(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

450/2008 Ebazpena, azaroaren 7koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratua ziurtatzeko probaren gaineko oharrak onesten dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 153. NAOn argitaratua, azaroaren 17an. Aldaketak: 527/2008 Ebazpena, abenduaren 12koa)

Atarikoa

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratuaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen duen ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen denez, maila aurreratuaren ziurtagiria eskuratzeko, hizkuntza bakoitzeko berariazko proba bat gainditu beharko da amaieran. Proba horrek hizkuntza bakoitzaren curriculumean ezarritako gaitasunak hartu beharko ditu erreferentzia gisa.

Maila aurreratua antolatzen duen irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduaren 16. artikuluan zehaztuta daude maila horren ziurtagiria eskuratzeko bukaerako probek izan beharreko ezaugarri orokorrak. Artikulu horretako 4. atalean xedatzen da Hezkuntza Departamentuak beste ohar batzuk ematen ahalko dituela proben idazketa eta aplikazioa errazteko xedearekin.

Horrenbestez, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du maila aurreratuko ziurtatze probaren gaineko oharrak onestea. Eranskinetan jaso dira.

Hezkuntza kontseilariak uztailaren 16an emandako 356/2003 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskudantziak erabiliz, ebatzi dut:

1. Araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratua ziurtatzeko probaren gaineko oharrak onestea. Ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaltzen dira.

2. Ebazpen hau eta dagokion I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera eta Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

1. ERANSKINA. Izangaientzako maila aurreratua ziurtatzeko probarako oharrak

1.-Azterketaren helburua.

Maila aurreratuko azterketa hau izangaiek helburu komunikatibo orokorretarako lau hizkuntza trebetasunetan duten gaitasuna ebaluatzeko diseinaturiko proba batzuek osatzen dute.

2.-Izangaien eginbeharrak.

-Azterketako ikasgelan eskatutakoan, izangaiek ikastetxeko txartela, NANa, pasaportea edo haien nortasuna frogatzeko beste agiri ofizial bat aurkeztu beharko dute.

-Izangaiek garaiz iritsi behar dute eta deialdian finkatzen den orduan egon beharko dute azterketa egiteko gelan.

-Izangaiek bolaluma urdina edo beltza erabiliko dute azterketa egiteko. Lapitzez egindako probak ez dira zuzenduko.

-Idazteko materialaz beste tresnarik ezin da eduki mahai gainean.

-Sakelako telefonoak itzalita eduki beharko dira.

3.-Azterketaren ezaugarri orokorrak.

Izangaiek matrikula egin duten ikastetxean eginen dute proba.

3.1. Azterketaren zatiak.

Azterketak lau zati bereizi ditu:

PROBA PUNTUAZIOA GUTXIENEZ IRAUPENA

Irakurriaren ulermena 15 p %60 (9 p) 1h 15'

Entzunaren ulermena 15 p %60 (9 p) 45'

Idatzizko adierazpena 25 p %60 (15 p) 1h 45'

Ahozko adierazpena. 10 p %60 (6 p) 25' bi izangai.

Irakurriaren ulermenaren proba, ahozkoaren ulermenarena eta idatzizko adierazpenarena saio berean eginen dira. Ahozko adierazpena neurtzeko proba beste saio batean eginen da. Proba bakoitza banaka eginen da, multzotan batu gabe (idatzia/ahozkoa), eta ez da proba baztergarririk izanen.

Ikasle guztiek proba guztiak egin ditzakete, izan ere, ezein proba gainditzea ez da baldintza izanen hurrengoak egin ahal izateko. Azterketa osoa gainditzeko eta, horrenbestez, ziurtagiria lortzeko, azterketa osatzen duten lau probak gainditu beharko dira.

Deskribatzaileak Europako Esparru Komuneko B2 Erreferentzia Mailaren arabera ulertu behar dira.

3.2. Kalifikazioak.

Probaren emaitzari buruz ikasleei emanen zaien informazio-orrian gai edo ez-gai kalifikazio orokorra jarriko da.

4.-Azterketako lau proben ezaugarriak.

