Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 47. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 17an)
Atarikoa
Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak martxoaren 11n emandako 100/1996 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Gizarte Garantiako Programen aurrerapena saiakuntza moduan arautu da.
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak 23. artikuluko 2. eta 3. idazatietan ezartzen du, hezkuntza Administrazioek Gizarte Garantiako berariazko Programen behar adinako eskaintza bermatuko dutela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuetara iristen ez diren ikasleentzat. Programa horien helburua da ikasleei oinarrizko eta lanbiderako prestakuntza ematea, bizitza aktiboan sartu edo ikasketetan jarraitu ahal dezaten, Erdi Mailako Berariazko Lanbide Heziketan bereziki, heziketa zikloetan sartzeko probaren bidez. Horretaz gainera, Legeak aipatzen du toki Administrazioak Programa horien garapenari lagun diezaiokeela.
Otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretuak 18. artikuluan xedatzen du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak arautu eta sustatuko dituela, beste Administrazio eta Erakunde batzuekin Hitzarmenak eginda, gutxienez hamasei urte bete dituzten ikasleentzako Gizarte Garantiako berariazko Programak.
Nahiz eta sistema berriak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren (DBH) barruan zenbait bitarteko aurrikusi ikasleei finkatutako helburuak lortzen laguntzeko, komenigarria da Gizarte Garantiako Programekin saiakuntzak egitea orokorrean ezarri baino lehen, horretarako lanbide heziketako batere titulurik ez duten gazteen oinarrizko hezkuntza beharrei eta lanerakoei erantzuna eman ahal izateko eskaintza izanik.
Nafarroako Lanbide Heziketako Kontseilu Nagusiari kontsulta egin ondoren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b artikuluak ematen didan ahalmena erabiliz, agindu dut:
Lehena
1996-97 eta 1997-98 ikasturteetan Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aurretiaz ezarriko diren Gizarte Garantiako Programak, Foru Agindu honetan xedatuari jarraikiz garatu eta antolatuko dira.
Bigarrena
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 23.2 artikuluak ezartzen dituen xedeekin bat, Gizarte Garantiako Programak helburu hauek lortzera bideratuko dira:
a) Ikaslea lanbide iharduerak egiteko prestatzea, bere gaitasunen araberako lanbide eta zereginetarako, bere asmoak eta lan merkatuaren aukerak kontutan hartuta.
b) Ikasleen prestakuntza haunditzea derrigorrezko irakaskuntzari dagozkion gaitasunak eskura ditzaten, horrela errazago izateko bizitza aktiboan sartzea eta, hala bada, Erdi Mailako berariazko Lanbide Heziketako ikasketetan jarraitzea, Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko proben bidez.
c) Beren nortasunaren heldutasuna garatu eta finkatzea, lanean bezala iharduera sozial eta kulturalean parte hartzeko bidea emango dieten ohitura eta gaitasunak eskuratuz.
Hirugarrena
Programa horiek zuzenduak daude 21 urtetik beherako gazteei, Programa hasten duten urte naturalean gutxienez 16 betetzen dutenei.
Laugarrena
Aurreko artikuluan aipatutako adin baldintzekin Gizarte Garantiako Programetan sartu ahalko dira, ondoko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak, honako lehentasun hurrenkeran:
1. Gizarte Garantiako Programak.
a) Eskolatu gabeko gazteak, hezkuntza sistema, oinarrizko prestakuntza orokorra osatu gabe edo gutxieneko lanbide prestakuntzarik gabe utzi dutenak.
b) Eskolatuta baina eskola uzteko bidean dauden ikasleak, hau da, Lehen Mailako Lanbide Heziketa, Irakaskuntza Ertainen Erreforma Esperimentaleko Lehen Zikloa edo Batxilergo Bateratu Balioanitzeko Lehen Kurtsoa egin eta ikasketa horien helburuak lortu gabe, Lanbide Heziketan eskolatuta segitzeko aukerarik ez dutenak.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatutako ikasleak, beren ardura duen hezkuntza taldearen iritziz etapako helburuak lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte edo eskola uzteko bidean badaude.
Kasu honetan ebaluazio psikopedagogikoa egin beharko da aldez aurretik, ikasleak eta gurasoek diotena entzun eta Zerbitzuak Ikuskatu eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostena ikusi.
2. Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleendako Gizarte Garantiako Programak.
Hezkuntza behar bereziak dituztenen artean sartutako gazteek, beren ezgaitasunaren mailak pentsarazten badu Programak bukatutakoan lanean hasteko moduan egongo direla, enpleguko Zentro berezietan behintzat, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleendako Gizarte Garantiako Programetan sartu ahalko dira.
Halako Programen helburu nagusia enpresetan lanean hasteko prestatzea da, bai lan normalizatuan edo laguntzadun enpleguan, bai Enpleguko Zentro Berezietan eta Lanerako Zentroetan.
Bosgarrena
1. Gizarte Garantiako Programak Bigarren Hezkuntzako Zentro eta Institutuetan eta Hezkuntza Bereziko Zentroetan emango dira, baldin eta Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuaren baimena badute.
