(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Barnea :
    • Jokoa :
      • 94/1991 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, rifa, tonbola eta zorizko konbinazioen Arautegia onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

94/1991 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, rifa, tonbola eta zorizko konbinazioen Arautegia onesten duena

 

(Texto publicado en BON N.º 48 de 17 de abril de 1991)

Atarikoa

Ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 22. artikuluak baimena izan dezaketen jokotzat hartzen ditu, rifa, tonbola eta zorizko konbinazioak. Halaber, aipatu Foru Legearen 13. artikuluak dioenez, joko modalitate horiei baimena emateko baldintza eta beharkizunak arautegi bidez ezarriko dira.

Legegilearen agindu hori betetzeko eta arlo honetan dagoen arauketa urria bateratzeko onetsi da Arautegi hau, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruaren barrenean egiten diren rifa, tonbola eta zorizko konbinazio guztietara aplikatuko dena.

Hori horrela, Lehendakaritza eta Barne Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamaikako martxoaren hogeitabatean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Onetsi egiten da rifa, tonbola eta zorizko konbinazioen Arautegia, testua ondoan erantsita doalarik.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne Kontseilariari Foru Dekretu hau betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

RIFA, TONBOLA ETA ZORIZKO KONBINAZIOEN ARAUTEGIA

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Esparrua.

1. Arautegi hau, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruaren barrenean egiten diren rifa, tonbola eta zorizko konbinazioei aplikatuko zaie, modalitate guztietan.

2. Rifa, Arautegi honen ondorioetarako, joko modalitate bat da, ondasun edo zerbitzu bat edo gehiagoren zozketa eginez burutzen dena, baina inoiz ere ez dirurik edo dirua ordezkatzen duen ezer, eta elkarren segidan zenbakituz edo beste modu batera bereizirik dauden salneurri bakar eta zehatzeko boleto edo paper bat edo gehiagoren erosleen artean egiten da.

3. Tonbola, Arautegi honen ondorioetarako, joko modalitate bat da, zenbakiak, ikurrak edo aldian-aldiko saria adierazten duen eraman beharko dituen salneurri zehatzeko boleto edo paper bat erosiz, momentuan, puntuak batuz edo zozketa bidez, eskainitako edozein sarirako aukera ematen duena.

4. Zorizko konbinazioa, Arautegi honen ondorioetarako, joko modalitate bat da, publizitatea xede izanik, pertsona edo entitate batek, ondasun higigarri edo higiezin, diru edo zerbitzu bat edo gehiagoren zozketa eginez burutzen dena, eta ohizko prezioan edo txikiagoan, bestelako ordainik eskatu gabe, publizitatearen xede den ondasun edo zerbitzua kontsumitzen dutenen artean egiten da.

5. Rifa, tonbola eta zorizko konbinazioek ezin izanen dute antzik izan izendapen, baliabide tekniko eta garapenean edo beste zerbaitetan, jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legean aurrikusitako jokoekin.

2. artikulua. Beharkizunak.

1. Rifa eta tonboletan, boleto edo paperen balioa, guztira zotz egindako ondasun edo ondasunen adinakoa izanen da, gutxienez.

Inoiz ere, ezin izanen dira diruarekin edo dirua ordezkatzen duen zerbaitekin trukatu bi zozketa horietan eskuratutako sariak.

2. Ondasun higigarriak edo aziendak diren sariak, jendeak azter ditzakeen tokietan egon beharko dute ezarrita edo kokaturik, eta ondasun higiezin direnak, erabiltzeko moduan.

Sari guztiak, gainera, jokoa antolatzen duenaren eskutan beharko dute izan, boleto edo paperak saltzen hasi baino lehen.

3. Zorizko konbinazioetan, eskudirutan ematen diren sariak gordailatuak egon beharko dute, lehendik kreditu edo aurrezki entitateren batean, haiek hasi eta bukatu bitartean.

3. artikulua. Enpresen erregistroa.

1. Rifa, tonbola eta zorizko konbinazioen modalitateetan, joko horiek Foru Komunitatearen lurraldean antolatu gogo dituzten joko-enpresen Erregistroa, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza eta Barne Departamentuan eginen da.