4.1. Irakurriaren ulermena.

Izangaiak gai izan behar du idatzizko testu luze eta konplexuen esanahi orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun garrantzitsuenak ulertzeko, irakurtzeko modua eta abiadura testu eta helburu desberdinetara egokituz, eta irakurketarako hiztegi aktibo zabala eduki beharko du, oso maiz agertzen ez diren esakuneekin eragozpenak izanik ere; gauza bera eskatuko zaio gaur egungo gaiei buruzko artikuluekin, egileak ikuspuntu bat hartu edo argudioak garatzen dituenean, eta literatur prosa garaikideko testuekin, salbu eta konplexutasun handiko hiztegia badute.

4.1.1. Probaren formatua.

LEHEN ZATIA

(5 p.)

Ideia nagusiak harrapatzea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

1. FORMATUA: 700 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta 5 item

.itema egia/gezurra den adierazi (+ justifikazioa).

.Aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

.Galdera ireki oso bideratu batzuk erantzutea (erantzunean 10 hitz gehienez), erreferentziako pasarteetako hitz zehatzak errepikatu gabe.

2. FORMATUA: 700 hitz arteko testu bat, 5 paragrafotan zatitua, edo antzeko hedadura duten zenbait testu.

PROZEDURA: testuaren 5 paragrafoak irakurri eta paragrafoak laburtzen dituzten 7 epigrafeetako 5ekin lotu.

3. FORMATUA: 5 galderako elkarrizketa (700 hitz bitarte). Galderak eta erantzunak bereiz aurkeztuko dira (2 distraigarri, galderak edo erantzunak).

PROZEDURA: galderak eta erantzunak irakurri eta lotu.

BIGARREN ZATIA

(5 p.)

Testu baten xehetasunak bereiztea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

FORMATUA: 700 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta 5 item

.itema egia/gezurra den adierazi (+ justifikazioa).

.Aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

.Galdera ireki oso bideratu batzuk erantzutea (erantzunean 10 hitz gehienez), erreferentziako pasarteetako hitz zehatzak errepikatu gabe.

HIRUGARREN ZATIA

(5 p.)

Testuaren egitura atzematea

eta/edo testuaren zatien arteko lotura.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

FORMATUA: 700 hitz arteko testua; horretatik 5 elementu atera dira (sintagmak edo perpausak) 7 aukerarekin (2 distraigarri).

PROZEDURA: testua irakurri eta osatu.

4.2. Entzunaren ulermena.

Izangaiak gai izan behar du esanahi orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun garrantzitsuenak ulertzeko gai zehatzak edo abstraktuak lantzen dituzten hizkuntza estandarreko ahozko testu konplexuetan, mailarako egokia den abiadura.

4.2.1. Probaren formatua.

LEHENDABIZIKO ZATIA

(5 p.)

Testu baten esanahi orokorra harrapatzea.

FORMATUA: 5 testu labur, guztira 5 minutuko gehieneko iraupenarekin.

PROZEDURA: Audio testuak bi aldiz entzun eta

.proposatutako epigrafeetatik 5ekin lotzea (7tik 10era bitarte)

.edo 5 item, a b c aukeretatik hautatzekoak.

BIGARREN ZATIA

(5 p.)

Ideia nagusiak harrapatzea.

FORMATUA: Ahozko testu bat edo gehiago, guztira 5 minutuko gehieneko iraupenarekin.

PROZEDURA: ahozko dokumentuak bi aldiz entzun eta 5 item:

.a b c aukeretatik hautatzekoak.

.Informazioa ematea: taula edo zerrenda osatzea.

.Galdera ireki batzuk erantzutea (10 hitz gehienez).

HIRUGARREN ZATIA

(5 p.)

Testu baten xehetasunak ulertzea.

FORMATUA: Ahozko dokumentu bat, guztira 3 minutuko gehieneko iraupenarekin.

PROZEDURA: ahozko dokumentua bi aldiz entzun eta 5 item:

.Galdera ireki batzuk erantzutea (10 hitz gehienez).

.a b c aukeretatik hautatzekoak.

.Informazioa ematea: taula edo zerrenda osatzea.

4.3. Idatzizko adierazpena.

Izangaiak gai izan beharko du gai desberdinei buruzko testu argiak eta xehetasunez hornituak idazteko, solaskiderako eta komunikazio helbururako egokiak, bai eta gai orokorrei buruzko ikuspuntu bat defendatzeko ere, aukeren alde onak eta txarrak azalduz, edo zenbait iturritatik heldu diren informazio eta argudioak laburbilduz eta ebaluatuz.

4.3.1. Probaren formatua.

.1. eginkizuna.

TESTU MOTA

Testu laburra: Informazio erraza eta berehalakoa helarazten edo eskatzen duen testua.

(Foro bateko partaidetza, e-mail, oharra, etab.)

LUZERA

50 eta 75 hitz bitarte (euskaraz 33 eta 55 bitarte).

PUNTUAZIOA

5 p.

.2. eginkizuna.

TESTU MOTA

Testu pertsonala: testuinguru batean kokatutako testua, albisteak eta ikuspuntuak eraginkortasunez adierazi, emozio pixka bat helarazi, gertaeren eta esperientzien garrantzi pertsonala nabarmendu eta gutuna hartuko duenaren eta beste pertsona batzuen artean (gutunak, eguneroko batean idatzitako oharrak, blog baterako ekarpenak, posta elektronikoa, etab.)

LUZERA

150 eta 200 hitz bitarte (euskaraz 110 eta 150 bitarte).

PUNTUAZIOA

10 p.

.3. eginkizuna.

TESTU MOTA

Testu formala: testuinguru batean kokatutako testua, izangaiak iritzi bat adierazi, argudio bat garatzeko erabiltzen duena, ikuspuntu jakin baten aldeko edo aurkako arrazoiak emanez eta aukera desberdinen alde onak eta txarrak azalduz, eta honelako

(enpresa eta entitateentzako gutunak, egunkari bateko zuzendariarentzako gutunak, txostenak, erreklamazioak, prentsa artikulua etab.)

LUZERA

150 eta 200 hitz bitarte (euskaraz 110 eta 150 bitarte).

PUNTUAZIOA

10 p.

Izangaiak sortu beharreko testuak eguneroko gai orokorrei buruzkoak izanen dira (curriculumaren 1. eranskineko 2.1.1. atalekoak).

4.3.2. Ebaluazio irizpideak.

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraginkortasun komunikatiboa.

-Testua oztoporik gabe irakurtzea, irakurleak ahalegin berezirik egin gabe.

-Hizkuntzaren erabilera naturala.

b) Egokitasuna.

Hots:

-Eginkizunari heldu ote zaion, hau da, zehaztutako puntuak garatu ote diren.

-Testua sortzeko finkatu den hitz kopurua edo luzera errespetatu ote den.

-Eskatutako formatuaren arabera egin ote den (gutuna, ohar informala, narrazioa, etab).

-Edukia proposaturiko gaiaren araberakoa ote den.

c) Koherentzia.

Testuaren egitura semantikoari dagokio, hala informazioaren eta ideien antolaketari buruz, nola diskurtso-lerroa mantentzeko moduari buruz (sarrera, garapena eta bukaera).

d) Kohesioa.

Informazioaren, ideien eta diskurtso-lerroaren antolaketa sintaktikoari dagokio.

Kohesioa esaldiak eta paragrafoak osatu eta lotzeko moduan islatzen da. Horretarako hauek erabil daitezke:

-Lokailu logiko eta kronologikoak, hala esaldiak lotzeko, nola paragrafoak lotzeko.

-Erreferenteak adierazteko baliabideak erabiltzea (izenordainak, deiktikoak, lexiko-kateak, denboraren sekuentziazioa, etab.).

-Puntuazio zeinuen erabilera egokia.

e) Lexikoa.

Eginkizunak eskatzen duen lexikoa modu egokian, naturaltasunez eta zehaztasunez erabiltzea da.

f) Egitura.

Eginkizunak eskatzen dituen egitura gramatikalak modu egokian, naturaltasunez eta zehaztasunez erabiltzea da.

4.4. Ahozko adierazpena.

Izangaiak gai izan beharko du gai desberdinei buruzko ahozko testu argiak eta xehetasunez hornituak sortzeko, solaskiderako eta komunikazio helbururako egokiak, bai eta gai orokorrei edo norberaren espezialitatearekin lotutakoei buruzko ikuspuntu bat defendatzeko ere, aukeren alde onak eta txarrak azalduz, eta elkarrizketa luzeetan parte hartzeko, giro zaratatsuan bada ere, hiztunaren eta haren solaskideen arteko komunikazioa ahalegin handirik egin gabe, zuzentasunez, hitz-jario onarekin eta naturaltasunez gertatzeko moduan, izangaiak noiz edo noiz akatsak eginik ere.

4.4.1. Probaren formatua.

Proba bikoteka eginen da, gutxienez ere bi irakaslez osatutako epaimahai baten aurrean, eta grabatu eginen da. Irakasleetako bat solaskidea izanen da. Bikoteko kide bat proba egitera joaten ez bada, bikote berriak eginen dira edo hirunaka bilduko dira. Proba hau ez da inola ere banaka eginen.

-Txanda iristen denean, irakasle batek deituko die proba eginen den gelan sar daitezen.

Aurkezpena

3'

EBALUATU GABE

Bakarrizketa

Prestatzeko: 2' (izangai bakoitzarentzat)

Bakarrizketa: 3tik 4'-ra bitarte (izangai bakoitzarentzat)

Beste izangaiaren iruzkina 30"

Guztira: 13'

Hona bete beharreko pausoak:

izangaiaren bakarrizketa.

2. B izangaiaren mintzaldia A izangaiaren azalpenari buruz.

3. B izangaiaren bakarrizketa.

izangaiaren mintzaldia B izangaiaren azalpenari buruz.

Elkarreragina

Prestatzeko: 2'

Elkarreragina: 5etik 6'-ra bitarte (bi izangaientzat)

Guztira: 8'

Solaskideak ozenki irakurriko du eskatzen dena eta euskarriak banatuko ditu, izangaiek elkarreragina presta dezaten.

GUZTIRA: 25'

4.4.2. Fase bakoitzaren azalpena:

a) Aurkezpen fasea:

-Izangaien nortasuna egiaztatuko da.

-Izangaiak elkarren parean jartzen dira bien artean tarte egokia utziz.

-Izangaiek beren izen-abizenak esanez aurkeztuko dute beren burua. Fase hau ez da ebaluatuko eta izangaien ahotsa ongi entzuten dela ziurtatzeko eta izangai bakoitza grabazioan identifikatzeko balioko du.

b) Bakarrizketaren fasea:

-Solaskideak ahoz emanen dizkio jarraibideak A izangaiari eta bakarrizketa egiteko oinarria diren bi euskarri emanen dizkio, gai desberdinei buruzkoak. Euskarri horiek A4 neurriko orri plastifikatuak dira, eta haietako bakoitzean 2 edo 3 testu labur daude, jatorrizkoak, edo koloretako 2 edo 3 argazki.

-Izangaiari orri zuri bat ere emanen zaio, oharrak hartzeko, hala nahi izanez gero.

-A izangaiak, parte hartu behar duen lehenak, bakarrizketa eginen du proposatutako gaia erreferentziatzat hartuta.

-Euskarria argazkiak badira, horiek iradokitzen duten gaiari buruz hitz eginen dute izangaiek. Ez ditu argazkiak deskribatu behar.

-Argazkiak/testuak abiapuntua dira izangaiak bere azalpena egin dezan, honakoetan oinarrituta:

.Bere iritziak.

.Bere irudipenak.

.Bere esperientziak.

Argazki/testu guztiak hartu beharko ditu erreferentziatzat.

-A izangaiak 2 minutu ditu euskarriak begiratu, gaia aukeratu eta azalpena prestatzeko.

-Solaskideak hasteko agindua emanen du.

-A izangaiak parte hartu ondoren, B izangaiak iruzkin bat eginen du A izangaiak aipatutako gaietako bati buruz.

-Ondoren, solaskideak beste bi euskarri desberdin emanen dizkio B izangaiari bakarrizketa prestatzeko, eta pauso guztiak errepikatuko dira.

-A izangaia 3 edo 4 minutuz arituko da solasean eta bitartean solaskideak ez du hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

c) Elkarreraginaren fasea:

-Izangaiei euskarri bana emanen zaie.

-Solaskideak ozenki irakurriko du eginkizuna, eta izangaiek ongi ulertu dutela ziurtatu ondoren, 2 minutu utziko dizkie banaka prestatzeko. Orri zuri bana ere emanen zaie, oharrak hartzeko, hala nahi izanez gero. Elkarreraginaren funtsa elkarrizketa bat sortzea da.

-Prestatzeko denbora bukatuta, elkarreragina nork hasiko duen adieraziko du solaskideak (nahiz eta izangaiek dituzten euskarrietan ere horren berri emanen den).

-Izangaien elkarreraginaren faseak 5-6 minutu iraunen du eta bitartean solaskideek ez dute hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

-Izangairen batek bertaratze-agiriren bat behar izanez gero, proba bukatutakoan solaskideak prestatu eta emanen dio.