2. Halaber, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak lankidetza akordio edo hitzarmenak sina ditzake Toki Administrazioarekin, beste Administrazio batzuekin, Entitate publiko edo pribatuekin eta Foru Komunitateko Administrazioko beste Departamentu batzuekin, Gizarte Garantiako Programak emateko, beharrezkotzat jotzen diren kasuetan.
3. Gizarte Garantiako Programa batzuekin batera horien lanbide heziketako edukiekin zerikusia duen lan produktibo bat egin ahalko da.
Seigarrena
1. Gizarte Garantiako Programek honako egitura hau izango dute, astean guztira hogeita seitik hogeita hamarrera artekoak diren irakastorduetarako:
a) Berariazko Lanbide Heziketaren arloa: astean hamabost ordutatik hemezortzira bitarte.
b) Oinarrizko Prestakuntzaren arloa: astean bost ordutatik hamarrera bitarte.
c) Lanerako Prestakuntza eta Orientabidearen arloa: astean ordu batetik hirura bitarte.
d) Iharduera osagarriak: astean bi ordutatik hiru bitarte.
e) Tutoretza: astean ordu batetik bira bitarte.
2. Berariazko Lanbide Heziketako arloaren helburua ikasleei esparru zehatz batean lanerako gaitasuna ematea da, konplexutasun mugatuko lanak egin ahal ditzaten.
Horren edukiak egitura modular baten bidez antolatuko dira, horrela erraztu ahal izateko beste eskaintza mota batzuen egiaztapena eta, hala bada, Berariazko Lanbide Heziketarekin baliozkotzea.
Arlo horretako edukien zati gisa eta bere ordutegiaren barnean, nahi duten ikasleek praktikak egin ahalko dituzte programako lanbide perfilarekin zuzeneko zerikusia duten lantokietan, dagokion Enpresa-Gizarte Garantiako Programa hitzarmenaren esparruan.
Era berean, arlo horretako programazioa egokitzerik izango da, ikasleak perfil horrekin zerikusia duen ikaskuntzako lan kontratua sinatzen badu.
3. Oinarrizko Prestakuntzako arloaren helburua izango da ikasleei eskaintzea, alde batetik, gizartean edo lanean ongi txertatzeko beharrezkoak diren oinarrizko ezagupen eta gaitasun orokorrak lortu edo finkatzeko aukera; eta, bestalde, ikasketak egiten jarraitzeko, bereziki Erdi Mailako Heziketa Zikloetan, dagokion sartze probaren bitartez.
4. Lanerako Prestakuntza eta Orientabidearen arloari esker, ikaslea kasuan kasuko lanbide eremuko lan baldintzen eta harremanen legezko esparrua ezagutzen hasiko da, eta lanpostu bat bilatzeko eta bere lanpostua sortzeko beharrezkoak diren baliabideak eta orientabidea emango zaizkio.
5. Iharduera osagarrien helburua da ikasleari eskaintzea kirol, kultur eta gizarte iharduerak egiteko aukera, horiek Gizarte Garantiako Programen helburuak lortzen laguntzeaz gain, aisialdian eta lanorduetatik kanpoko denboran ohitura positiboak hartzen erakutsiko baitiote. Iharduera horiek ikasle talde bakoitzaren ezaugarrien arabera programatuko dira eta, ahal den guztietan, beren partaidetzaz.
6. Tutoretza hezkuntzako iharduerari lotutako zeregina da eta gazteen prestakuntzaren prozesu guztian iraungo du. Zeregin horren barnean banakako eta taldeko iharduerak izango dira, horretarako ordutegiaren barruan. Tutoretzaren helburu eta edukiek ikasleari bere nortasuna garatzen lagunduko diote, bereziki autoistimua, motibazioa, integrazioa eta gizartean duen inplikazioa bezalako arloetan, eta gainera, gizarte mailako trebetasunak eta norberaren kontrolekoak lortzen ere lagunduko diote.
Zazpigarrena
Programan zehar gazteen prestakuntza, tutoretza eta ebaluazioaren ardura izango duen irakasle taldea osatuko dute, gutxienez, Lanbide Heziketako Irakasle Tekniko batek edo Berariazko Lanbide Heziketaren arloa emango duen espezialitateko aditu egiaztatuak eta Oinarrizko Prestakuntzaren arloa emango duen Maisu batek. Tutoretza irakasle horietako batek hartuko du, orientabide taldearen partaidetzaz. Salbuespen gisa, programak beste profesional batzuk eman ahalko dituzte (Unibertsitateko Diplomatu edo Lizentziatuek), gehienez ere hiruk, eta hezkuntza proiektuak justifikatzen badu. Halaber, hezkuntza taldean beste profesional batzuk parte hartu ahalko dute (Psikologoek, Pedagogoek, Gizarte Langileek edo Gizarte Hezitzaileek), Programan jarraikortasunez esku hartzen badute.
Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleentzako Programetan, Oinarrizko Prestakuntzaren arloa ematerakoan lehentasuna izango dute Hezkuntza Berezian espezialistak diren irakasleek.
Lanerako Prestakuntza eta Orientabidea arlo horretan aditua den teknikari batek, Irakasle Teknikoak edo Bigarren Hezkuntzakoak emango du.
Zortzigarrena
Programa bakoitzaren iraupen osoa ikasle talde bakoitzaren beharren eta asmoen eta Programaren helburuen araberakoa izango da. Nolanahi ere, ikasturte bateko iraupena izango dute, 900 ordu gutxienez, edo bi ikasturtekoa, 1.800 ordu gutxienez.
Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen Programen iraupena gutxienez bi ikasturtekoa izango da, 1.800 ordu, eta hirugarren ikasturtera ere zabaldu ahalko da, 2.700 ordu bitarte.
Bederatzigarrena
Programa bateko ikasleen kopurua gutxienez 12koa eta gehienez 20koa izango da talde bakoitzeko. Gutxieneko eta gehieneko kopurua Programaren perfil profesionalaren araberakoa izango da eta erregelamenduz arautuko da.
Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen Programetan, taldeek gutxienez 6 ikasle eta gehienez 12 izango dituzte, egokitze beharren mailaren arabera.
Hamargarrena
Bigarren Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan egiten diren Gizarte Garantiako Programak ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sartu behar dira.
Gizarte Garantiako Programa bat garatzearen ardura duten Ikastetxe edo Erakundeek horren programazio orokorra prestatu beharko dute, bai eta 6. artikuluan aipatutako arlo eta ihardueren programazio didaktikoak ere, eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorri onespena eman dezan, bere garaian ezarriko diren orientabide eta epeen arabera.
Programazio orokorrean sartuko da: arlo bakoitzari eta egiten diren gainerako bestelako iharduerei emandako ordutegia, prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak, irakasleen ezaugarriak eta irakasteko duten ordutegia, guneen eta baliabideen antolaketa, beharrezkoak diren instalazioak eta materiala.
Arlo bakoitzeko Programazio Didaktikoek honakoa izango dute gutxienez: helburuak, edukiak, ebaluaziorako irizpide eta sistemak, edukien aldi baterako banaketa eta erabaki metodologikoak.
Programazio didaktikoen prestaketa eta jarraipena programako irakasle taldearen ardura izango da, Ikasketaburuak gainbegiratuko du eta Orientabide Departamentuaren lankidetza eta aholkularitza izango.
Hamaikagarrena
1. Gizarte Garantiako Programetan parte hartzen duten ikasleen ebaluazioa banan-banakoa, jarraitua, integratua eta prestatzailea izango da, eta egiterakoan kontutan hartuko dira hezkuntza taldeak arloen programazio didaktikoetan ezarritako hezkuntza helburuak eta ebaluazio irizpideak, bai eta 2. artikuluan aipatzen diren helburu orokorrei buruz lortutako heldutasun maila ere.
Ikasturte bakoitzean hiruhileko hiru ebaluazio bilkura egingo dira, irakasle-tutoreak koordinatuak, eta horietara ikasle taldeari klaseak ematen dizkioten irakasle guztiak joango dira.
2. Kalifikazioak batetik hamarrera arteko zenbaki eskalaren bidez adieraziko dira, hamarrenekorik gabe, eta positibotzat joko dira bosta edo zenbaki haundiagoa duten kalifikazioak; Berariazko Lanbide Heziketaren arloan kalifikatuko da arlo horretan emango den Lanbide Modulu bakoitza.
3. Berariazko Lanbide Heziketaren arloan eta Lanerako Prestakuntza eta Orientabidearen arloan lortutako kalifikazioak kontutan hartu ahalko dira Erdi Mailako Heziketa Zikloetako moduluen artean erregelamenduz ezartzen direnak baliokidetzeko.
Hamabigarrena
Gizarte Garantiako Programak emateko baimena duten ikastetxe edo entitateek ikasleei jasotako prestakuntzaren ziurtagiria luzatuko diete, non adieraziko baitira, egindako kurtsoaz eta orduez gain, Berariazko Lanbide Heziketaren arloan eta horren modulu bakoitzean lortutako kalifikazioak, bai eta Oinarrizko Prestakuntzaren arloan eta Lanerako Prestakuntza eta Orientabidearen arloan lortutakoak ere.
Agiri horretan adieraziko dira Gizarte Garantiako Programa emateko aldez aurreko baimenaren datuak.
Hamahirugarrena
Gizarte Garantiako Programa bakoitza bukatu ondoren, ikastetxe edo entitateak gutxienez honako hau azalduko duen memoria egingo du: programa jarraitu duten ikasleen aurrerapenari buruzko txostena, programaren balorazio orokorra eta hobetzeko proposamena.
Memoria hori Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko da.
Hamalaugarrena
Gizarte Garantiako Programak Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuaren menpeko ikastetxeetan egiten dituzten gazteak ikasletzat hartuko dira ondorio guztietarako.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Baimena eman zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari, Foru Agindu hau betearazi eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu hau igortzea Nafarroako Aldizkari Ofizialera, Ikasketak Antolatu eta Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzura, Ikuskapen Zerbitzura, Plangintza eta Inbertsio Zerbitzura eta Lanbide Heziketaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.