2. Erregistroan inskribatuak izan nahi duten pertsona fisiko zein juridikoek horrela eskatu beharko dute Lehendakaritza eta Barne Departamentuan, haien eskabidean ondoko dokumentu hauek erantsiz:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia, edo Administratzaile, Kontseilari edo Zuzendariena pertsona juridikoa izanik.

b) Zigorpeko eta Hezigaitzen Erregistro Nagusiaren ziurtagiria, aurreko atalean aipatu pertsonen gainean abenduaren 1eko 68/1980 Legeak adierazitako deklarazio osagarriarekin batera.

c) Eraketa eskrituraren kopia edo lekukotza, gastaturiko kapitalaren zenbatekoa agertuz, bazkideen izen eta partaidetza kuotekin eta Estatutuen kopia, pertsona juridikoen kasuan.

d) Sozietatea merkatal Erregistroan inskribatu izanaren frogagiria, pertsona juridikoen kasuan.

3. Eskaturiko dokumentu guztiak aurkeztuta direla eta eskaeraren aldeko txostena eginik, joko-enpresa inskribatzeari ekingo zaio, erregistro zenbakia emanez.

4. Erregistroko inskribapenak izaera mugagabea izanen du eta ondoko kasu hauetan soilik deuseztu ahal izanen da:

a) Interesatuak eskaturik.

b) Zehapen prozedura baten ondorioz.

c) Joko enpresaren titularra hilez gero, pertsona fisikoaren kasuan.

d) Sozietatea deseginez gero.

e) Eskatutako beharkizunen bat aldatu edo ez betetzeagatik, edo arautegi bidez aldizka aurkezteko eskatzen diren datuak aurkezten ez badira.

II. KAPITULUA. Rifa eta tonbolak

4. artikulua. Eskatzaileak.

Rifa eta tonbolak egiteko baimena eskatu ahalko dute joko-enpresen Erregistroan, rifa eta tonbolako modalitatean inskribatuak dauden pertsona fisiko edo juridiko guztiek.

5. artikulua. Esklusioak.

1. Ezin izanen dute rifa eta tonbolak egiteko baimenik eskatu, ondoko egoera hauetako batean daudenek:

a) Pertsona, jabetza edo Hazienda Publikoaren aurka, faltsukeriagatik, eskaera dataren aurreko bost urteen barrenean, epai irmoaren bidez kondenatuak izan direnek.

b) Porrot egin ondotik errehabilitatu ez direnek eta ordainketa etenduraren edo hartzekodun-lehiaketaren legezko egoeran deklaraturik, kaudimengabetzat deklaratua izan edo hartutako obligazioak erabat bete ez dituztenek.

c) Joko edo apostuen gaineko tributuengatik, azken bost urteetan zergaren kontrako arau hauste larriak egiteagatik, ebazpen irmo bidez bi urte edo gehiagotarako zehatuta izan direnek.

2. Aurreko ataleko a), b) eta c) letretan bildutako prebisioek pertsona juridikoentzat ere izanen dira, haien akziodun edo bazkideren bat suposamendu horietakoren batean erori bada.

3. Artikulu honetan aipatutako esklusioetakoren batean baimena eman ondoren sartzeak, hura galtzea ekarriko du, eta ezin izanen da besterik eskatu bost urte iragan arte.

6. artikulua. Eskabidearen formalizazioa.

Rifa edo tonbolarako baimena eskatzen den idazkian, nahitaez hurrengo hau adierazi beharko da:

1. Pertsona edo entitate antolatzailearen identifikazioa.

2. Rifa edo tonbola hasi eta bukatzeko datak.

3. Atera gogo diren boleto edo paper kopurua, bakoitzaren salneurria adieraziz.

Rifa, Estatuko Loteria eta Apostuen Erakunde Nazionalak antolatutako zozketekin konbinatuz egiten denean, ateratako zenbaki kopurua zozketa haietarako ezartzen den berbera izanen da.

4. Salmenta edo banaketak hartuko duen lurralde esparrua eta salmenta hori nola burutuko den.

5. Eman behar diren sarien zerrenda, xehetasun guztiekin, haien prezio edo merkatal balioa, eta irabazleei nola emanen zaizkien adieraziz, bai eta sari horiek zein tokitan dauden ezarrita edo erakusgai.

6. Irabazleak erabakiko dituen zozketa zein tokitan eginen den, nork eginen duen zozketa eta noiz egin gogo den.

7. Rifa edo tonbola-jokoaren garbitasuna erabat bermatzeko eta eman daitezkeen iruzurrak galerazteko, entitate antolatzaileak hartu beharreko neurrien deskribapena.

8. Saria entregatzeak sor ditzakeen gastuak ordaintzera nor egonen den behartua.

9. Eskatutako rifa edo tonbola eginda eskuratu nahi diren mozkinen destinoa.

7. artikulua. Eskabideari erantsi beharreko dokumentuak.

Rifa edo tonbola egiteko baimen-eskariarekin batera, aurreko artikuluan agindutako moduan, ondoko dokumentazio hau erantsiko da:

1. Antolatzailea joko-enpresen Erregistroan, rifa eta tonbola modalitatean, inskribatua dagoelako frogagiria.

2. Eskabidea sinatzen duena pertsona edo entitate antolatzailearen ordezkari dela frogatzen duen agiria.

3. Boleto edo paper saltzaileen zerrenda zehaztua, haietako bakoitzaren N.A.N.aren fotokopia bat aldean duela.

4. Erabili behar diren boleto edo paperen proiektua.

5. Pertsona edo entitate antolatzailearen ondasunen jabetza frogatzen duten kontratu, faktura, titulu edo dokumentuen kopia.

Ondasun higiezinen kasuan, Jabetza Erregistroak luzatutako ziurtagiria ekarriko da, antolatzailea finkaren titular dela frogatzen duena, haren deskribapena eta finka horren gaineko karga eta zergarik ez dagoela erantsiz.

6. Estatuko Loteria eta Apostuen Erakunde Nazionalak antolaturiko zozketekin konbinazioan egin gogo diren rifa eta tonbolen kasuan, entitate horrek antolatzaileari emandako baimenaren jatorrizkoa erantsiko da.

7. Sarien guztirako balioaren %10eko fidantza jarri izana kreditatzen duen frogagiria.

8. artikulua. Rifa xeheak.

1. Denetara 300.000 pezetako balioa gainditzen ez duten sariak dituzten rifak egin ahal izateko beharkizun bakarra, Lehendakaritza eta Barne Departamentuan jakinerazpen bat, boleto edo paperak saltzen hasi baino hamabost egun lehenagotik, aurkeztu beharra izanen da, Departamentu honek rifa bertan behera utzi edo hartarako baimenik ez ematea erabaki dezakeenik ezertan galerazi gabe.

2. Jakinerazpen horretan zozketa zein egun, toki eta ordutan eginen den adieraziko da, bai eta sarien balioa eta non gordailaturik dauden eta bildutako dirua zertan erabiliko den ere.

III. KAPITULUA. Zorizko konbinazioak

9. artikulua. Eskatzaileak.

1. Ondoko hauek eskatu ahalko dute baimena zorizko konbinazioak egiteko:

a) Merkataritza, industria edo zerbitzuetan ari diren pertsona fisiko edo juridikoek, dagozkien erregistroetan inskribatuta egonik.

b) Kreditu, finantzabide edo aurrezkiko entitateek, dagozkien erregistroetan inskribatuta izanik.

c) Aldizkako prentsa argitaratzen duten enpresek, dagozkien erregistroetan inskribatuta izanik.

2. Eskatzaile guztiek, gainera, joko-enpresen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, zorizko konbinazioen modalitatean.

10. artikulua. Esklusioak.

Ezin izanen dute zorizko konbinazioak egiteko baimenik eskatu Arautegi honen 4. artikuluan aipatutako kasuren batean daudenek.

11. artikulua. Eskabidearen formalizazioa.

Zorizko konbinazioaren baimenerako eskabide-idazkian, nahitaez agertu beharko dira:

1. Pertsona edo entitate antolatzailearen identifikazioa.

2. Zorizko konbinazioa zein datatan hasi eta bukatuko den.

3. Atera gogo diren boleto edo paperen kopurua eta ezaugarriak, bai eta horien banaketarena ere, erabiltzaile, bazkide edo kontsumitazaileen artean.

Zorizko konbinazioa, Estatuko Loteria eta Apostuen Erakunde Nazionalak antolatutako zozketekin konbinatuz egiten denean, guztira ateratako zenbaki kopurua zozketa haietan finkatutako berbera izanen da.

4. Zorizko konbinazioak izanen duen joko modalitatearen deskribapen xehekatua.

5. Eman behar diren sarien zerrenda, xehetasun guztiekin, prezio edo merkatal balioa eta irabazleei nola emanen zaien aipatuz, bai eta sari horiek zein tokitan dauden gordailaturik, erakusgai edo zein kontutan sartu diren, horrelakorik egin bada.