4.4.3. Ebaluazio irizpideak

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A. Bakarrizketa

a) Egokitasuna.

-Mintzaldiaren luzera egokia.

-Eskatutakoa betetzen du.

-Eginkizuneko puntuak behar adina garatzen ditu.

-Beste izangaiaren bakarrizketari modu egokian erantzuten dio.

b) Koherentzia eta kohesioa.

-Bere ikuspuntuak argi adierazten ditu.

-Behar adina garatzen ditu bere argudioak.

-Ideien arteko harremanak argi adierazten ditu, alderdi garrantzitsuenak nabarmenduz eta adibide egokien laguntzaz.

B. Elkarreragina

a) Egokitasuna.

-Elkarreragina eratzen da, behar bezalako hitz-jario eta bat-batekotasunarekin.

-Hitz egiteko txandak modu eraginkorrean erabiltzen ditu.

-Eginkizuneko puntuak behar adina garatzen ditu.

-Elkarreraginerako estrategiak modu egokian erabiltzen ditu: diskurtsoa ongi hasi, mantendu eta amaitzen du.

b) Koherentzia eta kohesioa.

-Bere ikuspuntuak argi adierazten ditu.

-Azalpen, argudio eta iruzkin egokiak ematen ditu.

-Behar adinako bat-batekotasunarekin parte hartzen du.

-Ideien arteko harremanak argi adierazten ditu, alderdi garrantzitsuenak nabarmenduz eta adibide egokien laguntzarekin.

C. Alderdi komunak: bakarrizketa eta elkarreragina

a) -Jariotasuna-Ebakera

-Bere ikuspuntuaren azalpenak behar bezalako hitz-jarioa eta bat-batekotasuna ditu.

-Izangaiak hizkera ulergarria erabiltzen du uneoro.

-Enfasia, intonazioa modu egokian erabiltzen ditu; soinu argiak.

-Esaldien luzera egokia da.

b) Lexikoa.

Lexikoaren erabilera zuzena, naturala eta zehatza.

c) Egiturak.

Egitura gramatikalen erabilera zuzena, naturala eta zehatza.

5.-Azkeneko oharrak.

5.1. Erreklamazioak egiteko eskubidea.

Ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten legeei jarraikiz, edozein ikaslek -presentziala izan nahiz librea izan-, ebaluazio prozesua araudian ezarritakoari lotu ez zaiola iritziz gero, erreklamazioa aurkeztu ahal izanen du proba egin duen eskolan, emaitzak argitaratu eta ondoko 2 egunetan. Prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero matrikula egin duen ikastetxeko zuzendaritzara edo ikasketa burutzara jo beharko du.

5.2. Ezgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapenak.

Mugimenduaren ezgaitasunen bat, ikusmeneko ezgaitasun erabatekoa edo partziala, edo hipoakusia duten ikasleen behar berezietarako egokitu ahal izanen da proba.

Araubide librean matrikulatzen diren ikasleek matrikula egiteko unean deklaratu eta justifikatu beharko dituzte behar berezi horiek, ezgaitasuna eta haren gradua egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztuz.

5.3. Bertaratze-agiriak.

Izangaiek azterketa egin izana egiaztatzeko agiria eska dezakete. Egiaztagiria aztertzaileari eskatuko zaio ahozko edo idatzizko proba bukatutakoan.

6.-Aholkuak.

-Eginkizunak egiteko duzun denbora egoki banatu. Denbora horiek probaren atal guztiak egiteko aski dira, aurretik kalkulatu baitira. Gomendagarria da azkenean minutu batzuk gordetzea azterketa errepasatu eta izan litezkeen akatsak zuzentzeko.

-Probaren atal guztietan garbi idatzi eta azterketa txukun aurkeztu. Ziurtatu erantzunak jarraibideetan adierazi bezala idatzi dituzula.

Probaren zati eta eginkizun bakoitzerako ematen diren jarraibideak arretaz irakurri.

-Lasai egon zaitez eta proba egiteko jarraibideei arretaz erreparatu, batez ere ahozko ulermenaren ariketan.

-Idatzizko ariketako eginkizunei heldu aurretik, gomendagarria da esan nahi duzunaren eskema bat egitea aurretik eta, ariketa bukatutakoan, dena errepasatzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa