Castellano | Euskara | Français | English
2701/2005 EBAZPENA, EKAINAREN 16KOA, NAFARROAKO GIZARTE ONGIZATEAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEAK EMANA, GOGAMENEKO GAIXOTASUN LARRIAK DITUZTEN PERTSONEI LAGUNTZEKO PROGRAMA SOZIALAREN JARDUERA TEKNIKOAK GIZARTE ONGIZATEAREN ZUZENDARITZA NAGUSIAREN ESKU UZTEN DITUENA.
(2005eko 93. NAOn argitaratua, abuztuaren 5ean)
Atarikoa
Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonei Laguntzeko Programa Soziala prestatu du eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek egin beharreko jarduketetako batzuk Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak gauzatu behar ditu.
Programa hori ahalik agudoena ezarri beharra dago eta, horregatik, eraginkortasunaren izenean, jarduera zehatz batzuk Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren esku utziko dira, une hauetan egin ditzakeelakoz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluak departamentu bateko organoek kudeaketak haren erakunde autonomoen esku uzteko modua arautzen du, eta horretarako departamentu horretako kontseilariaren baimena beharrezkoa da.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak onetsi zituen urtarrilaren 26ko 20/2004 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan eskurantzak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonei Laguntzeko Programa Sozialaren ondoko jarduera teknikoak Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea:
a) Tuteran, Iruñean, Elizondon eta Lizarran Gogameneko Gaixotasun Larriak dituzten Pertsonendako errehabilitazio psikosozialerako zentroen zerbitzua eta Tuteran etxebizitza gainbegiratuaren modalitateko egoitzaren zerbitzua kontratatzea arautuko duten klausula teknikoen eta klausula administratiboen agiriak prestatzea, bai eta ebazpenaren proposamena eta haren gaineko txosten juridikoa prestatzea ere.
b) Tuteran eta Iruñean parte-hartze soziokomunitarioko talde bana kontratatzea arautuko duten klausula teknikoen eta klausula administratiboen agiriak prestatzea, bai eta ebazpenaren proposamena eta haren gaineko txosten juridikoa prestatzea ere.
Bigarrena
Kasuan kasuko unitate teknikoek, mandatuaren jarduketak egin ondotik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Menpekotasunen arloko Laguntzaren Zuzendariordetzari aurkeztuko dizkiote haiexek, eta zuzendariordetzak behar diren izapidaketak eginen ditu kontratazio espedienteari hasiera eman dakion.
Hirugarrena
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar den lankidetza teknikoa emanen du mandatua gauzatu dadin.
Laugarrena
Mandatuak jarduerak egiteko adina denbora iraunen du, betiere lau hilabeteko denbora tartea gainditu gabe.
Bosgarrena
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluaren 1., 2. eta 5. atalek arautuko dute mandatua.
Seigarrena
Ebazpen hau jakinaraztea Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiari, bai eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Menpekotasunen arloko Laguntzaren Zuzendariordetzari, Giza Baliabideen eta Araubide Juridikoaren Zuzendariordetzari eta Kudeaketa Zuzendariordetzari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.