriari erantzunda edo erantzun hori emateko epea iraganda, ofizioz edo ustezko arau-hausleak eskatuta, behar adina froga egin edo onartuko dira, gertatutakoak eta ustezko erantzukizunak finkatzeko. Gertaerekin duten loturagatik azken ebazpena ustezko arau-hauslearen alde aldatu ezin duten frogak soilik ukatu ahalko dira. Froga-aldiaren epea ez da hogeita hamar egunekoa baino luzeagoa eta hamabost egunekoa baino laburragoa izanen. Hala eta guztiz ere, instrukzio-egileak beharrezkotzat jotzen badu, epe hori luzatu ahalko du, aparteko izaeraz eta arrazoiak emanda. Froga-aldiaren irekitzea prozedura zein funtzionarioren kontra ari den izapidetzen, hari jakinaraziko zaio.

10. Alegazioak aurkezteko aurreikusitako epea iraganik, frogarik egin behar bada frogak eginik, eta beharrezko irizten zaien eginbideak egin ondoren ere, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena emanen du. Bertan egintzak finkatuko dira zehaztasunez, –karguen pleguan jasotakoekin eta eginiko frogekin bat etorriko dira–, frogen balorazio juridikoa eginen da, eginiko hutsegitea zehazte aldera, eta funtzionario arduraduna nor den adieraziko da. Halaber, bidezkotzat jotzen den zehapena adieraziko da, edota espedientea artxibatzea proposatuko da.

Proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epean beren defentsan egokitzat jotzen dutena alegatu ahal dezaten.

Interesdunari entzun edo epea inongo alegaziorik gabe iragan ondoren, instrukzio-egileak kasuko langile-batzordeari helaraziko dio espedientea, edo, kasua bada, langileen ordezkariari, hamar eguneko epean eman dezaten Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 82.5.b) artikuluan aipatzen den txostena.

Behin txostena jasota, edo epea txostenik eman gabe iragaten bada, instrukzio-egileak espedientea igorriko dio prozeduraren hasiera erabaki duen organoari, azken horrek, espedientea aztertuta eta, kasua bada, egokitzat jotzen dituen jarduketa osagarriak eginda, dagokion ebazpena eman dezan, horretarako eskumenik baldin badu. Hala ez bada, organo horrek espedientea igorriko dio ebazteko eskuduna denari.

11. Diziplina-prozedura amaituko da organo eskudunak kasuko zehapena emateko ebazpena ematen duenean. Ebazpen hori, non espedientean planteatutako gai guztiak erabaki beharko diren, arrazoitua izan behar da, eta hartan ezin izanen da onartu ez egitaterik, ez funtsik, kargu-orrirako eta ebazpen-proposamenerako oinarri gisa baliatu direnez bestelakorik, haien balorazio juridikoa desberdina izanda ere.

Halaber, diziplina-prozedurari amaiera emanen dion ebazpenak erabateko zehaztasunez finkatu beharko du zein hutsegite egintzat hartzen den, zein xedapenetan jasota ageri den adierazita, hutsegite-mota, funtzionario arduraduna eta ezartzen den zehapena. Halaber, adierazpen espresua eginen da prozedura izapidetu bitartean hartu ahal izan diren behin-behineko neurriei buruz.

Ebazpenean erabakitzen bada ez dagoela diziplina-hutsegiterik edo erantzukizunik errua egotzi zaion funtzionarioarentzat, egokia den adierazpena eginen da behin-behineko neurriei dagokienez.

12. Diziplina prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, espedientea irekitzeko ebazpena eman zen egunetik hasita. Epe hori beste sei hilabetez luzatu ahalko da, gehienez ere.

Epe horiek igarotzen badira prozedura amaituko duen ebazpenik eman gabe, prozedura iraungi eginen da. Prozedura ez da iraungiko espedientea ustezko erantzuleari egotz dakiokeen zergatiko batengatik geldirik badago”.

 66. artikulua. Hutsegite arinak.

1. Diziplina espedienteak ireki eta hutsegite arinak ezartzeko eskumena honako hauena izanen da:

a) Nafarroako Foruzaingoan, Foruzaingoko buruarena.

b) Udaltzaingoetan, udaltzaingoko buruarena.

2. Hutsegite arinengatik zehapenak ezartzeko prozedura laburtua hauxe izanen da:

Funtzionario batek eginiko ekintzaren bat hutsegite arina izan ahalko balitz organo eskudunaren ustetan, horrek espediente sumario bat irekiko du izan litezkeen diziplina-erantzukizunak zehazte aldera.

Ustezko ekintzaren berri salaketa bidez izan balitz, hierarkian gora dagoen nagusiak, espedientea ireki aurretik, salaketa argitzeko datu osagarriak bilduko ditu, hiru eguneko epean, eta beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu eta, kasua bada, espedientea irekitzeko.

Espedientea ireki duen organo eskudunak berehala prestatuko du karguen plegua, zeinean jaso beharko baitira egotzitako gertaerak, ustez egin den hutsegitea, errua egotzitako funtzionarioaren erantzukizuna eta foru lege honetan kasuko hutsegiterako aurreikusten den zehapena.

Karguen plegua inkulpatuari igorriko zaio, bost eguneko epean bere defentsarako bidezkotzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan eta baliatu nahi dituen frogak proposa ditzan.

Espedientea ireki duen organo eskudunak egokitzat jotzen dituen froga-diligentziak bost eguneko epean eginen dira. Organo horrek, hala ere, beharrezkotzat jotzen badu, luzatu egin ahalko du epe hori.

Frogarik proposatuko ez bada, edo proposatutakoa egin ondoren, organo eskudunak, zehapena ezartzeko eskumena izanez gero, ebazpena emanen du hiru eguneko epean, eta, bestela, hurrengo egun baliodunean espedientea igorriko dio horretarako eskumena duen organoari, zeinak dagokion ebazpena eman beharko baitu adierazitako epean.

Kapitulu honetan espresuki aurreikusten ez den orotan, hutsegite larri edo oso larrietarako prozeduran jasotako xedapenak aplikatuko dira modu osagarrian.

67. artikulua. Jakinarazpena eta idazpena.

Interesdunari eta behar diren administrazio organoei diziplina espedienteari amaiera emanen dion ebazpena edo egintza jakinaraziko zaie, eta zehapena ezartzen badu haren espediente pertsonalean idatziko da.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Langileak atxikitzea Nafarroako Foruzaingoaren unitate organikoari.

Zerbitzuaren beharrek hala justifikatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzio publikoaren eskumena duen organoak polizia ez diren langileak atxiki ahalko dizkio Nafarroako Foruzaingoko unitate organikoari, administrazio horretako funtzionarioen artean libreki hautatu ondoren, eginkizun teknikoetan aritzeko edo laguntza administratiboa edo exekutiboa emateko. Langile horiek Foruzaingoko buruaren eta gainerako aginteen menpe egonen dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Toki entitateetako polizia kidegoen antolaketa araudiak.

Polizia kidegoak dituzten toki entitateek antolaketa araudiak egin edo egokituko dituzte, foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Datu basea.

Nafarroako polizia guztiek erabiltzen dituzten giza baliabideen datu base eguneratua izanen du departamentu eskudunak.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Aplikazio osagarria.

Foru lege honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako polizia kidegoetako langileei Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren arau orokorretan ezarritakoa izanen zaie aplikatzekoa, betiere aplikazio hori ez bada haien aurreikuspenen edo printzipio orokorren kontrakoa.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. (kenduta).

Seigarren Xedapen Gehigarria. Udal agenteak poliziekin parekatzea.

Nafarroako polizia kidegoetako polizia eta kabo kategorian sartzeko prozedurei dagokienez -foru lege honetako 32. eta 33 artikuluetan daude araututa- poliziei parekatuta daudela joko da Nafarroako Segurtasun Eskolak polizia izateko ematen duen prestakuntzako oinarrizko ikastaroa gainditua duten udal agenteak; Nafarroako Segurtasun Eskolak emandako ziurtagiriaren bidez frogatu beharko dute ikastaroa egina dutela.

“Halaber, udal agenteei aplikatzekoa izanen zaie foru lege honen 4, 29, 30, 39, 41 eta 41. artikuluetan ezarritakoa, bai eta IV. tituluko III. kapituluaren 7. eta 11. ataletan ezarritakoa ere”.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Proba fisikoak.

Nafarroako poliziei esleitutako eginkizunen izaerak eta haiek modu egokian betetzeak eskatzen du kidego horietako kideak sasoi onean egotea, eta horretarako beharrezkoa den prestakuntza lan-denboraren kontura egin behar da.

Prestakuntza horrek eskatzen duen ahalegin pertsonala saritze aldera, kasuko proba fisikoak gainditzen dituzten Nafarroako foruzain guztiei aplikatuko zaie urteko 126 orduko konpentsazioa. Horretarako, urte bakoitzeko azken hiruhilekoan eginen da aipatu proba fisikoetarako deialdia, foru lege honen eranskinetan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, deialdi nagusia egiten den urtearen hurrengoaren martxoan “gertakari proba” bat eginen da, salbuespenezko eta justifikatutako arrazoiak direla-eta hasiera batean ezarritako egunetan probak egiterik izan ez zuten pertsonentzat. Nafarroako Foruzaingoko kideek proba fisikoak egiten ematen duten denbora benetan lan egindakotzat hartuko da.

Laneko istripua, gaixotasun profesionala, haurdunaldia edo amatasuna dela-eta proba fisikoak egiterik izan ez dutenek dagozkien orduak baliatzeko eskubidea sortuko dute, baldin eta proba fisikoak gainditu bazituzten lan istripua izan baino lehen edo lan gaixotasunagatiko, haurdunaldiagatiko edo amatasunagatiko baja hasi baino lehen parte hartu ahal izan zuten azken deialdian.

Ordu-konpentsazioa duten Nafarroako Foruzaingoko kideek aukeratu ahalko dute, urte bakoitzeko irailaren 1a baino lehen, foru lege honen 51. artikuluan aurreikusitako sari ekonomikoa.

Proba fisikoak gainditzeagatiko sari ekonomikoa zein modutan eginen den erregelamendu bidez arautuko da, ezartzen diren baldintza eta prozeduraren bitartez. Bitartean, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuko 19.3 artikuluan ezarritako moduan ordainduko dira.

Proba fisikoak gainditzeagatiko konpentsaziorik ez duten Nafarroako poliziaren kidegoek, dagokien esparruan negoziatu ahalko dute konpentsazio horren aplikazioa, xedapen gehigarri honetan azaltzen den moduan, eta foru lege honen eranskinetan ezartzen diren baremoei jarraikiz.

Proba fisikoak gainditzeagatiko konpentsazioa duten Nafarroako gainerako poliziaren kidegoek, probak mantenduko dituzte, foru lege honek indarra hartu arte zituzten baldintzetan”.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Sartu eta mailaz igotzeko prozesuak.

Nafarroako polizia kidego desberdinetara sartzeko prozeduretan, prestakuntza ikastaroren baterako onartua izateko legezko baldintzetan dagoen izangairen bati ikastaro hori konbalidatutzat ematen baldin bazaio, lanpostu bera Nafarroako beste administrazio publikoren batean betetzeagatik, azken administrazio horrek eskatu ahalko du ezen, behin kidego edo administrazioa hautatu ondoren, hutsik gelditzen den hurrengo lanpostua eskain dakiola zerrendako hurrengoari; azken hori, izan ere, ikastaroa konbalidatu zaion izangaiak hasiera batean hautatu duen administrazioko praktikatako funtzionario gisa onartuko da prestakuntza ikastaroan.

Behin prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren eta ikastaroa konbalidatu zaion izangaiak hautaturiko polizia kidegoan sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du une horretara arte edukitako lanpostuari berariaz uko egitea, eta interesduna lanpostua gorde gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran geratuko da. Kasu horretan, hutsik geratu den lanpostua betetzen zegoeneko administrazioak, aipatutakoaren ordez prestakuntza ikastaroan sarturiko izangaia izendatuko du.

Nafarroako polizia kidegoen arteko promozio prozeduren kasuan, deia egiten duen administrazioan sartzeak berekin ekarri du ordura arte bete izandako lanpostuari uko egitea.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Ordainsariak

 Nafarroako gainerako poliziaren kidegoak xedapen gehigarri honetan ezartzen duenak arautuko ditu.

Nafarroako polizia kidego bakoitzean, gaur egun kidego horretarako kategoria desberdinetarako dauden osagarrien zenbateko osoa banatu egin beharko da, foru lege honetan onetsitako ordainsari-sistemari jarraikiz, administrazio bakoitzaren aurrekontuei ordainsarien kontu-sailaren igoerarik ekarri gabe, eta foru lege honen 51.2 artikuluan Foruzaingoarentzat ezartzen diren jaso beharreko gutxieneko lanpostuko osagarriak helburutzat hartuz, kategoria bakoitzean.

Nafarroako poliziaren kidegoetan banaketa hori aplikatzetik sortzen den lanpostuko osagarriari gehienez ere %4ko jaitsiera aplikatu ahalko zaio, Nafarroako poliziaren kidego guztientzat osagarri berariazkoa oraingo %41etik %45era igotzearen ondorioz.

51.2 artikuluan aipatzen den gehieneko aldea, %7koa, sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko da, eta lanpostu bakoitzari eta haren berezitasunei buruzko azterlan bat egin ondoren ezarriko da, lanpostu horretara egokituta. Egun, ezin izanen dute ekarri zenbateko osoaren handitzea”

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra. Lanpostu hutsak betetzeko prozedurak.

Sartu eta lanpostu hutsak betetzeko foru lege honek indarra hartu aurretik abiatutako prozedurek deialdiaren unean erabili zen araudiaren menpe segituko dute.

Bigarren Xedapen Iragankorra.

Hirugarren Xedapen Iragankorra. Diziplina espedienteak.

Foru lege honek indarra hartzen duenean izapidetzen ari diren diziplina espedienteak aurreko xedapenek arautuko dituzte, salbu eta arau hau onuragarriagoa baldin bada.

Laugarren Xedapen Iragankorra. Poliziaren langileak hautatzeko prozesuak amaituta geratzen diren lanpostu hutsen aldez aurretiko deialdia eta suhiltzaileentzako arau-homogeneizazioa.

Polizia kidegoa edo Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua duten Nafarroako administrazio publikoek, horietan lanpostu hutsak badituzte eta lanpostu horiek lan eskaintza publikoan sartzen badira betetzeko, beren egitura hierarkikoetan maila apalagokoak diren beste batzuk gehitu ahalko dizkiete aurrekoei deialdi publikoan, hasierako lanpostuak bete ondoren geratu diren lanpostu hutsetarako aurrekontuan dagoen diru kopuruaren kargura.

Bosgarren Xedapen Iragankorra. Burutzako osagarria.

Foru lege honek indarra hartzean plantilla organikoan burutzako osagarria duten Foruzaingoko kideek -Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamenduko 20. artikuluan dago jasota; urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua-, osagarri hori kobratzen jarraituko dute, harik eta organo eskudunak plantilla organikoa foru lege honetan ezarritakora egokitzen duen arte.

Seigarren Xedapen Iragankorra. Lanpostuak eskuratzeko araubide iragankorra.

Foru lege honetako 39 artikuluko 5. idatz-zatian aurreikusitako erregelamendua onetsi bitartean, erregelamendu horrek indarra hartu aurretik aplikatzekoak diren xedapenen arabera eskuratuko dira Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuak.

Zazpigarren Xedapen Iragankorra. Baliokidetzeen taula.

Foru lege honek indarra hartzean Nafarroako polizia kidegoetakoak diren funtzionarioak 42. artikuluan ezarritako lanpostu eta maila hauetan sartuko dira:

a) Komisario nagusia: ofiziala.

b) Komisarioa: inspektorea.

c) Inspektorea: inspektore-ordea.

d) Inspektore-ordea: sarjentua.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Zehazki, honakoak gelditu dira indarrik gabe:

a) Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina.

b) Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarria.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Erregelamendu bidezko garapena.

1. Foru lege honetan arloko eskumena duen kontseilariari, espresuki, erregelamenduzko garapena egiteko esleitzen zaizkion eskumenak galarazi gabe, Nafarroako Gobernuak foru lege honen xedapenak garatu eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko arauak emanen ditu.

2. Foru lege hau garatzen duten erregelamenduek indarra hartu arte, aurretik emandakoak eta indarra dutenak izanen dira aplikatzekoak, honi kontra egiten ez dioten guztian.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa