(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

220/2011 Foru Agindua, abenduaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntza ikasketei dagozkien sarrera libreko ziurtapen proben antolaketa arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2011ko 245. NAOn argitaratua, abenduaren 14an. Aldaketak: 49/2013 Foru Agindua, maiatzaren 21ekoa)

Atarikoa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntza sistemako ikasketen barnean, hizkuntza ikasketak ezartzen ditu, ikasleak hezkuntza sistemako etapa arruntetatik kanpora hizkuntzak egoki erabiltzeko presta daitezen. Hizkuntza ikasketak jakite maila desberdinetan antolatzen dira, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera.

Ikasketa horiek arautzen dituen araudiak, bai Estatukoak bai autonomia erkidegokoak, ezartzen du mailak ziurtatzeko nahitaezkoa dela amaierako berariazko proba bat gainditzea. Proba hori, Foru Komunitaterako indarra duen araudian ezarritakoarekin bat, bakarra da eta urtero egitekoa, deialdi batean gutxienez.

Foru Komunitatean, Hezkuntza Departamentuak amaierako probaren antolaketa arautzen du, hizkuntza bakoitzeko ziurtagiriak lortzeko.

Uztailaren 4ko 88/2007 eta irailaren 11ko 149/2008 foru aginduek ezartzen dute ikasle libreen oinarrizko mailaren, erdiko mailaren eta maila aurreratuaren ziurtagiria lortzeko inskripzioa Hezkuntza Departamentuak zehazten duen moduan, baldintzetan eta datetan eginen dela. Foru agindu honek, beraz, araudi hori garatzen du.

Halaber, aurreko lerroaldean aipatutako foru aginduek 19. eta 18. artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen dute zein izanen den hizkuntza eskola ofizialetako ikasleek informazioa lortu eta erreklamazioak aurkezteko prozesua. Alde horretatik, prozedura hori hobetzeko xedez, aldatu egin dira uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduaren 19. artikulua eta irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduaren 18. artikulua.

Azaroaren 10eko 208 Foru Aginduak Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzua izendatzen du Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntza ikasketei dagozkien sarrera libreko ziurtapen proben antolaketa arautzen duen foru aginduaren proiektua prestatzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntza ikasketei dagozkien sarrera libreko ziurtapen proben antolaketa arautzea.

2. artikulua. Sarrera eta onarpen baldintzak.

1. Hizkuntza ikasketen mailetako ziurtapen probak araubide librean egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da:

a) 16 urte beteta izatea matrikula egiten den urtean.

b) Hori hala izanik ere, hamalau urtetik gorakoek ere egin ahalko dituzte, derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikasitakoa ez den hizkuntza baterako.

2. Onarpen baldintza hauek ezarri dira:

a) Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, betetzea, hizkuntza bakoitzeko.

b) Hizkuntza bereko maila baterako soilik egin ahalko da matrikula.

Bi espediente baldin badaude, hizkuntza eskola ofizialek, ofizioz, zehazten duten eskolan eta modalitatean egindako matrikula deuseztatuko dute.

c) Maila eta hizkuntza berean araubide ofizialean matrikulatuta ez egotea.

3. Prozesuaren edozein unetan, egiaztatzen bada eskatzaileak ez duela betetzen aurreko puntuan ezarritako baldintzetakoren bat, zilegi izanen da prozesutik baztertzea.

3. artikulua. Probak.

1. Sarrera libreko probetarako deialdia urtero eginen da. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak proba horiek egiteko egutegia eta egoitzak finkatuko ditu. Gainera, baliabideen eraginkortasunari eta errentagarritasunari begira, Hezkuntza Departamentuak izangaien bidezko banaketa eginen du egoitzetan.

2. Edonola ere, maila bakoitzeko ziurtapen proba aldi berean banatuko da deialdi bakarrean, ahozko adierazpenaren proba izan ezik, horretarako egutegi bat prestatuko baita.

3. Maila bakoitzeko zehaztapenen araberako formatua, iraupena eta ezaugarriak izanen dituzte probek.

4. artikulua. Ebaluazioa, kalifikazioa eta ziurtapena.

1. Proben kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

2. Trebetasun guztietan kalifikazio orokor positiboa lortuz gero, kasuan kasuko mailaren eta hizkuntzaren ziurtagiria lortzeko eskubidea izanen da.

3. Aurreko puntuan aipatutako kalifikazio orokorra lortzen ez dutenek dagokien hizkuntza eskola ofizialari eskatu ahalko diote, probak egin eta 30 eguneko epean, ziurtagiri partziala eman diezaietela, hau da, gainditutako trebetasunean edo trebetasunetan eskatutako maila lortu izanari dagokiona.

5. artikulua (indargabetua) 

Lehen Xedapen Gehigarria

Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduaren 19. artikulua eta irailaren 11ko 149/2007 Foru Aginduaren 18. artikulua. Informazioa lortu eta erreklamazioak aurkezteko bideari dagokionez, foru agindu honen 6. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken Xedapenetan Lehena

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren jarduketak egin ditzan foru agindu honetan xedatutakoa garatu eta bete dadin.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa