Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 118. NAOn argitaratua, ekainaren 16an)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 7.1 artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko politika orokorra zehaztu eta ezartzeko ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari.
Bestetik, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzari buruzko printzipio zuzentzaileak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.
Elkartasun adierazpen hori eraginkorra izan dadin, Nafarroako lankidetza planifikatzeko sistema ezartzen du aipatu lege testuak. Bada, 8. artikuluan esaten da Nafarroako Gobernuak lau urtean behin ezarriko dituela lerro orokorrak eta oinarrizko jarraibideak garapenaren aldeko lankidetza politikan, eta hartarako helburu eta lehentasunak zehaztuko dituela. Horren osagarria da 17. artikuluan xedatutakoa, non esaten baita Nafarroako Gobernuak urte anitzeko plan zuzentzaileak onetsiko dituela, hau da, garapenaren aldeko lankidetza ekintzen lehentasun eta helburuak zehazten dituztenak foru lege honetan ezarritako arauen barrenean.
Plan zuzentzailea prestatzeko, plangintza estrategikoaren tresnak erabili dira eta nazioarteko lankidetzaren egungo ondarea erantsi die honako hauei: Nazio Batuen Milurteko Adierazpena (2000), laguntzaren eraginkortasunari buruzko Pariseko Adierazpena (2005) eta Accrako Ekintza Agenda (2008), ELGAkoak biak, garapenaren aldeko politikekiko koherentziaren agiria (2005), Garapenari buruzko Europako Kontsentsua (2006) eta EBren jokabidearen kodea, garapenaren aldeko politikaren esparruko lan banaketari buruzkoa (2007), Europar Batzordearenak horiek guztiak.
Planak zazpi kapitulu ditu, sarrera eta hainbat eranskinez gain. Hartan, krisiaren eta bere ondorio eta aukeren nazioarteko ikuspegiari heltzen zaio, gure lankidetzaren diagnostikoa egiten da, bai kopurutan bai kualitatiboki, Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitatean lankidetzan diharduten beste agente batzuen jarduketaren printzipio eta balioak adierazten dira, Nafarroako Gobernuaren lankidetza arloko jarduketaren lehentasunezko ardatz edo esparruak eta helburu orokorra ezartzen dira hurrengo lau urterako, lankidetzan protagonistak diren agenteak adierazten dira eta haietako bakoitzak parte hartzeko dituen helburu estrategikoak planteatzen dira, baita ebaluazio sistema eta oinarrizko emaitzen markoa ere.
Parte hartzeko aldia bukaturik, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak irizpena eman zion aurreproiektuari 2011ko otsailaren 9ko bilkuran, eta hura aldekoa izan zen. Ekonomia eta Ogasun Departamentura ere igorri da, horrek txostena egiteko, eta hori ere aldekoa izan da.
Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailearen proiektua, 2011-2014koa, bukatuta, Nafarroako Gobernuak, 2011ko maiatzaren 9an egindako bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, planaren jakitun dela adierazi zuen. Horren ondotik, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari dagokio hura onestea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailea, 2011-2014koa, onestea.
2. Foru agindu hau eta Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailea, 2011-2014koa, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Foru agindu hau eta Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailea, 2011-2014koa, Nafarroako Parlamentura igortzea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren bitartez, foru erakunde horrek haien berri izan dezaten.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailea, 2011-2014koa, Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren web orrialdean (www.cfnavarra.es/asuntos sociales), behar diren ondorioak izan ditzaten.