6. Irabazleak erabakiko dituen zozketa zein tokitan eginen den, nork eginen duen zozketa eta noiz egin gogo den.

7. Zorizko konbinazioaren garbitasuna erabat bermatzeko eta eman daitezkeen iruzurrak galerazteko entitate antolatzaileak hartu beharreko neurrien deskribapena.

8. Saria entregatzeak sor ditzakeen gastuak ordaintzera nor egonen den behartua.

12. artikulua. Eskabideari erantsi beharreko dokumentuak.

Zorizko konbinazioa egiteko baimen-eskariarekin batera, aurreko artikuluan agindutako moduan, ondoko dokumentazio hau erantsiko da:

1. Antolatzailea joko-enpresen Erregistroan, zorizko konbinazioen modalitatean, inskribatua dagoelako frogagiria.

2. Eskabidea sinatzen duena pertsona edo entitate antolatzailearen ordezkari dela frogatzen duen agiria.

3. Erabili behar diren boleto edo paperen proiektua.

4. Pertsona edo entitate antolatzailearen ondasunen jabetza frogatzen duten kontratu, faktura, titulu edo dokumentuen kopia.

Ondasun higiezinen kasuan, Jabetza Erregistroak luzatutako ziurtagiria ekarriko da, antolatzailea finkaren titular dela frogatzen duena, haren deskribapena eta finka horren gaineko karga eta zergarik ez dagoela erantsiz.

Sariak eskudirutan ematen badira, kreditu edo aurrezki entitatearen ziurtagiria erantsiko da, zorizko konbinazioa amaitu arte izan daitezkeen sari guztiei aurre egiteko adinako fondoak gordailatu izana frogatzen duena.

5. Estatuko Loteria eta Apostuen Erakunde Nazionalak antolatzen dituen zozketekin konbinazioan egin gogo diren zorizko konbinazioetan, entitate hark antolatzaileari emandako baimenaren jatorrizkoa erantsiko da.

6. Sarien guztirako balioaren %10eko fidantza jarri izana kreditatzen duen frogagiria.

IV. KAPITULUA. Baimentzeko prozedura

13. artikulua. Organo eskuduna.

 Edozein rifa, tonbola edo zorizko konbinazio egiteko Lehendakaritza eta Barne Departamentuak aurretik emandako baimena beharko da.

14. artikulua. Eskaera eta jokoaren hasiera.

Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioa antolatzen duen pertsona fisiko edo entitateak baimena eskatu beharko du jokoa hasi baino hilabete bat lehenago, gutxienez. Horretarako, joko bat hasitakotzat joko da jendeak hura badela dakienean, boleto edo paperen salmenta edo banaketa data hori baino beranduago egiten bada ere.

15. artikulua. Izapidaketa administratiboa.

7. artikuluan xedatutakoa ezertan ukatu gabe, ondoko era honetan izapidatuko da:

1. Eskaera eta harekin bat doan dokumentazioa jaso ondoren, Arautegi honetan ezarritako beharkizun guztiak betetzen dituenentz begiratuko da.

2. Eskaerak eta harekin bat doan dokumentazioak okerrik balu, Lehendakaritza eta Barne Departamentuak hamar laneguneko epea emanen lioke eskatzaileari hura zuzentzeko, oharteraziz, epe horretan horrela eginen ez balu, eskaera artxibatuko litzatekeela besterik gabe.

3. Espediente administratiboa egiaztaturik dela, behar den ebazpena emanen da, eskatzen den baimena emanez edo ukatuz.

4. Baimenak ematerakoan, lehentasuna izanen dute ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialek eratutako erakunde, entitate eta elkarteek.

16. artikulua. Ebazpenaren edukina.

Baimenaren ebazpenean, titularra nor den, boleto edo paperak saldu edo banatzen noiz hasi eta bukatu, zozketa edo zozketak noiz eginen diren, eta sarien eta boleto edo paperen balioa, adieraziko da.

17. artikulua. Baimenen eskualdaezintasuna.

Baimen administratiboa transferiezina izanen da, eta debekaturik dago edozein tituluren truke lagatzea eta hirugarren baten bitartez ustiatzea.

18. artikulua. Jokoaren gerorapena.

Joko baten gerorapenerako baimena Lehendakaritza eta Barne Departamentuak berariaz eman beharko du, eta ez du inoiz horrelako baimenik emanen boleto edo paperen salmenta edo banaketa hasia bada eta Estatuko Loteria eta Apostuen Erakunde Nazionalak antolaturiko zozketekin konbinazioan egiten bada.

V. KAPITULUA. Zehapen erregimena

19. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat eta jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 21. artikuluaren kontrakotzat hartuko dira hurrengo ekintza edo omisio hauek:

1. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioak antolatu edo ustiatzea behar duten baimen administratiborik gabe.

2. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioak baimena duten lokale edo egoitzetatik kanpo egitea.

3. Edozein tituluren truke, jasotako baimen administratiboa eskualdatu, transmititu edo lagatzea, edo jokoa hirugarren baten bitartez ustiatzea.

4. Ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 19.2 artikuluan aipatu pertsonek rifa, tonbola edo zorizko konbinazioetan parte hartzea.

5. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioetako elementuak jokatzaileen kaltetan erabiltzea.

6. Jokatzaileei lortua luketen saria, osorik edo zati bat, eman gabe uztea.

7. Baimen administratiboa eskuratzea, errealitatearekin bat ez datozen datu edo dokumentuak aurkeztuz.

8. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioen funtsezko arau edo baldintzak urratzea, haiei jarraikiz ematen baita baimen administratiboa.

9. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioetako boleto edo paperak baimenik ez dutenek saldu edo banatzea.

10. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioen publizitatea egitea behar den baimen administratiborik gabe edo horretan ezarritako mugetatik kanpo.

11. Baimendutako sari haundienak aldatzea edo ehuneko ehunean gainditzea.

12. Arau hauste larriak behin eta berriro egitea.

20. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larritzat eta jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 21. artikuluaren kontrakotzat hartuko dira hurrengo ekintza hauek:

1. Baimendutako sari haundienak aldatzea edo gainditzea.

2. Lehendakaritza eta Barne Departamentuak, rifa, tonbola edo zorizko konbinazioen gainean eska dezakeen edozein argibide ez ematea.

3. Agintaritzako ikuskatzaileen ikuskapen lana oztopatu edo hari uko egitea, rifa, tonbola edo zorizko konbinazioen gainean.

4. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioa egiteko lokale edo egoitzan, baimen administratiboa badela frogatzen duen dokumentua agerian ez edukitzea.

5. Eskatzen dituen edozeini, jokoaren oinarriak edo arautegia ez ematea.

6. Arau-hauste arinak behin eta berriro egitea.

21. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartuko dira Arau honetan xedatutakoaren kontra eta larritasun gehiagokotzat hartu ez diren ekintza edo omisioak.

22. artikulua. Erantzukizuna.

1. Arautegi honetan erregulatutako arau-hausteen erantzule dira horien egileak, pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan.

2. Lokale edo establezimenduetan, zuzendari, administratzaile edo enplegatuek orohar egiten badituzte arau-hausteak, haien erantzule solidario izanen dira halaber, haien zerbitzuak hartzen dituzten pertsona edo entitateak, bai eta lokaleko zuzendaria ere, arau-haustea bertan gertatu bada edo han aurkitu badira zehapengai den ekintzaren baliabide materialak edo objektuak.

23. artikulua. Ikuskaritza eta zaintza.

1. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioekin zerikusia duen ihardueraren bat antolatzen duten entitate edo pertsona fisikoak behartuak daude agintaritzako ikuskatzaileek, eginkizun horren ardura harturik, ikuskapen eta zaintze lanak egin ditzaten uztera, horretarako errekerimendua egiten dietenean.

2. Rifa, tonbola edo zorizko konbinazioen ikuskapen edo zaintze lanak egiten dituzten agintaritzako ikuskatzaileek beren iharduketen akta eginen dute.

3. Interesatuei jaso den aktaren kopia emanen zaie, arau-haustearen aztarnak ikusi badira eta akta horrek salaketa ekarri behar badu organo eskudunaren aitzinean. Ikuskapenean ez bada arau-hausterik ikusi, interesatuei akta entregatuko zaie eskaera egiten badute bakarrik.

4. Edozein inguruabar dela eta, gertatutakoaren aktarik ezin jaso bada, edo interesatuei entregatzerik ez bada, ahalik eta azkarren eginen da egitateen salaketa organo eskudunaren aitzinean.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Arautegi honetan jasotako fidantzak, Lehendakaritza eta Barne Kontseilariaren azaroaren 13ko 186/1990 Foru Aginduari, 150 zenbakidun 1990.eko abenduaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoari jarraikiz emanen dira.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa